Urriko egun ilun bati jarriak

Miren Artetxe
I
Goizeko seitan iratzarri nau
atearen kolpe hotsak,
ohartzerako barruan ziren
uniformedun arrotzak.
Galdezka hasi zaizkidanean
dar-dar egin dit ahotsak,
baina, beldurrak ezkutatzeko
aholkatu dit bihotzak.
Hotzikara bat sorrarazi dit
eskuburdinen krak hotzak…
“Bide luzea izango dun hau,
eutsi ta estutu hortzak”.
II
Amaren begien amorrua,
uzkurtutako bularra,
aitaren arnasaren estua,
bere belaunen dardarra…
“Ez ezan hau gogorrago egin,
utz gerorako negarra;
ez itzan gehiago arduratu,
atera ezan indarra!”.
Aita ta ama, orain hauxe da
damutzen zaidan bakarra,
maite nautenek amesgaizto hau
barrutik bizi beharra.
III
Maiz pentsatu dut hauxe gertatu
zitekeen egunean,
uniformeak gure etxera
sar zitezkeen unean,
senti nezakeen izuan eta
senti nintekeen umean.
Pentsamendu hutsa zena egi
bihurtu da azkenean.
Ta polizien bultzada batez
atea itxi denean,
inoiz izango ez naizen ni bat
gelditu da barrenean.
IV
Animo oihuak entzun ditut
kalera irten ahala,
ta ikusi dut nire lagunak
garrasika ditudala.
“Animo neska, jendeak ondo
hagola ikus dezala”.
Urrundik flashak boteaz hasi
da kamera digitala,
eta taupadak eztarriraino
igo zaizkit berehala,
gertatzen ari denaz oraintxe
ohartu banintz bezala.
V
Bi nazionalek pauso azkarrez
ta bultzaka naramate,
beraz, banoa maite ditudan
pertsonengandik aparte.
Zerbait esaten saiatu naiz ta
burua jaitsi didate.
Orain lagunen oihuak ditut
nire izuen estalpe.
Zenbat denbora pasako ote da,
berriro ikusi arte?...
Besoa jasotzea lortu dut
ta autora sartu naute.
VI
Irain ta kolpeak hasi dira
sartu orduko autora.
Behera egin dit animoak
ta adrenalinak gora.
Gerta daitezkeen mila irudi
datozkit orain gogora…
“Duintasunez gainditu ezan
bost eguneko aproba,
hire buruaz errukitzeko
edukiko dun denbora!”.
Gau hau sekula biziko dudan
luzeena izango da.

 VII
Ai! Datorkidan kalbarioa
ezabatzerik balego!
Lehenik bost egun isolaturik,
poliziaren petzero,
ondoren Marlaskaren ehizaki,
gero kartzelan numero,
lau urte prebentibotan ez dut
epaiketarik espero,
ziegan zuekin gogoratuz
lokartuko naiz gauero;
eta gaitz erdi hau bizi duen
azkena izanez gero.
 

Doinua: “Albizturtikan Bidaniraino”.

Bidali zure sortak bertsoak@argia.eus helbidera. Aukeratuak orri honetan argitaratuko ditugu.

Kanal honetatik interesatuko zaizu: Argiako Bertso jarriak
2023-01-10 | Imanol Lazkano
Bertso berriak, txapelketako finalari jarriak

Abenduaren 18an, Euskal Herriko Bertsolari Txapelketako finaletik bueltan jarritako bertsoak.


2019-03-01 | Miren Osa Galdona
Zeruko Argia eta ARGIAko bertso jarriak
Xanti Zabala “Lexo”ren emaria

Xanti Zabalari omenaldia martxoaren 16an
Bertso idatziei ahotsa emateko garaia

2014-01-16 | Imanol Lazkano
Basarriren mendeurrenean
Doinua: Ari naizela

 

Bertsolaritza zeraman bere
bihotz eta bekokian
berrikuntza bat behar zuela
ere berak bazekian.
Ostatuetan jaio zen hura
txertatuaz antzokian
urrats berririk eman ez balitz
norabide... [+]

2013-04-10 | Jokin Uranga
Corrugadosi jarriak

Doinua: Mutil koxkor bat.

Urte askoan gurea izan da
abundantzien bailara
zenbat familia joan ote da
orain langabeziara?
Mahaian dago eztabaidagai
zer ginen eta zer gara
alfer alferrik izango dira
hemen ERE eta Hara!
Mentalitate aldaketa bat
ematen ez... [+]


2012-12-26 | Aitor Sarriegi
Extrari jarriak

Doinua: Gure aurreko guraso zaharrak


Eguneraketa berriak daude