Maila oneko finalean Estiballes koska bat gorago

  • Finaleko gaztetasuna eta txapela lortzeko bide irekia bistakoak ziren BECen, 4.200 ikusleren aurrean, zortzi finalistak oholtzara igo zirenean: Etxahun Lekue, Arkaitz Estiballes, Beñat Ugartetxea, Jone Uria, Peio Ormazabal, Miren Amuriza, Onintza Enbeita eta Eneko Abasolo “Abarkas”. Aurreko txapeldunak finalean aritu gabe, eta zortzitik bost finalista berri izanik, bazen beldur halako bat maila emango zuten. Baina bertsolariek saio ostean esan zutenez, finala “duina baino gehixeago” izan zen, eta “balekoa baino maila altuagoa” eman zuten.
Dani Blanco
Zarata mediatikoz beteriko garai nahasiotan, merkatu logiketatik urrun eta irakurleengandik gertu dagoen kazetaritza beharrezkoa dela uste baduzu, ARGIA bultzatzera animatu nahi zaitugu. Geroz eta gehiago gara, jarrai dezagun txikitik eragiten.
17:30ean argiak ilundu eta txapelketako argazki muntaia ikusi genuen oholtzako pantaila handian (eskualdetako txapelketak, kanporaketak, finalerdiak…). Jendeak, euren eskualdetako bertsolariak, euren faboritoak… ikustean txalo jotzen zuen. Modu aproposa izan zen giroa berotzeko, ezen hunkigarria izan baitzen finalera heldu aurreko bidea gogora ekartzea. Izan ere, uda aurretik eskualdeetako txapelketak bukatuta, udagoiena hasi berri ekin baitzioten Bizkaiko bertsolariek txapelketari.

Estiballes besteak baino koska bat gorago

Akatsik gabeko saioa egin zuen Arkaitz Estiballesek, eta lan denak txukun eginagatik, koskarik handiena kartzelakoan atera zuen, “hotza etorritakoan jantzitako txaketan telefono zenbaki bat topatu duzu” gaiari erantzunda: “Lau urtez egon naiz kartzelan ta gaixotu egin naiz aurten. / Horrexegatik epaile batek kartzelaldia dit eten.  /Konfinatuta nago Parisen, / gogoan kontra hemen bizitzen. / Ta eskuak dauzkat hozten. / Txamarran sartu ditu eskuak, ta begira zer dan irten. / CNIko bi poliziak aspaldi eman zidaten. / ‘Arazoren bat bada, gizona, / zuk lasai deitu ezazu hona’. / Horixe esan ziguten. / Ta atxilotu ninduten” bota zuen. Honela ekarri zuen bigarrena: “Aspaldi hontan kalean nago baina enabil oso baikor: / nire atzetik ustekabean beti kotxeren bat dator. / Gaurkoan ere ze katxondeo: / C4 bat ta bi Ford Mondeo, / neure atzetik egoskor. / Telefonoa hartu dut eta zenbakira deitu bizkor. /  Beste aldetik ahots goxo bat: ‘Ministerio del interior’. / Ta esan diot: ‘naiz Iurrebaso, / zuk ezagutzen nauzu akaso’. / ‘Ahora se pone, sí señor’. / Baina ez da jarri inor”. Eta hirugarrena: “Atzetik gizon batek esan dit: ‘Telefono hori laga’. / Ez da euskalduna baina, ordea, ondo egiten du euskara. / ‘Telefono hori erreta dago, / eta ez deitu horra gehiago. / Ez zaitez bihurtu traba. / Baina prozesu berri hau ere, trabatuta dago hara, / ta gure ustez hor bertan ere zu garrantzitsua zara. / Bi aste barru berriz Genevan, / orain lau urte egin zen eran, / joan helbide honetara, / ta han elkartuko gara’”.

Gainerakoek ere ondo bete zuten euren beharra, batzuetan hobexeago, besteetan beherago. Hori bai, nork bere estiloan, zein baino zein: Etxahun Lekue puntuak biltzen-biltzen, ariketa guztietan, teknika zuzen-zuzen eta bizkaiera freskoan; Miren Amuriza, bertsomolde gozoz, publikoaren bihotzetara helduta; Onintza Enbeita, ofizioko saioetan bere rolean ederto sartuta; Beñat Ugartetxea, bertsolari zirtolarien paperean, plazako kantari legez; Jone Uria, zirikatzaile ofiziotan; Peio Ormaetxea, natural-natural; eta berdin Eneko Abasolo, barru-barrutik eta urteetan egindako lana erakutsi guran.

Ale onenak

Hasierako agurrak kantatu eta ostean, saio puntuagarria etorri zen. Ondo hasi zuten zortziko handiko ariketa Estiballesek eta Lekuek, euskara ikaslegai etorkinen paperean, gehiegi arriskatu gabe, txukun. Hasierako asmoa bete egin zuten biek ere; akatsik egin gabe saioa konfiantzaz hasi gura zuten, nolabait, eta elkarren kontra egin barik, biak bietara kantuan ibilita, konfiantzaz hastea lortu zuten, bai eta gainerako bertsolariei konfiantzarako bidea ematea ere.

Zortziko txikiko ariketan Lekuek eta Uriak egindako saioa da aipagarria. Banatu zirela eta, despedida egin omen zieten lagunek, eta ordu txikitan diskoteka berean topo eginda, Jone Uria zirikatzaile etorri zen: “Garai zaharretan legez, banator galdezka:  / Aupa soltera nago, zu ere bai, ezta?”. Etxahun Lekuek ondoren: “Neuk be gurago zaitut, maitale bezala”. Ateraldi polita izan zuen Uriak beste behin ere hirugarren bertsoan: “Bigarren parte on bat, nola ez espero, / lehenengoa hain txarra irten eta gero”. Ormaetxea eta Estiballes sonotonea behar zuten zaharren paperean ari zirela, ahotsa ederki baliatu zuen Estiballesek, gora egiten zuelarik lagunak entzutea gura zuen hitzak aipatzean, eta behera, berriz, lagunari gustatuko ez zitzaizkion berbak esatean. Ateraldi polita izan zuen Ormaetxeak, berak entzun gura zuena zer zen erantzunda. Lehen ere esan dugu Enbeita bere paperean sartuta ibili zela ofizioetan, eta azken puntu ederra utzi zuen, kasurako, urteetan kartzelatik ihes egiteko zuloa egiten ibilitakoaren ahotik: “Nahiz ta kondena amaitu zuloa baino lehen, / eguzkiagaz amets egin nahi dot hemen”.

Hamarreko txikiko ariketan, Uriak eta Estiballesek egindako ofizioan banatu ziren puntu gehien. Keinu egin zioten, oholtzatik, biek ere kantukide duten Fredi Paiari eta haren lagunei. Lekuek ere Gabon gaua lanean pasatu behar zuen medikuaren paperean ariketa txukuna egin zuen, goitik beherakoa. Banandutako aita zen Enbeita ariketa horretan, Ormaetxea semeari bisitan joandakoa, eta diskurtso sinesgarria ondu zuen Enbeitak: “Kustodia konturik gaur hemen ez aipa, / hori umeentzako konplikaua baita. / Gauzak holan eztira, semea, neuk nahita. / Haserrea gaindituz behar nozu maita, / zuri gustau edo ez neu naz zure aita”.

Puntuari erantzutean ihesaldi bat edo beste kenduta, ale politak ere entzun ziren. Goraipatzeko, bere-bere estiloan Beñat Ugartetxeak utzitakoa. “Zenbat urtegaz hasi zinen zu bertsotan?” bota zuen gaijartzaileak eta: “bigaz amesten edo nengoela lotan, / bostekin aitarekin behiak jezten kortan, / ta atzeko hauekin txosnetan askotan”.

Estiballes eta Lekue nabarmendu ziren bakarkako lanetan, biak ere “Izarren hautsa” doinuan kantari. Lehena, desguazean topatutako lehenengo kotxeari kantari aritu zen. Honela ondu zuen saioko bertsorik puntuatuena: “Retrobisore bat behar dut ta, desguazeraino goazen, / hara helduta puntu batera, joan dira begiak zuzen: / aiba hor dago Opel Corsita, / garai batean bezain polita, / eta hasi naiz hunkitzen. / Gogoratuaz festarik festa, nola ginen gu ibiltzen. / Baina larregi sakatu nion, ta noski, motorra hil zen. / Oraindik dauka Bilboko plaka, / ta ‘Nuklearrik? ez’-en pegata. / Eta hasi naiz oroitzen, / zeinen zoriontsua nintzen”. Nabarmentzekoa da bertsolariak deskribapenetarako duen gaitasuna, eta erreferentziak bertsoetara ekartzekoa, askotan, errima bihurtuz, gainera.

Etxahun Lekue, berriz, armairuaren aurrean, umetxo baten ahotik aritu zen, paperean ederto sartuta. “Pijama jantzi eta eskuan hiru-lau pelutxe lodi, / loak hartzeko kontaten deustez amak hiru-lau istori. / Ta telebistan zenbat marrazki, / burruka, odol-putzu ta guzti, /  bada nahiko kategori. / Oin armairuan entzunak dodaz soinu arraro bat edo bi, / ta urruma bat, ta horregaitik nau beldurrez gori-gori. / Baina mamurik ez dagoala, / ta loak hartu gagiazala, / dinoskue ume askori. / Ta orduan, zer da hori?” eta “Ama hor zer dau? egiten deutset nik egunero galdera. / Zabaldu eta: ez dago ezer, berak erantzun ostera. /  Baina zeozer ziur badago, / ta horregaitik ikaraz nago. / Hortik urtengo ete da? / Amets gaiztoak dodaz gauero, gauero nabil artega. / Gurago neuke beste norabait ikustea irteera. / Urten orduko hortik barrutik, /  korrika joan behar dot hemetik. / Noan betiko antzera, aita ta aman ohera”. Miren Amurizak eta Jone Uriak ere ariketa polita egin zuten, gaiei originaltasunez erantzunda.

Buruz burukoan, bertsokide eta lagun, Lekuek eta Estiballesek keinu ederra egin zieten bertsozaleek ondo ezagutzen dituzten Kristina Mardarasi eta Justori, txapelketako saioetara koadernoa eskutan doazen zaleen ahotik kantari. Publikoa bezain hurbil aritu ziren kantari bi bertsolariak.

Sari-banaketa ere hunkigarria izan zen: eskuak oinarri hartuta lanean aritutakoei eskerrak emateko bideoa, txapela janztea, “Aita Luis”en bertsoa, eskaintzak, malkoak, irriak, besarkadak…
Arkaitz Estiballes
«Hurbiletik kantatuta asmatu neban»
Txapela jantzi eta biharamun iluntzean, Arkaitz Estiballesen hurreko lagunartera bildu gara, harekin hitz batzuk trukatuta txapelketaren, finalaren zein bertsolaritzaren inguruko gogoeta batzuk batu guran. Bazkaloste goxoa luzatuta lasai zeuden Arkaitz, umeak, hurrekoak… ganberroenek ekarritako konfeti artean. Berbetarako tartea ostu diogu, aparteko mahaitxoan.

Finaleko momentu hunkigarriez galdetu eta hiru ekarri dizkigu: lehenengoa, hasi aurretik ikasle izandako Peio Ormazabal hartu eta oholtzara eraman zuenekoa, bertan elkarrekin eserita elkarrekin bizi izandako unea berezia izan zen, seguruenik, bientzat; bigarrena, buruz burukora Etxahun Lekuerekin pasatu zenekoa; izan ere, elkarrekin entrenatu dute, eta sarri-sarri kantatzen dute “buruz buru”; hirugarrena, noski, txapela jantzi ziotenekoa. Luis Baraiazarrak txapela jantzi zionean atzera begira jarri ere jarri zela aitortu digu Arkaitzek. “Aita Luis” bera askotan izan du epaile, eta nolabait, bertsotan egindako bidea gogoratu zuen Arkaitzek. Asko hunkitu da Arkaitz prentsako argazkiak ikusita, une politak bizi izan zituen BECen.

Sortzeko momentuetan sufritu egin bazuen ere, oholtza gainean gozatu egin zuela diosku Arkaitzek, asko hitz egin zuela kantukideekin, jendea ikusi egin zuela: lagunak, aita-ama… eta gainerakoen bertsoak ere entzun zituela.
Zertan asmatu zuen eta “hurbiletik kantatu nebala, horretan asmatu neban” diosku. Kartzelako gaian hurreko gaiari kantatu ziola, eta horrek istorioa eraikitzen lagundu ziola. Une batzutan, baina, erreferentziak egiterakoan, dudak ere izan omen zituen (Fredi Paiaren lagunak aipatzean, kasurako; zein Bizkaiko Bertsozaleen artean hain ezagun diren Kristina Mardaras edo Justo aipatzean…); hala ere, haiei omenaldi modukoa egin izanaz gainera, horrek lagundu egin ei zion bertsotan ondo sentitzen, plazan kantatuko balu legez aritzen saiatu baitzen. Izan ere, Arkaitzek bera ez dela txapelketazale dio, formatu txikian, 40-60 laguneko bertso-afarian, berbarako, askoz erosoago sentitzen dela.

Pena bat ere izan zuen finalean, ordea: txapelketetako finaletan zein bestelako saioetan bertsolagun izandako Fredi Paia finalean egon ez izana. Belaunaldi aldaketen auziarekin lotu dugu gaia. Gazteak finalera salto egitea ondo dago, ondo egindako lanaren fruitua ere bada; bestalde, aurreko belaunaldiek bertan egoteari eustea ere garrantzitsua den aldetik, badauka alde negatiboa ere. Arrisku bat ere bada: txapelketarako euren burua “zahar” ikustearren txapelketan kantatzeari uztea. Arkaitzen ustez, “ona da belaunaldi batek eustea”.

Finalean bertsolari gazteek babes handia izan zutela ikusleengandik, eta oso eskertzekoa dela hori komentatu digu Arkaitz Estiballesek. Dena den, babes hori, bereziki gero, plazetan, eman behar zaiela bertsolari gazteei, horixe aldarrikatzen du berak. Azken finean, bertan hezten dira, eta bertan hobetzen dute.

Txapelaz gainera, bertsorik puntuatuena bereetako bat izan zen, 52 puntu jaso zituena, eta ordean 52 txakolin botila jasoko ditu. Horiekin zer egingo ote duen galdetu diogu. Gerora jakin zuela Beñat Ugartetxearen bertso batek (puntu erantzunekoak) berearenak beste puntu jaso zituela, baina Arkaitzek berak 52 puntuko bertso bi zituenez, saria hargatik jaso zuela. Beñaten bertsoa “antologikoa” iruditu zitzaiola eta botilen erdiak hari oparituko dizkiola dio.

Bizkaiko bertsolaritzaz ere galdetu diogu, ea nola ikusten duen. Berak Bizkaia bertsotarako gune naturaltzat duela dio, oso eroso sentitzen dela Bizkaiko plazetan, plazera dela harentzat Bizkaiko plazetan kantatzea. Gainera, kejatzeko motiborik ez omen du Arkaitzek: “Plaza kopuru dexentea deukot eta saio gehienak Bizkaian”.

Egunokin hainbat komunikabideri kasu egin eta ostean, bere bertso-panorama gehiegi ere ez dela aldatuko diosku, hainbat saio dituela, eta saioz saio, orain arte legez, duena ematen saiatuko dela.

Azkenak
Funtsezkoa jendea da

Mundu-mailan antifeministak eta arrazistak diren gorroto-diskurtsoak larriki areagotzen ari diren testuinguruan bizi gara. Mundu zabalean sare sozialek zein agenda
politikoek txertatzen dituzte eskuin-muturreko narratibak. Arrazismoa eta antifeminismoa tokian tokiko... [+]


Lanbroa

Askotan gertatu izan zait etxetik lanbroari so egon ostean, blai bukatuko dudala jakin arren, aterkirik ez hartzea. Zergatik ote? Beharbada, aterkia hartzeko gogorik eza? Beharbada, bustiko ez naizen itxaropena? Kontuak kontu, ondorioa beti berbera izan da. Esaerak dio, euri... [+]


Euskaraz bizitzeko, Euskararen Errepublika

Gogoan daukat, 16 urterekin, Bergarako epaitegi aurrean egindako euskararen aldeko elkarretaratze batean identifikatu ninduela Ertzaintzak lehen aldiz. Euskal Herrian epaitegiak euskalduntzeko aldarria zilegi zela pentsatzen genuen, baina, orduan ere, faltako zen baimenen bat,... [+]


2024-11-22 | Estitxu Eizagirre
Amillubi proiektuak lehen urtea ospatuko du abenduaren 1ean

Zestoako Iraeta auzoko Amilibia baserria eta lurra kolektibizatzeko 100.000 euro batzea falta du Amillubi proiektuak, lehen urte honetan 290.000 euro eskuratu baititu. Biolurrek abiatutako proiektu agroekologiko honek dagoeneko jarri du lurra martxan, sektorearen beharrei... [+]


Gazako %36 guztiz suntsitu dute, base militarrekin lurraldearen kontrola segurtatzeko

Forensic Architecture erakundearen ondorioetakoa da hori, ikusita Israelgo Armadak nola antolatu duen Gazaren egungo kontrola. Suntsiketa maila hori bakarrik litzateke Gazaren kontrola segurtatzeko, zeren eta, berez, txikitze maila askoz handiagoa da lurraldearen gainerako... [+]


2024-11-22 | Andoni Burguete
Etekin egarriak itotzen duenean

Tanta hotzak Valentzian eragindako hondamendiak irudi lazgarriak utzi dizkigu; batetik, izan dituen berehalako ondorioengatik, eta, bestetik, nolako etorkizuna datorkigun aurreratu digulako: halako fenomeno klimatiko muturrekoak gero eta ugariagoak eta larriagoak izango direla,... [+]


Planifikatzen ez duen Nafarroako Energia Planaren kontra alegatu dugu

Nafarroako Energia Planaren eguneraketa oharkabean igaro da. Nafarroako Gobernuak jendaurrean jarri zuen, eta, alegazioak aurkezteko epea amaituta, gobernuko arduradun bakar batek ere ez digu azaldu herritarroi zertan oinarritzen diren bere proposamenak.

Gobernuak aurkeztu... [+]


2024-11-22 | ARGIA
Languneko zuzendari Lohitzune Txarola
“Hizkuntza gutxituen pisu ekonomiko eta estrategikoa aldarrikatu nahi du Langunek”

Azaroaren 26an eta 27an, Langune Euskal Herriko Hizkuntza Industrien Elkarteak eta FUEN Federal Union of European Nationalities erakundeak antolatuta, ‘Hizkuntzen irabazia. Benefits of language industry in the economy’ kongresua egingo da Donostiako Kursaalean. Han... [+]


2024-11-22 | Estitxu Eizagirre
Biriatuko Arbolaren Besta hemen da

Azaroaren 23an egingo dute tokiko arbola, fruitondo eta landare ekoizleen azoka. Horrez gain, egitarau oso indartsua prestatu dute 22 arratsaldetik hasita 23 iluntzera arte: bioaniztasunari buruzko mahai-ingurua, sagarrari buruzko mintzaldia, "Nor dabil basoan?"... [+]


Euskarazko testuak ahots bihurtzen dituen patrikako gailu inteligentea merkaturatu dute

Lup izeneko gailuak testuak ahots bihurtzen ditu adimen artifizialari esker. Hainbat hizkuntza bihurtzeko gaitasuna dauka. Teknologia gutxiko gailua da, hain zuzen aurrerapen teknologikoetatik urrun dagoen jendeari balio diezaion. Ikusmen arazoak dituztenentzat sortu eta... [+]


2024-11-22 | Antxeta Irratia
“Feministon aurkako oldarraldia” gelditzeko indarrak batu dituzte Lizuniagan

Udan izandako indarkeria kasuen gorakada batetik, eta hainbat gizonezkok mugimendu feministak antolaturiko ekitaldiak boikotatu dituztela bestetik, Bortziriak, Xareta, Azkain, Bertizarana, Malerreka eta Baztango mugimendu feministek, erakunde publikoen konpromiso irmoa exijitu... [+]


2024-11-22 | Gedar
Espainiako Gobernuak ez ditu harremanak apurtu Elbit Systems armagintza-enpresa sionistarekin

Espainiako Defentsa Ministerioaren 6 milioi euroko esleipen publikoak jaso ditu aurten enpresak. Margarita Robles ministroaren arabera, urriaren 7tik ez diote "armarik saldu edo erosi Israelgo Estatuari", baina indarrean zeuden kontratuei eutsi diete. Elbit Systemsek... [+]


2024-11-22 | Joan Mari Beloki
Errusofobia lehen eta orain (II)

Sobietar Batasuna desagertu zenetik errusofobia handituz joan da. NBEko Segurtasun Kontseiluaren 2002ko segurtasun kontzeptua oso argia da, eta planetaren segurtasun eta egonkortasunak AEBei erronka egiteko asmorik ez duen estatuen menpe egon behar dutela adierazten du. AEBei... [+]


Eguneraketa berriak daude