Burgoseko epaiketa, 1970. Hamasei lagun auzipeturik.
40 urte! Azkar pasatu dira. Pentsatzen jartzen naiz zergatik ginen gu prozesu hartan, eta zergatik ari den gaur egun jendea borrokan, eta arrazoiak berak direla iruditzen zait. Euskal Herria zapalduta zegoen, eta zapalduta baino gehiago, erabat desegiteko bidean. Eta horren aurka altxatu ginen. Gure nazioaren desegitea gerarazi nahi genuen. Gerra ostetik ari ziren horretan, gure herria akabatu nahian. Hamasei lagun ginen auzipetuta, baina adibide bat baino ez ginen, berdin izan gintezkeen bostehun! Herria zegoen han. Herri borrokaren berpiztea izan zen, nazio borrokarena. Han egin genituen diskurtsoak hartu eta garbi ageri da hori. Itziarrek [Aizpurua] euskararen defentsa egin zuen, Jokinek [Gorostidi] langile borrokarena, Lopez Irasuegik gerra presoa zela esan zuen, Enrike Gesalagak bezala. Mario Onaindiak aurre egin zion tribunalari
Eusko gudariak kantatuz, ez
Internazionala kantatuz, edota
Gora eta gora Euzkadi… Erabateko enfrentamendu totala!
Zuen mintzaldi eta parte-hartzeak antolatuta zenituzten.
Bai. Atxilotu gintuztenetik epaiketara bitarte, hogei hilabete joan ziren. Denbora horretan, behin baino gehiagotan aldatu ziren gauzak. Laster konturatu ginen epaiketa ez baina makroepaiketa handi bat prestatzen ari zirela, zentzagarri izateko asmotan, erresistentziaren kontra. Eta garai hartan geu ginen erresistentzia. EAJk ez zuen ekimenik.
Nola planteatu zenuten epaiketa?
Abokatuetako batzuek defentsa juridikoaren alde egin nahi zuten. “Zuk hau eta hura egin dituzu, halako egunetan, halako lekutan. Pistola zeneraman…”. Era horretako kontuak. Guk uko egin genion bide horri. Bestela nahi genuen. Abokatu euskaldunak nahi genituen, baina ez genuen Espainiako Estatuko herrien borroka isilarazi nahi eta, beraz, penintsulako beste nazioetako abokatuak ere hartu genituen, adieraziz ez ginela ari Espainiako herriaren kontra, estatuaren kontra baino. Ni Creixek torturatu ninduen, Bilboko poliziaren buruak. Katalana, torturatzaile frankista, ondo gaiztoa gero! Aulkia apurtu zuen ni jota! Ni ez nengoen Kataluniaren kontra, torturatzaile haren kontra baizik. Epaiketa prestatu genuenean, defentsa ezberdinak garatzea erabaki genuen, galdera-erantzun bidez zapalketaren alderdi ezberdinak bistara ekartzeko asmotan. Horrela, abokatuen galderak guk munduari esan nahi geniona esateko bide izango ziren. Eta munduari bezala, Euskal Herriari, eta Espainiari. Niri, adibidez, galdetu zidatenean: “Zergatik zeneraman pistola soinean?”. Nik “polizia espainolaren kontra neure burua babesteko” erantzun nuen. Euskal nazioaren defentsan ari nintzen. Haiek, berriz, espainiar nazioa defendatzeko zeramaten pistola. Alegia, gu ez ginen kapritxoz ari, niri behin ere ez zait pistola gustatu, baina erabakia hartuta zegoen: “Euskal Herria desegin nahi duen estatu horren kontra borrokatuko gara, ahal dugun moduan, ahal dugun bide guztiak erabiliz”.
“Bide guztiak”.
Bai. Eta denok bat gentozen horretan, hamaseiok. Momentu hartan denok bat ginen euskal nazioaren defentsan. Gaur egun bestelako bide politikoak bilatzen ari gara, baina estatua –orduko estatu bera, berdina–, zapalketa modua aldatu badu ere, lehengo hartan ari da, euskal nazioa ukatzen, eta ahal bada, haren existentzia desegiten. Gaur egun esaten da: “Ez dugu ETA behar”, eta egia da. borroka armatuak ezin du gauza asko lortu. Ezin izan du inoiz. Guk ere bagenekien. Behin ere ez genuen pentsatu ETAk boterea hartzeko indarra zuenik. Erresistentzia ginen, botereaz jabetzeko indarrik ez genuen. Gaur egun, bada alderik, gaur egun eraiki egin behar da nazioa. Berrogeitaka urte honetako borrokak estatuaren dinamika geraraztea lortu du, euskal nazioa desegiteko asmoa, alegia.
Nork eraiki behar du nazioa, nola?
Herria behar da horretarako. Gutxiengo batek ezin du herririk eraiki. Gutxiengo batek estatuaren asmoa geraraziko du, baina ez besterik. Denborarekin, eta denon borrokarekin (borroka armatua, sindikatuak, masa mugimendua eta bestelako guztiak) estatuaren asmo suntsitzailea gerarazi dugu. Baina orain herria eraiki behar dugu, eta herria eraikitzen ez badugu ez dugu ezer egin. Herria eraiki, nork eta nola galdetu didazu. Guk geuk, batetik, eta nazioarteko laguntzak, bestetik. Nazioarteko laguntza behar dugu euskal nazioa eraikitzeko. Borroka armatuak hor ez du egitekorik, ezin du ezer lortu.
Borroka armatua, kito, esaten ari zara...
Nazioarte mailan izen ona duen intelektual batek esan zidan behin: “Borroka armatuak estatuari kalte egiten baldin badio, baliagarria da, izan Euskal Herrian edo Kuban. Baina, halako batean, estatua borroka armatua bera interesen alde erabiltzera heltzen baldin bada, besterik da kontua, bi aldiz pentsatu behar da!”. Horretan nago ni.
Eraikitzerakoan ere, ordea, nor bere bidean dabil, indarra ezin metatuta.
Preso sartu gintuztenetik hasi zen dispertsioa. Alacanten egon nintzen ni, hogeita sei hilabetez, ziega batean. Besteak, han eta hemen. Amnistia legearekin irten ginen kartzelatik eta gehienok borrokari segitu genion, era batera edo bestera… Abertzale eta independentista izan ginen geroan ere, gehienok, autodeterminazioaren alde, Euskal Herriak, eta herri guztiek, beren etorkizuna erabakitzeko eskubidearen alde borrokan. Dena dela, batzuk espainol egin ziren, bazter utzi zuten euskal nazioaren asmoa. Horra Mario Onaindia, Teo Uriarte, Xabier Markiegi... Ez ziren, besterik gabe, Burgosen aldarrikatu genituen printzipioen kontra jarri, ez, euskal nazioaren existentzia bera ukatzera heldu ziren. Zergatik jokatu zuten horrela? Mario, Burgos baino lehen, bitartean eta ostean ere, abertzale izan zen, Euskal Herriaren independentziaren alde borrokatu zen, era guztietako borrokak baliatu zituen, guk denok bezala. Burgos eta gero ere dinamika politiko-militarra bultzatu zuen. Halako batean, gogoetaren bat egingo zuen, antza, eta ez zela euskal nazionalista erabaki zuen: “Ni ez naiz abertzale, ni espainola naiz. Kito”. Aukera egin zuen.
Auzipetuetan gazteena zinen zu.
Bai, eta zaharrena Jon Etxabe, abadea. Uste dut. 19 urte nituen jausi nintzenean, Artekalen, Bilboko parte zaharrean. Epaiketa hasi zenean, 21 urte nituen.
Atxilotu osteko torturak aipatu izan dituzu inoiz.
Tortura itzelak egiten zituzten garai hartan. Poliziak ez zuen batere problemarik arrastoak uzteko ere. Ez genuen modurik torturaren berri kanpoan emateko. Entzun, berriz, handiak entzuten ziren kalean. “Abertzale bat hil ditek, Bilboko errioan agertu duk”. Poliziak, berriz, esamesa horiek baliatzen zituen gu komisariatik atera eta beldurtzeko. Ni, esaterako, hiru aldiz atera ninduten, tiroa jo eta erriora botako nindutela esanez…
Zer diozu abokatuez? Jose Antonio Etxebarrieta, Juan Maria Bandres, Migel Castells…
Nork bere abokatua zuen. Jose Antonio Etxebarrieta, jakina,
Txabiren anaia zen, eta hori ere politikoki erabili nahi izan genuen. Nik katalan bat nuen abokatu, oso ona, iraultzailea, Sole Barbera. Komunista zen. Gerra garaian, edo ostean, kartzelan eduki zutela uste dut. Epaiketa hautsi genuenean, Mario
Eusko gudariak kantatzen hasi zenean-eta, diskoetan entzuten den zera hori, gogoratzen dut Sole Barberak negarrari eman ziola, hunkituta. Ez nuen harrezkero ikusi. Abokatuekin harremanik izatea galarazi ziguten, eta Alacantera bidali ninduten gero. Epaiketa prestatzeko lanean behin baino gehiagotan hitz egin behar izan genuen elkarrekin, eta estimu handitan neukan. Hark ere asko erakutsi zidan. Ni 21 urteko mutikoa nintzen, eta gauzak azaltzen erakutsi zidan. Jose Antonio Etxebarrieta, berriz, gure lagunik handiena zen. Etxebarrietak eta guk, auzipetuok, prestatu genuen epaiketa, politikoa izan zedin. Guk geuk zuzendu genuen epaiketaren estrategia, zein galdera egin, nola erantzun eta beste. Dudarik ez izan horretan.
Zein izan zen estrategia hura?
Epaiketa apurtzera joan ginen, baina ez genuen hasieratik apurtu nahi, apurtuz gero ezingo genuen-eta azalpenik eman. Alfabetoaren arabera hasi zirenez, neu izan nintzen deklaratzen lehena. Militarrek uste zuten builaka eta hoska hasiko nintzela, baina ez zen horrelakorik. Fiskalari, dena ezetz erantzun nion, ez nuela ezagutzen esan gabe, bestela nire mintzaldia galaraziko zidaten-eta. Abokatuaren txanda heldu zenean, mintzaldia egiteko aukera izan nuen; ordubete egon nintzen azalpena egiten. Itziar Aizpurua etorri zen nire atzetik. Azalpen magistrala egin zuen, euskararena eta euskal kulturarena… Militarrek alfabetoaren arabera segitu zuten tarte batean, gure asmoaz konturatu ziren arte. Ordena aldatu egin zuten, orduan. Gure estrategiaren arabera, Uriarteri zegokion epaiketa apurtzea, zerrendan azkena zen eta halaxe zegoen prestatuta. Baina epaileek ordena aldatu, eta Mariori egokitu zitzaion. Gerra presoa zela, ez zuela tribunala ezagutzen esan behar zuen, eta
Gora Euskadi Askatuta! oihu egin, eta huraxe izango zen denok harekin bat egin, altxatu eta kantatzen hasteko unea. Horrela gertatu zen, eta guardiak hamaseiok handik ateratzen hasi ziren, bultzaka eta kolpeka.
Zer duzu Burgoseko epaiketa handi hura, 40 urte eta gero?
Nazioarte mailan oihartzuna izan zuen borroka gauzatu genuela esango nuke. Epaiketa hura, berriz, elementu inportantea izan zen gure historian. Euskal Herriaren borrokaren historian Burgos aurre eta Burgos oste bat dago. Burgosen erresistentzia berri bat loratu zen, suntsitu nahi zuten herriaren berpizte halako bat, euskal nazioarena. Burgosen hamasei lagun ginen, baina berdin izan gintezkeen milioi erdia! Burgosek erresistentziaren helduaroa ekarri zuen, handik atzera estatuaren dinamika apurtu arteko onik ez zen izango. Horrela segitu dugu.
Estatuaren biolentziaren kontrako borrokan kokatzen duzu Burgos.
Burgosen, borroka armatuaren aldeko militante eta kolaboratzaile zenbait epaitu zituzten, baina, batez ere, estatuak Euskal Herria desegiteko zerabilen borrokaren kontrako erresistenteak epaitu zituzten. Burgosek esnaera ekarri zuen, 1959az gero zetorren dinamikaren puntu gorena izan zen: herria, euskara, ikastolak, unibertsitatea, langile mugimendua… Estatuak borroka bide haiek denak apurtu nahi izan zituen. Burgosen, aurre egin genion estatuari, bide hartan segitu genuela esanez. Horregatik apurtu zen epaiketa
Eusko gudariak kantatuz, ez besteren bat...