Pierra Topet Etxahun, Beñat Mardo, Pierre Xerbero Lohidoi, Alexis Etxekopar Attuli: Zuberoako euskal kulturaren zerbitzari eta hazle hauek Barkoxekoak ziren. Goazen, bada, laborari-poeten urratsetan, herri polit eta maitagarri honen ezagutza egitera. Horretarako aukera egokien-egokiena da egundoko bista ederraz oparituko gaituen eta Barkoxe herriari 609 metroko altueraz zaintzen dion Ahargo mendixkarako itzulia egitea.
Ahargorako ibilbidea Barkoxeko arrabote plazatik (210 m) hastea da aukerarik hoberena. Plaza horretan bertan ere kokatuak dira eliza eta Herriko Etxea. Txango hau egitean ezin daiteke galdu, zeren eta, burutik buru tinda horiekin seinalatuta baitago. Xiberoko xendak deitutako gida-liburuaren 34 eta 35. orrialdeetan ere honen berri emana da, gida hori Zuberoako euskaraz idatzita aurki daitekeelarik.
Arrabotearen atzealdetik 30 metrora, Eskiularako bidea hartu bezain laster, ezker aldera Aranbeltza auzorako bide txikia hartuko dugu, ‘Ahargo 2’ seinalea ere hortxe ikusiko dugularik. Bide txiki honetan 300 edo 400 metro ibili ondoren, etxe baten pare-parean, ezkerrera abiatzen den lurbidea hartuko dugu. Hasiera honetatik bertatik, Ahargorako ibilbide honen lilurak harrapatuko gaitu, oso polita baita gaztainondo, haritz eta hurritzondoen artean poliki-poliki gorantz eramango gaituen xenda. Uso ehizketarako gunea izan zelako aztarnak ere antzemango ditugu, ehiztariek hor bertan utzitako zabor batzuekin batera. Azken urteotan, baina, uso tirokatzailerik ez da topatzen bazter hauetan... eta nire aldetik behintzat ez diet dolu egingo!
Xendako harrien gainean edo zuhaitzetan emanak diren hori koloreko seinaleei arretaz begiratu behar zaie, batzuetan ez baitira ondo ageri, hostoen pean ezkutatuta daudelako edo ezabatzen hasiak direlako. Une batean, lurbidea oihanaren ertzera helduko da eta honi jarraituko dio denbora batean, Ahargoren hego-ekialdeko bizkar luzea dugularik eskuinaldean bertan. Zuhaitzen artean, Barkoxeko eliza inguruko eta Bürgia auzoko etxeak ikusiko ditugu, baita etxe multzo nagusi horietatik aldenduak diren baserri ugari, Gaztelondokoak, Maidalenakoak eta Txapelakoak, esaterako. Zuberoan, eliza ingurutik edo karrika nagusitik aldenduak diren auzoei etxauak deitzen diegu.
Une batean, ibilbidearen seinaleei arretaz begiratu beharraren zergatia nabarituko zaigu, orain arte jarraitu dugun orga-bideari utziko baitiogu, eskuin aldera, Ahargoren mazelara, abiatzen den xenda bat hartzeko. Leku honetan ‘Ahargo 4’ pankartatxoa bada. Xenda honek ordoki lauan erabat iparraldera eramanen gaitu, oihanaren gainean izanda, dagoeneko bista miresgarria gozatuko dugularik. Barkoxeko eliza inguruko karrika eta Bürgia auzoaz gain, aipatutako etxauak begi-bazka izango ditugu. Eskiulako Mandelü eta Kanbillu mendixkez gain, Arbailletako mendialde miresgarria eta Santa Grazi zein Larraine eta Nafarroako gailur asko eta asko ezagutuko ditugu: Lakora, Binbaleta, Kartxila, Otsogorrigaine, Gaztarrigaine, Orhi, Bizkarze, besteak beste. Ahüiñemendi eta bere mendi lerroa ere ageri-agerian dauzkagu, honetan agur berezia egingo diogularik Euskal Herriaren gailur Hiru Erregeen Mahaia mendiari.
Ote eta iratze maldan eginiko xenda oso polit hau ordoki lauan egonda, bazter zabal hauek miresteko aukera hoberenak dauzkagu. Une batean, haatik, aska bat pasa eta berehalaxe, maldaren gora egin beharko dugu, soro bat inguratzen duen burdina-hesiari jarraituz. Hegi bizkarrera heldu ondoan, eskuinera joko dugu, hortxe baita Ahargo gailurra (609 m). Nolanahi ere, honi huts egiterik ez da, atanda-harria (mapa-harria) baitago hantxe. Erabat egokia da atanda-harri hau hemen egotea, egundoko ikusmen zabalaz oparitzen gaituelako gailur xumeak. Honetaz ohartzeko, nahikoa da jakitea ekialdean Bigorrako Egurdimenditik mendebaldean Lapurdiko Urtsumendira ematen duela bistak, tartean dauden Bigorra, Biarno, Zuberoa, Nafarroa, Baxenabarre eta Lapurdiko mendi gehien-gehienak ezagutuko ditugularik. Ahargo gainetik beti, burdinazko gurutze bat jarrita dagoen aldetik, Biarno eta Landetako lautadak ere ikusiko ditugu.
Eraitsierari ekiteko, zati batean behintzat, ibilbide seinalatua saihesteko aholkua egingo nuke. Ezen, gailurretik hego-mendebaldera jotzen duen hegiaren bizkarretik joatea hobetsiko nuke. Ibilbide seinaleduna, mendebaldeko mazelako xenda batean emana da. Hegitik ibiltzea gozagarriagoa dela deritzot, nahiz eta une batean seko behera egin beharko den, Lojegaraiko bordetara eraistearren. Xenda seinaledunarekin, dena den, leku honetan bertan egingo dugu berriro topo. Gaztainondo eta hurritzondoen pean harrapatuak dauden hiru borda eder hauek, gaur egun galduta dagoen laborari gizarte baten lekuko isilak daude. Oroitzapen saminez bi bordaren artean aurrera egingo dugu, gaztainondo baso batean jendeak eginiko orga-bide batean behera.
Laster batean, Miñaborda, Lojegaraia eta Sagardoihegia etxaldeetara daraman bide txikira iritsiko gara eta mendebalde norabidean zuzen joko dugu, beti ere seinale horiei jarraituz. Kilometro bat eskas egin ondoren, Maule eta Barkoxe arteko bide handiagora iritsiko gara, Maidalena mendi polita bisa-bisean dugula. Gune honi Maysonaveko lepoa (390 m) izen bitxia eman diote. Nahiz eta Biarnotik aski hurbil garen, oraindik Euskal Herrian gaude, baina hala ere, biarnesezko izena darama lepo honek. Biarnesez, Maysonave-k “etxe berria” esan nahi du. Leku izendatze bitxi hori gogoan edukita, errepide horretara heldurik ezkerrerantz joko dugu, hots, Barkoxe aldera. Bide honetan, haatik, 50 metro inguru baino ez dugu egingo, eskuin aldera bide harriztatu txikia hartuko baitugu jarraian, ‘Ahargo 8’ seinaleak gomendatuko digun bezala.
Etxe bilakarazitako borda igaro ondoren, bide harriztatu hau amaituko zaigu Larrasketa laborari etxe guztiz dotorean (310 m). Egoiliarrik gabe izan arren, Larrasketak jabeak baditu eta horiek oso ederki zaharberritu dute, 1751. urtean eraikitako etxe batek merezi duen legez. Larrasketari begirunez agur eginik, behera sartzeari eutsiko diogu, xenda belartsu miresgarrian ibilita. Gaztainondo eta haritz zahar bezain ederren gerizapetik irten ondoren bazkaleku batean eraisten den lurbide batek egingo digu harrera. Hari, Ürrütia etxalde handiaren alboan pasatu ondoren, gorosti eta hurritzondo xenda xarmagarri batek hartuko dio lekukoa. Bidezidor polit hori Pikotxeta etxaldearen inguruan bukatzen da (220 m), bide txiki batera iristean. Etxe izen horrek gogorarazi digu Pikotxet apaiz zena euskaltzale handia izan zela eta Zuberoako euskaraz idatzitako altxorrak utzi dizkigula.
Bide txiki horretara heltzean ezker aldera hartuko dugu. Eskuin aldera hartu bagenu, paradisura iritsiko ginatekeen alta... edo, zehatzago esanda, Paradis izeneko etxera. Paradis(uar)i bizkarra emanda beraz, Maidalenako etxauetara eta hemendik Atharratzera ere daraman bidearekin topo egingo dugu. Hementxe ezkerrerantz joko dugu; eskuin aldera joanda topatuko genituzke Maltako baseliza eta Txapela auzoko eskola ohia. Nahiz eta ibilgailuentzako bidea izan, goxo izango zaigu honetan ibiltzea, hainbat laborari etxeri agur eginda. Montorirako bidearen sardan, zuzen jarraituko dugu Bürgia izeneko auzora heltzeko gisan. Mauletik datorren bidearekin topo egin eta laster, Euskal Herri orotan eta askoz urrunago ere ospetsua den Xilo ostatu-jatetxearen aitzinean pasatuko gara. Diru apurtxo bat kostako bazaigu ere, balio du hemen otordu baterako gelditzea.
Anartean, Xilo enean pasatu eta berehala, ezkerrera sartzen den bide txikiagoan amaituko dugu lauzpabost ordu iraun digun gure txango hau. Plaza txiki batera heldurik, harategia ikusiko dugu. Hemengo nagusia da pastoral errejent apartekoa den Jean-Fabien Lexardoi eta lan horretan trebea izateaz gain, odolki, lukainka eta bestelako txerriki hautak egiteaz guztiz ezaguna da. Jean-Fabien Lexardoi agurturik ala ez, hortxe bertan, bide handiagoan ezker aldera hartu eta berehala, Barkoxeko arrabote plazara helduko gara. Han, trago bat hartzeko ordu etorririk, beste Lexardoi batek –hau Sylvain izenekoa– udaletxearen pare-parean atxikitzen duen taberna xumea guztiz gomendagarria da. Hango nagusi Germain Lexardoi zenak ere asko bazekien Barkoxeko laborari-poeten kontura.
Laura Macayaren liburua ekarri du euskarara Katakrakek. Amaia Astobizak itzuli du, feminismoaren baitako eztabaidak ireki eta beste begirada batzuetatik ekiteko helburuarekin.
Palestinaren aldeko manifestazioetan parte hartzen duten atzerriko ikasleak kanporatzea baimentzen duen dekretua izenpetu zuen urtarrilaren 30ean AEBetako presidente berriak. Orduz geroztik ikasleen bisen baliogabetzeak errepikatzen dabiltza.
Helena Taberna zinegileak jasoko du aurten Donostiako Giza Eskubideen Zinemaldiaren Saria. Sariaren entrega ostiralean, apirilak 11, 20:00etan Viktoria Eugenia Antzokian ospatuko den bukaera emanaldian izango da.
Eritasunaren kontrako protokoloa salatzeko eta prefeturarekin hitzordu bat lortzeko asmoz, bideratu dute okupazioa ehun bat laborarik. Tuberkulosia kasu batzuk agerturik Zuberoan, eritasunaren kontrako neurri sanitarioak segitu beharrean dira inguru horietako 280 etxalde... [+]
Hamaika eraso Uztaritzeko (Lapurdi) San Frantses Xabierko ikastetxe katolikoan gertatu ziren, beste biak Domintxaineko (Zuberoa) ikastetxe katolikoan eta Angeluko (Lapurdi) San Josepe ikastetxe publikoan. Uztaritzeko ikastetxean ikasitako bost gizonek beren testigantzak eman... [+]
Carli Pup (Udine -friuleraz Udin-, 1973) Friuli [friuleraz, Friûl] herriaren ekintzaile kultural garrantzitsuenetako bat da. Bere hizkuntza gutxituaren idazle, hizkuntzalari eta bere herriaren historialari bihurtu da.
Gaur egun, Informazione Friulana kooperatibako... [+]
Hezkuntza publikoko irakasleok hamabost urtetan berriztu gabeko lan-hitzarmena eguneratzeko eta hobetzeko beharra eta eskubidea dugu. Horretarako, benetako negoziazio batean murgilduta egon beharko genuke, baina errealitatea negargarria da. Negoziazio batean, alde oro ados... [+]
Martxoaren 27an aurkeztu zuen ARGIAk Bizi Baratzea Orria, lurrari begiratzen dion urtarokako aldizkari berria. Martxoaren hasieran zabaldu zen kide egin eta formatu oso berezia duen orri handia etxean jasotzeko aukera. Erantzun oso beroa izan du. Kide hauen profila ezagutu nahi?
Jaitsiera AEBen muga zergen igoerari erantzun ez dieten eta negoziatzeko prest azaldu diren herrialdeei aplikatu diela argudiatu du Donald Trumpek, Europar Batasuna barne. Txina eta AEBen arteko lehia komertzialak gora egiten jarraitzen du.
Hirugarren greba zikloa iragarri dute Steilas, ELA, LAB eta CCOO sindikatuek maiatzaren 12tik 16ra bitartean, hezkuntza publikoa indartzearen alde. Azaldu dute Hezkuntza Sailak helarazitako azken proposamenak ez diela euren aldarrikapenei erantzun egokirik ematen.
Sarriguren, Tafalla, Noain, Buztintxuri eta Gares herrietako D-PAI ereduko ikastetxeetako familiak kalera aterako dira Hezkuntza Departamentuak foru lege bidez ingeleseko orduak handitu nahi dituela salatzera. Euskarazko murgiltze ereduaren kontrako erabakia dela iruditzen... [+]
Nafarroako funtzio publikoan 30.000 langile zeuden grebara deituta asteazken honetan. Deialdiak jarraipen desberdina izan du sektorearen arabera, eta sindikatuek salatu dute foru gobernuak "abusuzko" gutxieneko zerbitzuak ezarri dituela nahita.
Iazko abuztuan, Irundik gertu, ertzainek atxilotzean izan zuen bihotzekoa gizon batek. Eneko Valdésen heriotzaren ikerketan, Polizia errugabetu zuten.
Bekat’uros LGBTQIA+ euskal besta hirugarren urtekoz iraganen da Atharratzen. Apirilaren 12an egun osoko egitaraua antolatu du Prefosta elkarteak, usaiako karrika inguruarekin, kontzertuekin eta ikusgarriekin.
Bi langileek Microsoften 50. urteurreneko ekitaldia moztu zuten ostiralean, eta enpresako buruei Gazako genozidioan duten papera leporatu zieten. Adimen artifizialarekin eginiko armak saltzen dizkio multinazionalak Israelgo armadari.