I Ez nau beldurtzen etorkizunak, iraganaren ospeak haize hegoak lanbrotu arren sarritan festa-osteak; ez nau beldurtzen nire herrian Txerokeea izateak bentara joan orduko urtzen direlako bi kateak. Ibiliaren ibiliz lehertu zitzaizkidan juaneteak herriak eta hizkuntzak noizbait egin ditzaten bakeak behin Iturengo arotzak egin zituen sabai fuerteak, baina noiz arte iraungo digu gaberako aterpeak? |
II Ez nau beldurtzen arnas estuak, hauspo xumeko errotak bizi badira gaur mende erdi abestutako erronkak, lepoa xamur daukadalarik harrapatzen banau sokak zeru beltzean izarren hautsaz zikindu baititut botak. Buruz dakizkit bide ertzeko radarrak eta stopak liluraren kontra jarri bainau txinaurriaren borrokak. Hizki berrien bila dabiltza gure sorterriko koplak egunez egun entzun daitezen martxa baten lehen notak. |
|
III Ez nau beldurtzen lehengo jakintzak elikatzeak desioz: Baztan, Urtsua eta Pasaia bete dira Lekeitioz; besterik ezagutu ez eta egonez gero beti hotz sorginen baga-biga bizia bilakatzen da heriotz. Gure ama hil al zaigu bada aita hiltzeko obsesioz? Ihesa zilegi bada ere jantz dezagun tradizioz txori bat ere horixe baita bere begi, bere ahots: liliak hostoz hosto eranzten diren antzinako bihotz. |
IV Ez nau beldurtzen hosto eriak, sano badago enborra, ipar haizeak astintzen badu ketan dabilen txondorra, xoxo beltzak bistaratzen badu Bianditzeko tontorra Aginan sortzen den oihartzuna baldin bada hilezkorra. Ama, oroitzen zaitudanean ez naiz hain neska ezkorra hegazti errariak entzuteko ez bainintzen jaio gorra. Zaindu dezadan zilbor hestea eta ez nire zilborra sabel berean bizi daitezen itsasoa ta lehorra. |
|
Abenduaren 18an, Euskal Herriko Bertsolari Txapelketako finaletik bueltan jarritako bertsoak.
Doinua: Mutil koxkor bat.
Urte askoan gurea izan da
abundantzien bailara
zenbat familia joan ote da
orain langabeziara?
Mahaian dago eztabaidagai
zer ginen eta zer gara
alfer alferrik izango dira
hemen ERE eta Hara!
Mentalitate aldaketa bat
ematen ez... [+]