Erretretak: sua langile eskubideen azken barrikadan

  • Kolpetik, hiru urtetan, Europako langileria pasatu da asteko 35 orduko lanaldia aldarrikatzetik 60 urteko borroken poderioz ukiezinak ziruditen eskubideak galtzeko zorian edukitzera. Jubilazioak dira horren eredu. Finantzen krisia gainditzeko estatuek inprobisatu politikei aurre egiteko indarrik ez bide dago, salbu eta Frantzia zaharrean.
erretreteak
Fermin Goiriz bati hartu diogu irudia Pantin es distinto blogetik. Alderdi Obrero Independentearen afixek "Ez hunki gure erretretak!" diote lau hizkuntzetan idatzita. "Frantzia, Grezia, Espainia, Portugal... aldarrikapen bera" ipini diote aurretik, nahiz eta begi bistakoa den Grezian eta Frantzian bai izan direla mobilizazio gogorrak erreforma ultraliberalak gelditzeko helburuz, baina ez dela berdin gertatu orain arte Espainian eta Portugalen. Agian urrunegi iritsi da Nicolas Sarkozy bere planetan? "Erretretena gerta dakioke "“idatzi du Fréderic Lordonek"“ gehiegizko urratsa, agian pilatu zaizkio erreforma lotsagabearekiko jendearen arbuioa, finantzen munduak erakutsi espektakuluarekiko nazka izugarria, ez kapitalismoaren beraren baina bai gaur dauzkan formen kontrako protesta eta bizimodu baten defentsa". Hitz jokoa eginez, Frantziak erreforma baino iraultza behar duela.
Frantziak 1968ko maiatzetik hona ikusi duen greba eta mobilizazio uholde handienaz zer esan dezake kazetari euskaldun-espainiarrak? 2020ko albistegietan “Orain dela 10 urte...” tituluekin oroituko direla jakinagatik, zail egiten zaio ongi ulertzea zer dela eta mobilizatu diren hainbesteraino Hexagonoan are atzerakada minberagoak nozitu behar dituzten Ingalaterran edo Espainian baino.

Hego Euskal Herrian eta oro har Espainian iritzi emaile nagusiak, izan ezkerreko edo batik bat eskuineko, ortodoxia neoliberalari jarraitzen zaizkio analisietan.

Antton Perez Calleja bat honela trufatu da Frantziako langileen mobilizazioez: “Asko ari naiz dibertitzen Frantzian jubilazioak direla eta gertatzen ari denarekin. Oraingoa ez da txintxoen eta gaiztoen arteko borroka, non herria oldartzen baita gaizkia absolutuaren kontra, kapitalismo zurgatzailearen aurka. Honetan ez da berdin. Sistemaren administratzailea, Estatua, ari da abisatzen ikaratuta kontuak ez direla ateratzen. Aktiboei eskatzen die lan gehiago egiteko, pasiboei gutxiago kobratzeko. Ekuazioa orekatu behar dela”.

Ezkerreko irakurketak askoz ugariagoak izan dira Frantzian. Kaleetako matxinada justifikatu edo esplikatu duten iritzi emaileen artean bat aukeratzekotan, Le Monde Diplomatiqueren blogen atalean La pompe à phynance (Finantzazko punpa esan genezake euskaraz) animatzen duen Frédéric Lordon-ek “Erretreten urtze puntua” izeneko artikulua plazaratu du. Luzea, konplikatua, baina argudio sendoz argitzen duena langile askok aspalditik susmatua: urte luzetako iruzurretan azkena eta agian garrantzitsuena dela jubilazioekin agintariek antolatu dutena.

Araugabetze politika ikaragarri baten barruan, dio Lordonek, Gobernua bi komunitate oso ezberdini mintzo zaio. Batetik dago nazioa osatzen duten herritarren komunitatea eta bestetik dago mundu mailako finantzek osatzen dutena. Eta bere arbitro lanetan, Estatuak “bigarren indar hauei ematen die arrazoi lehenengoaren kontra”.

Horra finantzen globalizazioak ekarri duen egoera berria: “Uste genuen herri burujabea zela Estatuaren komunitate erreferentzia bakarra (...) baina ikusi dugu agintariek ez dutela manatzen zilegitasuna eman dieten herritarren alde, beste batzuen alde baizik”. Hots, mundu mailako “merkatuek” ez diezaioten Estatuaren zorrari AAA kategoria kendu (“la retraite contre la triple A” laburbiltzen du Lordonek) herritarren jubilazioak aldatu behar omen dira, gainera berehala.

Frantziako legebiltzarrak erreforma bat onartu du publikoki, baina itxurazko aldaketaren azpian mudantza askoz sakonago bat ari da gertatzen. Alegia, frantsesez retraite par capitalisation eta gaztelaniaz capitalización individual de pensiones deitzen dena. Azken hamarkadotan denetan zabaldu den sistema da, neurri txikiagoan edo handiagoan diru publikotik kobratu behar den jubilazioa osatzekotan.

Oraindik gure artean ezkerreko jende askok ere aitzinamendutzat dauzkaten pentsio sistemok, Lordonen iritzian, langileak preso uzten dituzte aurrezkiok kudeatzen dituztenen besoetan. Aurretik, pentsio sistema publikoa hondatzen utzi dute, lehenago trenbideak, posta, osasun edo laguntza zerbitzuak, eta abar luze bat hondatzen utzi eta pribatizatu ostean.

Zahartzaroko gure sosak

Zerbitzu sozialen helburua zenez herrialde bateko aberastasuna, eta ondorioz ongizatea, hein batean banatzea, pribatizazioak hankaz gora bota du urteotan lorpen hori, klaseen arteko leizea sakonagotuz.

Ongizate estatua eraisteko lanean jendeen psikologiarekin jokatu dute “erreformatzaileek”. Indibidualismoarekin, alegia. “Denak nor berea zaintzen, bakoitza bere kalkuluetan murgildurik, ez daukalarik sistemari amore ematea beste aukerarik, bakoitzak onartzen du eskueran jartzen diona”. Pentsio plan pribatuekin horixe gertatu zaio edonori, Lordonentzako: miseriazko jubilazioa iragarri zaionez, sarritan bere printzipioak irentsi eta txanpon batzuk sartu ditu edozein pentsio planetan.

Aldiz, orain hemen ezarri nahi den sistema pribatuaren emaitza negargarriak ikusita daude Estatu Batuetan. Lordonek aipatzen ditu National Bureau of Economic Research erakunde publikoarentzako Robert Novy-Marxek eta Joshua Rauhk egin ikerketaren emaitzak. Haiek erakutsi bide dute AEBetako pentsio funts gehienek, publikoek barne, dirua galdu dutela urteotan.

Pentsio funtsek nondik edo handik etekina atera nahian apostu arriskutsuak egin dituztenez, burbuila guztien eztandak jasan dituzte, hasi Internetekoarenetik eta subprimeen hondoratzeak zapartatu zueneraino. Baina finantzen munduko espekulazio zirimolan harrapatuta, funts horiek ordaindutako lobbyek presio egin dute Washingtonen, eta azkenean Obama presidenteak berak indarrik gabe utzi du George Bushen agintean, 2006an, pentsioen ahalmena bermatzeko erabakitako legea.
Ondorioz, dio Lordonek, “iragarrita dago AEBetako langile askok ez duela beste aukerarik izango Matusalenen urteak bete arte (ahal badu, noski) lanean jarraitzea baino”.

Urteotan erretretez zabaldu diren zurrumurruek zenbat ez dute lagundu pentsio pribatuak orokortzeko xedea? Ororen buru, propaganda pagatzen duten mutualitate eta abarrek –finantza sistemaren zati direnek– beti kobratuko dituzte beren komisioak, pentsio funtsak irabazi ala galdu.

Horrelako aurrezki planetan harrapatuta langileak zail dauka finantza sistemari hortzak erakusten. Bestalde, mundu osoan ugaritu diren berregituratze operazioetako askotan horrelako funtsak dabiltza inbertsioak egiten... eta milaka langile kale gorrian uzten. Ustez langileak jabe dituzten funtsak auzo herrian beste beharginak mixeriara jaurtikitzen.

Sistema berriak preso hartutako beharginen erreakzioak aurrikusteko beste termometro bat berrikitan BP petrolio konpainiak Mexikoko golkoan eragin kutsaduraren ondorengoa izan da. Garbiketa lanak eta indemnizazioak oso garesti aterako direnez, BPren akzioek sekulako beherakada nozitu zuten Londresko burtsan, non Footsie indizearen oinarrietako bat den. Britainia Handiko milioika pentsiodun eta jubilatugai larri bezain haserre ibili dira hilabeteotan, aurrezkiak nola galtzen zituzten ikusirik.

Ororen buru, plangintza honekin Frantziako eta hein batean Europa aberatseko nortasun agirietako bat jarri da auzitan: erretretekin belaunaldien arteko solidaritatea eta sortutako irabazien zati bat zahartzaroan berriz banatzea baimentzen zuena. Bankariek izugarri gogortu dituzte langileen bizi baldintzak. Berdina lortzear dira zaharrekin.

Kanal honetatik interesatuko zaizu: Pentsioak
2024-12-19 | Gedar
Europan, pentsiodunen %13k jarraitu behar dute lanean

Erretiroa hartu berri dutenen %4,9k uztartu behar dituzte pentsioa eta lanen bat Espainiako Estatuan. Estonian %55 dira.


2024-11-12 | Jon Torner Zabala
Pentsioak %0,9 igoko dira Ipar Euskal Herrian urte berriarekin bat

Urtarrilaren 1etik aurrera pentsioak %0,9 handituko ditu Frantziako Gobernuak, hasiera batean iragarri baino lehenago, 2025eko uztailera arte ez baitzuen asmorik pentsioak igotzeko, 4.000 milioi aurreztea helburu.


Erretiro adina atzeratzeak ez du konpentsatzen: lehenago hilko gara eta estatuak dirua galduko du gainera

Espainiako Estatuan egindako ikerketa baten arabera, erretiro-adina atzeratzeak ondorio kaltegarriak dakartza, ez bakarrik lehenago hiltzeko arriskua duen langilearentzat berarentzat, baita diru-kutxa publikoarentzat ere: 8.564 eurotan baloraturiko galera soziala izango luke... [+]


2023-11-16 | Estitxu Eizagirre
"Bertsopentsiotan", Pentsiodunen I. Bertso Jarrien Lehiaketa
Astelehenero kalera ateratzen diren aldarriak bertsotara eramateko deia

Euskal Herriko Pentsiodunen Mugimenduak bertso lehiaketa berezia jarri du martxan: "Bertsopentsiotan". "Ari garela, ari garela, astelehenero kalean" gaiari bertsoak jartzeko urtarrilaren 15a arte (astelehena) dute epea 60 urtetik gorako Euskal Herriko eta... [+]


2023-11-10 | Ahotsa.info
1080€ Orain herri ekimenak larunbateko manifestazioan parte hartzeko deia zabaldu du

1080€ Orain ekimenak, prentsaurreko bidez, larunbatean 17:30ean Baluarte plazatik abiatuko den manifestazioan parte hartzeko deia luzatu du. Eta gainera, dei berezia egin nahi izan diete nafar emakumeei, "pentsioetan ematen den genero arrakala ukaezina delako eta... [+]


Gutxieneko pentsioa 1.080 eurokoa izateko Nafarroako aurrekontuetako dirua bideratzeko eskatu dute

Nafarroan 51.000 pertsona dira 1.080 eurotik beherako pentsioa dutenak. Horietatik %66 emakumeak dira. Nafarroako Gobernuak ardura har dezala eta gutxieneko pentsioak ziurta ditzala eskatzen ari dira. 


2023-08-22 | Ilargi Manzanares
Pentsiodunak Bilboko jaietan mobilizatu dira

Milaka pentsionista atera dira kalera astelehenean, txistulariekin eta konpartsekin batera, Bilboko Aste Nagusiaren oihartzuna aprobetxatuz. Hainbat erreibindikazio egin dituzte, hala nola 1.080 euroko gutxieneko pentsioa.


72 urterekin jubilatu? Zergatik Espainiako enpresarien lobbyaren proposamenak ez duen heldulekurik

Espainiako Enpresarien Zirkuluak dio pentsioen sistema publikoak "bost urte barru" kiebra ez jotzeko modua dela 68 eta 72 urte artera luzatzea erretiro adina. AEBetan eta beste zenbait tokitan eskuin muturrak darabilen diskurtso bera erabili du lobby honek.


2023-06-28 | ARGIA
Mauletar batek auzitegian deklaratu beharko du erretreten erreformaren kontrako protesten harira

Erretreten erreformaren kontrako manifestazioetako batean atxilotu zuten mauletarrak Baionako auzitegian deklaratu beharko du, datorren astean. Elkartasuna adierazi du hainbat herritarrek: “Errepresio gorakada azkartzen ari da”.


Erretreten erreforma pasa arren, jendetza batu da berriz ere Baionan

Erretreten erreformaren aurkako hamalaugarren greba eguna dute gaur Ipar Euskal Herrian. Frantziako Estatuko 250 bat hiritan egin dute manifestaziorako deia sindikatuek.


Erretiro adina atzeratu eta lanaldia luzatzean

Zer pentsa ematen du apirilaren 28an egindako salaketek utzitako arrasto txikiak, eta haren segida bakarra izatea istripuen eta langileen heriotzen kate etengabea. Azkoitian, eraikuntzan beste behin ere, oso ohikoa eta beraz saihesgarria den istripuan hil da 62 urteko langilea... [+]


Euskal Herriko Pentsiodunen Mugimenduak hiru martxa egingo ditu 1.080 euroko pentsioa eskatzeko

Astelehenean Bilbotik eta Bergaratik abiatu dira, eta asteartean Agurainetik. Ostegunean Gasteizen batuko dira hiru mobilizazioak.


Erretreten erreformari buruzko erreferenduma atzera bota du Frantziako Konstituzio Kontseiluak

Ekainaren 8an dute erretreta adina 62 urtetik 64ra pasa duen legea ezeztatzeko ondoko aukera. Hain zuzen, Liot talde independenteak legea ezeztatzeko aurkezturiko lege-proposamena bozkatuko dute egun horretan. Ekainaren 6rako finkatu dute hamalaugarren greba eguna sindikatuek.


Erretreten erreforma Ipar Euskal Herrian
Bost datu, erretreten erreformaren aurkako mugimenduaren heina neurtzeko

Erretretarako adina 62 urtetik 64 urtera atzeratzen duen erreforma pasa arren, aurkako mobilizazioek segitzen dute. Ondoko bideetatik dabiltza testu horren kontrakoak: greba eta manifestazioak; Konstituzio Kontseiluaren ezeztapenaren esperantza mehea; gobernuaren parean postura... [+]


Eguneraketa berriak daude