Luz Amparo, dokumentaleko protagonista batEuskal Herria Helmuga
Bilbo inguruko txabola-auzoak filmatu zituen Policarpo Fernándezek 1960an, Bilbao ignorado izeneko film laburrean. Indar biziko irudi haiek berreskuratzeko beharra ikusi zuen Patrizia Muñoz zuzendariak, erabilera baliagarria emateko asmoz: garai hartako eta gaur egungo migrazioaz birpentsatzea. Horrela sortu zen Euskal Herria Helmuga (2009), 22 minutu eta erdiko dokumentala. Bi sasoi irudikatu ditu Muñozek: batetik, 1950-60ko hamarkadetan etorritakoak. Industrian lan egitera heldutako jendea zen, batik bat Espainiako Estatuko lurraldeetatik. Bestetik, azken urteotako immigrazioa du mintzagai, lanbide anitzetan jarduteko mundu osotik gerturatutako etorkinak. “Ezberdinak dira garaiak eta pertsonak, baina geratu zaidan inpresioa da bizipenak antzekoak direla. Adibidez, txabolak eraiki behar izan zituzten 60ko hamarkadan, eta gaur egun ere etxebizitza da arazo nagusietakoa, pisu bakarrean lagun ugari pilatuta bizi dira sarri. Azken finean, testuinguruak testuinguru, pertsonak eta garaiak ezberdinak izan arren, zure lurraldea eta zure familia atzean uzteak antzeko esperientziak sortzen ditu maiz”, dio zuzendariak.
Garai bakoitzaz aritzeko, elkarrizketatu bana hautatu du Muñozek, bata bertokoa, etorkina bestea: Periko Solabarria sindikalista eta diputatu ohiak 60ko hamarkada ekarri du gogora, une latz haietan aurrera ateratzeko etorkinen eta bertakoen artean sortu zen lankidetza eta solidaritatea azpimarratuz. Luz Amparo Pimiento kolonbiarrak berriz, egungo egoera du hizpide: jatorriko herrialdeetatik alde egiteko etorkinek dituzten arrazoiak, gobernuek hainbatetan eurekin ghettoak sortzeko duten joera, emakume immigranteen baldintza kaskarrak, Euskal Herrian errotzeko aukerak eta zioak… Bilboko Posada de los Abrazos aterpeko arduraduna da Pimiento, kanpotarrak nahiz bertokoak elkartu eta laguntzeko aterpea.
Besteak beste, gurea den historia berreskuratzea izan da Patrizia Muñozen helburua, “nondik gatozen barneratzea kostatu izan zaigulako sarri”, eta kanpotik etorritako jende horri guztiari eskainitako omenaldi modukoa da dokumentala. Gaur egungo etorkinez ere, belaunaldi berrien guraso izango diren horiez, hausnartzea du xede, migrazioa etengabe ematen eta emango den fenomenoa delako. Nagusiki, haatik, gogoeta eta eztabaida eragingo duen tresna izan nahi du filmak: “Alegia, dokumentala ez da bere horretan lan bukatua, horren inguruan pentsatzeko erreminta baizik”. Eta zentzu horretan, bertakoei balio behar die gogoetatzeko eta konturatzeko munduan zuriak eta europarrak ez garela bakarrak, baina baita etorkinei ere, “jakin dezaten gutako batzuk immigranteen seme-alabak garela eta historia hori ere gurea dela”.
Ekarpenak eta buruhausteak
50-60etako etorkinentzat mirespen eta esker oneko hitzak ditu Periko Solabarriak dokumentalean, “herri honi ekarpen handia egin dion jendea izan delako. Jende oso eskuzabala izan da, oso baliagarria, borrokalaria eta laguna. Izugarri aberastu gaituzte, eta aberasten jarraituko dute”. Ekarpen hori, bi norabideetan egiten dena, garrantzitsua dela azpimarratu du Luz Amparo Pimientok filmean, batera eraiki behar delako. Baina dena ez da urre kolore: elkarbizitza ez da beti erraza, geografikoki eta sozialki hain desberdinak diren taldeen artean, “eta esperientzia txarrak izaten dira tartean, noski”, onartu du kolonbiarrak. Askotan, samina eta atsekabea ere ekarri ohi ditu etorkinak berarekin, jaioterria, familia eta ordura arteko bizimodua atzean uztea zaila baita, eta hori ulertu behar dugula uste du Pimientok. Babesgabe iristen badira, sare sozialik gabe, beharbada ez dute eraikiko, ez dute gizarte berria errespetatuko, eta arazoak sor daitezke. Egoera horiek atzematea funtsezkoa deritzo.
Dokumentalaren mezua, dena den, baikorra da, eta zalantzak sortu zaizkio zuzendariari: “Horrelako dokumental batean, duen iraupena eta egitura ikusita, ematen den mezua baikorra izatea nahi dut, argi dagoelako gainera ekarpenak egiten dituztela etorkinek, baina egia da baita ere askoz konplexuagoa dela fenomenoa eguneroko bizitzan. Zentzu horretan, mugak ditu lanak, ez da azterketa sakona, eta eztabaida mamitsuagorako abagunea izan behar du. Finean, oso talde heterogeneoa da etorkinena, eta esperientziak ere mota anitzekoak dira, mundu mailako prozesua delako egungo migrazioa”.
Guk geuk, pertzepzio oso desberdina daukagu etorkinen jatorriaren arabera, Muñozen aburuz, eta halakoa da egiten diegun harrera. “Elkarrekin bizi gara, baina ez dakit zein neurritan elkar ukitzen dugun, batera egon arren bakoitza bere munduan baitago, sarri horma ikusezinak daude tartean”. Eta elkarbizitza al da bidea? “Ez dakit, baina gutxienez gehiago ezagutuko dugu bestea. Hobeto ulertuko dugu elkar, edo beharbada ez, baina hari buruzko informazio gehiago izango dugu, existitzen dela jakingo dugu, gure auzoan bizi dela, eta konprenituko dugu etorkina ez dela soilik telebistan ikusten dugun hori, zenbaki hutsa”.
Lekuan lekuko egoera
Urtebetean, dezenteko mugimendua izan du dokumentalak. Herri ugaritan egon dira Euskal Herrian barna eta eztabaida interesgarrietarako parada izan da. Tokian tokian, herri eta eskualde bakoitzak etorkinekin izandako esperientzietara eraman dute solasaldia, Patrizia Muñozek azaldu digunez, eta argigarria izan da jasotako bizipen andana. Pena, dokumentalak eta solasaldiek ez dituztela erakarri etorkinak nahi bezainbeste, funtsezkoa baita euren iritzia ere entzutea.
Esaterako, Luz Amparo Pimiento kolonbiarrak etorkizunari buruz egin duen hausnarketa: “Etorkizunean, immigrazioaren funtzioa oso emankorra eta handia izango dela uste dut, ekarpenak egiteko prest baikaude, eta dezente ekartzen dugu guk, ez bakarrik lana, ez bakarrik lanerako eskuak eta gorputza, baizik kultura bat, baloreak, eta elkartzeko nahia, hemen zer dagoen begiratu eta nik zer eman dezakedan eta zer eman diezadaketen deskubritzeko nahia, gizarte berri honetan eraikitzekoa. Eraikitzeko borondatea jada ez da gutxi, bizi-esperientzia ugari dakarzkigu gurekin, gizarterako zailak, gogorrak diren urratsak, baina baita aberasgarriak ere”.