Nafarroako zainzuria ahitzear egon liteke, atzerritiko inportazioak ez moztekotan. Diagnostiko dramatiko hori joan den otsailaren 12an plazaratu zuen UAGNko Felix Bariainek. Nekazarien buruzagi honek Peru eta Txinatik iritsitako zainzuriak egiten zituen errudun, eta kritikatu zituen Nafarroako kontserbagileak bertan urri eta merke erosten dituzten esparragoak erabiltzen dituztelako fama kaxkarragoa duten atzerrikoak ezkutatzeko.
Maiatzean EHNEko Ignacio Gilek berretsi zituen iritziok, argituz aurten gogorra izango zela sasoia zainzuritan ari diren laborarientzako, gogorraz gain laburra, udaberrian beroa berandu heldu zelako. Gainera krisia: “Nafarroako zainzuria delicatessen gai bat da, garestia. Horrelakoek nozitzen dute gehien krisia. Soberakinak daude biltegietan”.
Aurten Nafarroako soroetan 2,5 milioi kilo ekoiztea espero bazuten, Txina eta Perutik 60 milioi ziren sartzekoak, EHNEko ordezkariaren hitzetan. Horietatik gehienak zuriak, kontserbatarakoak, baina gero eta gehiago esparrago berdea ere bai. Harriturik zioen Gilek: “Ez dakigu nola lortzen duten, oso gai hondakorra baita”.
Nafarrei arrazoi eman zien joan den abuztuan munduko zainzuri esportatzailerik handiena den Camposol enpresako buru Juan Jose Gal’Linok, Cinco Días egunkari ekonomikoan deklaratu zuenean: “Peruko zainzuriak nagusitasuna kendu dio Nafarroakoari”. Camposolek iaz 100 milioi euroko balioa esportatu zuen, herena Espainiara.
Gal’Linok argitu ditu peruarren sekretuak. Hasteko, eguraldia: han 12 hilabeteetan egunero bildu dezakete zainzuria, soroek hemengoen hiru edo lau halako ematen omen dute. Bestetik, eskulanari han askoz jornal urriagoa pagatzen zaio. Teknologian hemengoen pare jarri dira. Ororen buru, harro diote zainzuri peruanoak ez duela hemengoaren inbidiarik.
Cinco Díaseko kazetariari Gal’Linok erantzunik dakigu Peruko industria handia ere kolpatu duela krisiak, salmentak heren batean jaitsi zaizkiela, prezioak beste hainbeste. Kontatu digu ere 1997an enpresaburu venezuelatar batek sortutako Camposol 2007an Dyer familiak erosi zuela, arrantzatik aberastu den Copeinca talderako. Hauen eskutik sartu ei da burtsan, baina ez edonongoan: Osloko burtsan. Agroindustriak interes handia piztu du munduko inbertsiogileen artean.
Alta, beren esportazioen kopuruak eta urteroko irabaziak –Camposolek 2008an 6,8 milioi euroko etekina erdietsi zuen– harro iragartzen dituzten enpresaburu perutarrek aipatu ere ez dute egiten hango soroetan labore industrializatuak eragin duen liskar handi bat: esparragogintzak ura urritu du Peruko paraje idortuetan eta milaka lanpostu berri sortu dituen modu berean beste milaka familia utzi ditu bizimodua atera ezinik.
Egarri baten mozkorrez
Felicity Lawrence kazetariak honako lerroburua paratu du The Guardian egunkarian: “Britainiarren esparragozaletasunak nola zurrupatzen dituen agortzeraino Peruko iturriak”. Gurean potoko zainzuriak bezala estimatzen dira Britainia Handian zainzuri berdeak.
Kronika idazteko Lawrence Progressio erakundeak zabaldutako informazioan oinarritu da. Progressio solidaritate erakunde ingeles katolikoa da, duela 70 urte inguru sortua, eta haren webgunean irakur daiteke Askapen Teologiako kristau ezagunek 1960-1970 urteetatik landutako ideiak egiten dituela bere.
Progressio elkarteak Erresuma Batuan piztu du alarma europarrak zainzuri merkeak jan ditzaten Peruko soroetan gertatzen denaz. Batik bat Ica bailaran, zainzuriak modu industrialean ekoizteagatik urte gutxitan arras urritu dela lurpeko ura.
Munduko leku lehorrenetarikoa da Ica bailara. Urte osoko beroa aprobetxatzekotan, zainzuriak eten gabe ureztatu behar dira, lurpeko iturrietatik aterata. Baina 2002tik hona iturriok ez dira ur berriz berdintzen. Ura gero eta sakonagotik atera beharra dago. Ez omen da munduan beste lekurik ura hain azkar desagertzen ari denik.
Esportaziorako nekazaritza industriala Peruko eremuotan 1990eko hamarkadan hasitako fenomenoa da, Munduko Bankuaren kredituz sustatuta hasia. Geroztik desertuko 100 hektarea zainzuri sail bihurtu da. Industriak dio 10.000 lanpostu berri sortu dituela. Baina bidean 18.000 herritar utzi ditu urik gabe.
Juan Alvarez nekazariaren kasua bildu du Progressioren dossierrak. Lau belaunaldiz nekazaritzan ari diren alvareztarrek 10 langile dauzkate finkorik eta 40 gehiago behar izaten dituzte uzta garaietan. Bizibidea arriskuan dauka etxaldeak. Lehen 55 metroko sakoneratik ateratzen zuten ura, segundoko 60 litro; orain 108 metro arte zulatu behar da segundoko 22 litro ateratzeko.
“Esportatzaileak –dio Alvarezek– gobernu berriarekin eta dirulaguntzekin iritsi ziren. Lana ekarri dute, egia da, baina ura agortzen ari dira eta ahitzen denean alde egingo dute. Zein da gure etorkizuna? Guk ez dugu inoiz alde egingo”.
Etxalde txikiagoak are larriago bizi dira. Askok saldu egin dizkiete beren ur eskubideak industrialei, eta saldu ez dizkietenek eskasiari egin behar diote aurre. Ura gero eta urriago, gero eta sakonago... eta lurzorua lehen baino azkarrago sekatzen da.
Alicia Flores eta bere sendia Callejón de los Espinosen bizi dira, Ica bailaran. Hemen etxeetara astean hirutan iristen da ura, aldiko ordu betez. Lehen astean lautan zeukaten eta bina orduz, baina esportatzaileek lurpeko ura irentsi ahala presioa beheiti joan zen. Badira lau urte hori gertatu zela. Gero, 2007an, lurrikarak are okerragotu zituen gauzak, hodi eta biltegiak hondatzean. Gaur, eguneko eta pertsonako 10 litro besterik ez daukate, Munduko Osasun Erakundeak minimotzat jotzen duenaren laurdena baino gutxiago.
Uraren urritzeak esportaziorako ari diren soro handiak ere kolpatzen ditu. Gero eta karuago ordaindu behar dute ureztatzea. Sakonago zulatu behar dute jario bila. Auzokoen iturbegiak erosten dituzte. Hodi bidez ekarri beharra daukate urrutietatik. Agintariak diruz busti behar dituzte legez kontrako erabilerari ezikusia egiteko.
Perun esportaziorako antolatu diren soroak omen dira ura nola ez den erabili behar ikasteko eskola. Eta klimaren aldaketarekin are okerrago izanen da, Andeetako glaziarrak urtuta basamortuotan urpeko uraren maila are apalago izango da.
Progressiok aipatu duen Alicia Floresen senarra, esportatzaileen langile ari da. Ondo samar kobratu izan du... krisia iritsi den arte. “Ura agortzen bada eta haiek joan, ez dugu izango ez lanik, ez urik. Zer egingo dute gure haurrek?”.