Irudian, Ekuadorreko Revista Publimensajen ageri den iragarki ia obseznoa: "Lolita" itxuran posatuz neskatoak promozionatzen du Eternit marka, mende batez amiantozko teilatu eta eraikuntzako gaietan lider izan dena. "Los ondulados están de moda" dio amiantozko teilatuez eta "para toda la vida" omen direla. Umore beltza. Amiantoak munduko herrialde gehienetan ekoiztu eta saltzen dira gaur ere, herritarrei ezkutatuz osasunarentzako dakartzan kalteak.
Musika Plaza filmean asbestosi gaitzak jotako herritar batek kontatzen dun nola Orereta-Errenteriako Paisa usinan langileek bokadiloak berotzen zituzten amiantozko bi xaflaren artean. Egon ziur gaur bertan beste milakak egiten duela gauza bera, inolako beldurrik gabe. Ikusi besterik ez dago munduan oraindik Eternit eta beste marka batzuekin zenbat fibrozemento egin, saldu eta erabiltzen den... beti bezala material berri, garbi eta erabilerrazaren famapean abonatuta.
Paco Puche andaluzak berrikitan idatzi du Víctimas y verdugos. Las mentiras del amianto, las fortunas amasadas, los delitos consumados artikulua eta gaiari buruzko idatzi gehiago plazaratu du El Observador gunean. Puche lanbidez liburu saltzailea da, Malagako Prometeo eta Proteo liburu denden jabe den kooperatibako arima. Artikuluarekin oroigarri berezia egin dio Juan Aguirre izeneko lagun bati: biek ikasi omen zuten Peritaje Industriala Sevillan, Aguirre Uralita enpresan hartu zuten –Pucheri deitu zion berarentzako ere lana bazelako, baina hau beste zereginetan zebilen– eta duela gutxi hil du mesotelioma batek. Espainian, Hego Euskal Herrian ere bai, “uralita” esaten zaio asbesto edo amiantoari.
Puche oraingoan oinarritu da La mentira del amianto. Fortunas y delitos liburu berrian, zeina plazaratu baitu Zurichen bizi den Maria Roselli kazetari italiarrak. Hau amiantoaren biktima askorekin mintzatu da, haientzako kalteordainen galdezmunduan aurkeztu diren salaketez idatzi du, baina baita mirarizkoa omen zen asbestoarekin aberastu diren batzuez ere.
Europar Batasunaren agiri batek dio bost minutu oro hiltzen dela norbait amiantoagatik; 2030a artean 500.000 hilko omen ditu Europan eta mundu osoan hamar milioi inguru. Aseguruetxeen arabera, inoiz izan den ezbeharrik handiena. Ezbeharra? Hobe sarraskia deitzea: aspalditik dagoen arren zein hilgarria den, amiantoa erabat legezkoa baita Txinan, Indian, Brasilen, Hegoamerika ia osoan... Gero eta gehiago ekoizten eta erabiltzen da munduan.
Suitzako familia batek kontrolatu du negozioa XX. mendean. Schmidheiny sendiaren lau belaunaldi aritu dira horretan, Niederurnen herrian egoitza duen Eternit enpresaren jabe. Hamasei herrialdetan barreiaturik 23.000 langile eduki zituzten. Herrian zeukan egoitza SAIAC erakundeak ere, amiantoaren prezioak, ekoizpena bezala salmenta, teknologia eta politikariak zein komunikatzaileak erosteko lobbygintza kontrolatzen zituen kartela.
1985ean Scmidheinytarren eta Belgikako beste familia baten artean mundu osoko fibrozementuaren laurdena kontrolatzen zuten. Aipatu SAIAC kartelaren bitartez lortzen zuten asbestoaren arriskuei buruzko informazioak zentsuratzea eta aspalditik demostratuta zeuden ebidentziak agintari politikoek zalantzan jartzea. Horrela baizik ezin da ulertu zenbat berandutu den amiantoaren legez kanpo uztea.
Lobbygintzaz harago, fibrozementu ekoizleen kontrako auziak hasi direnean –Italian Casale herrikoek eragindakoa historikoa izan da, ez ordea bakarra– abokatuak eta fiskaltza bera espiatzeraino iritsi dira.
Eternit Avinara... Schmidheiny
Amiantoaren kalte gaiztoei buruzko lehen agiri ofiziala 1889an plazaratu zen, Ingalaterran. Baina Europa osoan 2005a arte ez zen erabat legez kanpo geratu.
1900an H. Montague medikuak demostratu zuen lehenbizikoz asbestosia patologia bat zela. 1918. urtean AEBetako New Yorker Prudencial aseguruetxeak ez zituen onartzen amiantoarekin ari ziren langileak bizi asegurua egitekotan. Ez zen aski izan. 1960an C. Wagnerrek azaldu zuen amiantoaren eta birikako mesoteliomaren arteko lotura. Alferrik. Ez neurririk hartu zen eta ez herritarrei jakinarazi. 1973an Osasunaren Mundu Erakundeak onartu zuen amiantoaren eta birikako kantzerraren arteko lotura... eta hemen langileek lasai ederrean segitzen zuten amiantoa egiten, zerratzen, ipintzen eta arnasten.
Europako debekuarekin fini izan balitz asbestoarena, orain arte erabilitakoaren ondorioak geldituko lirateke, une oro azaltzen ari diren mesotelioma eta kantzer berriak. Baina kontua da munduko gainerako herrialde gehienetan legezko izaten segitzen duela, askotan betiko izen zaharrekin, Eternit bera tartean.
Errusia, Txina, Brasil, Kazajstan, Kanada eta Zimbabwe omen dira meategietatik amianto gehien erauzten dutenak. Txina, Errusia, India, Brasil, Kazajstan y Tailandia dira kontsumitzaile nagusiak. Denetan segiko dute ugaritzen mesoteliomak eta asbestosiak, baina propinarik ikaragarriena gorde zaie amiantoa berreskuratzen duten lantegietakoei: munduko itsasontzi militar nahiz zibil erraldoien erraietatik asbestoa eskuz inolako babesik gabe atera behar duten pariak dira.
Ia mende batez produktu hori hein handi batean Schmidheiny sendiak kontrolatu zuen, jarduera hainbat enpresa eta holdingetan banatuta: Eternit, Everite, Amanco. Ez dute kontzientzi arazo handirik eduki edozein sistema politikorekin elkarlanean jarduteko. Maria Rosellik elkarrizketatu du, esate baterako, Letoniako emakume bat 1942an 19 urterekin Alemaniara ekarri zutena, Eternit usinan lan bortxatua egitera. Alemanian naziek usatu zuten esklabu lanaz baliatu ziren Schmidheinytarrak.
Gauza bera apartheid sistema ezarri zuen Hego Afrikako erregimenarekin. Hango lekukoak elkarrizketatu ditu Rosellik, amiantoarekin Everiten lan egin zuten errukarriak. “Beldurgarria zen, hautsa zegoen alde guztietan baina inork ez zigun esan hura hilgarria zenik. Norbait gaixotzen zenean, bere herrira bidaltzen zuten, eta inork ez zuen jakiten zergatik hiltzen ziren”. Anastasio Somozaren Nikaraguan berdin, han Nicalit sortu zuten.
Stephan Schmidheinyk 1990ko hamarkadan laga zituen amiantoarekiko negozioak. Hain zuzen Europan debekua erabakitzen ari zen garaietan. Eta sortu zen Stephan Schmidheiny berria... garapen iraunkorra babesten duen filantropoa. 1994an Avina fundazioa sortu zuen eta 2003an Viva Trust. Prefosta, negozioak utzi gabe: Nueva Group holdingaren bidez garapen iraunkorrarekin dirua irabazten saiatzen da.
Avina eta Viva Trustekin Schmidheinyk subentzionatzen ditu garapen iraunkorra esaten zaion eremu txit zabal eta anbiguoko ekintzak. Tartean, lortu du fitxatzea ekologia munduan izen bat eduki duten jendeak, Paco Puchek aipatzen ditu.
Laster Stephan Schmidheinyk bere buruari ematen dion enpresaburu ameslari eta filantropo irudia aurrez aurre aurkituko da amiantoak eragindako mesotelioma eta kantzerrek kaltetutako milaka biktimek ezarri dizkioten epaiketekin. Bitartean, amiantoak bizirik dirau.