Beatriz Martxueta LABeko Politika Sozialeko arduraduna da. Espainiako Gobernuak bultzatu nahi duen pentsioen erreformak eskubide soziala “merkantzia” bihurtuko duela dio, eta horregatik daudela errotik kontra. Elkarrizketa hau egiteko unean, CCOO eta UGT negoziatzen ari dira Moncloan, eta erretiroa 67 urtera atzeratu ala ez dute ardatz: “Ez dugu ulertzen, erreformaren beste neurriek de facto ekarriko dute erretiro adina atzeratzea”.
Espainiako Gobernuak pentsioen erreforma onartu nahi du urtarrilaren 28an. Zer ekarriko dio erreforma horrek herritarrari?
Neurri hauen ondorioak benetan larriak izango dira. Alde batetik prestazioak murriztuko dira: zenbaketa 20 edo 25 urtera igotzen bada, pentsioetan %20ko murrizketa ekar dezake. Horrez gain, jende askori eskubide hori ukatuko zaio, 15etik 25era igo nahi baitute kontribuzio urteen muga prestazioa jaso ahal izateko. Eta erretiro adina 67 urtera atzeratzeak ere ondorio latzak dauzka. Momentu honetan, milaka langileren pentsioa –batez ere emakumeena eta gazteena– kinka larrian dago, prestazioak merkantzia bihurtu nahi dituzte eta gure eskubideak erosi beharko ditugu.
Erreforma horren defendatzaileek diote biztanleriaren zahartzeak sostengaezin egin duela egungo pentsio sistema, horrela al da?
Mila eta bat azterketa daude ondorio horretara eramaten dutenak. Ikerketa horiek 90eko hamarkadan hasi ziren bultzatzen eta atzean beti dago finantza botorea (BBVA, Santander, FEDEA...). Konstatazio bakarra dago: ikerketa horiek esaten zuten 2010ean pentsioen sistemak kiebra joko zuela, baina momentu honetan Erreserba Funtsak superabita dauka. Egia da gero eta urte gehiago bizi garela, baina arazoa ez da pertsonena, kotizazioena baizik. Mila pertsonatik batek ere ez badu kotizatzen sistema kiebran dago, baina guztiek kotizatzen badute, eta gainera, kotizazio horiek onak badira enplegu duina dutelako, bada orduan gizarte segurantza on bat izango dugu.
Zer dago, orduan, erreforma horren atzean?
Helburua pribatizazioa da. 80ko hamarkadan enpresa produktibo publikoak pribatizatu ziren. Orain zer dugu? Zerbitzu publiko eta sozialak. Hor sartu nahi dute eskua, pentsio publikoak gero eta errakitikoago utzi eta jendea behartu plan pribatuekin osatzera. Publikoak ez dio inolako etekinik ematen kapitalari.
AEBetan funts horiek lehertu zuten finantza krisia, ez dira oso eredugarriak...
Kapitalak esaten dio Europari zer egin behar duen eta estatuek aplikatzen dute. Hori ikus dezakegu Maastrichtetik Pentsioen Liburu Berderaino. Adibidez, Liburu Berdean lan erreforma egitea gomendatzen zen, eta ikusi dugu zer ondorio izan dituen Euskal Herrian: 176.000 langabe abenduan, azken hamabost urtetako kopuru handiena.
Dena den, pentsio sistema honek erreforma bat behar du?
Baliteke. Baina zergatik ezin du izan zerga bidez finantzatutako sistema? Beste herrialde batzuetan egiten da, kotizazioak alde batetik eta zergak bestetik...
Erreformaren puntu nagusietako bat erretiroa 67 urtera atzeratzea da. Aldiz, gazteen artean gero eta lan gutxiago dago eta prekarioagoa da. Paradoxa al da?
Bai, hor ikusten da zer nolako logika duen erreformak. Egun gazte bat 30 urterekin sartzen da lan merkatuan batez beste, eta modu prekarizatuan: sartzen da, hilabete batzuk lan egiten du, ateratzen da, berriz sartu... Gazte gutxik izango du pentsio duina eta askok ez dute hori ere izango.
Horrez gain, Toledoko Itunak hainbat gomendio egin ditu, ez dira garrantzi gutxiagokoak...
21 gomendio egin ditu eta bizpahiru kenduta, gainerako guztiak murrizketak dira. Hor sartzen dira pentsioa kalkulatzeko kotizazio urteen zenbaketa 15etik 25era igotzearena, kontribuzio-prestazioa edukitzeko 25 urte kotizatu beharra, eta 65 urterekin pentsioaren %100 kobratzeko gutxienez 40 urte kotizatu beharra. Baina badaude sindikatu konkretu batzuk erretiroa 67 urtera ez atzeratzeko borrokan zentratu direnak.
Zergatik uste duzu zentratu direla horretan?
Ez dakit, momentu honetan negoziatzen ari dira. Akordio batera iristen badira, Zapateroren Gobernua eta sindikatu horiek “garaile” atera daitezke, bata elkarrizketa soziala posible dela esanez, eta besteak indar erakustaldia egin dutelakoan. Baina egiaz, beste neurriekin de facto atzeratuko da erretiro adina. Ez dugu ulertzen zergatik ez duten beste neurri horien kontra ere borrokatzen. Kalkulu politikoa? Kalkulu sindikala?
CCOO eta UGTrekin harremanetan izan zarete erreforma honen inguruan hitz egiteko?
Ez. Guk gure agenda daukagu. Erreformak planteatzen dituen neurri horien kontra gaude, ez neurri bakar baten kontra. CCOO eta UGT negoziatzen ari dira eta akordio bat lortzen badute erreforma babestuko dute, hori guretzat onartezina da.
Urtarrilaren 27rako greba orokorra deitu duzue euskal gehiengo sindikalak. Zergatik hartu duzue erabaki hori?
Grebara goaz langileekiko konpromisoa dugulako eta gure erantzukizuna delako. Eraso larri honek erantzun kolektiboa behar du. XIX. eta XX. mendean borroka eginez irabazi ziren eskubide sozial guztiak murrizten ari dira eta horrek ekartzen duen bakarra miseria eta pobrezia da.
Rodolfo Aresen ustez ez gaude “grebatarako”, zer erantzungo zenioke?
Arduragabekeria dela ere entzun izan dugu. Guk argi daukagu, ez diogu jendarteari bizkarra emango. Pentsio eskubidea defendatzeko, beste eskubide bat erabiliko dugu, greba eskubidea.
Erreforma ulertzea ez da erraza, eta gazte bati jubilazioa urrun geratzen zaio. Hasi al zarete lantegietan grebaren inguruan informatzen? Zer inplikazio sumatu duzue?
Jendeari gauzak argi eta garbi esan behar zaizkio, eta argi duenean, erantzuten du. Egia da gaztearentzat pentsioak urruti daudela, baina esan behar zaio: zuk momentu honetan irabazten duzun diruaren zati bat desbideratzen ari dira hilero-hilero etorkizunean hori izan dezazun. Orain lantegietan batzarrak egiten ari gara, bozketetan ez gara hasi, baina nabari da langileak sekulako eraso gisa hartu duela erreforma hori.
Gurean, aurrekari oso hurbileko bat daukagu Iparraldean, udazkeneko greba orokor gogorra. LABek aktiboki hartu zuen parte. Zer irakasgai atera duzue datorrenerako?
Horrelako eraso baten aurrean mugitu egin behar dela, jendartea, langileria, ikasleak... Frantziako Estatuan ikasleen kolektiboak sekulako indarra du, horietatik ikasi behar dugu, eta horrelako erantzuna eman behar genuke, erasoa ere tamainakoa delako. Azkenean, Sarkozyren erreforma onartu egin zen, baina inork ezin du ukatu Frantziako jendartearen haserrea kaleetan islatu zela.
Urtarrilaren 1etik aurrera pentsioak %0,9 handituko ditu Frantziako Gobernuak, hasiera batean iragarri baino lehenago, 2025eko uztailera arte ez baitzuen asmorik pentsioak igotzeko, 4.000 milioi aurreztea helburu.
Espainiako Estatuan egindako ikerketa baten arabera, erretiro-adina atzeratzeak ondorio kaltegarriak dakartza, ez bakarrik lehenago hiltzeko arriskua duen langilearentzat berarentzat, baita diru-kutxa publikoarentzat ere: 8.564 eurotan baloraturiko galera soziala izango luke... [+]
Euskal Herriko Pentsiodunen Mugimenduak bertso lehiaketa berezia jarri du martxan: "Bertsopentsiotan". "Ari garela, ari garela, astelehenero kalean" gaiari bertsoak jartzeko urtarrilaren 15a arte (astelehena) dute epea 60 urtetik gorako Euskal Herriko eta... [+]
1080€ Orain ekimenak, prentsaurreko bidez, larunbatean 17:30ean Baluarte plazatik abiatuko den manifestazioan parte hartzeko deia luzatu du. Eta gainera, dei berezia egin nahi izan diete nafar emakumeei, "pentsioetan ematen den genero arrakala ukaezina delako eta... [+]
Nafarroan 51.000 pertsona dira 1.080 eurotik beherako pentsioa dutenak. Horietatik %66 emakumeak dira. Nafarroako Gobernuak ardura har dezala eta gutxieneko pentsioak ziurta ditzala eskatzen ari dira.
Milaka pentsionista atera dira kalera astelehenean, txistulariekin eta konpartsekin batera, Bilboko Aste Nagusiaren oihartzuna aprobetxatuz. Hainbat erreibindikazio egin dituzte, hala nola 1.080 euroko gutxieneko pentsioa.
Espainiako Enpresarien Zirkuluak dio pentsioen sistema publikoak "bost urte barru" kiebra ez jotzeko modua dela 68 eta 72 urte artera luzatzea erretiro adina. AEBetan eta beste zenbait tokitan eskuin muturrak darabilen diskurtso bera erabili du lobby honek.
Erretreten erreformaren kontrako manifestazioetako batean atxilotu zuten mauletarrak Baionako auzitegian deklaratu beharko du, datorren astean. Elkartasuna adierazi du hainbat herritarrek: “Errepresio gorakada azkartzen ari da”.
Erretreten erreformaren aurkako hamalaugarren greba eguna dute gaur Ipar Euskal Herrian. Frantziako Estatuko 250 bat hiritan egin dute manifestaziorako deia sindikatuek.
Zer pentsa ematen du apirilaren 28an egindako salaketek utzitako arrasto txikiak, eta haren segida bakarra izatea istripuen eta langileen heriotzen kate etengabea. Azkoitian, eraikuntzan beste behin ere, oso ohikoa eta beraz saihesgarria den istripuan hil da 62 urteko langilea... [+]
Astelehenean Bilbotik eta Bergaratik abiatu dira, eta asteartean Agurainetik. Ostegunean Gasteizen batuko dira hiru mobilizazioak.
Ekainaren 8an dute erretreta adina 62 urtetik 64ra pasa duen legea ezeztatzeko ondoko aukera. Hain zuzen, Liot talde independenteak legea ezeztatzeko aurkezturiko lege-proposamena bozkatuko dute egun horretan. Ekainaren 6rako finkatu dute hamalaugarren greba eguna sindikatuek.
Erretretarako adina 62 urtetik 64 urtera atzeratzen duen erreforma pasa arren, aurkako mobilizazioek segitzen dute. Ondoko bideetatik dabiltza testu horren kontrakoak: greba eta manifestazioak; Konstituzio Kontseiluaren ezeztapenaren esperantza mehea; gobernuaren parean postura... [+]
Teorian pobreak egoera horretatik ateratzea helburu duen Diru-Sarrerak Bermatzeko Errentan aldaketak adostu dituzte EAJ, PSE eta Elkarrekin Podemos-IUk, eta indarrean sartu da lege berria. Jende asko kanpoan uzten duela, pobrezia egoeratik ateratzeko ez duela balio eta txiroak... [+]