Zigorra zigorraren gainean

  • 1936ko uztaileko matxinada militarra lehen garaipen izpiak ikusten hasi zenetik, ondo zehaztu zuten zein izango zen, hortik aurrera, “Espainia Berrian” emakumeek bete beharreko papera: etxeko erregina, seme-alaben hezitzailea eta senarraren zaintzailea. Aktiboki edo pasiboki orden berriaren aurka azaldu zirenek, II. Errepublikaren aldeko ekintzetan parte hartu zutenek edota momentu txar batean leku desegoki batean zeudenek errepresio gogorra jasan zuten, askotan gizonena bezain bortitza. Hala ere, emakumeen errepresioak ezaugarri bereziak zituen.

Gerra Zibilean frankistek ilea moztutako emakume errepublikarrak
Gerra Zibilean frankistek ilea moztutako emakume errepublikarrak

Emakumeen espetxeen inguruan ikerketa ugari egin dira azken urteetan. Ricard Vinyes, Fernando Hernandez, Giuliana di Febo eta gure artean, besteak beste, Xabier Basterretxea, Arantza Ugarte, Maria Gonzalez edo Eduardo Barinaga aritu izan dira horretan. Bereziki aipagarria da EHUko Kriminologia Institutuan, Emakundek lagunduta, burutu den ikerketa multidisziplinarra. Autore hauek idatzitako lanak, dokumental batzuk eta pelikularen bat edo beste oso lagungarriak izan dira errealitate hori ezagutarazteko. Urte askotan ezkutuan egon dira testigantza horiek. Sarritan emakumeen isiltasunari leporatu izan zaio, baina beraiek argi dute: “Guk beti hitz egin dugu, baina inork ez zigun entzuten”.

Leporatutako delituak


Errepresio frankistaren ondorioak jasateko, emakumea izanez gero, ez zen beharrezkoa espetxeratua edo atxilotua izatea. Asko izan ziren, esate baterako, lan egiteko aukerarik izan ez zuten alargunak, miserian bizitzera kondenatuak “gorri” baten senideak izateagatik. Beste askok familia ibiltariak osatu zituzten, Espainiako geografian zehar mugituz senarra, semea edo aitaren atzetik hauen ibilbide penitentziarioaren segizioa egiten. Kasu hauetan, maiz duintasunik gabeko lanpostuak (prostituzioa barne) bete behar izan zituzten senideei espetxe barruan behar zutena eman ahal izateko. Emakumeak eta bakarrik emakumeak izan ziren kanpoko laguntza hau aurrera eraman zutenak. Alderantzizko kasurik ez da ezagutzen. Emakume presoen kasuan askatasun faltari bakardadea gehitu behar zaio. “Espetxe barruan gure burua baino ez genuen”, esan ohi dute.


Atxilotutakoen artean, leporatutako delituari erreparatzen badiogu bi multzo handi bereiz ditzakegu. Lehenengoan, araudi frankistaren arabera, lege haustura egin zutenak zeuden. Hauek, gizonezkoak bezala, errepublikaren alde edo faxismoaren kontrako borrokan nabarmendutako militanteak ziren: abertzaleak, komunistak, sozialistak, anarkistak, feministak… Borroka egin zuten eta beraien konpromiso mailagatik, bazekiten errepresio gogorra jasotzeko aukera handiak zituztela. Beraien ideologiarekiko koherentziaz zetorkien patu iluna onartzen zuten eta espetxe barruan, modu batez edo bestez, borrokarekin segitzeko asmoa azaltzen zuten.


Errepresio zuzenaren biktimen bigarren taldea askoz zabalagoa eta anitzagoa izan zen. Delitu zehatzik ez zitzaien leporatzen, “ondoan” egotea baizik. Errepublikazale baten emaztea, alaba edo ama izatea nahikoa zen zorigaiztoko talde honetako kidea izateko. Egoera honen inguruko testigantzak ugariak dira. Saturrarango kartzelako emakume baten esaldiak argi uzten du hori: “nola nire senarra ez zuten aurkitu, ni hartu ninduten”, edo aurrerago ikusiko dugun Larragako nerabe baten kasua, aitarekin batera atxilotua. Errepresio mota honen helburua, beraien emazte edo alaben bidez, ihes egindako gizonak zigortzea zen, logika frankista erabiliz, beraien “propietatea” erasoz.

Zigorrak


Frankismoak, hasiera-hasieratik garbi utzi zuen zein izango zen beraien justizia sistema. Jimeno Jurio historialari nafarrak garbiketa politikoa terminoa proposatu zuen egindako errepresioa izendatzeko. II. Errepublikan indarrean jarritako erreforma guztiak deuseztatuak izan ziren eta lege berezi batzuen bidez, eredu berria, erabat punitiboa, martxan jarri zuten. Gauzak horrela, gaizkilea zuzentzeko asmoa aplikatzeari utzi zioten. Errudunek argi eta garbi jakin behar zuten zein zen haien etorkizuna. “Irabazleak eta galtzaileak egongo dira”. “Beraien akatsak odolez ordainduko dituzte”. Horiek ziren hasierako gerraondoan irabazleek idazten zituzten esaldiak. Helburua lortu ahal izateko, heriotza zigorra erabiltzeko, ez zegoen inolako oztopo moralik. Victor Mañu apaiz nafarrak hala adierazi zuen: “Bosgarren agindua, ‘Ez duzu hilko’ da, baina salbuespenak daude”.


Emakumeen artean fusilamenduak ez ziren oso gertaera ohikoak eta egin zirenei ez zitzaien inolako publizitaterik eman. Ezagunak dira, hala ere “13 Arrosen” hilketak edo Guillenako 17ak. Haurdun zeuden kondenatutakoen kasuetan, emakumea erditu arte itxaroten zen fusilatzeko. Haurra Estatuak zainduko zuen, ama akabatu eta gero.


Espetxea zen, beraz, emakumeentzako zigorrik ohikoena. Aurretik zeuden kartzelak azkar bete ziren tropa frankistek harrapatutako preso kopuru handia zela-eta. Espainia Berria edozein eraikin egokitzen hasi zen prisio funtzioa bete zezan. Biltegiak, zezen plazak, komentuak, zine-aretoak... Edozein tokik balio zuen. Bizkaiko eta Gipuzkoako kostaldeko mugan, Ondarroa eta Mutriku artean, garai batean luxuzko hotela, geroago seminarioa eta azkenean koartela izan zen eraikin multzoa, Estatuko emakumeen kartzela handiena bihurtu zen: Saturrarango Espetxe Zentrala. Bertan, eta garaiaren arabera, batez beste 2.000 emakume inguru giltzaperatuak egon ziren 1938tik 1944ra arte.


Kartzela horretaz gain, Euskal Herrian Zornotzakoa, Bilbokoa, Gasteizkoa eta Iruñeko bi izan dira emakumeentzako espetxe bezala dokumentatu direnak. Gauza jakina da, emakume asko beste atxiloketa zentro edo espetxeetan giltzapeturik egon zirela, baina arestian aipatutakoak dira soilik emakumeentzat atondutako kartzelak. Espetxe hauen ezaugarri nagusienetakoa mojen presentzia izan zen. Errepublika garaian debekatuta egon ondoren, zaintza lanak egitera itzuli ziren, baina ez horrenbeste aurretik egondako prisioetara baizik eta komentuetan edo seminarioetan sortutako berrietara, Saturraranera edo Zornotzara adibidez. Horrek, kontrol politikoaz gain, kontrol ideologikoa eta morala bermatzen zuen, emakume “galdu” hauek gertutik jarraitu ahal izateko. Onura handia lortzen zuten bai Estatuak baita Elizak ere. Frankistek eraikin berriak eta eskulan merkea lortzen zuten. Erakunde katolikoek Jaungoikoaren bidera erakartzeko emakume galduen multzo handia. Guztiak irabazle.


Kartzeletako bizimodu gogorra ahaztu gabe, zigor asko espetxeko hormetatik kanpo burutu ziren. Hauetako batzuk emakumeei bakarrik ezartzen zitzaizkien. Sexu bereizketa horrek eta ekintza horien maiztasunak zigor berezien bat-batekotasunaren teoria baztertzen dute. Goitik planifikatutako eta agindutako mendekuak izan ziren.


Garaiko emakumeen ikur femeninoena ile luzea zen, gizonengandik bereizten zituena eta, askotan, edertasunaren seinalea zena. Zigor ohikoenetakoa ilea mozkea zen, burusoiltzea. Hau kentzea emakume kondizioa ezabatzea zen, ia biluztea. Gainera denboran luze irauten zuen iraina zen, ileak aurreko egoera berreskuratu arte hilabeteak behar baitzituen. Batzuetan, adar moduko bi xerlo uzten zitzaizkien demonio itxura har zezaten, “gorria-infernua” lotura eginez. Gainera, askotan, ile mozketa hauek publikoak ziren; adibidez, 1936ko irailean, tropa frankistek Donostia hartu ostean Amarako Easo plazan burutu zirenak.


Higienearen ukapena izan zen bigarren zigor motaren helburua. Rizino olioa edanaraztearen ondorioek zikinkeri bikoitza erakutsi nahi izan zuten: alde batetik gorputzarena eta bestetik arimarena. Espainia Berriko emakume eredugarriaren antitesia. Isabel Katolikoa edo Jesusen Teresaren garbitasunetik ezin urrutiago kokatuak. Ikerlari batzuen arabera, ekintza hauek, barruko demonioak ateratzearen ideiarekin lotzen dute, berriro infernua eta marxismoaren ideiak elkartuz.


Emakume gehienek ez zituzten ezkutuan pairatzen aipatutako zigorrak. Duintasunaren ukapenean kokatu ahal ditugu desfile publikoak, ile mozketa edo rizino olioa edan eta geroko erakustaldi publikoak herriko plazetan. Erriberako herrietan jasotako testigantzetan gertaera horien inguruko aipamen ugari daude. Helburu bikoitza zuten. Alde batetik emakumeak eta beraien senideak umiliatzea eta bestetik herritar neutralak edo zehaztugabeak izutzea, balizko etsaiei ikusaraztea zer gerta zekiekeen erregimenaren alde ez zeudenei.


Bortxaketek atal berezia merezi dute. Komisaldegietan, koarteletan edo espetxeetan ohikoak ziren. Gerra guztietan tresna bezala erabilia izaki, Gerra Zibilean ere ez zen salbuespena izan bortxaketa. Hala ere, horren gaineko testigantza zuzenak ez dira gehiegi. Emakume askok, lotsagatik edo, bere baitan gorde izan ditu horrelako pasarte ilunak. Ezagutzen ditugun kasu gehienak, bortxaketaren biktima izan ez den beste emakume batek kontatutakoak dira, beti ere argi utziaz berari ez ziotela ezer egin. Beste kasu batzuk jakin ditugu bortxatu ondoren hil egin zituztelako. Horren adibide lazgarrienetakoa Nafarroako Larraga herriko Maravillas Lambertoren kasu ezaguna dugu. Vicente Lamberto, II. Errepublikaren garaian UGTko militantea izan zena, atxilotzera joan zirenean, 1936ko abuztuan, 14 urteko bere alabak, Maravillas izenekoak, berarekin joan nahi izan zuen. Goardia Zibila eta beraiekin zihoazen falangista eta erreketea ados azaldu ziren. Herriko udaletxera helduta, aita giltzaperatu eta alaba behin eta berriro bortxatu zuten, Vicentek ziegatik dena entzuten zuen bitartean. Hurrengo egunean aita eta alaba akabatu zituzten. Maravillasen gorpu biluztua txakurrek jateko bota zuten.

Espetxean ama izatea


Espetxeratuak izan ziren emakume gehienen senarrak edo bikotekideak, kartzelan, ihes eginda edo hilda zeuden. Gainontzeko senideen egoera ere ez zen erraza izaten eta batzuetan ez zuten inoren laguntza. Gauzak horrela, emakume presoek ikaragarrizko zailtasunak zituzten beraien seme-alabak konfiantzazko pertsona baten ardurapean uzteko. Ama askorentzat, aukera bakarra beraiekin batera kartzelan edukitzea zen. Umeek amek baino gehiago jasaten zuten baldintza gogorretako itxialdiaren bizimodua. Gosea, hotza, zigorrak edo gaixotasunak ziren eguneroko ogia. Heriotza ere bai. Carmen Riera preso ohiak azaldu zuen nola aste batean, 1940ko abuztuan, Saturrarango kartzelan 30 bat haur hil ziren, haien artean bere alaba Aurora, birus ezezagun baten erruz.


Batzuk hiltzen ziren bitartean, beste batzuk jaiotzen ziren kartzelan bertan. Horren adibidea dira Erregimeneko prentsak hainbat zenbakitan argitaratutako haurren bataioak. Haur hauek aitapontekoarekin eta amapontekoarekin batera –normalean Mutriku inguruko frankista ezagunak– azaltzen ziren dotore asko argazkietan. Propaganda eta amen testigantzak ikusita, badirudi frankistak gehiago kezkatzen zirela haurren bataioaz, janaria edo osasun zaintzak emateaz baino.


1940ko apirilaren 6ko BOEn, martxoaren 30eko Agindua argitaratu zen, espetxeetan zeuden haurren egoera arautzeko. Hiru urtetik gorako haurrak kartzeletatik atera behar zirela esaten zuen. Familiarrik aurkitu ezean, Estatuak bere gain hartuko zituela ere zioen Aginduak. Momentu hartatik aurrera irtenbide baten bila hasi ziren. Inork ez zituen bere seme-alabak Estatuaren esku utzi nahi, berriro ez ikusteko aukerak handiak ziren eta. Seniderik ez zutenek, aske ateratako kideren bati laguntza eskatzen zioten. Beste kasu batzuetan, espetxetik gertu bizi ziren familiek haurrak hartzen zituzten ama kartzelatik atera arte. Horrelako kasu asko ezagutzen dira bai Ondarroan baita Mutrikun ere, familia asko prest agertu baitzen Saturrarango espetxeko haurren bat hartzeko. Amak, espetxetik ateratzean, umea berreskuratzen zuen kasu gehienetan. Beste batzuetan, ordea, etorkizun ilun baten aurrean, preso ohiek nahiago izaten zuten haurra konfiantzazko harrera familietan behin betiko utzi, haiekin batera zorigaiztoko bizimodua ematea baino.


Familiaren bat aurkitzerik ez zuten haurrak barnetegi berezi batzuetara eraman zituzten. Bertan, Antonio Vallejo-Nágera teniente medikuaren teoriak indarrean jartzen ziren; alegia, “eugenesia”-ren erabilpena bultzatzen zen. Teoria horren arabera, ama gorriek komunismoaren gaitza zuten eta haurrak ez kutsatzeko modu bakarra, kontaktu fisikoa saihesteko asmoz, beraiengandik urruntzea zen. Ideia hauek neurrigabeko samina ekarri zuten. Asko izan ziren teoria horrengatik isuritako malkoak. Lege horren pean eroritako haur askok ez zuen berriro bere ama ikusi. Auxilio Social erakunde falangistaren bitartez, arautu gabeko adopzioetan ematen ziren haurrak, frankismoaren aldeko familien artean. Batzuek, eduki ezin izan zituzten seme-alabak bezala hezteko hartzen zituzten haurrok, beste batzuek, morroi merkea baino ez zuten bilatzen.


Emakume askorentzat hau izan zen azkeneko zigorra, beraien seme-alaben lapurketa. Saiakera batzuk egin badira ere, gaur egun, 2011. urtean argitzetik urrun daude gertaera hauek. 1942an 9.059 haur ziren Estatuaren ardurapean. 1943an 12.042. Ume hauetako asko non dauden, gaur egun oraindik ez dakigu.
 


Azkenak
Indarkeria polizialaren gorakada eta Bilboko Udalaren erantzun falta salatu dute manteroek

Juan Mari Aburto alkateak jai apartak izan direla esan arren, kale saltzaileek Aste Nagusian etengabeko tentsioa, jazarpena eta presentzia polizial neurrigabea bizi izan dutela kritikatu dute. Beren eskubideak babesteko neurriak adostu nahian uztailetik Bilboko Udalarekin... [+]


Zergatik ez gara arreta mantentzeko gai?

Langileen %80ak ez du ordubete irauten arreta galdu gabe eta %20 inguru hamar minuturo distraitzen da. Kontzentratzeko gaitasun falta ez da soilik mugikorren eta estimulu teknologiko andanaren errua, elikadurak, kutsadurak eta oinarrian gure bizi estiloak ere zerikusi handia... [+]


34 urteko gizon bat atxilotu dute Oiartzunen, pertsonen legez kanpoko trafikoa egotzita

Furgonetan “egoera irregularrean” zeuden hamabi pertsona zeramatzala adierazi du Ertzaintzak. Bidaiariek onartu dute Frantziatik Portugalera joateagatik 300 eta 600 euro artean ordaindu dituztela.


Errusiak eraso bortitzak egin ditu Ukrainako hainbat lurraldetan

2022ko otsailaren 24an hasi zen gerra. Ordutik, Errusiak egiten duen erasorik bortitzenetakoa egin du astelehenean. Erasoak azpiegitura energetikoa izan du jomuga, eta horrek itzalaldi orokorrak eragin ditu.


Bilboko Emakumeen aurkako Indarkeriaren Epaitegiek onartu dute ikertuei eta euren abokatuei kolore-bereizgarriak jartzea

Bilboko epaile dekano Aner Uriarteren arabera neurria “nor den nor” identifikatzeko eta emakumeak babesteko eta ez birbiktimizatzeko da. Bizkaiko Abokatuen Elkargoak salatu du ez direla errespetatzen errugabetasun printzipioa eta “duintasuna”.


2024-08-27 | Jon Torner Zabala
Putreentzako janlekuak, turistak erakartzeko amu

"Valderejoko hegazti sarraskijaleen janlekuak erabilera turistikoa izango du". Atentzioa eman digu Estitxu Ugarte Lz. de Arkaute kazetariak Alea.eus agerkarian plazaratutako albistearen goiburuak. "Putreak baliatu, putreak erakartzeko?", ateraldi gatzduna... [+]


Eltxo tigrea EAEko 56 udalerritan atzeman dute

Espezie inbaditzaile hau duela hamarkada bat iritsi zen Euskal Herrira, eta asko ugaritu da hiri inguruetan, batez ere Bizkaia eta Gipuzkoako hiriguneetan, ura aurkitu dezaketen inguruetan. Zein lekutan atzeman duten, zein arrisku duen eta hedatu ez dadin zer egin daitekeen... [+]


Macronek ez du ezkerreko lehen ministroa ezarriko

Elkarrizketa-sorta hasiko du, beste behin, Macron presidenteak. "Ahalik eta gehiengorik zabalena eta egonkorrena osatzeko" egingo duela lan esan du Macronek, herrialdea ez dadin "blokatuta eta ahulduta" gera.


2024-08-27 | Jon Torner Zabala
“Osasun sistema duina” aldarrikatu dute Aiaraldean, Laudioko bizilagunaren heriotzak kolpatuta

Abuztuaren 22tik 23rako gauean Laudioko ZIU Zainketa Intentsiboetarako Unitate mugikorrean medikurik ez zegoela-eta, bihotz-gelditzea izan zuen gizona artatzera Bilboko unitateko medikuek bertaratu behar izan zuten. Gizona biharamunean hil zen. Laudioko Udaleko gobernu... [+]


2024-08-27 | Mikel Aramendi
Krak egin dezake Asia hego-ekialdeko habe nagusietako batek

Bitxikerien txokorako bezala geratu da: Thailandiako Auzitegi Konstituzionalak Srettha Thavisin kargugabetu ondoren, Paetongtarn Shinawatra, 38 urte betetzear zen emakume gaztea, bihurtu da herrialde hartako lehen ministro duela hamar egun. Haren emakume- zein gazte-tasunari... [+]


Meskita eraitsi, sinagoga eraikitzeko

Ultraeskuineko ministro Ben Gvir-ek zera proposatu du: sinagoga bat eraikitzea Jerusalemgo Meskiten Zelaiguneetan.


Telegramek adierazi du Frantzian atxilotutako bere buru Pavel Durov-ek ez duela ezer ezkutatzeko

Pavel Durov atxilotu dute abuztuaren 24an Paris-Le Bourget aireportuan. Frantziako Justiziaren arabera, plataformaren moderazio faltak eta agintariekin lankidetza faltak droga-trafiko, pedofilia eta iruzurra bezalako delituen konplize bihurtzen dute.


Eskuin muturra ari da kapitalizatzen Estatu Islamikoaren Alemaniako erasoa

Estatu Islamikoak beregain hartu du erasoa, Palestinako eta beste leku batzuetako musulmanen "mendekua" dela esanez. Eskuin muturrak inmigrazioaren aurkako mezuak hedatzeko baliatu du.


Eguneraketa berriak daude