Bizitza helburu, gorroto garaietan

  • 1939 eta 1944 artean 597 haur jaio ziren Elnako amaetxean, Perpinyàtik gertu. Gerrak harrapatutako emakume eta haurrei laguntzeko sortu zuen Elisabeth Eidenbenz-ek. Haur horien salbatzailea bizi da, eta bere ahotik entzun dugu nola gertatu zen historia hura.

2010ko irailaren 28an
Elnako amatasun etxea eta Elisabeth Eidenbenz
Espainiako Gerra Zibilak berrikuntza tamalgarri hainbat ekarri zituen gudu esparru garaikidera. Estrainako aldiz, gerra orokorraren ideia nagusitu zen. Armadetan izandako biktimez gain, kalte ugari sortu zituen gizarte zibilean ere. “Barne gerra” izanik –ez beste estatuen aurka–, hasieratik biktima ugari sortu zuen frontean borrokan ez zeuden beste lekuetan ere. Atzeguardian babesten zirenek errepresioaren ondorio zuzenak jasan zituzten behin eta berriro. Irun izan zen horren adibide tristea. 1936an herri osoak alde egin behar izan zuen frankisten aurrerakada zela medio. Irunen, nahiz eta milizianorik ez geratu, inor ez zen salbatu: emakumeek, mutikoek eta neskek ere utzi behar izan zuten mugako hiria.

Hori ikusita, hainbat lekutatik, Suitzatik esate baterako, giza laguntza hasi ziren bidaltzen Espainiara, gerra modu horrek kolpatzen zituen herritarrak laguntzeko. Suitzan gorpuztu zen Communauté de travail pour les enfants d'Espagne elkartea. Bi aldeetan lan egiteko prest bazegoen ere, frankistek ez zuten horrelako laguntzarik onartu eta alde errepublikanoan bakarrik aritu zen 1937 eta 1939 artean.

Ongi oroitzen da oraindik, 96 urte dituen arren, orduan bolondres jardun zen Elisabeth Eidenbenz (Wila, Suitza, 1913): “Oporretan nengoen, eta Espainiara joateko deitu zidaten, umeei laguntza ematera. Ni ez nintzen erizain, andereño baizik, baina baietz esan nien. Bi urte luze eman nituen, hainbat herritan, umeentzako kolonietan laguntzaile. Burjasoten (Valentziatik gertu) genuen gure egoitza baina Madrilera joaten ginen umeak ekartzera, baita beste herri txikietara ere”. Gerraren ankerra ere oso gogoan du: “Bonbardaketak askotan jasan genituen, baina nik ez nuen beldurrik izan. Gurekin zeuden errefuxiatuei nolabaiteko lasaitasuna emateko-edo izango zen...”.

Karl Ketterer-en lehen abentura

Gerraren amaierarekin, laguntza batzordeak bukatutzat jo zuen bere lana Espainian eta Suitzara jo zuten 1939ko lehen asteetan. Hala ere, hainbat ekintzailek barru-barruan zeramaten galtzaileekiko erruki eta elkartasun nahia, eta atzera itzuli ziren, Perpinyà inguruan irekitzen ari ziren “Harrera Zelaietako” errefuxiatuei laguntzeko asmoz. Horrela, Umeen Aldeko Laguntza Elkartean ibilitako Karl Ketterer-ek kontzentrazio zelaiak zeuden tokira jo zuen 1939ko otsailean. Berehala konturatu zen giza laguntza oraindik oso beharrezkoa zela. Gizonezkoez gain, umeak eta emakumeak egoera penagarrian zeuden, txarrantxen artean. Izan ere, Frantziako agintariek antolatu zituzten “aterpeak” ez ziren nahiko guztiak jasotzeko eta hainbat kasutan, familiako kideak elkarrekin jarraitzeko asmoz, kontzentrazio zelaietan sartu ziren.

Horietan bizi baldintzak desegokiak ziren eta gaixoentzat prestatutako Haras-ko zelai-ospitalea jendez gainezka zegoen. Hori jakinda, hara joandako laguntzaile suitzarrak erreibindikatzen hasi ziren leku egokiagoak behar zirela, batez ere umeentzat eta esperoan zeuden emakumeentzat. Jakina, agintari frantziarrek zuten politikaren barruan –errefuxiatuak lehenbailehen Espainaratzea ala Frantziatik beste lurraldeetara bidaltzea– ez zegoen aukerarik horrelako ekimenei heltzeko. Horregatik, Karl Kettererrek eta beste suitzarrek, mehatxua egin zuten kontzentrazio zelaietako egoera salatzeko kanpaina hastearekin, eta horrela lortu zuten behin behineko baimena amatasun etxea abiarazteko.

1939ko martxoaren erdialdean, Brouillako herrixkan bazterrera utzia zegoen jauretxe batean, emakume errefuxiatuen amatasun etxea ireki zuten. Etxetzarra zenez, atarian bertan prestatu zuten erditzeko gela eta jauregiko beste gelatan hogei ohe ezarri zituzten ama berrientzako. Egun batetik bestera, Harasko zelaitik zortzi emakume iritsi ziren erditzera. Karl Kettererrek eta bere lagunek berehalakoan antzeman zuten ekimen hura beharrezkoa bezain premiazkoa zela. Aterpe berri horrekin, asmatu ez ezik, erantzun egokia eman behar zieten inguruan zeuden emakume errefuxiatuei. Hori zela eta, Kettererrek Zurichera jo zuen eskarmentu handiko laguntzaileak eskatzeko, ahal izanez gero gazteleraz moldatzen zirenak.

Elisabeth Eidenbenz zen horietako bat eta Suitzara ailegatu berria bazen ere, itzultzeko eskatu ziotenean berriro atzera egin zuen, Espainiako gerraren biktimekiko elkartasuna berpiztu zitzaion nonbait. Brouillara iritsi zenean, Elisabethek hartu zuen amatasun etxean lanean ari zen taldea zuzentzeko ardura. Bere ondoan zituen Suitzatik heldutako Betti Hagler erizaina eta handik gertu dagoen Bages-eko emagin Gourdiole anderea. Elisabethek maistra ikasketak zituen eginak eta ginekologiaz gutxi zekien.
Jardunaren poderioz –lehenik Brouillan eta geroxeago Elnan– ikasi zuen bere lagunen profesioa. Izan ere, Brouillako amatasun etxea ireki bezain laster, lehen umea munduratzen lagundu zuten hiruen artean: Pepita. Horren ostean beste 32 haur sortu ziren hurrengo hilabeteetan. Harastik ez ezik, inguruko beste kontzentrazio zelaietatik hasi ziren joaten emakumeak, eta erditzeak eguneroko kontu bihurtu ziren. Umea izan ondoren, hilabete pare bat egoten ziren bertan, beste emakumeen beharrak agintzen zuen arte.

Brouillatik Elnara

Baina gauzak ustekabean okertu ziren eta lehen amatasun etxe hori utzi egin behar izan zuten. Alde batetik, 1939ko irailean II. Mundu Gerra hasi izanak, eragotzi egin zuen Suitzatik kamioien bitartez eramaten zen laguntza normaltasunez iristea. Bestetik, urrun bizi zen jauretxeko nagusiak jakin zuenean zertarako erabiltzen ari ziren bere etxea, alde egiteko agindu zien. Aitzitik, antzeko etxe baten behar gero eta larriagoa sumatzen zuten Elisabethek eta bere lankideek. Izan ere, Espainiatik alde egindako behin betiko errefuxiatuen kopurua handia zen oraindik, eta hori gutxi balitz, beste iheslari multzo batzuk hasi ziren iristen 1939 eta 1940 artean: ipar Europatik alde egindako erbesteratuak eta ihesean zebiltzan judutarrak –Frantziako legediak indesirable jotzen zituenak–. Berriro bete ziren Espainiako errepublikanoentzat aldez aurretik prestatuko esparruak. Behin behineko eraikuntzak betiko bihurtu ziren, eta zelai berri gehiago ireki zituzten. Elnatik eta Brouillatik gertuen Rivesaltes-ko kontzentrazio zelaia zegoen; adreiluz eta porlanez eratu zuten denbora luzez irauteko, eta gizonak giltzapetzeaz gain, umeek eta emakumeek ere egonaldi luzeak egiten zituzten.

Gauzak horrela, Brouillako amatasun etxea halabeharrez utzi ostean, Elisabethek beste amatasun etxea eratzeari ekin zion. Elnako azokara egindako joan etorrietan, ikusia zuen Bardou familiak nahiko abandonaturik zuen jauretxea. Oso hondatuta zegoen: itokinak nonahi, leihoak erabat txikituta... Baina etxe handia zen, eta premia larria zegoen. Alokairuan hartu zuten 1939ko urrian. Beraz, amatasun etxe bat itxi eta hilabete eskasera abiarazi zuten bigarrena. Lehendabiziko saioa oso baliagarria izan zitzaien, baina Elnakoa beste gauza bat zen, itzela izan zen.

II. Mundu Gerra hasi besterik ez zen egin eta hilabete gutxiren buruan, 1940ko ekainean, naziak erabat nagusitu ziren, ez bakarrik Europako erdialdean, baita Frantzian ere. Jakina denez, Txekoslovakiarekin eta Austriarekin hasitako inbasioa Pirinioetako mugetaraino hedatu zen eta horrekin batera, Vichyko agintariek Hitlerren aldeko kolaborazionismo itsua agertu zuten. 1940ko porrotaren ostean, Frantziako bost eskualdetatik hiru naziek zuzenean kudeatu zituzten. Ipar Katalunia “eremu librean” geratu zen 1942ko azarora arte, hau da, Frantzia osoa naziek bereganatu zuten arte. Berriro Gurs, Rivesaltes, Saint Cyprien eta Le Vernet, jendez bete ziren eta hara bideratu zituen bere eginahalak Elisabethek: “Batzutan gu joaten ginen kontzentrazio zelaietara emakumeen bila, baina bestetan kamioiez iristen zitzaizkigun Elnaraino”. Lehen Espainiatik alde egindakoak bezala hasi ziren iristen amatasun etxera judutarrak, ijitoak eta komunistak. Beraz Espainiako errepublikanoei laguntzeko sortutako ekimenak esparru askoz zabalagoa hartu zuen 1940tik aurrera.

Munduratzeak gorroto girotik at

Haustura itzela, desberdintasun handia, sumatzen zuten kontzentrazio esparruetatik iritsitako andre horiek. Ohiko gabeziak, gaixotasunak, izurriteak atzean lagata, Elnan Elisabethen eta bere taldearen babesa eta berotasuna zituzten. Zoritxarrez, pagotxa horrek ez zuen asko irauten. Erditutakoan, hilabete batzuk igaro ostean kontzentrazio zelaietara itzuli behar izaten zuten. Baina Elnan egon zitezkeen bizpahiru hilabeteko tartean, umeak modu egokian munduratzeaz gain, gerrak sorrarazten duen gorroto girotik at, giza laguntza beroa jasotzen zuten.

Elnan hainbat erizain zituen Elisabethek bere kargu eta etxeko lanetarako hiruzpalau gizon. Bata erosketetaz eta garraioaz arduratzen zen bitartean, besteek jauretxe inguruan egindako baratzea lantzen zuten, ama-umeak elikatzeko oso baliotsu zutena. Laugarrena, zurgina, etxeko lanetako arduraduna zen. Berak prestatu zituen jaio berrien sehaskak eta antzeko beste altzariak. Lan taldean, Suitzatik etorritako erizain boluntarioez gain, erditzear zeuden edo jadanik ama izan ziren emakumeek ere parte hartzen zuten, garbiketa eta sukalde lanak aurrera eramateko. Sostengu ekonomikoari dagokionez, Suitzako agintariek dirulaguntza oro ukatu zioten amatasun etxeari. Ondorioz, hainbat erakunderen bitartez eskuratu zuen Elisabethek beharrezko diru kopurua. Pixkanaka, Elnako amatasun etxearen harrera eta arrakasta handituz joan zen. Vichyko gobernuak agindu zuen aroan –1940 eta 1942 artean–, guztiz beteta egon zen amatasun etxea; bataz beste hilean 25 erditze lagundu zituzten Elnako emaginek. 1943ko maiatzean, bostehungarren jaiotza gertatu zen, eta urte bete beranduago, alemaniarren aginduz etxea itxi behar izan zutenean, hiru sortze baino ez ziren falta seiehungarrenera iristeko. Gehitzen badizkiogu hil zirenak, aise gainditzen dute zenbaki mardul hori han jaiotakoek. Elisabethek berak aitortu digunez, izan ziren “baldintza zail horietan aurrera eramandako haurdunaldien ondorioz, jaio eta berehala hil ziren haurrak”.

Heriotzaren eta bizitzaren arteko lehia hori ez zen mugatu Elnako amatasun etxera. Esaterako, Banyulsen haurtzaindegia jarri zuten martxan, Elnatik kanpo egon behar zuten ume koxkorrentzako. Bestalde, zuzenean edo zeharka, Elisabethek eta bere taldekoek izugarrizko laguntza eman zuten kontzentrazio zelaietan 1944. urtera arte. Elnatik igarotako hainbat erizain kontzentrazio esparrutara joan ziren bertan lan egitera: Gursekora Elsbeth Kasser joan zen 1940ko abenduan, eta Rivesalteskoan Friedel Reiter aritu zen, 1941eko azarotik aurrera laguntza taldeak gidatzen. Era berean, Elnako etxea erabakigarria izan zen dirua eta elikagaiak inguruko kontzentrazio zelaietara bideratzeko. Elnako kamionetari Rossinante deitzen zioten eta ospetsu bihurtu zen Saint Cyprienera, Argelesera eta Rivesaltesera elikagai ugari garraiatu zituelako, han zeuden errefuxiatuen mesedetan.

Gestapokoen beldur

Hala ere gauzak erabat okertu ziren 1942az geroztik. Naziek “Behin betiko Ebazpena” jarri zuten martxan, Deuseztatze Esparrutan amaitzen zen politika genozida hura. Deportazioek eragin zuzena izan zuten aipatutako kontzentrazio esparruetan eta Elnan beldurrez jarraitu zuten prozesu hura, Gestapokoak edo Wermachtekoak errefuxiatuen bila noiz joango. Batzutan, Elisabethek eta bere taldekoek ezin izaten zieten naziei aurre egin eta hainbat atxiloketa gertatu ziren. Bestalde, Suitzako agintariek eman zieten babesa hutsaren hurrengoa izan zen, legediarekiko errespetuaren aitzakiaz, neutraltasunari lehentasuna eman ziotelako. Dena den inolako bermerik edo laguntza ofizialik gabe ere, aurrera jarraitu zuten, harik eta 1944ko Pazko Egunean, alemaniarrek hiru eguneko epea eman zieten arte handik alde egiteko. Legalitatea gailendu zen justizia eta gizateriaren gainetik, eta ez zuen beste irtenbiderik izan andereño suitzarrak. Aukera izan zuen, dena den, horrelako lanekin jarraitzeko, eta Bigarren Mundu Gerraren ondorioz Austrian geratutako umezurtz ugariri laguntzen aritu zen 1945etik aurrera.

Elnako jauretxea hondatuz joan ahala, Elisabeth Eidenbenzek eta bera bezalako gazte idealistek 1939tik 1944ra indarrean jarritako ekimena ahanzturaren zokoan hondoratu zen. Elisabethek gorde izan dituen argazkiak, Elsbethek bildutako umeek egindako marrazkiak, Friedelek idatziriko koadernoak edo bertan jaiotako umeen oroitzapen bakan bezain lanbrotsuak izan dira orduko testigantza apurrak, orain gutxi arte erabat ezezagunak. Egun, Frantziako Gobernua ijitoen eta etorkinen aurka neurri baztertzaile eta errepresiboak bultzatzen ari denean, egoki da oso gogoratzea testigantza horiek guztiak. Eta aldarrikatzea Elisabethek esan ziguna: “Egin behar genuena egin genuen... legeen gainetik gizakia dagoelako”.
Nola deskubritu zuen historia hau Guy Ecksteinek
1941eko urriaren 10ean jaio zen, Elnako amatasun etxean, berez Anberesen (Belgika) jaio behar lukeen haurra: Guy Eckstein. Gurasoak, poloniar jatorriko judutarrak, naziengandik ihesi joan ziren Europa hegoalderantz. Perpinyàn zeudela, ama erditzeko zorian zen eta hango ospitale batera joanez gero atxilotzeko arriskua zutenez –atzerritarrak. eta judutarrak zirelako–, ecksteindarrak Elnako “espainiarrentzako amatasun etxera” bideratu zituen norbaitek.
Mende erdi beranduago, 1991n sortze lekua ezagutu nahian Perpinyàra joan zenean, Guyk izen eta abizen bat ikusi zuen, lekuko bezala, bere jaiotze agirian: Elisabeth Eidenbenz. Amarengandik “andereño Isabel” bezala oroitzen zuen bera. Austriako Rekawinkelen aurkitu zuen andereño mitikoa. Telefonoz deitu zionean, Elisabethek horrela erantzun zion: “Bai, gogoan zaitut, Guy izena hartu zuen bakarra zu izan zinen”.
Geroztik, bidaide izan dira gertaera eder hori berreskuratzeko. Elisabethek eskuzabal eman ditu testigantza, argazkiak, eskutitzak.... egindakoari garrantzia kenduz. “Gizaki bat salbatzen duenak, gizateria osoa salbatzen du” dio Talmudeko leloak, bada, erizain horiek seiehun aldiz egin zuten hura. Guyk esker ona azaltzen dio egun “andereño Isabeli”, arreta, maitasun eta begirunez.

Kanal honetatik interesatuko zaizu: II. Mundu Gerra
Bakerik ez hibakushentzat

Japonia, 1945eko abuztuaren 6a eta 9a. AEBek bonba atomiko bana bota zuten Hiroshima eta Nagasaki hirietan milaka eta milaka hildako eraginez; kopuru zehatzik ez dagoen arren, urte horren bukaeran hildakoak gutxienez 210.000 inguru izan zirela diote kalkulu zuhurrenek. Baina... [+]


Ospitalepeko zigor-sarekada oroimenean

Ospitalepea, 1944ko ekainaren 27a. Soldadu alemaniarrek sarekada egin zuten Zuberoako 80 biztanle inguruko herri txikian. Zortzi lagun hil zituzten zigor-ekintzan eta hemeretzi atxilotu, guztiak zibilak; horietatik bederatzi deportatuko zituzten eta kontzentrazio esparruetatik... [+]


Hildako guztiek ez dute berdin balio

Normandia. 1944ko ekainaren 6a. Overlord operazioa abiatu zuten: Britainia Handiko, AEBetako eta Kanadako milaka soldadu Normandiako hondartzetan lehorreratu ziren, Bigarren Mundu Gerraren eta, beraz, historiaren norabidea goitik behera aldatzeko. Edo horixe da behintzat duela... [+]


Jesús Carrera, frankistek torturatu eta fusilaturiko buruzagi komunistaren bizitza pantailara

Hari buruzko aipamenik apenas iritsi zaigu historia liburuetan, baina Jesús Carrera Olascoaga (Hondarribia 1911 – Alcala de Henares 1945) Espainiako Alderdi Komunistaren idazkari nagusi izatera iritsi zen. Frankistek atxilotu, torturatu eta fusilatua, bere... [+]


Genozidio ahaztuak

Genozidioa zoritxarrez modan dagoen hitza da. Rafael Lemkinek 1946an egin zuen definizioaren arabera, “talde nazional, etniko, arrazazko edo erlijioso bat erabat edo partzialki suntsitzeko asmoz egindako ekintzak” dira genozidioa. Ekintza horiek “taldeko kideak... [+]


2024-04-08 | ARGIA
Gurseko kontzentrazio esparruan egondako presoak omendu dituzte, tartean 6.000 euskaldun

Urtero bezala, Terres de Mémoire(s) et de Luttes elkarteak Gurseko kontzentrazio esparruan egondako presoak omendu ditu. Horietako asko Euzko Gudarosteko eta armada errepublikarreko kideak ziren. Francoren aurka aritutako beste hainbat, eta Hitlerren eta Mussoliniren... [+]


Missak Manouchianen lorratza
Euskal partisano komunistak nazien kontra

Otsailaren 21ean Missak Manouchian eta Melinée Assadourian senar-emazte armeniarren gorpuzkiak Pariseko Panteoian sartuko dituzte ohore guztiekin. Poeta eta partisano komunista, Manouchianek ekintza ikusgarriak gidatu zituen Bigarren Mundu Gerran okupaturiko Frantzian,... [+]


2024-02-12 | Jakoba Errekondo
Indi gaztainondoaren gerrateak

Zuloan sartuta egotea ez duk txarrena –esan zion Manuk–, txarrena duk ez jakitea noiz aterako haizen, edo inoiz aterako haizen ere. Lander Garroren Gerra Txikia nobelan, non gerra bateko iheslarien gorabeherak azaltzen dituen, pertsonaien artean, Anna Frank dakarte... [+]


Frankismoko bunkerrak
Hormigoizko orbainak Pirinioetako mugan

1936ko Gerra amaitzear zela, Franco diktadoreak Pirinioetan milaka bunker eraikitzea agindu zuen. Mendian horiek ikusten aspaldi ohituak gaude, baina ez genekien defentsarako lerro erraldoi bat osatzen zutela, eta azken urteetan berreskuratzeko ekimenak jarri dira abian. Izan... [+]


“Gaza bonbardatzen ari den pilotu israeldarra da Eichmann”

Palestinarrek pilotu israeldar bat bahitu, epaitu eta urkatuko balute, ez litzateke gauza bera?”. Halako eta bestelako galderei erantzun nahian, Hannah Arendten Eichmann Jerusalemen liburua abiapuntu izanda, mahaiaren bueltan elkartu ditugu bi filosofo eta politologo bat,... [+]


Nor zen Adolf Eichmann?

Karl Adolf Eichmann (Solingen, Alemaniako Inperioa, 1906 - Ramleh, Israel, 1962) Alemania naziko SSetako goi-mailako ofiziala izan zen, bereziki ezaguna Azken Konponbidea edo Azken Soluzioa deitu zitzaioneko “arduradun logistiko” gisa izendatu izan delako... [+]


Adolf Eichmann: errugabea sentitzen zen nazia

Aurten 60 urte bete dira Hannah Arendtek Eichmann Jerusalemen liburua kaleratu zuenetik. Urte bat gehiago pasatu da Adolf Eichmann funtzionario nazia, Holokaustoaren "arduradun logistikoa", Israelen urkatu zutenetik. Eichmannen epaiketaren jarraipen... [+]


Comete erresistentzia sarea oroituko dute ostegun honetatik igandera bitartean

 Bigarren Mundu Gerran zehar Belgika, Frantzia eta Euskal Herrian soldadu eta hegazkin pilotu aliatuak laguntzen zituen erresistentzia sarea izan zen Comete. Angelun kokaturiko Comete Sarearen Lagunak elkarteak antolatu ditu erresistentzia... [+]


Madril ez da faxismoaren hilobia

Madril, 1939. Hiria frankisten esku erori baino lehen, munduko faxismoaren aurkako hiriburutzat jotzen zen, gobernu errepublikarraren propaganda eta gerra garaian handik pasatako intelektual antifaxista ezagunak medio. Garaileek hiriburua Sevillara, Salamancara edo Burgosera... [+]


Gerra galtzea eta suizidioa

Espainiako Estatuko Ciudad Realen Anisio Castilloren gorpua berreskuratu dute talde memorialistek berriki, 1943an bere buruaz beste egindako errepublikarra, frankistek bera eta bere familia bakean utz zezaten. Ez da gauza berria, etsaiek harrapatu baino lehen suizidatzeko joera... [+]


Eguneraketa berriak daude