“Ara”, katalanezko egunkari berria

  • Mugimenduak daude prentsa katalanean. Avui erosi zuen orain urtebete El Punt kaleratzen duen enpresak. La Vanguardia katalanez aterako omen da datorren otsailetik aurrera. Aurretik baina, azaroaren 28an, Ara egunkari berria argitaratzen hasiko dira.
'Ara' egunkaria
Carles Capdevila 'Ara'ko zuzendaria probako zenbakietako bat eskutan duelaOriol Clavera
Azaroaren 28a egun seinalatua izango da prentsa katalanarentzat: Parlamenturako hauteskundeak izango dira, batetik. Bartzelona eta Madrilen arteko futbol partida bezpera da, bestetik. Bi-biak lehen lerroko gertakariak dira hango parajeetan –akaso bigarrena lehena bainoago–. Baina horiengatik baino, egun seinalatua izango da katalanez osoki idatzitako egunkari berriak ibilbidea hasiko duelako. Ara (“Orain”) jarri diote izena. Urte asko dira, hogeita hamarretik gora, egunkari katalanik egonkortzen ez dela.

Ezen Avuiren sorreraz gero, 76an, eta El Puntena hiru urte geroago, El Periódico kazetaren katalanezko edizioa baino ez baita sortu, berau ere orain urte tako bat, hamahiru bai. Hori da orain Ara egunkaria kaleratzeko motiboetarik bat, Carles Capdevila zuzendariaren hitzetan, eskaintza berrien sorrera eza: “Eta mundu berria ari da jaiotzen, herrialde berria, eta herrialde hori azaltzen lagunduko duen egunkari berria behar dugu”. Mundua aldatzen ari da beraz (noiz ez?) eta Katalunia, Espainiarekin, Europarekin erlazionatzeko bide berriak bilatzen: “Irtenbideak aurkitu behar ditugu sortzen ari den kontakizun nazionala osatzeko”.

Krisia da beste zio bat. Krisi garaian omen daude paperezko agerkariak, egungo egunkari eredua agortuta, egoera ezkor askoa dute han eta hemen. Berrasmatu beharra dute beren burua berripaperek. Apustuak, hargatik eta itxura batean, arriskutsua iduri du. Baina aukera ere bada Capdevilaren hitzetan, baikortasun eta fede ekintza egingo dutela arrapostu digu, aurrerapausoa, garaiok horretarako direla. Gainera, “abantaila dugu egun merkatuan daudenekin, ez dugu egoeraren aurrean erreakzionatu behar, zerotik jaioko gara, gauza batzuk jakinda. Nahiz eta ez jakin ondo nora goazen, badakigu joan goazela”. Teknologia berrien kasuan, adibidez.

Hirukoitza da erronka, beraz: aipatu dugu Kataluniako soziopolitika, aipatu krisia. Aipatu behar ditugu hurrena teknologia berriak, sare sozialak. Izugarri ari omen dira aldatzen komunikabideak horiei esker edo horien erruz: “Kazetaritza garatzen ari da eta, aldaketen jakitun, plataforma anitzeko egunkari gisa sortuko gara. Ez web gunea duen egunkari soil: sukalde digitala izango da gurea, paperezko bertsioa egingo dugu, digitala, iPad edota segapotoan irakurtzekoa, telebista, irrati kanalak izango ditugu, newsletter eta alerta bidezko sms-ak”. Irakurle komunitatea sortzeko asmoa agertu dute bestalde, “eta dauden leku guztietan bilatuko ditugu irakurleak. Komunitate jakin batzuk zaindu nahi ditugu, gurasoak, irakasleak, herri kulturan dabiltzanak, oinarrizko kiroletan”.

Izen ezagunak

Kataluniako komunikabideen panoraman izen sonatu askoak dira Arako kideak: Antoni Bassas (urte luzeetan Catalunya Ràdioko ahotsa, orain TV3ek Washingtonen duen korrespontsala), Albert Om (TV3eko aurpegi ezagunenetakoa), Toni Soler (Polònia telebista saio satirikoaren zuzendaria), Xavier Bosch (besteak beste, Avuiko zuzendari ohia). Zuzendaria bera, Carles Capdevila, luze ibilia da irratian, telebistan, prentsa idatzian, herrialdeko komunikabide garrantzitsuenetan.

Kolaboratzaileen artean ere osatu dute zerrenda: Josep Ramoneda, Salvador Cardús, Carme Riera, Albert Sánchez Piñol. International Herald Tribune eta The New York Times egunkariekin lortutako akordioari esker gainera, Umberto Eco edota Mikhaïl Gorbatxov izango dituzte tarteka bertako orrialdeetan. Izen horiei, ahantzi gabe, gehitu behar zaie diruaren gehiengoa jarri dutenena: enpresa argitaratzailea Cultura 03 izango da (Ara Llibres editorialaren jabea, Sàpiens, Descobrir Catalunya eta bestelako publikazioen arduraduna). Bai eta Kataluniako enpresari aberatsenetako batzuk ere, Artur Carulla (Agrolimen taldeko presidentea) eta Ferran Rodés (Havas taldeko zuzendari nagusia) kasurako.

Orain arte hitz egindakoak ikusita, berehalakoan iritsi zaizkio proiektuari kritikak, espainiar eskuin uzkurreko komunikabideetatik bereziki: Montillak milioi bat euro oparitu dizkiela, egunkari separatista izango dela –kritika edo ia irain moduan– eta abar. Beste nonbait dute burua baina, egunkariaren sustatzaileek. “Korrontearen aurka ari gara neurri batean, badakit”, diosku Capdevilak, “eta gisa honetako proiektu batek beti jasoko ditu kritikak. Lasai gaude, badugu web gunea, ara.cat izenekoa, eta bertan daude jaso ditugun diru-laguntzak, egunkariaren praktika profesionalerako kodea”. Oso kontzentraturik daude egunkaria aurrera ateratzen, “oraintxe bertan sekulako ardura dugu gure bizkar, itxaropen handia sortu du egunkari berriak. Aurkezpen saio piloa egiten ari gara, harpidedun mordoa bildu zaigu egunkaria nolakoa den ikusi aurretik, 25.000 jarraitzailetik gora dugu Facebook orrian. Horiei denei tamainako erantzuna emateko lanean ari gara orain”.

Prentsaren egoera

Mugimenduak daudela bistan da prentsa katalanean. Hasteko, Avui erosi zuen orain urtebete El Punt argitaratzen duen enpresak, Hermes Comunicació izenekoak. Makal zebilen azken urteotan Avui, diruarekin arazoak, hainbat eskutatik pasa eta gutxi hobetu. Gauza bitxi xamarra gertatzen da orain: nahiz batak informazio lokala lantzen duen gehiago (El Punt), besteak nazionala (Avui), gero eta antzekotasun handiagoak dituzte, gero eta eskaintza berdinagoa, berriak, produktuak, gehigarriak. Egoera horrek definizio prozesuan sartu ditu bi egunkariak. Oficina de Justificación de la Difusión elkarteak iaz egindako ikerketaren arabera, 36.000 aleko tirada du Avuik. 30.000koa El Puntek.

Badirudi bestalde, La Vanguardia berripapera katalanez argitaratuko dela datorren urteko otsailetik aitzina. Aurtengo udan David Gonzalez Avui egunkariko zuzendariorde ohia kontratatu zuten katalanezko edizioaren ebaluazio eta planifikazioaren ardura bere gain har zezan. Hainbat komunikabidek argitaratu dute gainera Avuitik kaleratutako langileetako batzuk hasiko direla lanean Ara egunkarian. Godó taldeak argitaratzen du La Vanguardia eta 235.000 alekoa du tirada. Horiei gehitu behar zaie Zeta taldearen El Periódico kazetak katalanezko edizioa argitaratzen duela 1997. urtetik, 181.000 aleko tiradarekin. Itzultzaile automatikoak egiten du katalanezko bertsioa, gaztelaniakotik itzulia.

Capdevila lasai agertu zaigu beste behin, diplomatiko oso: “Mugimendu horiek ez dira gurean bakarrik gertatzen, mundu mailako fenomenoa da. Leku askotan ari dira agerkariak elkartzen, birmoldaketa behar duen sektorea da prentsa idatziarena. Gainera zenbat eta produktu gehiago izan katalanez, hobeto, horrek esan nahi baitu katalanaren osasuna ona dela. Denentzat dago lekua gurea bezalako herrialdean”. Azaroaren 28an, beraz, Ara egunkari berria argitaratuko dute. Hasteko, 11.000 ale. Ikusiko dugu zer den, nolakoa, eta, beharbada, hemen kontatuko.

Azkenak
2025-01-31 | Euskal Irratiak
Ramuntxo Labat-Aramendi
“Duintasunez arituko gira; Ahetzeko herriko etxearen egoera egonkortu nahi dugu”

Lehen itzulitik bigarrenera, auzapezgotzara jauzi egin zuen Ramuntxo Labat-Aramendi abertzalearen zerrendak. Erdiespena "xinaurri lanari esker" egin zela uste du Labat-Aramendik. Ahetzen zerrendak bozen %44,39 lortu zuen urtarrilaren 12an eginiko behin betiko bozketan... [+]


Iruñean Laba elkartearen eta Windsor tabernaren lokalak bateratuko dituzte

Modu horretan, euskara eta euskal kultura hiriaren bihotzera eraman duen proiektuari egonkortasuna eta sendotasuna emanen diote.


2025-01-31 | Uriola.eus
Sukalde eta garbiketako grebaren lehen egunak %70etik gorako jarraipena izan zuen atzo, sindikatuen arabera

Ehundaka langile elkartu ostegunean Bilbon egin den giza katean “Lan baldintzak hobetu, hemen eta orain erabakita” lelopean.


Langile bat hil da Arbizun, lanean ari zela kamioi batetik karga gainera erorita

52 urteko altsasuar bat hil da ostegunean Arbizun lan istripua izan ostean, Nafarroako Foruzaingoak jakinarazi duenez. Urtea hasi zenetik Euskal Herrian lan istripu batean hildako laugarren langilea da. Ezbeharra herriko erdigunean dagoen etxebizitza bat zaharberritzeko lanetan... [+]


Greba Nafarroako hezkuntza publikoan
Ikasturteko hirugarren greba deialdia ere arrakastatsua izan dela diote sindikatuek

Ikasturtea hasi denetik hirugarren greba eguna izan da ostegunekoa Nafarroako Hezkuntza Publikoan eta goizeko mobilizazioen ondoren, LAB, Steilas, ELA eta CCOO –protestaren deitzaileak– pozik agertu dira. Euri jasak eta hotzak lagundu ditu etengabe irakasleak... [+]


Jerusalem ekialdean UNRWA debekatu izanak are gehiago zailduko du Gazarako laguntza

Urtarrilaren 30 honetan abian jarri du Israelek Jerusalem ekialderako UNRWA Palestinar Iheslarientzako Laguntza eta Lan Bulegoaren debekua. Urtarrilaren 15ean adosturiko su-etenari segi, bahituen eta presoen hirugarren trukea dute ostegun honetan.


2025-01-30 | Julene Flamarique
Erantzukizunak eskatuko dituzte Zaldibarko tragediaren bosgarren urteurrenean

Joaquin Beltran eta Alberto Sololuze gogoratzeko eta hondamendiaren erantzukizunak eskatzeko elkarretaratzea egingo dute igandean Zaldibarko Eitzaga auzoan. Luizia “enpresarien diru goseak” eragin zuela, eta Eusko Jaurlaritzak “ardura txikiena ere ez duela... [+]


Zigor gehiago espero dituzte Zarauzko EAJko zinegotzi ohiaren etxearen auzian

EAEko Auzitegi Nagusiaren epaiak ez duela "zirrikiturik utzi" dio SOS Talaimendi plataformak, eta "oraindik merezi duten legezko zehapena jaso ez duten zenbait erabaki arbitrario eta ia delituzko" geratzen direla adierazi du. Besteak beste, Zarauzko Udalak... [+]


2025-01-30 | Leire Ibar
Osasun publikoaren alde otsailaren 1ean Bilbon, Gasteizen eta Donostian kaleak betetzera deitu dute

Osasun Publikoaren Aldeko Herri Plataformak (OPA) manifestazioak deitu ditu otsailaren 1erako. Mobilizatzeko deia egin dute osasunaren pribatizazioari aurre egiteko, lehen arreta indartzeko, osasun arloko langileen baldintzak hobetzeko, prekaritateari aurre egiteko eta kudeaketa... [+]


2025-01-30 | Julene Flamarique
“Irabazi egin dugu”: Burlatako etxegabetzea gelditu du Iruñerriko Etxebizitza Sindikatu Sozialistak

Genero-indarkeriaren biktima den emakume bat eta haren bost seme-alabak, horietatik hiru hemezortzi urte beherakoak, etxetik bota nahi izan dituzte ostegunean. Erabakia aurrera eramateko baldintzarik ez zegoela argudiatuta ez dute kaleratzea burutu, baina beste data bat... [+]


Isunak kendu dizkiete ertzainei euskaraz hitz egiteagatik zigortutako donostiarrei

Eusko Jaurlaritzak isunak kendu dizkie ertzainei euskaraz hitz egiteagatik zigortuak izan ziren Donostiako herritarrei. Manex Ralla eta Amaia Abendaño dira herritar horiek, isunak kendu dizkietela baieztatu diote hedabide honi.


2025-01-30 | Leire Ibar
EITBko Euskara Batzordeak salatu du euskararen eskakizuna baztertu dela zuzendaritza postuetan

EITBko Euskara Batzordeak gaitzespena adierazi du azken hilabeteetan egindako zuzendaritza postuetarako hautaketa prozesuak direla eta. Salatu dutenez, euskarazko C1 maila ez duten hiru pertsona hautatu dituzte postu garrantzitsuetarako: EITB Mediaren zuzendaritzarako, Social... [+]


Adifek dio AHTko obretan salatutako lan-esklabotza egoerak “gezurra” direla

AHT Geldituk Nafarroako Abiadura Handiko Trenaren obretan lan esklabotza egoerak daudela salatzen duen lekukotza eskandalagarria jaso ondoren, obra horiek sustatzen dituen Adif sozietateak publikoki erantzun behar izan du: "Gezurra dira".


2025-01-30 | Aiaraldea
Amurrioko Udalak uko egin dio Aiaraldea Komunikabidearen dirulaguntza 2025eko udal aurrekontuetan sartzeari

Ostegun honetako Udal Osoko Bilkuran eztabaidatu eta bozkatuko dira Amurrioko Udaleko 2025erako aurrekontuak eta, beste behin ere, Udal Gobernuak uko egin dio Aiaraldea Komunikabidearen hitzarmen eta dirulaguntza berrezartzeari.


2025-01-30 | Ahotsa.info
KarKarCar, mugikortasun kooperatiboko proposamen berria Iruñerrian

Kar Kar Car auto elektrikoen erabiltzaileen kooperatiba ibilgailuen flota handitzen eta bere zerbitzua Iruñerriara zabaltzen ari da.


Eguneraketa berriak daude