4.000 urteko historia tuneletik argitara

  • Gipuzkoa eta Araba lotzen dituen San Adriango tunela iraganean pasabide garrantzitsua izan zeneko zantzuak egon arren, orain arte ez zen ikerketa sakonik egin. Denboraren tunela bailitzan, duela 4.000 urteko bizitoki, Erdi Aroko gotorleku edo duela 500 urteko errepideetako atseden gune izan zena bisitatu dugu, teknologia berriena erabilita.
Aranzadi Zientzia Elkartea
Zarata mediatikoz beteriko garai nahasiotan, merkatu logiketatik urrun eta irakurleengandik gertu dagoen kazetaritza beharrezkoa dela uste baduzu, ARGIA bultzatzera animatu nahi zaitugu. Geroz eta gehiago gara, jarrai dezagun txikitik eragiten.
Donostiatik abiatuta 50 bat kilometrora dago Zegama. Handik Otzaurteko mendate bihurrian gora beste ia 8 kilometro egin eta, Benta pareko pista hartuta, beste bospasei kilometro egin daitezke autoz. Autoa utzi eta basoko bidean gora oinez abiatuz gero, arin samar ibilita, ordu erdian parean izango duzu San Adriango edo Lizarrateko igarobidea, itsas mailatik 1.000 metroko altueran dagoen haitzulo karstiko naturala, 70 metro inguru luze dena, eta artifizialki zabaldua, egokitua. Nork esango luke mendian galdutako inguru hura mendetan garrantzi handiko igarobidea izan zela? Bada, horixe esaten du azken hiru urteetan Aranzadi Zientzia Elkartea burutzen ari den ikerlan multidiziplinarioak, Gipuzkoako Foru Aldundiko Landa eta Garapen nahiz Kultura eta Euskara sailak bultzatzen duten proiektuaren barruan.

San Adrianek izandako garrantziaren zantzuak baziren lehenago ere. Mende askotan Gaztela eta Frantziaren arteko bidean gune erabakigarritzat jo izan da. Ikerketaren nondik norakoen berri eman digun Aranzadiko kide Alfredo Morazaren hitzetan, “beti izan da toki mitikoa, oso berezia, gauza asko esan dira hari buruz, baina sekula ez zen ikerketa sakonik egin. Ez genekien benetan zer zegoen eta zer egoeratan zegoen. Horregatik Foru Aldundiak erradiografia bat egin nahi zuen”. Hala, hainbat alorretako 30 zientzialari tuneleko aztarna geologiko, historiko, etnografiko eta arkeologikoak ikertzen hasi ziren.

Aranzadiko arkeologoak dio orain arte burututako indusketen emaitzak oso positiboak direla: “Ezusteko ona hartu dugu ia egitura guztiak osorik daudelako. Brontze Arotik hona 4.000 urteko sekuentzia ia osorik gorde da”.

4.000 urte, lau argazki

4.000 urteko bide horretan lehen geldialdia Brontze Aroa da. Duela lau milurteko arrastoak aurkitu dituzte eta garai hartan haitzuloan zenbait etxola eta artegi zeudela ondorioztatu dute. “Horrek adierazten du beti erabili izan dela bizitoki gisa”, dio Morazak. Arrastook hiru metroko sakoneran topatu dituzte. Denboraren poderioz, lurra jalkitzen joan da eta horrek esan nahi du historiaurrean tunelaren zorua askoz beherago zegoela, haitzuloa askoz handiagoa zela.

Tunelaren urrezko aroa Erdia Aroan iritsi zen. “Askoz logikoagoa dirudi Etxegarateko edo Otzaurteko portuak erabiltzea, 500 metro beherago baitaude eta hori neguan alde handia da. Baina horrek Nafarroako Erresuma zapaltzea esan nahi zuen, zergak ordaintzea eta etengabeko gatazkak, alegia. Horregatik, XIII. mende hasieran, Gaztelako Erresumak Lizarrateko bide alternatiboa bultzatu zuela uste dugu”. Galtzada eraiki zuten eta gunea gotortu zuten. Gaztelu batek babesten zuen Gaztelaren eta Frantziaren arteko lotura nagusietakoa eta haitzuloaren barnealdea eraikinez josita zegoen: sutegiak, zalditegiak, hilerria…

XVI. mendean gaztelua eta, hortaz, igarobidearen funtzio militarra desagertu ziren. Nafarroako Erresuma konkistatuta, ez zuen jada zentzurik. Gotorlekuaren arrastoak beste eraikin batzuk, ostatuak-eta, egiteko harrobi gisa erabili zituzten. “Jendeak uler dezan, gaur egungo errepideetako atseden gune moduko bat zen”, Aranzadiko kidearen hitzetan. “Gaur gasolina topa dezakezun moduan, garai hartan lastoa zegoen, lo egiteko tokia, otorduak egiteko aukera, segurtasun gunea ere bazen… Zegama eta Zalduondo artean ez zegoen ezer ere, lapurrak, mendia eta animaliak besterik ez, eta hura Gaztela eta Frantziaren arteko errege bidea zen”.

San Adriango tunelaren laugarren eta azken okupazio aldia XIX. mendekoa izan zen. XVIII. mendean beste bide batek indarra hartu zuen, Leintz-Gatzagako mendatea igarotzen duen bideak, hain zuzen. Askoz luzeagoa izanagatik, errazagoa zen bide hura, baita mantentzen merkeagoa ere. Lizarrateko neguko izotz eta elurteek asko garestitzen zituzten bidearen konponketak. Hala, San Adrian baztertuta geratu zen, baina ez zuten erabat utzi. Mikeleteen etxeak hantxe eutsi zion, eremua zaintzeko eta bidesaria kobratzeko, harik eta 1911n suak hartu zuen arte.

Iragana etorkizuneko teknologien bidez

Proiektuaren helburua tunelaren erradiografia osoa egitea zen. Alfredo Morazak dioenez, “horrek esan nahi du une honetan haitzuloa amilduz gero, zehatz eta osorik berreraikitzeko gai izan beharko genuela”. Hortaz, haitzuloaren azalera osoa fotogrametria bidez, milimetroz milimetro, neurtu dute Inertek bizkaitar enpresako kideek. Ikerlariek hiru dimentsioko eredu zehatza dute haren gainean lan egiteko.

Eredu horretan oinarrituta eta aurrez azaldutako lau aldi nagusiak kontuan hartuta, hiru dimentsioko haitzulo birtualari garaian garaiko elementuak erantsi dizkiote eta bideoa osatu dute. Ikuslea lau aldiz sartzen da San Adriango tunelean eta garai bakoitzean haitzuloak zuen itxura ikusten du. Berregite historikoa edonork ikus dezake Interneten.

Ikerlarientzat balio handia du tresna horrek, “haitzuloaren funtzionamendua eta historikoki izan duen eboluzioa hobeto ulertzen laguntzen digulako eta aurrerantzean egin beharreko lanak bideratzen ere lagunduko digulako”. Baina bereziki San Adriango igarobidearen ikerketan parte hartzen ari diren zientzia alorretan adituak ez direnei, ikerketaren datuak ulertzeko gai ez direnei zuzendua dago bideoa. Proiektuaren helburua, ikerketa bera burutzeaz gain, emaitzak gizarteratzea baita.

Tunela gizarteari zabaltzeko

Arkeologoa, zimendu bat aurkitzen duenean, haren gainean zegoen egitura guztia irudikatzeko gai da. Baina Lizarraten sartzen den oinezkoak haitzuloko horma biluziak baino ez ditu ikusiko. Bideoak denboran bidaiatzeko aukera ematen dio, nolabait, adituak ulertzen duena begiez ikusteko. Baina ez da hori San Adriango ikerketa herritarrei hurbiltzeko bide bakarra.

Horrez gain, indusketa kanpainak burutu bitartean, herritarrek horietan parte hartzeko aukera izan dute, bideak garbitzen nahiz indusketan bertan lanean. Eta lanean aritu nahi izan ez dutenek ere, bisita gidatuak egiteko aukera izan dute. “Ez genuen soilik ikerketa egin nahi”, dio Morazak, “San Adrianek jendearen jakin-mina pizten du, han zer zegoen ulertu nahi du eta jakin-min hori asetzeko, ekimena gizarteratzeko ahalegina ere egin nahi izan dugu”. Pozik daude ahalegin horrek izan duen erantzunarekin, asteburutan hurbildu den jendetzarekin.

Proiektuaren beste helburuetako bat galtzada egokitzea eta herritarrek berrerabiltzea da. “Bere garaian ingeniaritza lan bikaina egin zuten, baina azken 100 urteetan ez da inolako konponketa lanik egin”. Zati batzuk egokituta daude dagoeneko. Ingurua ezagutzen ez dutenentzat erreferentzia izateaz gain, mendizale gehienek bide bera ibiliz gero, higaduraren ondorioak asko murrizten dira.

Izozmendiaren tontorra

Tresna ugari (dokumentazio historikoa, arkeologia, prozesu geologikoen azterketa eta abar) erabili dituzte ahalik eta informazio gehien bildu eta San Adriango tunelaren puzzle konplexua pixkanaka osatzeko. Baina indusketei dagokienez, oraindik asko dago egiteko. Nolabait ere, zundaketa eta garbiketa lana egin dute, “baina aztarnategi ikaragarria da eta zati oso txiki bat baino ez dugu induskatu; datu bat botatzearren, aztarnategiaren %5 baino askoz gutxiago dago induskatuta”, dio Morazak. “Ikerketa ezin dugu tunelaren barnealdera mugatu. Inguruko eremuak ere aztertu behar dira. Badakigu, esaterako, Gaztelua haitzulotik kanpo hedatzen zela edo inguruko haitzuloak makien babesleku izan zirela”.

Denbora tarte oso luzean erabilera anitza izan du. Eta, hala, iragan oparoa ezagutarazita, etorkizuna ere badu mendi puntan egon arren orain hurbilago dugun San Adriango igarobideak.
“San Adriango mendi hau munduko gorenetakoa da”
Mendetan pasabide garrantzitsua izaki, garai eta toki askotako bidaiariek idatzi dute San Adriango tunelari buruz. Eta Xabier Azurmendik horiek bildu zituen San Adrian eta inguruen kondaira (1997) liburuan. Hona hemen testigantza horien zenbait aipu.

Arnald von Harff 1499an pasa zen bertatik: “Galarretatik San Adriana legoa bateko bidea, guztia aldapan gora. Mendiaren gainean ermita bat dago eta haitzean zulatu duten zulo bat. Pasabidearen zaintzaileak bertan bizi dira. Hemen bukatzen da Espainia eta bere hizkuntza, eta euskaldunen lurra eta hizkuntza hasten dira bertan; andreek eta gizonek ere janzkerak aldatzen dituzte, legoa-neurria ere ezberdina da”.

1502an Felipe eta Joana Gaztelako printzeek igaro zuten tunela, eta haiekin batera Antoine de Lalaing, Montignyko jaunak ere bai. Azken horren egunkariak hala dio: “Jende askoren beharrik ez legoke pasabide hau gordetzeko; lekua oso berezia, babes eta giltza da gaskoien aurka”.

Andrea Navagiero veneziarrak 1528an idatzi zuenez, “mendiaren gailurreraino ez dago zertan igorik, alderik alde tunel batetik dauka pasabidea, zulo honek balezta tiro baten luzeera edukiko du”.

Federiko II.a eta emaztea hainbatetan igaro ziren handik eta 1538an, Hubertus Thomas Leodiusek jaso zuenez, zailtasun handiak izan zituzten tunelera iristeko. “Printzea eta emaztea neke handiz elurretatik atera eta haitzulora eraman zituztenean, ardo pixka bat beste jan-edatekorik ez zuten aurkitu (...). Ondo nekien nik tuneleko jendeak zer janik ez zeukala, diru mordo ederra eman nien sei nekazari arabarrei, pitxar batzuk ardo eta hogei ogi tunelekoei eraman ziezazkieten”.

Georgius Braun eta Franciscus Hogenbergiusek Napolitik gertu dagoen Pausalipo haitzuloarekin alderatu zuten Lizarrate. Eta ez zuten Federiko II.ari egokitu zitzaion jaki eskasiarik topatu: “Tunelean aterpe eskergarria dago eta poltsa ona dakarren pelegrinoarentzat janari ugari ere bai”. 1567an izan zen hori.

Bost urte geroago Giovanni Bautista Venturinok tunelaren alderdi zerutiarragoa izan zuen hizpide: “San Adrianen ermita bat dago, santu honen izena darama mendiak. Frantziatik Espainiara zetorrela, santuak mirariz zulatu omen zuen lehen hurbilgaitz eta sarrezina zen harkaitza”.

1655ean argitaratutako lanean Antoine de Brunelek beste azalpen bat eman zuen (inolako beharrik gabe, haitzulo naturala baita): “Badirudi izadiak han ipini zuela Bizkaia eta Gaztela Zaharraren arteko bereizketa sendo eta gaindiezina. Nahitaezkoa izan da tunel bat minaz, mailuz eta zizelez zabaltzea”.

Jean Muretek 1666an idatzitako gutun batean hala deskribatzen zuen tunela: “Gailurrean, haitzulo batean sartu ginen; zure etxetik Zelestinoen komenturainoko luzerakoa gutxi gorabehera. Leku ilun batean zehar irtetzen da zulo honetatik. Egia diotsut, jauna, inoiz ez dut hain gauza beldurgarririk ikusi”. Albert Jouvinen arabera (1672), ordea, izua haitzulotik kanpo zegoen: “Aro guztietan jendeak bide honi beldur dio, mendietan banaturik dabiltzan lapurrek, bidaztiak ikustean, horiei ekiten baitiete”. Hamarkada horren amaieran, Maria Katherine le Jumel de Baneville, Aulnoyko kondesak beste erabilera bat proposatu zuen inguru horrentzat: “Harkaitz eta amildegiak bakarrik daude bertan, maitale itxaropen gabe batek bizia galtzeko leku aproposak, hartarako beharrik izanez gero”.

Ia lekuko guztiek bidearen gogorra izan zuten hizpide eta bateren batek puztu ere egin zuen San Adrian; Guillaume Manierren esanetan (1726), “San Adriango mendi hau munduko gorenetakoa da”.

Kanal honetatik interesatuko zaizu: Brontze Aroa
2021-07-27 | Pilar Iparragirre
Xabier Peñalver: «Garai batzuez ditugun hutsuneak bete ahal izatea nahi nuke»
Nondik datorkizu arkeologia zaletasuna?
Nire ikasle garaian ez zen erraza inor Historiaurreaz zaletzea, egia esan, ia oharkabean pasatzen baitzen. Baina nire aita, Jesus Peñalver, maisua zen eta arkeologia zaletasun handia zuen. Maisu egondako herri batean zezen iberiar... [+]

INDUSKETAK: HISTORIAURREKO HARRIEN MINTZOA
Ikasturtea amaiturik eta eguraldia lagun, indusketak burutzera mendira jotzen du hainbat ikertzailek, sarritan Historiako ikasle multzoa lagun duela.Mandubi Zelaia trikuharrira hurbildu gara gu, Joxean Mujika EHUko irakasleak eta ia 30 ikaslek 3.500 urteko hilobi honetatik zer... [+]

Brontze Aroko New York

Itai Elad, Yitzhak Paz eta Dina Shalem ikerlariek halaxe definitu dute En Esur aztarnategia (egungo Israel).


Historiaurreko biberoiak

Bavieran (Alemania) Brontze eta Burdin Aroko haurren hilobietan aurkitutako buztinezko zenbait ontzitan esne arrastoak aurkitu dituzte. Ontzitxoak 5-10 cm zabal dira eta albo batean zulotxo bat dute.


Emakumeek zabaldu zuten Brontze Aroa

Lech ibaiaren haranean, Austria eta Alemaniaren arteko mugan, duela 4.000 urte inguru ehortzitako 84 banakoren arrastoak aztertu dituzte eta emaitzak PNAS aldizkarian argitaratu.


4.000 urteko ‘tupperware’-a Alpeetan

Duela bost urte egurrezko ontzi biribil bat aurkitu zuten Suitzako Alpeetan, Lötschenpass gainetik gertu, 2.650 metroko altitudean. Objektua aztertu ondoren, emaitzak Scientific Reports aldizkarian jakinarazi berri dituzte.


Elikadura-sexismoa Brontze Aroko Txinan

Txinako erdialdeko lautadan, Ibai Horiaren arroan aurkitutako hainbat giza hezur aztertu dituzte, isotopo egonkorren analisiaren bidez. Eta Proceedings of the National Academy of Science aldizkarian jakinarazi dutenez, gizonezkoek eta emakumezkoek dieta oso desberdina zutela... [+]


4.000 urteko hiria itsaspean

Brontze Aroko hiri bat aurkitu dute Egeo itsasoan Genevako Unibertsitateko, Suitzako Arkeologia Eskolako eta Greziako Antzinate Saileko ikerlariek. K.a. 2000-3000 urteen inguruan hiriak garrantzi handia izan zuela uste dute, aztarnategiaren tamainan eta aurkitutako babes... [+]


Itsasoak bereganatutako hiririk zaharrena
Grezian, Peloponesoko itsaso azpian, Pavlopetri dago, ia 100.000 metro koadro betetzen dituen hiria. Nic Flemming arkeologo britainiarrak topatu zuen 1967. urtean, eta orduz geroztik Brontze Aroko hiria zela –hau da, orain 4.000 urtekoa edo– pentsatu izan da.
[+]

2011-11-15
Euskal dokumentalak nagusi Bidasoako Zinemaldi Arkeologikoan

Gaur abiatu eta datorren larunbata arte, Bidasoako Nazioarteko Zinemaldi Arkeologikoaren hamaikagarren edizioa egingo dute Irunen. Genero honi buruzko zinemaldi bakarra da Euskal Herrian eta Espainiako Estatuan eta aurten euskal dokumentalak izango dira protagonista. Hala,... [+]


2010-10-23
San Adriango igarobidea. 4.000 urteko historia tuneletik argitara

Gipuzkoa eta Araba lotzen dituen San Adriango tunela iraganean pasabide garrantzitsua izan zeneko zantzuak egon arren, orain arte ez zen ikerketa sakonik egin. Denboraren tunela bailitzan, duela 4.000 urteko bizitoki, Erdi Aroko gotorleku edo duela 500 urteko errepideetako... [+]


Eguneraketa berriak daude