"Hanka bat lokatzetan sartuta ez daukana ez da interesgarria"

  • Gunearen ertza baino ederragoa delako ertzaren gunea.
Jon SarasuaDani Blanco

Zelan itzaletan?


Orain hamar bat urte pasa nintzen bertsotatik itzalera, baina ez zen bertsoa uztea izan zehazki, aurpegi publikoena alboratzea baizik, artikuluak eta abar. Isiltzeko arora pasatzeko gogoa nuen. Bertsolari bat, euskal mundutxoan izena daukan norbait, beti dago eskaparatean, eta niri eder gertatu zait erakusleihotik alboratzea, elikatzeko aro bezala bizi izan dut. Horren ifrentzua ekintzan murgiltzea izan da, pentsamendua ekintzaren diziplinara uztartzen saiatu naiz, eta ekintzen zurrunbiloan bizi izan naiz azken hamar urteotan, nire burua nekatu samar sumatzeraino. Hamar urte asko dira eta ziklo baten amaieran sentitzen naiz.

Itzaletatik hobeki ikusten dira besteen agertu nahiak?


Behin horretaz satira bat egin nuen, baina orain ez nintzateke horrekiko oldarkorregia izango. Pertsonen ohiko bulkada da, ume orok izaten du exhibizio beharra, eta premia hori bizirik dago kulturgile eta oro har izena duen jende askorengan. Eta ez da txarra. Gertatzen dena da euskal munduan kalitatearen galbahea pasatzea errazagotzat dutela askok, eta batzuek asko agertzen dutela beren burua. Nartzisoak abonatzen diren garaietan gaude gainera. Kontentzio ariketatxoa egitea ona litzateke horretan, gosarian kruasanekin egiten den bezala. Hiru jango eta bat jan.

Pentsamenduaren eta ekintzaren ertzeko zatiekin zatoz argira. Garrantzitsua da gure herria munduan eta mundua gure herrian kokatzea?


Gure nazioartekotasunaren dimentsioa lantzea polita da. Euskalgintzak landu dezake nazioartekotasun propioa. Edo Bertsozale Elkarteak berea, edo beste edozein elkarte eta mugimenduk. Eta zabalago, euskararen komunitateak. Gauza askorako bidea ematen du, eta gainera laguntzen du gauzak angelu berrietatik ikusten. Bestetik, liburuan bildutako zatietan badago hondoko ideia bat: herri batek ez du galdetu behar bakarrik zenbat diru daukan “Hirugarren Munduari” emateko, baizik eta lehenik zer esperientzia dituen hango eragileekin konpartitzeko. Herri honekiko begirada apologikotik begirada automespretxatzailera doan penduluan ibiltzen gara usu, eta kosta egiten zaigu gure buruari, bere ahulgune eta balore txikiekin, sano samar begiratzen. Gure buruaz barre asko egin dezakegu, baina esaterako, azken 50 urteotan, euskalgintzak euskararen berreskuratze prekario eta partzial honetan egindakoa mundu-ikuspegi batetik aztertuta itzela da. Arlo horretan asko daukagu konpartitzeko, paradiplomazia lan baterako aukerak badira, eta batez ere aukera dago esperientzia txikien elkarbanatze erreala egiteko. Horrez gain, beste dimentsio batean, herri honek daukan energia autoeratzailea hor dago. Iruditzen zait mende honetako humanizazio bideen gakoetako bat autoeraketa gaitasuna izango dela. Horretan ere, herri honek pista batzuk ditu, eta horiei adi egotea merezi du.

Euskalgintza egoki artikulatuta dago?


Bai eta ez. Irudipena dut euskalgintza ez dela oraindik espiralean antolatu, ez duela bere ikuspegia muinetik landu, besteak beste euskalgintzako erakundeak gestioak itota dabiltzalako. Ez dute pentsamendu organiko bat sortzeko aukerarik zurrunbilo horretan. Eta arreta gehien jartzen zaien euskal iritziemaileen pentsamendua, organikoa ez izateaz gain, ez da oso eragilea gehienetan. Deskonexio moduko bat gertatzen da: eraikitzen dabilen jendea etorkizun-ikuspegiak eta estrategiak formulatzeko denborarik gabe itota baitabil, eta pentsalari beharko luketenek estrategiara jaisteko joera urria erakutsi dute. Eta galdera berriak daude, galdera praktikoak, norabideei buruzkoak. Bestetik hor dago Kontseilua, erakundetze nahiko zabal eta interesgarria daukagu, baina agian, gestioa eta pentsatzeko gaitasunak norabide berean jartzea eskas zaigu.


Ertzeko zati zenbaitetan euskalgintzak eta kooperatiben mugimenduak elkarrengandik zer-ikasia badutela iruditu zait.


Euskalgintza modernoaren aroa, Arrasateko kooperatibak, eta ETA bateratsu hasten dira. Egia da kooperatibek helduleku garrantzitsuak eskaintzen dituztela, ideia praktiko batzuk, baina bi arima dituzte, eta historikoki arima eskasena nagusitzen zaie ia beti. Paradoxikoa da Arrasateko esperientzia. Efizientziaz gauzak aurrera ateratzen, trinkotzen, kudeatzen, eta maila batean autoeratzen asmatu du, eta horretan beharbada euskalgintzarentzat inspiratzailea izan daiteke. Uneotan, ordea, Arrasateko kooperatibismoak dituen gabeziak handiak dira, eta zer ikasia badu mugimendu sozialetatik. Euskalgintzan oraindik badago bulkada, ametsen motorra martxan dago, kooperatibetan aldiz, motor hori herdoilduta dago.

Motorrak herdoiltzen segiz gero Mondragon Taldeak multinazional arrunt bilakatzeko arriskua du?


Enpresa logika mugagabea gailentzeko arriskua erreala da, eta ez gerora soilik, gaur ere bai. Arrasateko kooperatiba bat demokrazia bat da, enpresa demokrazia eredu bat. Hori interesgarria da, eta mundu osotik datoz hau ikastera, baina metabolismo demokratikoak ez du asko ziurtatzen, bultza dezake garapen eredu arriskutsu bat. Zenbateraino ari da egungo humanizazio bideei aurrera edo atzera tiratzen? Kooperatibismoa kontraesan horietan igeri bizi da, eta bistakoa da zein izango den bere inertzia epe laburrera. Guk azken urteotan bota diogun begiratutik gehiago interesatu zaigu azpian dagoena, autoeraketa, kooperatibismoa baino. Autoeraketa da pertsonen erabakimenean oinarritzea, industria bat, eskola bat, ala gaztetxe bat izan. Protagonistak izatea jabe, erabakitzaile. Autoeraketa arte bat da, liberalismoari keinuka, gertuago dago anarkismotik leninismotik baino. Etorkizuna pentsatzeko bide bat da. Seguru asko horretaz asko hitz egingo da mende honetan. Baina autoeraketan dabilenak beti edukiko du hanka bat kakatan sartuta, errealitate gordinetan baitabil lehian. Nire ustez, hanka bat lokatzetan sartuta ez daukana ez da interesgarria.

Zure hitzetan, egungo estrategia eta politikak humanizatzeko beharra salatzen dizun ertzeko zatia sumatzen dut behin eta berriz.


Ezker eta aurrerakoi hitzak disfuntzionalak iruditzen zaizkit, eta azkenaldian humanizazio hitza erabiltzen ari naiz, nahiz eta hitz hau ere ez izan egokiena. Euskal Herrian ezkerreko ikuspegi batetik esaten den gehientsuena agortuta dagoela sentitzen dut, bere oinarriak fosilduta daudela. Ezkerra berdintasuna eta askatasuna bezalako modernitatearen totem gutxi batzuen inguruan dabil bueltaka, eta ia eskuina bezain urrun ikusten dut humanizazio alternatiba errealetatik. Prozesu geldo bat gertatu zait azken hamar urteotan. Progresismotik desinstalatzen joan naiz, nire belaunaldiko ezker kulturako euskal herritar batek instalatu dituen programa ideologikoetatik desinstalatzen, nahiko gradu deserosoetaraino. Ez du esan nahi iraganeko ez dakit nora itzultzea, ez dakit zer ideologia berri besarkatzea, baina ez naiz lehen bezain guneko sentitzen, eta hitz berriak eskatzen dizkit. Brasilen muturreko iraultzaileekin ari gara lanean, tartean munduko foro sozialeko gidari batzuk, eta galdera berriak daude martxan. Baina bestetik, adibide hipotetiko bat jartzearren, haurren zainketaz edo haurtzaindegiez niretzat izan lezake arrazoi gehiago kontserbadore opustar batek sindikalista feminista batek baino. Oso irekia dago dena. Abentura bat da, baina min ere ematen du.

Min horretatik, nola bizi duzu gizartean gailentzen ari den lurrarekiko deslotze eta axolagabekeria orokorrari dagokion ertzeko zatia?


Horretan badugu beste herri batzuetatik zer ikasi. Gurean ideia progresistak ibaian etorri beharrean tsunamian etorri ziren, eta gure aurreko belaunaldi progresistak, ebaki egin behar ziren gauza batzuk moztu egin ditu. Ebakiak zauria egiten du, baina gero orbantzen da, eta beste zerbait sortzeko aukera dakar. Behatza mozten baduzu, aldiz, moztu duzu eta kito. Uste dut gurean aita hiltzeko behar freudiar bat egon dela, neurri desproportzionatu batean. Europan, berriaren eta tradiziozkoaren arteko dialektika patxadatsuagoa egon da, beharbada ideia modernoak lehenagotik eta polikiago iritsi zaizkielako, eta hemen berriz, emozio gehiegi sortu zuten ideia progresistek. Gure aitona-amonak modernitatearen aurreko etapan bizi izan ziren, eta guk hanka eta erdi postmodernitatean daukagu jada. Alde horretatik, sekulako liseriketa daukagu egiteko. Horrek arrisku eta kalte guztiez harago, aukera bat eskaintzen digu, oso elementu desberdinen nahasketa garelako, etapa diferenteen koktela. Ingalaterrako Transition mugimenduan petrolio merkearen post-arorako prestatzen ari dira, eta iraganean pista batzuk badituztela jakin arren, oso urrun daukate iragan hori. Guk askoz gertuago daukagu, eta ez gara orain orduko nekazari gizarte hura idealizatzen hasiko, baina beharbada, neurriaren zentzua, zaharra eta berria kudeatzeko serenidadea, bizitzaren begiratu espirituala, lurrarekiko harremana, edo eskulanarekiko lotura bezalako elementuak landu beharko ditugu laster. Kontuz moztu eta ebaki nahastearekin. Berritasunak bizi gaitu, eta eskerrak. Aldi berean, zenbait gauza ezin dira asmakizun berrietan ondo oinarritu. Hizkuntzetan oinarritzen da gizakia, eta hizkuntzak arnas luzekoak dira.

Beste ertzeko zati batera garamatza horrek: erlijiora.


Olde progresistak moztu duen gauzetako bat bizitzaren azken galderen gaia izan da. Niretzat, bizialdi labur honetan ibilalditxoa egiterakoan, zentzuaren galderak baztertzea ez da ideia ona. Azken galderen irekidura hori integratu nahi dut nire jardunean, osoago sentitzen naiz horrela. Kultura jaso dudan moduan, kultura espiritual bat ere iritsi zait, eta muinean altxorrak ditu, eta beste tradizio espiritual handiek ere bai. Hizkuntzak dira. Metaketa handi bat dago hor, hinduismoa eta budismoa adibidez, oso emari lodiak dira. Azken 200 urtetako ideologia modernoek eman dutena baino gizakiaren tolesdurei buruzko ekarpen gehiago dago arnas luzeko tradizio espiritualetan. Horren guztiaren aurrean isiltasun apur bat gehiago egiteko aroan gaudela esango nuke. Espiritualtasuna dei dakioke gure geruzarik sakonena eta osotasuna ukitzeari, arlo hori lantzeko moduei, eta asko izan litezke. Jakina, nola ukatu erlijioen kalteak, eta susmoaren maisuek egin zuten gisan, susmopean egon behar dute. Biei begiratu nahi nieke aitorpenetik eta distantziatik: sustrai erlijiosoari eta sustrai progresistari. Giza-animaliaren ezaugarria da iturriaz eta zentzuaz galdetzea, galdera existentzialera irekita dago gure espeziea. Eta gizakiak sortzen duen kulturaren adar bat horri erantzunez sortzen da.

Galdera-erantzunez ari gareno, ertzeko zati batean neskato brasildar batek egiten dizun galdera egingo dizut: “Lana daukazue, dirua daukazue, autoa daukazue... Zer falta zaizue, orduan?”.


Lurrik Gabekoen mugimendu sozialean zebilen ikasle hori hemengo batekin konparatuz, hemengo ikasleari hark zeukan zentzuaren dentsitatea falta zaio. Norabide baten sentipena. Besteak beste gizarte opulento bati dagokion arazoa da, eta areagotu egiten da, dimentsiorik sakonenekiko deskonexioarekin nahasian. Hemengo belaunaldi gazteenak badira apur bat palaziotik atera gabeko Buda gazteak, heriotza, gaitza eta zahartzaroa ezkutatzen zaizkienak. Dena konponduta zeukan palaziotik irteten da Sidharta, hain zuzen ere, dena konponduta zeukan bizimodu horrek ez diolako ezer esaten bere azken galderei buruz.

Beste ertzeko zati honek eman dezake pista bat: “Belaunaldi bat minimoak amestera iristen ez denean, zera egin behar du; geratu, eta hurrengo hamarkadarako jauzi bat pentsatuko duen belaunaldia prestatu”.


Beti gabiltza herrigintzari eta euskalgintzari jira eta bira, epe laburreko estrategietan buru-belarri sartuta, baina pentsamendu eta ekintza organikoan ari garenoi arnas luzean pentsatzeko ohitura falta zaigu. Hamarkada eta belaunaldi terminoetan pentsatzen ikasi behar dugu. Mundua gidatzen duten eragile ezkutu batzuek hala egiten dute. Gure iraganean Azkoitiko zalduntxoak edo Gasteizko seminarioa datozkit gogora. Behar dugu pittin bat hortik ere. Esaldi horretan kitxuei buruz ari nintzen, eta euskararen bideaz ere bai. Euskalgintza estrategia mailako ilunaldi batean dago, eta segur aski behar duen garabidea lortzeko tapoi handiegiak ditu. Batetik egoera demo-linguistikoa hor dago, eta bestetik hizkuntza-politika ideologia modernoetatik kudeatzen da, baina ideologia modernoek liberté, égalité eta fraternité uztartzeko ahaleginean, identité pentsatzeko gramatikarik ez dute sortu. Uneotan, belaunaldi honetako elite ekonomiko, politiko eta kulturalak euskarari onartu ahal diona, eta euskarak benetan garatzeko beharko lukeena ez datoz bat. Ez gaude trantsizio garaian amestutako egoeran, amets handiegia zen, zegoen gaitasunerako. Orain amets doituagoa egitea tokatzen da, eta isilpean gaitasunak prestatzen joatea.
Nortasun agiria
Aretxabaletan sortu zen 1966ko apirilaren 13an. Kazetaritza eta Soziologia ikasketetan ibilia, Bi begiratu euskarazko kazetari hizkerari lanarekin doktoratu zen 1996an. Plazaz plazako bertsolari ezagutu genuena, irakasle da egun.
Esnoba
“Berez herri honen esperientzia txikietatik egin litekeen produkzio intelektuala oso interesgarria da. Baina ez dugu aski aprobetxatzen, gogoeta auto-zentratua falta zaigu, esnoba da ohiko jarrera. Esnoba da kanpoan indarrean dagoena herrira ekarriz nor sentitzea. Hori ere behar da, baina patroi hori gehitxo nagusitzen da gizartearen elitean eta kulturgile askorengan”.

Azkenak
EITBren Bilboko egoitza aurrean kontzentrazioa egingo dute, zuzendaritza postuak euskalduntzea exijitzeko

"EITB euskalduna, zuzendaritzatik hasita!" lelopean, otsailaren 25ean egingo dute elkarretaratzea, asteartean, EITBko ELA, LAB eta ESK sindikatuek nahiz Aldatu Gidoia ekimenak deituta.


Lizarrako UPNk eskoletako bertsolaritza programa eten du

Lizarraldean euskara sustatzeko lana egiten duen Bagara elkarteak egin du salaketa: "Sorkuntzarako gaitasuna bultzatzen da eta pentsamendua kritikoa lantzen, hori guztia ikuspegi ludikotik, gozamenean oinarrituta".


EAEko gazteen %88aren ustez buru osasuneko tratamenduak Osakidetzaren gain egon beharko lirateke

Future Game proiektuak EAEko gazteen osasun mentalaren inguruko ikerketa egin du. 18-35 urteko gazteen %87,7ak osasun mentaleko tratamenduak osasun publikoak bere gain hartu beharko lituzkeela pentsatzen du; %64,5ak osasun mentalaz hitz egitean haien iritzia kontuan hartzen ez... [+]


AEBak eta Errusia batzartuko dira gaur Saudi Arabian, Europak albotik behatzen duen bitartean

Ukrainako gerra hasi zenetik, bi potentziak ez dira mahai beraren bueltan eseri. Negoziatu egingo dute nola amaitu gatazka belikoa. Ukrainako presidenteak, ordea, esan du ez duela mahai horretan adosten den ezer onartuko, bera ez baitute gonbidatu.


Guggenheim Urdaibai: nork nori entzun eta zertarako?

2021ean hasi ginen Guggenheim Urdaibai proiektuaren inguruko lehen oihartzunak entzuten…Bai ala bai egingo zela esan zigun orduko Unai Rementeria ahaldun nagusiak. Bere esanak indartzeko, 40 milioi euro utzi zituen “blindatuta” museoak eraikitzen zirenerako... [+]


Lau urteko espetxe zigorra ezarri diote Irungo irakasle bati, Txingudi Ikastolan ikasle bati sexu abusua egiteagatik

Lau urteko kartzela zigorra, zazpi urteko inhabilitazioa eta hiru urtez 12 urteko biktimarengandik urruntzeko agindua eman du Gipuzkoako Probintzia Auzitegiak. Neskari 6.000 euro ere ordaindu beharko dizkio erasotzaileak kalte-ordainetan.


Kripto-txanponekin eginiko iruzur batek krisi betean murgildu du Milei

$LIBRA izeneko kripto-txanponean inbertitzeko deia egin zuen Argentinako presidenteak sare sozialetan. Une batean 4.500 milioi euroko balioa izatera iritsi zen arren, ordu gutxiren ostean behea jo zuen kripto-txanponak eta galera asko eragin zizkien bezeroei. 100 salaketa baino... [+]


2025-02-18 | Mikel Aramendi
ANALISIA
Gorabehera ekonomikoak otorduraino heltzen direnean: arrozaren krisia

Estatu Batuen muga-zergak nahiko buruhauste ez balira, pasa den asteko albiste xalo samar batek dardara-uhinak helarazi ditu mundu-parte handi bateko otordu-mahaietaraino: Japoniako gobernuak bere arroz-gordekin estrategikoetako 210 mila tona merkaturatzeko agindua eman du,... [+]


Martxoak 3a “askatasunez” oroitzeko aldarria egin dute

ELA, LAB, ESK eta STEILAS sindikatuek eta M3 elkarteak "herrikoia eta sozialki plurala" den memoria eguna "errepresiorik gabe" egitea eskatu dute. Eusko Jaurlaritzari zuzendutako eskaera da, "iaz ez bezala", aurten manifestatzeko eskubidea... [+]


2025-02-18 | Mara Altuna Díaz
Scott Zuñiga, Estatu Batuetako tiktoker euskaltzalea:
“Euskara ikasteko nire superboterea da etengabe hitz egitea, lotsa alde batera utzita”

44 urte ditu, ama mexikarra, eta eskoziarra aita. Mexiko Berrian jaio zen, Utah-n hazi, eta duela hogei urte izan zuen euskararen berri, Cadizen Zinemagintza ikasten ari zela, norbaitek abizen euskalduna zuela esan zionean. Duela bi urtetik Donostian bizi da eta euskara ikasten... [+]


HezkuntzArtea taldeak manifestua aurkeztu du: “Moda pedagogikoak bata bestearen atzetik ezarri dituzte”

Irakasleek urtetan pilatutako jakintza kontuan hartzea, klaustroek erabakiak hartzeko autonomia bermatzea, IKTen “uneoroko erabilera” sustatzen duten planak geldiaraztea, eta ikasgeletan aldaketa metodologikoak sartu aurretik dituzten ondorioak tentuz aztertzea... [+]


Sabotaje algoritmikoaren alde

«I will overturn, overturn, overturn, it[…]»
Ezekiel 21:27 – King James Version

«Algoritmo guztien gainetik, algoritmo guztien azpitik»
Xabier Landabidea

Deseroso nago, deseroso gure jendarteak teknologiarekiko hartu duen jarrera kasik... [+]


2025-02-18 | Antxeta Irratia
Hendaia, Urruña, Donibane Lohizune eta Ziburuko herriek hamabostaldia antolatu dute euskararen erabilera hauspotzeko

Hizkuntzarako ere gurasoak haurrentzako eredu direla kontuan hartuta, euskararen erabilera eta irakaskuntzari buruz sentsibilizatzeko helburua duen hamabostaldia antolatu dute Hendaia, Urruña, Donibane Lohizune eta Ziburuko herriek. Martxoaren 15etik 30era guraso... [+]


Ekainaren 1 era atzeratu dute Iparraldetik zirkulatzeko ingurugiro agiriaren derrigortasuna

Apirilean zen sartzekoa araua baina atzeratzea erabaki dute. Derrigorrezkoa izanen da ibilgailuetan agiria eramatea, ez soilik hiri eta herri nagusienetan sartu ahal izateko, baita kostalde osoko errepideetan mugitu ahal izateko ere.


Eguneraketa berriak daude