Battitte Salaberri bi legealditan aritu zen Hendaiako udal politikaren oposizioan. Alkate da orain: “Oposizioan biziki mugatua zara, inork ez zaitu aintzat hartzen. Auzapez gisa arras aldatzen da hori. Ardura ia osoki hartzen duzu. Ni ardura aldatzen edo gehiago partekatzen entseiatzen naiz, baina oposizioko hautetsiak –Kotte Ezenarro sozialista eta Iker Elizalde abertzalea– ez daude ados”.
Etxegintza izan da Hendaiako Herriko Etxearen zereginik aipatu eta polemikoena. Zertan da egun PLU (Hirigintza Tokiko Plana) delakoa?
PLU aldatu ondoren, ZPPAUP (Hiriko Ondare Arkitektoniko eta Paisajistaren Babes Gunea) ezarri genuen martxan. Hau da, lehen herrian garatu zen politika okerra bide onean eman dugu. Eraikitzeko baimenak gutxitu ditugu, eta proiektuak molde argiagoz bideratu. Aurreko udal gobernuak edozein proiektu urbanistiko ontzat ematen zuen, ez zen bide argia ez zuzena hiriarentzat. Hitz batez, hegoaldetik zetozen etxe sustatzaileek ate guztiak irekiak zituzten. Guk ateak itxi gabe, kontrol zorrotzagoa ezarri dugu.
Zertan dago horrenbeste zer esan eman zuen Entre puentes/Zubietan deitu proiektuak?
Proiektuaren altuera eta bolumena erraldoia zen. Trenbidearen arraildura handiaren ordez gotorleku bat eraiki nahi izan zen. Gainera, etxebizitza horiek ez ziren hendaiarrentzat eginak: 379 bizitoki ziren aurreikusita eta 21 baino ez ziren babes publikoko etxeak. Legearen arabera, %20 babes ofizialeko etxeak behar ziren, baina aurreko udalbatzak ez zuen araua errespetatu. Finean, merkataritzako proiektua nagusitu zen.
Zer aldatu da proiektuan, eta oro har, Hendaiako etxegintzan zu alkate zarenetik?
Zubietan deitu proiektuaren lehenbiziko eraikina ez dugu ukitu. Beste lauak eginen dira, baina horietan bi solairu kentzea eskatu dugu, etxeak apalagoak izateko. Oro har, babes ofizialeko etxeak %30 izatea lortu nahi dugu. Lurraren %50 –lur eraiki gabea– urbanizatzen denean, berau proiektu sozialetara bideratzen dugu. Gauzak aldatzen ari dira.
Krisi ekonomikoak nola eragin du Hendaian? Oposizioak herriaren garapena gelditu dela dio.
PLU zehaztu eta argitzean proiektuak gutxitu dira. Aldi berean, krisiak ere “lagundu” du sektorea apaltzen. Bistan da, sektorea gelditu da. Espekulazioa errazago kontrolatzen duzu, baina ez bada sektorea higitzen ez duzu ere ekonomia biziarazten ahal. Dirurik ez bada ezin duzu mirakulurik egin, bistan da. Krisiak, denetan bezala, sos gutxiago biltzea ekarri du udal kutxan. Udal programan aurreikusitako zerbitzu politika eta proiektuak aitzinera doaz, ez dira gelditu. Gutxiago egiten ari gara, baina gehiena aurrera doa. Egoera ekonomikoaren heinean ari gara, ez dut geldialdirik atzeman.
Tokiko aireportua hizpide. Gipuzkoako Diputazioak kritikak egin zizkizun aireportuaren aferan hartu zenuen jarrerarengatik. Nola azalduko zenuke gertatua?
Madril eta Parisko arduradunen artean bilera egitea galdetu genuen. Udal gisara ez dugu deus egitekorik, ez da gure konpetentziakoa, alabaina guk pairatzen ditugu hegazkinen hotsak. Aireportuaren gaineko akordioa –bi estatuen artekoa– 1992an sinatu zen. Madrilgo eta Parisko sailek adostu zituzten kudeaketak. Guk bi aldeak gonbidatu genituen aireportuaren inguruan sortzen diren arazoei buruzko gure iritzia emateko. Bi gai ziren ikusgai: aireportuaren luzatzea eta hegaldi kopurua. Akordioak dioenez, 24 mugimendu edo hegaldi baino ezin dira egin eguneko. Hegaldi bat aireratzea edo lurreratzea izaki. Baina hori ez da errespetatu. Uda partean zenbait egunetan 40 hegaldi baino gehiago egin dituzte.
(...)
Joan den urtean, azaroan, tokiko prefetari eta Frantziako ingurumen ministroari galde egin nien teknikari bat igortzea. Ministeritzak bilera eginen genuela hitzeman zidan, akordioa ez bazen errespetatzen hegazkinak airetiko espazioan ibiltzea debekatuko zutela. Erratetik egitera badago diferentzia alabaina. Ez nintzen ni bakarrik kexatu, Hondarribiako eta Irungo alkateak ere kexatu ziren.
Garai batean, aireportuaren luzatzearen kontra zineten Irun, Hondarribia eta Hendaiako udalak. Irungo alkate Jose Antonio Santanok iritzia aldatu zuen ordea.
Santano, Espaniako Gobernua PPren esku zelarik kontra zegoen. Zapatero gobernuburu denetik, luzatzearen alde dago. Hori ulertzeko goi-mailako politikaren aferetan sartu behar duzu, badakizu... Nik nire desadostasuna agertzeko, Bidasoa Patzuergotik ateratzea pentsatu nuen une batez. Gero, halako borroketan sartzen bazara, herri mailan ari garenok galtzaile ateratzen garela pentsatzen duzu...
Txingudi-Bidasoa Partzuergoaren presidentzia kudeatzen duzu uneon. Nola baloratzen duzu berau?
Partzuergoaren ardura hartu dudanean ohartu naiz anitz mintzatzen garela, baina praktikan gutxi egiten dugula. Nik jendeak eguneroko gauzetan abantailak lortzea nahi dut, hiru herrien artean gauza praktikoak egitea. Bi adibide praktiko emanen dizut: Bidasoako Ospitalea Baionakoa baino hurbilago denez, osasun zerbitzu hori baliatu nahi dugu. Tokian tokiko instituzioekin biltzen gara, baina ez da erraza. Irungo eta Hendaiako suhiltzaileen arteko elkarlana ere sustatu nahi dugu. Alde bakoitzeko suhiltzaile taldeak baditu bere berezitasunak, eta bien ahalmenak bilduz eta partekatuz gero zerbitzu hobeagoa eskaini daiteke. Bi arlo horretan, tokian tokiko arduradunak ados daude, baina gainean ditugun instituzioen baimena behar da, ez da erraz aitzinatzen.
Udalerriko instituzioak goiko beste batzuen menpe dira nolabait.
Nolabait. Gauza praktikoak egin nahi ditugu, baina Partzuergoa ez da aski, ez du nahiko indar, zerbaiten egiteko Eurohiria mailako erakundeetara pasa behar duzu. Gure Herriko Etxearen gibelean ere Bordeleko eta Paueko Kontseilu Nagusiak dituzu, haiekin akomeatu behar duzu. Partzuergoa ongi da, baina bi aldetako instituzioekin akordatu behar duzu proiektu bakoitza. Bakoitzak bere beharrak eta mekanismoak ditu eta ate asko jo behar duzu.
Kotte Ezenarroren garaian, prefetak Iparraldeko Herrien Elkargoan (Communauté des communes) sartzera behartu zuen Hendaia. Zertan da Herrien Elkargoa?
Kotte Ezenarrok Partzuergoarekin harremanak gehiago garatu nahi izan zuen, eta Iparraldeko Herrien Elkargoan (Communauté des communes) ez sartu printzipioz. Baina prefetak agindu zuena bete behar izan zuen. Egun Biriatuko auzapez Mixel Iriart buru duen elkargoan ari gara. Guk konpetentzia gehiago eskatzen dugu, Estatuak hemendik goiti ez baitio sosa udalerriei emanen, elkargoei baizik. Herrien elkargoek eskumen gehienak dituzte: ur, uren saneamendua, hizkuntzen ardura, euskara, kulturarena...
Prefetak ere ikastolak ez laguntzeko agindua eman zizuen auzapezei. Afera zertan da Hendaian?
Hendaiako Ikastola tipia geratu da, beste eskola bat eraiki behar da. Momentu honetan afera geldirik dago, baina guk lagundu beharko dugu, bestela nekez eginen du aitzina Ikastolak. Prefeta legeari atxikia da, legearen bere irakurketa egiten du. Badakigu denok ikastolak beharrezkoak direla euskaldun osoak ateratzeko, elebitasun azkarra behar dela, eskola publikoko elebitasuna ez dela aski. Estatuko ordezkarien diskurtsoa nahasgarria da, batetik euskara edo hizkuntza tipiak salbatu behar direla erraten dute. Philippe Rey prefeta norbaitek kitzikatu du, beti badira halakoak. Guk proiektuak aitzinatzen ditugu, gero hauek geldiarazten dituzte. Beti borrokan eta lanean. Baina pasako da hau ere.
Ertzaintza Frantziako polizarekin elkarlanean hasi da. Hendaian zentro berezia ireki dute. Nola ikusten duzu arlo hori?
Egia erran Hendaian ohoin asko dabil. Hegoaldetik heldu da horietako asko, lapurreta egin ondoren beste aldera joaten dira eta libro. Akordio bat sinatu da bi polizien artean. Frantziako komisario buruari (Donibane Lohizunen dauka komisaldegia) erran nion “agian, horrela, zuk egiten ez duzun lana eginen du Ertzaintzak”. Haserretu zen nirekin. Hendaian arazo handia da arlo horretan. Joan den neguan hondartza aldeko etxe asko “hustu” zuten. Gainera, gauzak nahasten dira, ohoinak etorkinak direla diote... Beraz, hobe gauzak plantan jartzea.