[Galdezka hasi baino lehen esan digu, apal]
Elkarrizketak egin izan dizkidate orain baino lehen, eta neure buruari esaten diot: “Baina zer zentzu du niri elkarrizketa egiteak?”. Eta hasten zaizkit handik eta hemendik: “Eta zergatik ez?”. Gero, baietz esaten dut, baina ez dut oso atsegin… Ez naiz “pertsonaia”. Bestetik, pentsatzen dut pertsona guztiok ere hor dugula egoa, eta horretarako balio dutela elkarrizketa eta kontu hauek, egoa pixka bat paseatzeko. Baina bada gauza sakonagorik…
Erlijioa, adibidez?
Zalantzarik gabe! Kontua da erlijioari buruz esan digutena oso gauza arina dela. Erlijioak formak dira: budismoa dela, islama, kristautasuna… Formak baizik ez. Forma horien azpian zerbait sakonagoa dago. Horra erlijioen arteko elkarrizketa, forma huts horien azpian dagoen espiritualitate sakona agerira ekartzeko, alegia.
Zer ziren aramiak (Arantzazuko Amaren Misiolari Irugarrendarrak)?
Zer esanen dizut? 60ko hamarkadan erlijioak zabaltzen zuen irudi bera zabaltzen zuten aramiek. Ez zen berrikuntzarik. Tira, kristautasuna eta Euskal Herria bateratu nahi zituzten, eta, horri dagokionez, ikuspegia aski berritzailea zen. Baina erlijio ikuspegitik ez zuen aparteko sakontasunik. Ni sakon astindu ninduena Antonio Blay katalana izan zen. 1978an izan zen. Blayri entzun arte ez nintzen jabetu txikitandik sartu zizkiguten ideiek zer eragin zuten gure inkontzientean, barne-barnean, aske izateko zer lan egin behar genuen, geure buruari begira jarrita. Blayk pertsonaren ikuspegi psikologikoa eta espiritualitatea sakondu eta uztartu zituen. 1978an hasi eta 85ean hil zen arte jarraitu nizkion eman izan zituen kurtsoak, bai udako oporretan Bartzelonara joanez, eta bai Donostiara etortzen zenean ere. Arami taldea hor zegoen, bai, hilero biltzen ginen, baina nik ez nuen taldeak bezala ikusten ez taldea, ez kristautasuna. Eta horixe adierazten nuen bilera haietan. Taldean lagunak ditut, eta horrek zuen garrantzia. Norberak ahal zuen moduan ateratzen zuen bizia, eta gaiak sakontzeko biltzen ginen hilero. Lehenengo kurtsoaren bukaeran hileroko bilerak utziko nituela esan nuen, taldea utzi bai, baina ez hor ditudan lagunak.
1937an Leitzan jaioa, batzokian.
Baina hilabeteetara Lasartenea tabernan ginen. Amak esanda dakit, batzokian jaio nintzela, baina besterik ez. Gerra urtea zen 1937. Eskasia bazen, eta errazionamendua, baina etxean taberna eta ez ginen gose izan. Hala ere, txikia nintzen ezertaz jabetzeko… Sei urte nituela hil zitzaidan aita. Gero, berriz ezkondu zen ama. Bigarren aita hura ere gerran ibilia zen, eta bazituen kontatzekoak. Amak ere bai. Kontatzen zuen, esaterako, Leitzako kuartelean bazela kabo bat, oso berezia, eta gure etxeko balkoian, nonbait, Espainiako bandera jarria, baina haizeak edo astindu eta bandera hura ez zegoela behar zen bezala. Eta kaboak gure amari zakar esan ziola: “Maria, behar baldin bada eutsi harriarekin banderari!”. Leitzan, jakina, jende ezberdina zegoen, batzuk oso euskaldunak, beste batzuk oso espainolak. Tabernan sartuta ezagutu nituen botikaria eta albaitaria. Oso euskaldunak ziren biak. Etxean Radio Paris entzuten genuen –Alberto Onaindia Aita Olaso abadeak esaten zituenak, besteak beste–, eta botikariak eta albaitariak beren komentarioak egiten zituzten. Aberri eguna ez zen ospatzen gerra ondo hartan, baina bi haiek oso barrutik bizi zuten hura… Ni oso-oso adi egoten nintzen, haiek zer esaten ote zuten. Bestalde, Karlos Santamariak ere La Voz de Españan idazten zuen, eta haien berri ere heltzen zitzaidan. 13 urteko neska kozkorra nintzen, etxeko tabernan lagundu eta amari senide txikiagoak hazten laguntzeagatik eskolara joateari utzitakoa, eta gauza asko entzuten nituen…
Tabernan hazia izateak ezer diferente dakar?
Horixe baietz! Kristau giro itxian bizi ginen, apaizak agintzen zuen. Tabernan berriz, gazteak edanean ikusten nituen, batzuk mozkortuta ere bai… Neska-laguntzea ere izaten zen. Neska-laguntzen alderdi batean ibilitakoek, oinetakoak beltz zekartzaten; beste aldean jardundakoek, lur gorriz. Nor non ibilia zen jakiten zen orduan. Edo neska-laguntzera kanpotarrak etorri eta harrika eraso zietela… Etxean jakiten ez zirenak jakiten ziren tabernan bizituta. Gauza asko, eta jende asko.
18 urte zenituela, paper-fabrikan hasi zinen lanean, Leitzatik hur, Berrobin.
Bai. Taberna errentan jarri eta libre geratu nintzen. Leitzan, artean, paper-fabrika egiten ari ziren eta hura martxan jartzen zen egunerako zerbait ikastea zen helburua. Talde handi xamarra joaten ginen, egunero. Goizeko zazpietan joan, hamar ordu lan egin eta buelta berriz ere. Ez genuen Berrobin apopilo jartzeko behar beste irabazten. Autobusean, Leitzatik Berastegira arrosarioa errezatzen joaten ginen. Txoferrak, Etxabek, eranzten zuen txapela eta gurekin batera, errezoan. Berastegitik Berrobira, kantu eta kantu! Mexikarrak, euskarazkoak… Sekulako festa egiten genuen!
Leitzako kaletik Berrobiko fabrikara, aldaketa handia izango zen, ala?
Ikaragarria! Bizimodu ezberdina. Diru berria sartzen hasi zen herrian. Aurretik, jendea mendira joaten zen, bateko baserri eta besteko azienda, han ateratzen zuen bizia, hemengo oiloak eta hango arrautzak, miseriarik gabe. Fabrika beste mundu bat zen, zeharo ezberdina. Guk ez genekien hura zer zen ere! Lehenbiziko huelga egin zenean, guk ez genekien huelga zenik ere. Bilerak eginak izanen zituzten, baina guk jakin ez! Inozenteak ginen. Sartu autobusean eta joan ginen Berrobira. Fabrikan huelga, ezin zitekeela sartu eta Tolosara joan ginen. Hantxe ibili ginen gora eta behera. Nahikoa egin genuenean, fabrikara joan ginen, Leitzara joateko guri autobusa jartzeko esanez. Huelgan ginen, baina etxera joateko autobus eske. Gure inozentzia noraino! Ez ziguten kasurik egin, jakina. Hartu genuen lineako autobusa Berastegiraino, eta handik Leitzara oinez.
Inozentziatik kontzientziara igaro zineten…
Noizbait. Nagusi antzeko katalan batzuek langileok nola hartzen gintuzten ikusita. Oroitzen naiz fabrika lanean hasi eta gaizki ibili zela, papera puskatu eta puskatu egiten zen pintatzeko sailean, ni nengoenean. Don Pepe izenekoa etorri zen Berastegiko Arrosi fabrikatik. Errepublikarra zen, gizon fina. Errepublikako kontuak-eta ibiltzen zituen eta ni adi-adi egoten nintzaion. Papera puskatzen zenean han hasten zen jendea biraoka, maldizioa han eta hemen, eta behin esan zion Don Pepek biraolari haietako bati: “Hik mezatara joateko ohiturarik baduk?!”. “Bai”. “Bada, hura Jainkoaren tenplua duk, eta hau, lanaren tenplua!”. Eta isilarazi zuen. Nik, berriz, dena jasotzen nuen, dena.
Ikasketak ere egin zenituen, aldi berean.
Bulegoan lan egiteko nahi ninduten-eta. Posta bidezko zenbait ikastaro eginak nituen Leitzako tabernan bizi nintzen garaian. Gero, fabrikan bulegora hots egin zidatenean, idazmakina bat ere alokatu nuen Donostian. Etxera eraman nuenean amak ez zuen ulertzen ni zertan ari nintzen makina hartan ikasten, haren alokairua ordainduz, alegia! Gu neskak ginen, eta neskak ez zuen ikasteko premiarik, nonbait. Ikastea mutilei zegokien! Horrela ikusten zuen amak, hala zen-eta giroa.
Fabrikako lana utzi zenuen halako batean, eta euskararen bidean barna abiatu zinen…
Justiziaren kontzientzia handia nuen. Ikusten nuen euskaldunak justizia behar zuela. Kristau kutsua, berriz, hainbesteraino genuen!
Pacem in Terris entziklikaren garaia zen eta, behin, Eugenio Agirretxe frantziskotarrak hitzaldiak egin zituen Tolosan. Zenbait lagunek, hartu taxia Leitzan eta Tolosara. Herrien eskubideen alde egiten zuen entziklikak eta horretaz jardun zuen Agirretxek. Bestalde, Leitzan baziren San Frantziskoren Hirugarren ordenakoak, eta giro hartan murgilduta bizi ginen. Arami taldea osatuta zegoen ordurako. Etxea zuten Ikaztegietan. Pixkana-pixkana bide horretatik jo nuen: justizia, Euskal Herria eta kristau kutsua, hirurak biltzen ziren aramien artean, eta bat egin nuen etxe hartan bizi zirenekin, lanean urtebeteko eszedentzia hartuta. Jakina, ez nintzen sekula fabrikara itzuli. Jertseak-eta josiz ateratzen genuen bizia. Lan egin behar zela esaten ziguten, eta Donibane Lohizunen ere izan nintzen, 1965eko udan, hotel bateko lanean. Kurtsoa hasi zenean Elgetan nintzen, eskolan, haur ttikiei erakusten.
Joannes Etxeberri andereño eskolan ere izan zinen, Donostian.
“Andereñoen erresidentzia” esaten zitzaion, izen horrekin zen ezaguna. Bertako zuzendaria gaixotu egin zen, Pakita Arregi. Orduan, Katalina Irureta eta biok hara joan behar genuela esan ziguten. Eta joan ginen, bizia atera behar zen-eta, nolabait. Antiguako Matia kalean izan ginen, Villa Blanca izenekoan. Bota zuten… Irakasle izateko ikasten ari zen jendea zegoen erresidentzia hartan. Oroitzen naiz Joan Mari Lekuona, Joxemiel Barandiaran… izan zirela hitzaldiak ematen. Barandiaranen bila Atauneraino joan nintzen, gida-baimena atera berria ni! Elurra ari zuen, baina gizonak baietz, joango ginela Donostiara... Andereño haiek irakasle-eskolan egiten zituzten ikasketa formalak. Andereñoen erresidentzian euskal kulturari buruzko hitzaldiak izaten zituzten. Han ibiltzen ziren gaur aski ezagunak diren mutil gazte zenbait. Andereño haiek neska gazte politak izan! Eta euskaldunak! Dena dela, andereño haietako batzuek erdaraz hitz egiten zuten igual. Gaztelaniaz hitz egiten zuenak pezeta pagatu beharko zuela ezarri genuen araua. Eta, hala ere, beti borrokan. kontzientzia bazuten, baina baziren euskal girorik bizi ez zutenak, gaztelaniaz mintzo zirenak. Oroitzen naiz, behin, nola jarri nuen bertso bat iragarki taulan: “Euskaraz egiten da peztaren beldurrez / Honek betetzen digu bihotza arantzez / Holako andereñoak begien aurrean ez / Hobe eginen luke Kongora joanez!”. Behin, etorri da Joan Mari [Lekuona], eta han non hasten den bertso hori nola edo hala zortziko txikian jarri eta kantatzen! Lotsatu nintzen, inork ez baitzekien nork jarri zuen delako bertsoa.
1967an andereñoen erresidentzian zinen, eta ondoko urtean Euskaltzaindian lanean.
68an Arantzazuko biltzarra, eta norbait behar zutela esan zidaten. Pakita Arregik berak esan zidala uste dut. Pedro Berrondorekin mintzatu nintzen. Bestalde, Euskaltzaindiaren asmoa zen Gipuzkoako Diputazioan zabaltzea bulegoa, eta hantxe hasi nintzen lanean. Batere uste gabe hasi nintzen Euskaltzaindian eta bertan aritu nintzen 2000. urtera arte. Ez nintzen Arantzazun izan, saltsa izan zela banekien, baina ez nintzen hura neurtzeko gauza. Ez nekien. Tartean euskara bazen, bost axola zitzaizun gainerakoa, gizarte segurantza eta soldatak. Bizitzeko lain ateraz gero, berdin zitzaion. Idealismo hutsa zen hura.
Hogeita hamar urte baino gehiago egin dituzu Euskaltzaindian. Hamaika ikusiko zenuen…
Bada, bai.
Zortzi urte arteko ikastola hiztegia egin zen ni sartu berritan. 1973an argitaratu zen. Astero biltzen ginen Karlos Santamaria, Joxemiel Zumalabe, Xalbador Garmendia, Irigarai eta bostok. Jakina, haiek ziren jakitunak. Karlos Santamaria kezkatan zen ikastolako hiztegirik ez zelako. Zerbait egin nahi zuen eta hortik etorri zen hiztegi hura egitea. Handik hona egin diren hiztegiak kontuan hartu eta deus ez zen hura, baina orduan gauza handia izan zen. Talde hartako idazkari lanak egin nituen. Oso garai interesgarria izan zen. Diputazioan zegoen Euskaltzaindiaren egoitza, Aldundian batere euskal girorik ez zenean. Karlos Santamaria eta Joxemiel Zumalabe prestigiodun pertsonak ziren, eta uste dut horri esker ginela gu Diputazioan. Baina euskal girorik batere ez han. Oroitzen naiz, fotokopiagailuan, ilaran, jendea ere esperoan eta baten batek esan zidala: “Zu ez zara Diputaziokoa!”. Nik: “Euskaltzaindiarentzat ari naiz lanean, Diputazio honek beste diputazioekin batera 1918an sortutako erakundean”. Kezkarik gabe egiten nuen haren defentsa, inozentzia guztiarekin. “Zer esaten ari da hau, baina?”. Gerora bai, sumatu nuen zer edo zer, Diputazioan bertan alde batetik bestera mugitu behar izan genuenean. Ez dakit nik zenbat bulego diferente pasatu genituen! Katakumeak nola erabiltzen dituzten batetik bestera, halaxe erabili gintuzten gu. Eta hartu paperak eta liburuak, ongi antolatu eta segi beti beste bulego batera. Halakoa zen giroa.
Hori ere etorri zen bere onera halako batean…
Pixka bat bai, etorri zen… Euskarazko eskolak ere eman nituen Diputazioan bertan. Beste giro bat nagusitu zen.