“Biktimen elkarteek harresi asko eraiki dituzte”

  • Moskuko petril mitikoan egin dugu zita. Ohitura zaharrei eutsi behar zaie... Onak direnean, batez ere.

Argazkia: Dani Blanco.
Argazkia: Dani Blanco.

Apaizen artean ikasteak bizitza markatzen omen du.

Irudipena dut frantses iraultzak erlijio-gizon asko bidali zituela Gipuzkoara. Esaterako, nik La Sallen egin nituen ikasketak, eta halakoen lezioak jasotzea egokitu zitzaigun. Gurea ala eskola nazional katoliko espainola ziren aukera bakarrak, eta bi beso erlijioso horien artean harrapatuta egonik, alde guztietatik jotzen zizkiguten ostia fisiko zein psikologikoak. Onartzen dut nire buruarengan eragin izugarria izan zuela horrek, eta egiari zor, inbidia ematen dit alabak beste hezkuntza mota bat jasotzen duela ikusteak. Konstruktibismoak eta abarrek euren akatsak izango dituzte, baina gure hezkuntza erlijioso fundamentalista baino hobeak direla ziur nago.

Kontzienteki ala inkontzienteki, zuen etxean heziketa musikala jasoko zenuten. Ezin da kasualitatea izan hiru anaiak musikariak izatea.

"Neure egiten dut rock and rollak bizitza salbatu didala dioen esaldia"

Eta izatekotan, kasualitate handitxoa litzateke. Gure gurasoek ez zuten inolako instrumenturik jotzen, baina amari esku-soinua izugarri gustatzen zitzaionez, oso umetan apuntatu gintuen klaseetara. Baina garai haietako klaseak oso gogorrak ziren, oso direktiboak, eta guri atzerakoa ematen ziguten. Jabierrek oso ondo jotzen ikasi zuen, baina goizetik gauera, zeharo nazkatuta, jotzeari utzi zion gerora berriz hasi bazen ere. Ferminek urte batzuk eman zituen, eta hark ere betiko utzi zuen, nahiz eta inoiz disko batzuetan esku-soinuarekin kolaboratu. Nire bidea motzagoa izan zen, hiru-lau urte pasa eta ikasketa metodo eta ereduaz erre-erreta atera nintzen. Gaur egun gitarra klaseak ematen ditut, eta ikasleak kontuan hartzen saiatzen naiz, baina orduan ez zen halakorik, irakasleentzat haragi sarraskitua baino ez ginen. Eskerrak musika esku-soinua baino gehiago zela jabetu ginen.

Zer zen orduan musika zuretzat?

Nire bizitzako zatirik garrantzitsuena. Nik ere neure egiten dut rock and rollak bizitza salbatu didala dioen esaldia. Oso gaztetan, anaia zaharragoen eraginez, Víctor Jara, Paco Ibañez, Kilapayoun eta enparauak entzuten hasi ginen, baita Pantxoa eta Peioren estiloko euskal musika ere, baina niretzat Deep Purple eta AC/DC bezalako taldeak deskubritzea mundu berri baterako atea irekitzea izan zen. Pentsa, oraindik gogoan dut 15 urterekin Ingalaterran izan nintzela eta AC/DC-ren partitura liburua eta MXR distortsio pedal batekin etorri nintzela bueltan. Anaia Jabierren anplifikadorean entxufatzen nituen gitarra eta pedala eta sekulako gozatuak hartzen nituen.

Kalean arnasten zen giroak jarri zuen zainetan zenekarrena irakiten?

Argazkia: Dani Blanco.

Gure zonan punk talde mordoa ateratzen hasi zen eta guk ere Kortaturen lehen akordeak afinatzeari ekin genion. Puri-purian zegoen dena, batzuk disko gehiago saltzeko “Rock Radical Vasco” deitu zutena sortu zenean. Une hartan olatu erraldoi bat jaio zen. Irrati libreak, fanzineak zein musika taldeak harrien azpitik ere ateratzen ziren. Gaztetxeen mugimenduak ere hortxe hartu zuen indarra, eta gu olatu erraldoi horren gainean mugitzen hasi ginen. Izugarria zen, edozein herritara joan eta ez dakit zenbat taldeko kontzertuak zeuden, sekulako mugida. Ez da ahaztu behar ordea, oso garai ilun eta latzak ere izan zirela, errepresio handia pairatu genuela, eta egun oso garai idealizatuak izan arren ez zela hainbesterako izan. Urte ederrak izanik ere, oso peaje garestia ordainarazi zigutela.

Zer leku zeukan euskarak saltsa horretan guztian?

Kuriosoa da Natxo de Felipe edo Ferminen gisara, orduan indartsu agertu zen jende asko euskaldun berriak izatea, edo Ruper-en kasuan bezala, euskara galdu eta berreskuratzen ibilitakoa izatea. Kortaturen kasuan argi daukat asko lagundu zigula gazteleraz kantatzen hasteak. Gure lehen diskoaren 100.000 ale saldu ziren, eta jende askok leporatzen bazigun ere, ukaezina da gazteleraz hasi izanak gerorako oinarri bat eman zigula. Gu ere gure gabeziaz kontziente ginen, eta Ferminek bosgarren diskoa euskaraz egingo genuela iragarri arren, aurreratu egin ginen, eta gure laugarren diskoa, Kolpez kolpe, euskaraz da. Euskarak oso sentipen bereziak bizitzeko aukera eman dit. Oso berezia da aita zenarekin hogei urte baino gehiago erdaraz hitz egiten pasa ondoren euskaraz mintzatzen hastea. Gure alabek ere euskaraz ikasten dute, eta esan daiteke gure etxean euskararen gainbeherari buelta ematen asmatu dugula.

Garai haietan, zuen zirkuituan ibiltzeko jarreraz gogorra izan beharra zegoen?

Ez ginen kamikazeak, baina orduko guztiek bezala, guk ere ostiak jaso genituen. Gogoan dut, behin Gasteizen jo genuela, eta antolatzaileek argi esan zigutela gertatzen zena gertatzen zela kontzertua ez genuela eten behar. Grisak behin eta berriz kargatzen ibili ziren, eta gu hantxe jo eta jo, antolatzaileen lemari ohore eginez. Beste batean, Fermini botila bat jaurti zioten, eta lurrean botata odoletan ikusi nuenean, senetik irten eta publikora saltatu nuen errudunaren bila. Lehen lerroetan zeuden alemaniarrak erraldoiak ziren eta nire asmoa errudunari burukada bat aurpegi erdian ematea zen, baina era berean, ikusten nuen ez nintzela pare horretara iritsiko. Eskerrak ohartu nintzen neska batek bota zuela botila, nahigabe jo zuela Fermin, eta laguntzeko borondate osoa zeukala. Hortik pentsatu zer kamikazea nintzen...

"80ko hamarkada egun oso idealizatuta dagoen arren, ez zen hainbesterako izan"

Zuk ere laguntzeko borondate osoa izango zenuen, Kortaturen etapa itxi eta Nikaraguara brigadista joan zinenean.

Sei hilabete pasatzera joan nintzen eta lau aguantatu nituen. Oso gogorra egin zitzaidan, eta beste istorio batzuk tarteko, itzultzea erabaki nuen. Sandinistak oraindik gobernuan zeuden arren, mugimenduaren azken hatsa izan zen. Euskal Herriko eta Europako jende asko geunden bertan, eta Europan “Nikaragua sandinista” esatea jendearekin konektatzeko modua zen orduan. Tamalez, ni han nengoela, hauteskundeak galdu zituzten, eta nahiko etsita egin nuen etxerakoa. Amaieraren hasiera izan zen porrot elektoral hura. Gu Hondurasko mugan geunden eta jendeak etengabe galdetzen zigun zergatik ez generaman armarik. Aldi berean, oso lotura estuak geneuzkan bertako jendearekin. Gauetan, suaren bueltan, gauza askori buruz mintzatzeko parada izaten genuen, eta horrek ez dauka preziorik. Ez dakit egoera latzek momentu onak are hobeak bihurtzen dituztelako den, baina Nikaraguakoaz oroitzean gure aitonek soldaduskaz esaten zutena etortzen zait burura: momentu on eta txarrenak hantxe. 

Argazkiak: Dani Blanco.

Nikaraguatik bueltan, Negu Gorriak-ekin igo zinen olatu gainera. Gaur egunetik begiratuta Herrera de La Manchako kontzertuak edo Mikel Anestesiaren intsumiso auziak zientzia-fikzioa dirudite.

Denbora aurrera joateak etengabeko aldaketak dakartza. Alferrik da irakurketa nostalgikoak egitea. Kortaturen eta Negur Gorriak-en garaiak ez dira bueltatuko. Gaur egun, oso memento politiko interesgarrian gaude eta hori kontuan hartuta planteatu behar dira asmoak. Segur aski, Herrera de La Manchakoa bezalako asmo zoroa plantan jarriko bagenu debekatu egingo lukete. Gauza asko aldatu dira. Sasoi hartan, euskal kausak askoz babes zabalagoa zeukan Espainiako Estatuan, eta Anestesiaren auziaren kasuan, intsumisoen mugimenduaren indarrak sekulako zilegitasuna ematen zigun. Baina euri asko egin du ordutik, eta orduan existitzen ez ziren biktimen elkarteek harresi asko eraiki dituzte. ETA-k Miguel Ángel Blanco hil izanak dena zaildu duen burbuila leherrezina sortu zuela uste dut. Estatuan Euskal Herriaren askapen borrokak babes handia galdu zuen, egurra areagotu egin zen, eta gaur egun indarrean dagoen debekuaren filosofia gailentzen hasi zen pixkanaka-pixkanaka.

Gisako debekuek edo Galindoren salaketak inoiz ikaratu zaituztete?

Negu Gorriak-en ostean, Joxe Ripiaurekin Madrilen jo behar genuen batean, bertako lagun kazetariek “van a actuar en Madrid los altavoces de ETA” zioen emaila zabaltzen ari zela abisatu ziguten. Pentsa Joxe Ripiauk zer konponente politiko zeukan, baina hala ere, kontzertua haustera joan ziren, bonba abisuak egin zituzten behin eta berriz, eta sekulako mugida muntatu zen. Hori ikusita, jakina pasatzen duzula beldurra, baina hemengo alardean askoz izu gehiago pasa izan dut. Galindorena beste plano bateko kontua da. Alde batetik ikusten duzu jendea zurekin dagoela, defendatzeko, laguntzeko, eta zure proiektua bultzatzeko gertu, eta bestalde, badakizu Galindo kakatan sartuta dagoela eta ez daukala askorik esateko. Gure ahotik atera zirenak orduko gizarte zibilaren gehiengo handi batek sinatzeko modukoak izateak ere zilegitasun izugarria eman zigun. Itzela izan zen artikulatu genuen erantzuna, Esan Ozenki-ko talde guztiek eman zuten kontzertua, batutako dirutza... Oso aberasgarria izan zen, ia-ia Galindo jaun txit gorenari eskerrak emateko modukoa.

"Berehala ohartu ginen guk kontrolatu behar genituela ematen genituen pausoak eta horretarako Esan Ozenki bezalako tresna behar genuela"

Gaur egun auto-ekoizpena asko aipatzen den arren, zuek aspaldi ikusi zenuten Esan Ozenki, zuen diskoetxea, sortzeko beharra.

Ez da kasualitatea gure bi diskoren izenburuak Gure jarrera eta Ideia zabaldu izatea. Gure jarrera islatu eta gure ideiak zabaltzea zen gure filosofia. Zentzu horretan berehala ohartu ginen guk kontrolatu behar genituela ematen genituen pausoak, eta horretarako Esan Ozenki bezalako tresna behar genuela. Baina gaur egun diskoetxeentzat asko aldatu dira kontuak. Internetek politika eta ekonomiaren panorama itxuraldatu duen gisan, kulturarena ere eraldatu du, eta gaur egun ezinbesteko elementua da merkatua ulertzeko. Salmenta datuei erreparatzen zionak argi eta garbi ikusten zuen olatuak industria azpian hartuko zuela, eta lehen diskoetatik ateratzen zuten dirua kontzertuetatik ateratzen saiatzen dira orain. Egun, diskoak aurkezpen txartelak baino ez dira. Dirua atera nahi duenak buruari eragin beharko dio, eta esaterako, Elkar-ekoek diskoetatik ateratzen zuten dirua irabazi ahal izateko, Gu Gira bezalako proiektu batekin egin beharko dute aurrera. Lanik eta irudimenik gabe ez dago txanponik, baina tira, uste dut gutxiagorekin bizi daitezkeela, bizi gaitezkeela, eta zorionez ala zoritxarrez, hala bizitzea tokatuko zaigula.

Musikaz gain, zinemagintzan, antzerkigintzan eta liburugintzan sartu-irtenak egindakoa zara, baina orain aitatasuna da bizi nahi duzuna.

Sartu-irten horiek aita izan aurretik egin ditut. Orain beste fase batean nago, alaba txikiak dauzkat, eta oso garrantzitsua iruditzen zait beraiekin egotea. Horretarako ireki nuen parentesia ez ixteko, eta nire burua stand by egoeran mantentzeko ahaleginean ari naiz. Gerora, baliteke dena batera lehertzea, astindu ostean zabaldutako xanpain botila bezala. Ez dizut ukatuko ideia asko pasatzen zaizkidala burutik, baina sinetsita nago aita lanari eman behar diodala lehentasuna. Bestela ez dit konpentsatzen. Ez pentsa erabaki erraza izan denik. Iazko udan oraindik jotzen ari ginen, eta konturatzen nintzen etxean alabekin ez nintzela behar bezala moldatzen, ez nien puntua hartzen. Horregatik erabaki nuen eten bat egitea, baina ez nago oporretan. Aitatasunak denbora eta ahalegin asko eskatzen dit, eta gitarra klaseak ematen ere segitzen dut. Baina sormenak, nik ulertzen dudan gisan behintzat, beste exijentzia batzuk ditu, zure munduan, zure burbuilan sartzea eta beste guztia kanpo utziz zureari soilik erreparatzea. Egun, ez dakit sortzeari berrekiten diodanean zer aterako zaidan. Kantak egiten jarraituko dudala uste dut, baina auskalo zer formatutan. Agian Interneten zintzilikatuko dut nire lana, akaso dohainik, liburu bat aterako zait beharbada... Denborak esango du.

Nortasun agiria
1964ko abenduaren 17an jaio zen Irunen Muguruza anaietan gazteena. Bere gitarra eta baxu akordeak zein ahotsa eskaini dizkie Desband, Kortatu, Delirium Tremens, Negu Gorriak, Joxe Ripiau eta Sagarroi taldeei. Bestalde, Nahia izeneko film laburra zuzendu du, Ezekiel antzerkiaren eszenaratzea landu, eta haurrentzako liburu bat argitaratu.
Azken hitza
Delirium Tremens
“Kortaturen azken kontzertua Delirium Tremensekin egin genuen, eta taldean sartzeko eskaintza luzatu zidaten. Nikaraguara joatekoa nintzenez ezezkoa eman nien, baina itzuli nintzenean eskaintzak zutik zirauenez taldekide bihurtu nintzen. Deliriumen oso zalea izan naiz beti, eta izugarrizko abentura zen Irundik Mutrikura Dos Caballos batean entseatzera joatea. Bi urte pasa nituen eurekin herriz herri kontzertuak ematen, taldeko bateria-joleak eta furgoneta eramaten zuenak Saturrarango Venezia diskoteka ireki zuten arte. Hantxe eman genuen Deliriumen azken kontzertua, eta esango nuke, diskoteka bat irekitzeagatik desegin zen talde bakarra garela”.

Kanal honetatik interesatuko zaizu: Musika
Aposapo + Mäte + Daño Dolor
Hutsuneak

Aposapo + Mäte + Daño Dolor
Noiz: apirilaren 5ean.
Non: Markina-Xemeingo Akerbeltz Gaztetxean.

---------------------------------------------------------

Erosketetarako orgatxoa barazkiz beteta egin dut gaztetxerako bidea, eta haiek mozten eman dugu iluntzea... [+]


2025-04-09 | Xalba Ramirez
'Poliorkêtês'
Kerobia, hunkigarristak eta xamurtasunaren aitzakia

Poliorkêtês
Kerobia
Autoekoiztua, 2025

--------------------------------------------------------

Azken aldian, lerrootan asko nabil hausnartzen musikak izan beharko lukeen “misio historikoaz” eta abarrez. Eta, nolabait, zer egin beharko lukeen... [+]


2025-04-04 | Sustatu
Kneecap filma, orain euskarazko azpitituluekin

Ezagutzen duzue Kneecap filma? Oscar sarietarako hautatu zuten. Belfasteko hirukote baten istorioa da. Kneecap Hip Hop talde ezaguna da gaur egun, eta hizkuntzaren aldeko jarrera (gaelikoa) argia dute, IRAren osteko belaunaldiaren gorabeherak kontatzen ditu filmak; drogak eta... [+]


Pierre Boulez: matematikaren eta abangoardiaren artean

Joan den martxoaren 7an Maurice Ravel, garai guztietako euskal konpositorerik onena, jaio zela 150 urte bete ziren. Eta ARGIAn omenaldia egin zitzaion konpositore horri, Bolero ospetsuak imajinario kolektiboan izan duen eragina gogoratuz.

Kasualitatez, Deutsche Grammophonek... [+]


EAEko espetxeetako kultur emanaldiei Jaurlaritzak ezarri nahi dien “zentsura”-ren aurkako manifestua sinatu dute 51 kulturgilek

'Espetxeak libre' manifestuan adierazi dute Eusko Jaurlaritzak "ataka txarrean" jarri dituela kulturgileak, espetxeetara kultur emanaldiak egitera sartu nahi dutenei dokumentu bat sinatzea eskatzen baitie, eta salatu dute ezin dutela sartu ez sinatuz gero. Kultur... [+]


Olatz Salvador
Konfort gunea

Olatz Salvador
Noiz: martxoaren 15ean.
Non: Deustuko jaietan.

------------------------------------------------

Martxoak beti du deustuarrontzat kolore berezia; urtero ospatzen ditugu jaiak, San Jose egunaren bueltan. Bi asteburu bete festa, eta urtetik urtera Deustuko... [+]


2025-03-27 | Iker Barandiaran
Faxismoari kontra beti eta bortizki

Antifa hardcore
Lee-Kore + Hoben
Autoekoizpena

---------------------------------------------------------

Tamalez ez da ohikoa Arrasaten hardcore kontzertuak egitea, bestelako musika eszenak nagusitzen direlako. Hala bada, joan den larunbatean herriko gazte batzuen... [+]


Olaia Inziarte. Animalia artean kantari
“Nire izateko manera nire ardura da, baina ez nire kulpa”

Hunkituta eta ilusioz egin dut Iruñetik Oronozerako bidea. Maite dut Olaia entzutea, baita hizketan ere. Herriko farmaziaren ondoan autoa utzi eta balkoitik agurtu naute hark eta bere zakur Arak. Grabagailua martxan jarri aurretik, bueltaxka egin dugu frontoira eta Arak... [+]


2025-03-21 | Xalba Ramirez
Verde Prato, tropismoa eta Dolce Vita

Bizitza eztia
Verde Prato
Plan B Records, 2024

--------------------------------------------------------------

Ousmane Sembène zinemagile senegaldar ospetsuari galdetu zioten ea bere pelikulak Europan ulertzen ote ziren. Erantzuna, epikoa: “Izan gaitezen... [+]


Inoren Ero Ni + Lisabö
Eta eromenaren lorratzetan dantzatu ginen

Inoren Ero Ni + Lisabö
Noiz: martxoaren 14an.
Non: Gasteizko Jimmy Jazz aretoan.

----------------------------------------------------

Izotz-arriskuaren seinalea autoko pantailatxoan. Urkiola, bere mendilerro eta baso. Kontzertuetara bideko ohiko errituala: Inoren... [+]


Abeslari sorta ederra

FITXA
Zer: OLBEk antolatutako Gaetano Donizettiren ‘La favorite’ opera.
Nork: Euskadiko Orkestra Sinfonikoak (zuzendaria: Riccardo Frizza) eta Bilboko Operaren Abesbatzak (zuzendaria: Boris Dujin).
Noiz: otsailaren 18an.
Non: Bilboko Euskalduna Jauregian.

[+]


Eguneraketa berriak daude