Ikasmahaietako aulkietatik altxa, eta asteazkenero, Albaola ontziolara joaten dira Pasaia-Lezo Lizeoko ikasleak. Han, besteak beste, ontzi bat nola gobernatu ikasten dute. Gazteak motibatzeko proiektu berezia du abian jarria aurtengo Kilometroak jaiaren antolatzaileak: marinelaren ofizioa irakastea.
Bestelako hezkuntza proiektua abiatu zuten duela bi urte Lizeoan. Hiru hilabetez, eskola magistrala Albaola ontziolan ematen dute. Bertan, itsas bizimoduarekin harremana duten zereginak lantzen dituzte: arraunean aritzeko lokarriak edota korapiloak egiten ikasten dute, esaterako. Hala, ikasturtea gainditzeko beharrezko ikasgaiak barneratzeaz gain, Pasaiako historia eta arrantza mundua ezagutzea da helburua.
Albaola eta Lizeoa urte askoan aritu dira elkarrekin lanean, ontziolako kide eta ikastolako irakasle Ane Miren Mirallesek baieztatu digunez. Urtetako bultzadaren ostean, ekimena aurrera ateratzea lortu zuten eta duela bi urte egin zuten lehen proba –Gipuzkoa Donostia Kutxa dute laguntzaile–. Pozik geratu ziren orduko emaitzarekin, eta errepikatzea erabaki zuten.
Azken ikasturtean, Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzako 23 gaztek hartu dute parte egitasmoan, 12-16 urte artekoak. Guztiak dira dibertsifikazio kurrikularreko ikasleak. Alegia, eskolan arreta mantentzeko eta ikasgaiak gainditzeko arazoak dituzten ikasleak. Gehienetan, arazoen oinarria motibazio falta dela uste du Mirallesek. Eta hain zuzen, motibazioa areagotzeko xedez sortu zen proiektua. Lortu dute hainbat kasutan, erabateko aldaketa eman duen ikaslerik bada, eta horrek asko pozten du irakaslea: “Iruditzen zaigu proiektu interesgarria dela beraien motibazioa pizteko, ikusteko lanaren bidez gauza asko lor daitezkeela”. Are gehiago, ikasketa arazoak dituztenentzat bakarrik izan beharrean, ekimena ikasle guztientzat onuragarria dela eta denek parte hartu beharko luketela uste du.
Ontziolan, lanaren bidez saiatzen dira irakasgaiak helarazten, baita bizitzan beharrezkoak diren baloreak ere. Pasa den ikasturtean, adibidez, marinel izatea zer den ikasi dute. Garai bateko arrantzaleen modura, arraunean, patroiari obeditzen, maniobrak egiten, bela erabiltzen... ikasi dute. Baita ere marinelak zein jarrera behar duen ontzian. Elkarlanean aritzea garrantzitsua dela barneratu ahal izan dute, denen adostasunik gabe ontziak ez duelako aurrera egingo. Azken finean, proiektuaren bidez hainbat balore positiboren jabe egin dira ikasleak.
Gainera, Mirallesek azaldu digunez, proiektua ikasle bakoitzaren beharretara moldatzen saiatzen dira. Garaiz iristeko arazoak dituen ikasleari, esaterako, baldintza jarri zioten aste osoan bere orduan iritsi zedila. Hori bete ezean, ontziolara joateko baimena kenduko zioten. “Konpromisoa erakutsi behar dutela adierazi nahi diegu, ez dela nahikoa tailerrera azaltzea”.
Lana hasi eta bukatzearen konpromisoa ongi bete dutela uste du Albaolako kideak eta 2008-2009 ikasturtea ekarri du gogora. Orduan, larruzko kanoa bat egin zuten ikasleek. Beharrezko materiala ez zenez garaiz iritsi, ekainean aritu behar izan zuten kanoa amaitzen, eskola orduez kanpo. Ilusioz gogoratu du: “Ikasleak udan etorri ziren, proiektua amaitu ahal izateko”. Antza denez, hondartzako giroak ez zituen gazteak aldendu, eta zintzo bete zuten beren lana. “Arratsaldeko seitan sekulako eguraldia izan arren, batzuk ontziolan aritzen ziren lan eta lan”. Azkenean, uztailean uretaratu zuten kanoa, eta irakasleei eta laguntzaileei ez zaie ikasleen jarrera ona ahaztu.
Oro har, ikasleek gustukoago dute ontziolako lana, gelako ariketak baino. Aurten gainera, egindako lanagatik ordaina jaso dute. Proiektuan parte hartu duten ikasleetako lauk Kanadara bidaiatu ahal izan dute. Antzeko ekimenak landu dituzten ikastetxeen arteko topaketa egin da, Kanadako Midland-en, eta hara joan dira Garazi Cubillo, Markel Lezertua, Aitor Zaramalilea eta Aitor Edroso. “Oso aukera ona izan da eta gainera hemen eskolan baino hobeto pasa dugu!”, diote. Irakaslea ziur da horrelako bidaiak erakargarriak direla gazteentzako, baina badaki baita ere ez dela arrazoi bakarra izan ikasleek euren lanak amaitzeko. Proiektua bera da motibagarri. Saria ikasle guztiek merezi zutela dio, eta aukeraketa zaila izan zela. Baina DBHko lehenengo eta bigarren mailakoek, adibidez, ezinezko zuten topaketetara joatea, adina dela-eta. Gainontzekoen artean, hautaketa hiruhilekoan zehar egin duten lanaren eta erakutsi duten jarreraren araberakoa izan zen. Noski, ilusio handiz hartu zuten berria hautatuek.
Aurretik aipatu dugu: ikasturteko azken hiruhilekoan burutzen dute proiektua. Orduan jaisten dute Pasaia-Lezo Lizeotik Albaola ontziolara doan aldapa; baina izatez, proiektuari urte osoa eskaintzen diote. Mirallesek azaldu digunez, bi zati ditu programak, teorikoa eta praktikoa. Udazkenean eta neguan lantzen dute teorikoa, eta udaberrian ontziolara joateko garaia iristen da, ikasitakoa praktikara eramateko. “Lan praktikoen bitartez, ikasleak motibatzen ditugu, gainontzeko ikasgaiak ematen ditugun bitartean, dela gizartea, hizkuntza...”.
Beste hainbat herrialdetan ere aurki ditzakegu horrelako egitasmoak, horietako batzuetan aspalditik gainera. Aipatu moduan, topaketa egiten da egitasmoan parte hartzen duten nazioarteko ikasleak biltzeko. Pasaia-Lezo Lizeoko gazteak uda honetan izan dira lehen aldiz, Midland hirian. Astebete izan dira, aurretik Maine estatuan (AEB) bi astez egon ostean.
Euskal Herriko lau ikasleak nazioarteko tripulazioan hartu dute parte –ekimenean hasi berriak direnei ematen zaie aukera–, hamahiru herrialdetako gazteekin batera. Gehienak europarrak ziren, baina Indonesiatik edo AEBetatik gerturatutakoak ere baziren. Zehazki, euskaldunek Errusiako eta Bretainiako lagunekin bidaiatu zuten ontzi berean eta harreman handia egin zuten elkarrekin bizitako egun haietan. Gainera Albaolan landutakoa ontziolatik kanpoko esperientzian baliagarri izan zitzaien.
Hona Bostekoa! da aurtengo Kilometroak jaietako leloa. Oro har, bostekoa laguntza eskatzeko edota elkartasuna adierazteko erabiltzen den keinua izaten da, baina Boxtonek –Kilometroakeko aurtengo logotipoak– aurkitu dizkio bestelako esanahiak. Adibidez, bost zenbakia hamar aldiz biderkatu, eta duela mende erdi sortu ziren lehenengo ikastolei egiten die erreferentzia. Agustin Migeltorena, Pasaia-Lezo Lizeoko zuzendariak, Don Inazio Esnal nabarmendu du, mugimendu euskaltzale hura sortzen lagundu zuena. Hori eskertzeko, omenaldia egingo diote urriaren 3an: “Omenduko dugu belaunaldi hura, baina bereziki Don Inaziori egingo diogu aipamena”. Garai haietan bere ekimena funtsezkoa izan zela azpimarratu du Migeltorenak.
Bost zenbakiak gehiagorako ere ematen du. Ikastolako zuzendariak bost arrazoi eman dizkio bisitariari Kilometroakera joateko, era berean bost arrazoi dituztelako berau antolatzeko: seme-alaben hezkuntza, euskara, euskal kultura, hezkuntza propioaren aldeko aldarria, Euskal Herriak behar duen eskola sarea, eta Lezon eraiki nahi duten ikastola berria.
Boxtonen bost zenbakiak, halaber, badu geografiatik ere. Lau barrutik osatzen dute Pasaia: Donibanek, Trintxerpek, Antxok eta San Pedrok, eta horiei Lezo gehitu behar zaie. Barruti bakoitzean dauden ikastolak eta Lezoko ikastola elkartzearen ondorio da Pasaia-Lezo Lizeoa. Barruti bakoitzak bere presentzia du logotipoan, zehazki irudiaren gandorreko koloreetan: arrosarekin Pasai Donibane adierazi nahi da, morearekin San Pedro, urdinarekin Trintxerpe, gorriarekin Pasai Antxo –Sanferminak gogoratuz–, eta berdearekin Lizeoa”.
Kilometroak festarako dena prest dago jada: bost gune izango ditu, sei kilometrotan banatuta. Oarsoaldeko paraje desberdinak hartuko ditu ibilbideak: landa-eremua eta portu aldea. Abestiaren hitzak Jon Garmendia Txuria bertsolariak egin ditu, eta musika Esne Beltza taldeak.
Euskal Herriko Kontseilu Sozialistak (EHKS) antolatuta, egun osoko jardunaldia egin dute igandean, Bilboko Campos Eliseos antzokian. Hainbat hitzaldik osatu dute egitaraua, eta jardnualdia amaitzeko Bigarrenez Aresti etorkizunaren aurrean antzezlana estreinatu dute.
Bozen lehen itzulian pare-parean geratu ostean, inkesta gehienek aurreikusten zutena baino tarte handiagoa atera dio egungo presidenteak Luisa González hautagai correistari. Oposizioak "iruzurra" salatu eta botoak berriz zenbatzea eskatu du.
Gure amak beti esaten du: “Ez dut sekula ulertu zergatik gertatu zen Lehen Mundu Gerra”. Ez dio batere zentzurik harrapatzen. Ez du ulertzen zergatik inplikatu ziren Europako potentzia zaharrak halako basakeria batean eta ez zaio buruan sartzen nola konbentzitu... [+]
Maki gerrillari antifrankistek Euskal Herrian ez zuten presentzia bereziki nabarmena izan, baina batzuk pasatu ziren, baita erregimenaren errepresio bortitza pairatu ere. Guardia Zibilak hiru hil zituen Ibaetan 1947an eta bat Zubietan 1948an, ahaztuta badaude ere.
Ekimenak bakea eta justizia soziala sustatzeko proiektuak finantzatzea du helburu. Sustatzaile diren gizarte mugimenduek mezu argi bat bidali diete gobernuei eta armagintza industriari: "Ez dugu gerraren konplize izan nahi".
"Eskatu txanda eta egingo dugu bat zurekin", esan dio estudioetatik ari den esatari prestu eta animatuak Bilboko kaleetan dabilen berriemaile gazteari. Aurkezlea entzuleei zuzendu zaie segituan. "Bien bitartean, Iruñera goaz...". Han zabaldu dute linea... [+]
Hainbat lorpen kolektiboan soilik egin daitezkeela esaten denean, lerro artean joan ohi da behin kolektiboan pentsatu, gogoetatu eta eztabaidatu ondotik heldu ohi direla, heltzekotan. Baina zerbait lortzeko, ezinbestekoa da pentsatzen jartzea. Ez baitira gauzak besterik gabe... [+]
Urtearen hasieran, Zedarriak taldeak "defentsaren" industriari buruzko "eztabaida irekitzearen" alde egin zuen publikoki (baita nuklearrari buruz ere), eta Eusko Jaurlaritzak berehala egin du bat horrekin. Lehenik, Mikel Torres lehendakariorde eta Ekonomia... [+]
Apirilak asaba zaharrengana garamatza. Apirila urte osoaren gakoa izango da. Lurrak antolatzea, ongarriketa osatzea, haziak plantatzea, pardak, makilak, sareak, lokarriak atontzea… Hamaikatxo lan bada, sasoi berrirako urratsik handiena, gero uda eta udazkena azkurriz eta... [+]
2021 inguruan hasi zen Itziar Presa Blasco gernikarra konbutxaren munduan murgiltzen. “Magisteritza ikasi nuen nik, eta hezkuntzan aritu nintzen urteetan lanean, baina semeak jaio zirenean etxean geratzeko aukera izan nuen, eta ordu arteko guztia, nolabait, apurtu egin... [+]
Gaur aurkezten dugun intsektuaren izen zientifikoak, besteak beste, bi gauza azaltzen dizkigu: alde batetik, gorria dela (ez erabat) eta ez duela hegorik. Okerrak ez dira biak ala biak, baina gorria ez da bere kolorazio bakarra, eta hegoak ere izan baditu, baina beraien tamaina... [+]
Sendabelarrak non bildu galdetuz idazten didate eta bide bazterrei erreparatzeko esan ohi diet. Erromantizismoak kalte egin digu bizitzako esparru askotan eta hemen ere bai, sendabelarrak ez baitaude mendi tontorretik gertu dauden bide zidorretan (bakarrik), ezta kostatik bertan... [+]