"Pestizida eta erraustegiak gizateriaren aurkako krimenak dira"

  • Kontsultara sartu eta medikua hizketan hasi zitzaidan.
Dani Blanco
Zarata mediatikoz beteriko garai nahasiotan, merkatu logiketatik urrun eta irakurleengandik gertu dagoen kazetaritza beharrezkoa dela uste baduzu, ARGIA bultzatzera animatu nahi zaitugu. Geroz eta gehiago gara, jarrai dezagun txikitik eragiten.

Bigarren Mundu Gerratik hona osasun publikoa izurriteak jota dago. Gizarte segurantzaren azken datuak hartuz gero, zazpi frantsesetik batek infekzio kroniko larria dauka, baina gizarte segurantzak beregain hartzen ez dituen infekzio kronikoen zifrak eskuetan, hiru edo bi frantsesetik batera heltzen gara. Milioi batek minbizia dauka, hiru milioitik gora diabetiko dago, hiru frantsesetik batek presio arterial anormala dauka, gizartearen %20 alergikoa da… XX. mende hastapenera arte Alzheimerrik ez zen existitzen, milioi bat gaixo dauzkagu egun. Lasai egoteko esaten digute gainera, zahartzaroan jotzen gaituen gaitza dela, baina gezurra da, gazteei ere erasaten die. Ez da kasualitatea ehun haurretatik bat autista sortzea, ehunetik hiruk gaixotasun arraro bat edukitzea jaiotzetik, edo zazpi umetatik bat asmatikoa izatea Europan. Horiek oro apenas existitu diren oraintsu arte, baina egun, izurritearen gorrienean gaude, lurrikararen epizentroan, eta ezer egin ezean, lurrikara izurrite baten atarian egon gaitezke.


Zeri zor zaio datuen emendatze kronikoa? 


Batetik, azalpen klasikoak daude. Gaur egun, gaixotasun horiek askoz hobeki detektatzen ditugula, barazkiak eta frutak jan beharrean txitxi gehiegi jaten dugula, tabakoak itota eta alkoholak hordituta bizi garela, ez dugula aski kirolik egiten, gainkarga sedentarioa daramagula soinean... Azalpen horiek sinesgarriak ote dira, alta? Ez, ez, eta ez. Aipatutako faktoreek gaixotasunen garapena erraztu egiten dute, baina ez dira euren kausa zuzenak. Nik minbiziaren eredua ikertu dut, eta lau minbizitik bat tabakoari estuki lotuta badago ere, ez da ahaztu behar tabakoak ez, zigarroetan dauden produktu kimikoek sortzen dutela minbizia. Eta zer gertatzen da beste minbizi kasuen hiru laurdenekin?
Alkohola ez da kantzerigenoa berez, koipe eta barazkien arteko desoreka alimentarioa ez da kantzerigenoa berez, kirolik ez egitea ez da kantzerigenoa berez... Beraz, non daude faktore kantzerigeno horiek? Gure ingurumen kutsatuan. Minbiziarekin ez ezik, gaixotasun berri gehienekin gertatzen da hori. Ikerketa epidemiologikoei izugarri kostatzen ari zaie hori frogatzea, baina batzuentzako ikerketa epidemiologian bukatzen dela dirudien arren, ezin dugu gizarte modernoetako osasun publikoaren gai zentrala baztertu. Ingurumenaren kutsadura fisiko eta kimikoak zerikusi zuzena dauka gaixotasunen areagotzean, eta horrek gizarte segurantzaren eztandara eramango gaitu. Nola jasan dezake gizarte segurantzak bi biztanletik bat gaixo egotea? Erretretena baino arazo askoz larriagoaren aurrean gaude, eta gehiengo handia oraindik ez da ohartu ere egin.

Baina osasun sistemaren hondoratzeak nahi eta nahi ezko iraultza ekarriko du. Horrek eraman gaitzake gure bizimodua errotik aldatu eta ingurumena zinez zaintzera?


Bi faktorek eragingo dute, gizarte aldaketaz harago, zibilizazio aldaketa bat sortu dezakeen iraultza kolosal bat. Batetik, mendea amaitu aurretik petrolio sikatearekin egingo dugu topo, eta autoari ezantza botatzea gaur baino hamar aldiz garestiagoa izango denean, edo hegazkin txartelak gaur baino hamar aldiz gehiago kostako direnean, bistan da ezin izango garela orain bezala bizi, eta beste gizarte eredu bat jaioko dela. Onartu beharra daukagu mende amaieran gaur bidaiatzen duguna baino askoz gutxiago bidaiatzen ahalko dugula eta gertutasunezko gizarte bat izango garela. Beste faktorea, osasun publikoaren arazoa da. Uste dut bost-hamar urte barru gure gizarte segurantzak lehertuko direla, ezin izango dutela gaur euren gain hartzen duten laurdenik ere ordaindu, eta horrek bi martxatako medikuntza sortzeko arriskua dakar. Sistema horretan, aberatsek aseguru pribatuak ukango dituzte eta ez dute sendatzeko arazo zipitzik izango, baina txakur txikirik ez duen jendea gizarteak abandonaturik hilko da. Nik hori ezin dut onartu, eta hori onartzen ez dudalako borrokatzen dut itsu-itsu, medikuntzak gaixotasunen ondorioak ikertu ordez kausak ikertu ditzan. Horregatik diot sustraian murriztu behar dela kutsadura. Horregatik eskandalizatzen naiz ama-eskola baten ondoan uhin elektromagnetikoak barreiatzen dituen antena bat jartzen dutenean. Horregatik diot pestizidak eta erraustegiak gizateriaren aurkako krimenak direla. Noiz ikasiko dugu dosien intentsitateak ez, dosiaren tai gabeko errepikapenak egiten duela pozoia?


Gu ez ote garen pozoirik zitalena...


Zergatik uste duzu minbizia eta gaixotasun berrien areagotzeaz gain, espeziearen ugalketarako arazoak geroz eta nabarmenagoak direla? Europan, hiru bikotetik batean, antzutasuna pixkanaka instalatzen ari dela frogatuta dago, eta badakigu, kasu horien erdietan, errudunak pestizidak direla. Pestizidek beste arazo larri bat dakarte, ordea. Gaixotasunak sortzeaz gain, humusaren ugalketa eragotzi eta urte luzetarako lurrak antzutzen dituzte. Berbarako, hori da Martinikan gertatzen ari dena. Bertako lurren %10a antzua izango da hurrengo mila urteetan, eta gainontzeko lurren %80ak sei edo zazpi mende beharko ditu bere onera itzultzeko. Horri pestizidek erreka eta ibaiak kutsatzen dituztela gehitzen badiozu ba... Horregatik diot gizateriaren aurkako krimen puru-purua direla. Erraustegiak berdin. Baina zentzurik ez duen gizarte batean bizi gara, eta ez zaigu iraultza beste irtenbiderik geratzen. Iraultza ideologiko eta kulturala behar dugu, baina baita iraultza ekonomiko, sozial, eta politikoa ere. Pozoia izatetik antidoto izatera pasa behar gara. 

Martinika aipatu duzunez, mintza gaitezen lobbyen indarraz. Antilletako lurretan erabiltzen ziren pestiziden ondorio beltzak azpimarratzen zituen txostena idatzi zenuenean denek egin zizuten lepora salto. Denborak arrazoi eman dizunean, ez da inon ezer ageri.


2004an Pariseko Deia egin genuen, non gaixotasun gehienak kutsadura kimikoari lotuak zirela, Frantzia arriskuan zegoela, eta mundua horrela kutsatzen segiz gero gizakia espezie legez ez zegoela salbu aldarrikatzen genuen. Europa osoko 250.000 biztanlek izenpetu zuten manifestua, 1.500 GKE-k, medikuntzako hiru Nobel saridun frantsesek, mundu mailako zientifiko ugarik... Ez nengoen bakarrik, baina orduan, industria kimikoaren lobbyek, eta pestizidenak bereziki, itsu-itsu jo zuten nire aurka. Zoro bakarti eta isolatua nintzela frogatzen saiatu ziren, baina ez zeukaten zereginik. Antilletako txostenaren ostean, alabaina, lobbyek zuhurrago jokatu zuten, eta politikariak bidali zituzten zaunka egitera, nik txostena idatzi nuenean ikusi ez nuen estatu arazo baten aurrean geundela argudiatuz. 2007an Antilletara nire mediku lana egitera joan nintzen, bertako elkarte eta legebiltzarkide zenbaitek deiturik, eta idatzi nuen txostena baizik ezin nezakeen idatzi, bakoitzak gure egia daukagun arren, errealitatea bat eta bakarra delako.

Denborarekin manipulazio anitz eman dira, nire posizioetan atzera egin eta txostena deuseztatu nuela ere zabaldu zen, den-dena zakurraren putza. Nik chlordecone pestizida erabiliena eta toxikoena izanagatik, egun pairatzen ditugun ondorioak beste pestizida batzuenak zirela baizik ez nuen esan, eta chlordecone delakoaren ondorenak hemendik urte batzuetara jasango ditugula. Horrek zer esan nahi duen? Seinalatu nuen arazoaren hastapenetan baizik ez gaudela, kutsadura horrek mendeak eta mendeak iraungo dituela, eta gaixotasunak areagotzen joango direla. Bitxia dena da, urte batzuk berantago, ikerketa berrienek arrazoi osoa eman didatela, osasun arazo larri baten aurrean gaudela frogatu dela, eta inoiz ezer esan ez banu bezala jokatzen duela jendeak. Horregatik, kazetariei esaten diedan bakarra da, beraien lana independentzia osoz egiteko, ez erortzeko lobbyen eta politikarien manipulazioetan, kontrastatzeko argitaratzen duten guztia, eta ohartzeko behingoz, kontu larriak direla hauek, gure haurren osasuna eta espeziearen biziraupena daudela jokoan.


Zeintzuk dira gure haurrei mundu hobea uzteko hartu beharreko urgentziazko neurriak?


Arazoaren garapen eta konponbideari erreparatzeko bi modu daude. Lehena, etapaz etapako erreformena da, pauso txikika aurrera egitea, ingurumen politikarekin lotura zuzena izango duen benetako osasun politika bat plantan ezartzera arte. Goitik beherako politika eta pentsamolde aldaketa bat eskatzen du horrek, dena dagoelako lotuta,  eta esaterako pestizidak erabiltzeari uko egiteak laborantza politika komuna (PAC-a) erreformatzea eskatzen duelako. Erraustegien kasuan, moratoriak eskatu, eta sozio-ekonomikoki guztiz errentagarriak diren eta dagoeneko existitzen diren alternatibak lantzea suposatuko luke. Zer da urratsez urratsezko erreformen arazoa? Daukaguna baino denbora gehiago behar genukeela sistema horrela eraldatzeko. Mintza gaitezen Frantziaz. Zer egin du Frantziak ingurumena eta osasuna lotzen dituen politika eraginkor bat martxan jartzeko? “Le grenelle de l’environnement” programa. Eta zer da “le grenelle de l’environnement”? Hitzaren diktadura hutsa, erabateko porrota. Lehen baino pestizida gehiago erabiltzen da, oraindik erraustegiak eraikitzen dira, minbiziaren hilkortasuna jaitsi arren kasuen areagotzea etengabe igo da, autismoa eta alzheimerraren kasuek konpondu gabe jarraitzen dute, eta egoerari nola edo hala aurre egiteko gaixotasunen ondorioak ikertzen dirutzak gastatzen ari gara kausetan sakondu eta inbertitu beharrean. Zergatik ez du funtzionatzen egitasmo politiko horrek? Egungo sistema ekonomikoa benetako politika ekologiko bati aliatzea katua eta sagua lagun egitea bezalakoa delako, eta programak programa, gaur egun ekologiak ekonomiaren apurrak baizik jaten ez dituelako. 

Zein da zuk hobesten duzun bigarren bidea, beraz?


Humanitatea salbatzeko aukera bakarra sistema hankaz gora jartzea da. Egungo panoraman, interes ekonomikoak daude ororen gainetik, interes ekologikoek apurrak janez bizirauten dute, eta osasuna “azkena, ipurdi gizena!”. Nik defendatzen dudan sistema bestelakoa da. Interes ekonomikoak giza interesen zerbitzura jarri behar dira, interes ekologikoen menera, osasunaren esanera, munduak, egitekotan, giza interesen, osasunaren eta ekologiaren izenean eginen baitu aitzina. Horretan muturreko eta erradikalak izan behar dugu, benetako iraultza aldarrikatzea dagokigu, eta apurka-apurka, herri eskandinaviarrek erakusten diguten adibidea geureganatu behar genuke. Arazoa da, botere politikoek apustu hori egin ezean, iraultza hori kalean baizik ezin izango dela egin, eta gizakiak amorruz kalea zapaltzen duen momentutik beti dago indarkeriarako zirrikitu bat. Alde batetik horra heltzeak beldurtzen nau, baina bestalde, laborariek laborantza intentsiboarekin euren lurrak antzutu dituztela jabetu, eta euren seme-alabei deus produzitu ezin duten lurrak utziko dizkietela ohartuko direlarik zer gertatuko da? Lehen belaunaldiek agian patrikak beteko dituzte hormigoizko eraikinak egiteko lurrak salduz, baina nork emango digu jaten? Jendea jabetzen denean gizarte segurantzak ezin dituela gaixotasunen gastuak beregain hartu eta hiltzera kondenatuta dagoela zer gertatuko da? Denak jaitsiko dira karriketara, baina arazoaren larritasuna hainbestekoa izanik, jendeak ez dio arazoaren erroari soilik begiratuko, arduradun eta errudunei baizik. Bistan da zenbaitek dena sistema ekonomikoaren bizkar lagako dutela, baina inoiz baino nabarmenagoak izango dira sistema horren aktore nagusien ardurak eta erruak. Bukatu zaigu ogi zuria, eta ezer egin ezean, ogi beltza jatera kondenatuta gaude. Erreka bere bidera noiz itzuliko zain bagaude, inork kontrolatu ezingo duen iraultzaren atarian egon gaitezke.
Nortasun agiria
1943ko martxoaren 14an sortu zen Rouen-en (Frantzia). Mediku, doktore, ikertzaile, eta punta-puntako kantzerologo hau mundu mailako zientifikoen elkarte anitzetako kide da eta minbiziaren aurkako ikerketa terapeutikoaz arduratzen den ARTAC elkarte frantsesaren sortzaile eta burua da. Hiru libururen idazle, minbizia eta ingurumenaren arteko lotura frogatzeko daraman borrokarengatik da ezaguna.
Telethon eta telemaratoiak
“Ekimenen etikaz nire dudak dauzkadan arren, ez dut elkarte horien eskuzabaltasuna kritikatuko. Ikerketak dirua behar du, eta berez estatuak finantzatu behar lukeen arren, telemaratoi eta gisakoek estatuaren gabezia baizik ez dute azaleratzen. Zergatik daude hainbeste GKE? Estatuek ez dutelako egin behar litzatekeen oro egiten. Estatuek jendearen benetako arazoei erantzungo balie, ez legoke GKE-en beharrik. Hori esanik, non dago benetako arazoa? Zer da halako ekimenetan batutako diruarekin egiten dena? Nik oso garbi diot ikertzaile frantsesen errendimendua ez dagoela frantsesen eskuzabaltasunaren mailan. Nola izan daiteke Frantzia bezalako herri bat ikerketa mediku-zientifikoetan hamalaugarrena?”.

Azkenak
2024-11-12 | Garazi Zabaleta
Martin Zelaia Garcia, Sustrai Erakuntzako kidea
“Ingurumen gatazkak tokikoak eta mugatuak ziren lehen, orain proiektu asko eta Nafarroa osokoak dira”

Ingurumena kaltetzen duten proiektuen aurrean laguntza tekniko, juridiko eta administratiboa eskaintzen du Sustrai Erakuntza fundazioak Nafarroan. Urteetako ibilbidea dute eta hamaika helegite eta informe osatu dituzte hainbat proiekturi aurka egiteko: AHT, harrobiak, zentral... [+]


2024-11-12 | Julene Flamarique
Jarkik manifestazioa egingo du abenduaren 6an Espainiako Konstituzioaren kontra

“Etsaien nagusitasunaren eguna” Euskal Herriko langileriarentzat “borroka eguna" izatea eskatu du Jarkik. Borrokatzera eta kalera ateratzera animatu dituzte herritarrak, “burgesiaren interes eta jabetza erregimenaren” aurrean.


2024-11-12 | Leire Ibar
Altueratik erorita aurten hil den hamargarren langilea da Abandoko tren geltokikoa

Geltokiko kafetegi bateko kristalak garbitzen ari zela, hiru metroko altueratik erorita zendu da 55 urteko gizona. Aurten Euskal Herrian lan istrupuengatik hil den 54. langilea izan da.


2024-11-12 | Mikel Aramendi
Ba ote daki Trumpek non dagoen Txina eta Filipinak aurkarazten dituen irla estrategikoa?

Mundu mailako inperioaren urbs estatubatuarra –eta haren periferiako lurbira osoa– Donald Trumpen bigarren agintaldirako kontuak ateratzen ahalegintzen ari garenean, tentsioak gorabidean jarraitzen du datozen lau urteetan, zalantzarik gabe, arreta-gune nagusietakoa... [+]


2024-11-12 | Jon Torner Zabala
Pentsioak %0,9 igoko dira Ipar Euskal Herrian urte berriarekin bat

Urtarrilaren 1etik aurrera pentsioak %0,9 handituko ditu Frantziako Gobernuak, hasiera batean iragarri baino lehenago, 2025eko uztailera arte ez baitzuen asmorik pentsioak igotzeko, 4.000 milioi aurreztea helburu.


Biharko Euskal Herria eraikitzen

Azken hamarkadotan euskalgintzan jardun izan dut, dela helduen euskalduntzean AEKn, dela hizkuntza-eskubideen defentsan Behatokian, dela euskararen normalizazioaren alde Euskalgintzaren Kontseiluan. Den-denetan egokitu zait euskalgintza edota herrigintza auzitan jartzen zutenen... [+]


2024-11-12 | Hala Bedi
Iñigo (Sastraka Gaztetxea): “Gaztetxeak beti gaude arriskuan”

Pasa den urriaren 30ean, Portugaleteko Sastraka Gaztetxeko bederatzi lagun auzipetu zituzten. Handik egun batzuetara Portugaleteko kaleak hartu zituzten hainbat lagunek gaztetxearen defentsan. Bi egun geroago, fiskalak karguak kendu zituen.


2024-11-12 | ARGIA
Anbulantzia zerbitzua publifikatzeko eskatu diote Jaurlaritzari

Anbulantzien zerbitzua enpresa batetik bestera aldatzeak ez duela egiturazko arazoa konponduko eta “orain arteko pribatizazioaren bidean atzera egin eta anbulantzia zerbitzuaren publifikazioari” ekiteko eskatu diote langileek Eusko Jaurlaritzari, LABek antolaturiko... [+]


EHUko errektoreordeak kontu anonimo bat erabiltzen zuen beste hautagaitza taldea iraintzeko

Modu iraingarri eta mespretxagarrian, komunismoari loturiko ustezko atxikipen-politikoak egozten zizkion, besteak beste, Guillermo Quindós egungo errektoreordeak eta Eva Ferreiraren hautagaitza zerrendan dagoen kideak hauteskundeetara aurkeztuko den beste taldeari,... [+]


2024-11-12 | Leire Ibar
70 urteko emakume bat eta bere biloba etxegabetu dituzte Erandion eta Poliziak bi pertsona atxilotu ditu

Mailegu enpresa batek emakumeari "iruzur" egin diola salatu du Uribe Kostako Etxebizitza Sindikatu Sozialistak, eta mobilizatzeko deia egin du Astrabuduako etxegabetzea gelditzeko. 10:30ean agertu dira segizio judiziala eta Ertzaintza etxegabetzea gauzatzeko,... [+]


2024-11-12 | Jon Torner Zabala
“Gazteen emantzipazioa bultzatzeko” kenkariak, EAEko erreforma fiskalaren helburuen artean

Erreforma fiskalak jaso dituen neurriak aurkeztu dituzte Araba, Bizkaia eta Gipuzkoako foru aldundiek. EAJk eta PSE-EEk adostutako testuari, gainerako alderdiek zuzenketak egiteko epea ireki da orain.


Eguneraketa berriak daude