Hillary Clintonek, urrunetik Egiptoko trantsizioa kudeatu nahiko lukeen potentziaren atzerri ministroak, esan du “ekaitz perfektua” ari dela osatzen Ekialde Hurbilean, baldin eta bertako agintariek lortzen ez badute herriak eskatu aldaketa sozial eta politikoak ezartzerik. Ekaitz horren osagai garrantzizkoen artean, janariak eta petrolioa daude.
Ogia darama manifestariak Egiptotik iritsitako argazki bat baino gehiagotan. Eskuarekin haserre erakusten duen barra edo buruan txapela moduan egokituriko opila. Geroago etorri dira aldarrikapen politikoak eta presidente zaharkituaren dimisio eskaerak. Orain trantsizio nahasian murgiltzen hasita daude buruzagi politikoak, asmatu ezinik nola uztartu 80 milioiren gaineko oreka politiko berria eta potentzia handien interes geopolitikoak.
Elikagaien garestitzeak liskarrak piztu behar zituela iragarria zuen Nazio Batuen Erakundeak. Mundutar gehienen oinarrizko menua osatuta baldin badago gari, arto, soja, azukre, olio eta esnekiz, horien prezioek azken hogei urteotako markak hautsi zituzten. Garia %43 garestitu zen 2010ean, artoa %60 eta azukrea %77.
Afrikako herrialde gehienak derrigortuta daude gaur egun elikagaiak inportatzera. Arabiarrak dira, Egipto buru dutela, munduan gari inportatzaile handienak. Hainbesterako ote da gariaren kariotzea? Seguru baietz Tunisia, Aljeria eta Egipton gertatzen den moduan familia batek bere diru sarreren erdia janaritarako behar baldin badu.
Inflazioak ohiturak aldarazi ditzake, baita jateko moduak ere. Egiptoko familia askotako mahaietan gero eta bakanago azaltzen dira fruituak eta zer esanik ez okela. Ahaztu ezazu arraina. Ordainetan, pobrearen jatena: ogia ogi tartean.
Baina elikaduraren prezioak kontrolatzea baino errazago lortuko dute egiptoarrek Mubarak alde batera uztea. Aspalditik dira jakiak eta oro har lehengaiak espekulaziogai munduko burtsetan, AEBetako Chicagokoan bidenabar. Norbaiti eskatzekotan “emaiguzu gaur / eguneroko ogia”, Hedge fund eta inbertsio funtsei, finantzetako apostulari handiei behar zaie erregutu. Eta ez daude merkealditarako.
Besterik ezinean, Magrebeko agintariek dirulaguntza bidez kontrolatzen dituzte ogiaren eta elikagai oinarrizkoenen prezioak. 2010ean, ordea, horietako askok espero baino ezintasun handiagoak aurkitu ditu panem et circenses banatuz herritarrak goxatzeko. Zergatik?
Our Finite World blogean Gail Tverberg-ek eman du erantzun bat, energi krisiari lotua, beste ia inork kontutan hartu ez duena. Tverberg The Oil Drum gune eta pentsamendu faktoriaren editoreetakoa ere bada (elkartearen leloa hau da: “Energiaz eta gure etorkizunaz eztabaidatzen”). Petrolioaren urritzeaz zerbait badaki, beraz.
Tverbergek gogorarazi du Egiptoko gobernuak aurretik iragarri zuela janarien gaineko subsidioak murriztu behar zituela. Milaka herritar kalera protestan irten ondoren, janarien dirulaguntzak mantendu eta energiarentzakoak handituko zituela agindu zuen.
Hitza betetzeko, ordea, Kairoko agintariek arazo larri bat daukate: finantza publikoak arras desorekatuta dauzkate. Funtsean aurten edo beranduenera heldu den urtean Egiptok ez duelako gehiago petroliorik edukiko esportatzeko.
Mubarak gainbehera hasi denerako Egipto Peak Oil-ean sartuta zegoen. Egiptoko ekonomiarentzako arazoa ez da bakarrik bertan gero eta petrolio gutxiago ekoizten dutela; kontua da aldi berean petrolio kontsumoak goraka segitu duela errukirik gabe. Horregatik ziur da Tverberg aurten bertan Egipto pasako dela petrolio esportatzaile izatetik inportatzaile izatera.
Esportatzen zuen petrolioaren gaineko zergekin ordaintzen zituen Kairok hainbat subsidio, funtsean jaki oinarrizkoen prezioak apal atxikitzeko. Hortik laguntzen du diruz bertan kontsumitzen den erregaia ere. Orain, berriz, diru iturri horiek desagertzeaz gain askoz garestiago pagatu behar du kanpotik sartutako erregaia.
CIAren data basearen arabera -CIA World Fact Book- Egiptok sortzen duen Barne Produktu Gordinaren %80 adinakoa da Kairoko Gobernuak daukan zorra. Petrolioaren eta honen eratorrien urritzearekin are gehiago desorekatuko zaizkio finantzak. Hori gutxi balitz, krisia dela eta gutxitu egin da trafikoa Suezeko kanalean, estatuaren beste diru iturri nagusietakoa.
Populazioaren hazkundea, ordea, ez da mantsotu, %2 urtean, emakume bakoitzeko hiru haur. Gaur diren 80 milioi egiptoarrak elikatzeko gero eta soro gutxiago dago, hiritartze bortitza dela medio Nilo ibarra betonez eta asfaltoz bete da urte gutxitan. Ibai ertza ez den oro basamortu gelditu zen aspaldi.
Egiptok iresten dituen elikagaien %40 inportatzen du eta nabarmenago gariaren %60. Nondik eta zein preziotan eskuratu, ordea? Aurten uzta kaxkarra eman ei dute gari soroek munduan. Bioerregaietarako ere erabiltzen dute leku askotan. Denetan populazioak handitzen segitzen du. Nekazaritzan duela hamarkada batzuk igarri zen Iraultza Berdeak, ureztatzea eta ongarri kimikoak oinarri zituenak, onenak eman ditu. Guzti horri erantsi petrolioaren prezioengatiko garraioaren garestitzea eta espekulatzaileen presioa, eta dena esana dago jakien garestitzeaz.
“Baina zergatik daukate hain oihartzun bortitza Egiptoko arazoek munduko gainerako lekuetan?” galdetu du Gail Tverbergek, ondoren bere erantzunak aurreratzeko. Arrazoi bat da herrialde arabiar gehiago bizi direla antzeko presioen mende. “Janariak garestitzen ari dira edonon. Jende behartsu askok irabazten duenaren %50 edo gehiago behar du jateko, eta horientzako edozein kariotze benetako problema bihurtzen da. Herritar asko azkenean petrolioaren eta jakientzako subsidioen menpe bizi da. Horiek desagertzen badira edo inportazioen garestitzea berdintzeko adina igotzen ez badira, larri dabiltza”.
Bigarrenik, Europak kezkati begiratzen dio Suezeko kanalari. Hortik egunean bataz beste milioi bat petrolio upel pasatzen da Europarantz. Hori berez Europak kontsumitzen dituen hamar milioi upeletatik bat besterik ez da, eta gainera guztia ez da Europan gelditzen, Ameriketara ere badoa. Baina gaur denok bizi dugun petrolio egarriarekin, horniduren %5 edo %7 arriskutan egoteak loa galarazten du.
Bestalde, globalizazioarekin munduko ekonomia just in time sisteman dago antolatuta, enpresa askoren stockak oso dira murritzak, hein batean biltegiak bideetako kamioiak eta itsasaldian doazen ontziak dira. Suezeko kanala itxi baledi, pakeboteek egun luzeagoak egin beharko lituzteke Afrika bazterretatik, baina itsasbide berriok erregai gehiago xahutzeaz gain antolatu egin beharko lirateke.
Egipto? Europa eta AEB begira daude Suezeko kanalari, islamistei eta Israeli. Egipto? Marokon Mohamend VI.ak igo egin ditu gari, olio, azukre, gas eta gasolinarentzako dirulaguntzak. Badaezpada ere.
Gastronomy Open Ecosystem (GOe) eraikinaren lanak azken etapan sartu dira dagoeneko, Joxe Mari Aizega Basque Culinary Centerreko (BCC) zuzendariak azaldu duenez, astelehenean Donostian egin duten bisita instituzionalean.
Irurtzunen jokatu da Nafarroako Eskolarteko Txapelketaren 39. edizioa. Sei bertsolari gaztek hartu dute parte txapelketan, eta horietatik, Arantzako Kattin Madariagak jantzi du txapela. Txapeldunorde, berriz, Kattalin Lizarraga izan da. Biak izanen dira Nafarroako ordezkari... [+]
NBEren esanetan, gatazka hasi zenetik gutxienez 13 milioi sudandarrek euren bizilekuetatik alde egin behar izan dute, eta biztanleriaren erdiak elikagai eskasia du. RSF Laguntza Azkarrerako Indarrak talde paramilitarrak asteburuan egin dio eraso Darfur eskualdeari, eta... [+]
AINE Noain-Elortzibarreko talde independentea, Harana Gara eta Aldatu Elortzibar egongo dira udalaren agintean, eta azken horretako Luis Mayak hartuko du aginte makila. Martxoaren 31n iragarri zuten mozioa aurkeztuko zutela, UPNren kudeaketaren "noraeza" eta... [+]
Iradokitzailea delakoan edo, muga-zergen gatazkaren harira norbaitek berriro zirkulazioan jarri duen Maoren 1953ko bideoaren garai hartakoa da milioi bat igerilariren txantxa. Alegia, orain harekin bat egiten omen duen Xi Jinping jaio zen urtekoa.
Ostegun gauean emakume bat bortxatzea egotzita atxilotu zuten gizon bat larunbatean. Gizona kasua argitu arte zaintzapean dago. Mobilizazioa egin du Itaiak astelehenean 18:30ean, Baionako Herriko Etxean, eta horren erantzukizuna azpimarratu du.
1945ean Neuengammeko nazien kontzentrazio esparruan hil zen Jean Iribarne gamerearraren diru-zorroa berreskuratu eta bere senideei eman diete. Ipar Euskal Herrian gutxienez 350 herritar deportatu zituzten erresistentzian parte hartzeagatik, eta ia erdia ez ziren bizirik atera.
Gipuzkoako sorrera prozesuari buruzko bere doktore tesia aitzindaria izan zen, lurralde historikoen bilakaera ulertzeko. Deustuko Unibertsitateko irakaslea, historialari askorentzat eredu izan da bere lan egiteko eta irakasteko modua. Igande honetan hil da Elena Barrena Osoro... [+]
Gernikako "gazte langileen interes eta beharrei" erantzungo dien proiektu bat martxan jarriko duela adierazi du Egurre Gazte Asanbladak. Eraikina duela hamar urte itxi zuten, eta salatu dute Gernikako Udalak hiru legegintzaldi daramatzala esanez liburutegi bat jarriko... [+]
89 urterekin hil da, Liman, eta idazle perutarraren seme-alabek eman dute haren heriotzaren berri. Gaztelaniazko literaturaren egilerik ospetsuenetakoa izan zen, eta 1960ko eta 1970eko hamarkadetan Latinoamerikan literaturak izan zuen loraldian paper garrantzitsua jokatu zuen... [+]
Euskal Herriko Kontseilu Sozialistak (EHKS) antolatuta, egun osoko jardunaldia egin dute igandean, Bilboko Campos Eliseos antzokian. Hainbat hitzaldik osatu dute egitaraua, eta jardnualdia amaitzeko Bigarrenez Aresti etorkizunaren aurrean antzezlana estreinatu dute.
Bozen lehen itzulian pare-parean geratu ostean, inkesta gehienek aurreikusten zutena baino tarte handiagoa atera dio egungo presidenteak Luisa González hautagai correistari. Oposizioak "iruzurra" salatu eta botoak berriz zenbatzea eskatu du.