Matt Simmons, “Peak Oil”aren propagandista

  • Abuztuaren 8an bainuontzian itota azaldu zen Matthew Simmons, petrolio aholkulari aberats eta Peak Oil teoriaren propagandista famatua. Konspirazio handien salatzaileari bukaera susmagarria oparitu dio heriotzak. Azken urteetako iragarpenetan huts eginagatik, denek aitortu diote petrolioa ulertzeko ideietan aitzindari izan zela.
Minyanville guneak eskaintzen duen irudian, Matthew Simmons. Sortu zen Utah utzi eta Texasera joanda, egindako lanengatik petrolio konpainien artean itzal handiko gizona izaki, Ilunabarra basamortuan liburuarekin ordura arte enpresarien artean segurutzat jotako ideia askok uzkaildu zituen. Lurpetik petrolioa erraz eta merke eskuratu zireneko garaia bukatzen ari dela erakutsi zuen. 2005ean Peak Oil kontzeptua kasik bitxikeria zen eta gaur, aldiz, erreferentzia nagusietako bat. Estrategiak eta prospektiba egiten dituztenek kontutan hartzen duten datua da. 2007an Simmonsek, petrolio konpainien aholkularitza utzi eta mundu osoan ematen zituen hitzaldiez gain itsasoko energia nola baliatu ikertzeko fundazioa osatu zuen, Ocean Energy Research. Ziur zegoen iraganeko energiak agortzear daudenez etorkizunekoetan saiatu beharra dagoela.
Zarata mediatikoz beteriko garai nahasiotan, merkatu logiketatik urrun eta irakurleengandik gertu dagoen kazetaritza beharrezkoa dela uste baduzu, ARGIA bultzatzera animatu nahi zaitugu. Geroz eta gehiago gara, jarrai dezagun txikitik eragiten.
Petrolioa 2010ean 200 dolar kostatu baietz, 2.500na dolar jokatu zizkien Matthew Simmonsek 2005ean bi kazetariri. Orduan 65 dolarretan zegoen. Aurtengoa bukatzeko hiru hilabete falta arren, galdutzat jo beharko zituen Simmonsek, bizi balitz. Adituek esango dute petrolioaren luzerako garestitzeari buruz arrazoia zuela oro har, baina gutxietsi egin zituela ekonomiaren gorabeherak... 2008ko finantza hondamendia sartu zen tartean.

Hanka sartze hori eta besteak gogoratu dituzte prentsa amerikarreko hil-oharrek Simmonsen heriotzaren berri eman dutenean. Baina horiekin batera, denek aitortu dute munduko iritzi emaile askori ikuspegia aldarazi ziela petrolioaz.

Abu Dhabi-ko The National egunkarian Tamsin Carlislek, honela idatzi du: “Matthew Simmons, azken denboretan zenbait konspirazio teoria zabaldu zuena, halako gehiagoren gai bihurtu da hil ostean. Haren karrera ikusgarri eta batzuetan harrigarriaren azken kapituluan, energi inbertsioetako bankari eta idazlea, gero energia berriztagarrien zale suhar bihurtua, igandean hil da Maineko bere bainuontzian, modu ez erabat argian: North Haven-eko mediku forentseak ez du garbi adierazi bihotzekoak jotzearen ondorioz ito den ala itotzerakoan jasan duen atakea. Holakoetan gertatzen den legez, AEBetako txutxumutxuen errota berehala jarri da martxan eta konspirazio teorien aldeko zenbait hasi da adierazten Simmonsena ez dela heriotza berezkoa izan”.

Hildakoa, izan ere, zinez polemikoa zen, nagusiki 2005ean plazaratu zuenetik Twilight in the Desert: The Coming Saudi Oil Shock and the World Economy (Ilunabarra basamortuan. Saudi Arabian gertatu behar duen petrolio shocka eta munduko ekonomia). Liburuak sekulako oihartzuna eragin zuen.

Matt Simmons ordurako aholkulari ezaguna zen petrolio konpainien artean, 1973ko krisian egindako apustuekin bai bera eta bai bere gomendioak jarraitu zituzten energia konpainiak aberastu egin zirelako. George Bush presidentearen aholkulari ere aritua zen. Horregatik 2005an bere data base pribatua erabiliz Simmonsek liburuan azaldu zuenean Saudi Arabiako petrolio erreserba ofizialak puztuta zeudela, hango petrolio ustiaketak goia jo zuela eta laster gainbehera abiatuko zela... txinpartak atera zituen.
Sortzez bezala heziketaz, oso gizon kontserbadorea zen. Utahko familia mormoi batean jaioa, gaztetatik murgildu zen negozioetan. Jauzi handiena 1974an eman zuen. 1973ko urrian herrialde arabiarrek enbargoa ezarri zieten petrolio esportazioei, Mendebaldeko potentziek Israeli Yom Kippurreko Gerra deituan laguntza eman ziotelako. Munduko hiri aberatsetako gasolindegietan auto ilara luzeak ikusi ziren erregai urrituaren eske, petrolioaren prezioa izugarri garestitu zen.

Simmonsek garai hartan sortu zuen Simmons and Company International, aholkularitzan berezitu zena. Urre beltzaren inguruko geroztikako gora behera guztiez inork gutxi bezalako ezagutza metatu zuen. Enpresa handien aholkularitzan aberastu ere bai.

Petrolioa 200 dolarretan noizko?

Matthew Simmonsi bigarren gaztaroa Twilight in the Desert liburuak ekarri zion. Petrolio merkearen aroa bukatzear zela iragarriz eta aldi berean jende artean ideiak azaltzeko zeukan grazia oso berezia baliatuz, komunikabideetan lekutxoa eskuratu zuen.
“Bitxia da –esaten zuen– munduko industriarik handienaren jabe gara eta hala ere sekulako arazo baten aurrean gaudela ohartu diren gutxietakoa naiz. Denbora librean aurkitu dut dena, gainera. Ez al da tragikoa eta zentzugabea?”.

Kontserbadore honi, bestalde, lagun berriek deitzen zioten gero eta gehiago hitzaldietara, energiaren urritzeaz eta Pik Oil teoriak kezkatutako jendeek.

Laster Simmons and Company utzi eta Ocean Energy Institute sortu zuen. Itsaso zabaleko haize errotak, mareak eragindako turbinak, korronteen energia erabiltzea... munduaren energia goseak horietatik ase zitezkeela ziur zegoen. “Ozeanoak dira energiaren azken frontera”, esan zuen Simmonsek. Hildakoan Ellen alargunak eta bost alabek hileta oharrean eskatu diete lagunei ez bidaltzeko lorerik, hobe dutela hark sortutako Ocean Energy Institute fundazioari dirua oparitzea.

Baina azken denboretan lagun berrien artean ere gogaikarri bihurtua zen gizona. Peak Oil mugimendukoek beti aitortu diote Simmonsi heldu den energia krisia ezagutarazteko egin duen lana, baina azken urteotako hanka sartzeekin ere gero eta haserreago zeuden.

Hil baino bi aste lehenago gaiotan gaztelaniazko erreferentzia den Crisis Energética gunean idatzi zuten: “Dudarik gabe Matt Simmonsek asko lagundu du petrolioaren gailurra ezagutarazten (...) baina azken aldian nire buruari galdetzen diot ea benetan lagungarri ote den problemaz jendea ohartarazteko”.

Askoz zorrotzago titulatu zuen Robert Rapier ingeniariak energiari buruzko Consumer Energy Report blogean: Is Matt Simmons Credible? Rapierrek lehenbiziko eztabaida izan zuen Simmonsekin ASPOren 2008ko bileran –sigla horiek biltzen dituzten Peak Oilaren inguruko talde eta erakundeak–. Simmonsek hitzaldian esan zuen Ike hurakanaren ondoren gasolina faltako zela AEBetan, herrialdeko ekonomia kolapsatzeraino. Rapierrek erantzun omen zion datu okerrak baliatu zituela, ez zituela ondo analizatu biltegietako informazioak. Denborak erakutsi zuen Rapierrek arrazoi zuela.

Askoz petto nabarmenagoa egin zuen uda honetan Simmonsek, Mexikoko Golkoan lehertu zen Macondo edo Deepwater Horizon plataforma zela eta. Ezingo zela petrolio isuria kontrolatu, BP konpainia hilabeteren buruan kiebran egongo zela, itogina ixteko modu bakarra bonba atomiko txiki bat lehertaraztea zela, golkoko azaleraren %40 kutsatuta zegoela, kostako estatuak ebakuatu beharra zegoela, eta abar. Geroztik bete ez direnak.

Zergatik horrelako irristadak? Hona Rapierren iritzia: “Tamalez, uste dut bere sinesgarritasuna suntsitzeko bidean dagoela. Ez dut uste historiak samurtasunez epaituko duenik aipatu gertakizunak aztertzerakoan. Penagarria da, zeren eta aldarri sentsazionalista horiez landa, oraindik sinesten dut zuzen asmatu duela peak oilaren zertzelada nagusiez, epe luzeko prezioez eta erreakzionatu beharraz esan dituenetan”.

Kontserbadore bitxi honetaz lagun batek esan du mundua aldatzeko baino mundutarrak iratzartzeko egiten zuela borroka. Matt Simmonsek argi zeukan: “Ordezkorik gabeko iturri gutxien zerrendan ura eta petrolioa daude buru. Tamalez XX. mendean alferrik galdu ditugu, prezio merkeek itsututa” .

Informazio gehiago:
- Matthew Simmonsen heriotzaren albistea The National-en Tamsin Carlisle-k idatzia
- Albistea Chron gunean
- Simmonsen heriotza dela eta Crisis Energetican azalduko albistea eta erreakzioak
- Robert Rapier-en Is Matt Simmons Credible bere Consumer Energy Report blogean
- Simmons & Company enpresaren gunea
- Ocean Energy Institute

Azkenak
2025-03-08 | ARGIA
ARGAZKI GALERIA
Mugimendu Feminista: “Faxismoaren kontra, ausardia eta aliantza feministez armaturik gaude”

Mugimendu feministak manifestazioak egin ditu goizean Donostian, Gasteizen eta Iruñean eta arratsaldean Baionan eta Bilbon. Oinarrizko irakurketa partekatu dute, eta horri gehitu diote hiri bakoitzean bertako problematika, eragile eta ekimenen erreferentzia.


2025-03-08 | ARGIA
Bilgune Feminista
“Feminismoa da heldulekurik argiena desio dugun Euskal Herrirako”

Bilgune Feministak Heldulekuak argi, Euskal Herria feminista leloa baliatu du M8an, azpimarratzeko feminismoak ematen dituela “datorrenari aurre egiteko tresnak”, eta gogorarazteko faxismoaren gorakadaren testuinguru hau helduleku horretatik irakurri eta borrokatu... [+]


Iruña-Veleia: epaiketatik bost urtera

Otsailean bost urte bete dira Iruña-Veleiako epaiketatik, baina oraindik hainbat pasarte ezezagunak dira.

11 urteko gurutze-bidea. Arabako Foru Aldundiak (AFA) kereila jarri zuenetik epaiketa burutzera 11 urte luze pasa ziren. Luzatzen den justizia ez dela justizia, dio... [+]


Superwoman

MAITE: (biharko eguna antolatzen bere buruaren baitan) Jaiki, gosaldu, bazkaria prestatu, arropa garbitu, etxea garbitu, gizon hori jaiki, seme-alabak jaiki, hiru horien gosaria prestatu, haiek agurtu, erosketak egin, lanera joan, seme-alabak eskolatik jaso, merienda eman,... [+]


Espainiako Sustapen Ministerioa: “Ez dakigu Ezkioko lotunea oso bideragarria den”

Josu Estarrona EH Bilduko Arabako senatariak egindako galderari erantzun dio Espainiako Sustapen Ministerioak, eta hor berretsi du Ezkioko aukera zailtasunez beteta dagoela.


2025-03-07 | Laia Alduntzin
Hezkuntza gotorleku

Matxismoa normalizatzen ari da, eskuin muturreko alderdien nahiz sare sozialetako pertsonaien eskutik, ideia matxistak zabaltzen eta egonkortzen ari baitira gizarte osoan. Egoera larria da, eta are larriagoa izan daiteke, ideia zein jarrera matxistei eta erreakzionarioei ateak... [+]


Mazónek ez du lortu bere misioa: Valentziako gurasoek katalanaren alde egin dute

“Askatasunaren” izenean, ikastetxean zein oinarrizko hizkuntza nahi duten galdetu diete guraso valentziarrei. Helburua katalana zokoratzea zen. PPren eta Voxen gobernuak ez du lortu. 33 eskualdeetatik 22tan katalana gailendu da. Emaitzarekin oso pozik agertu dira... [+]


800.000 euro gastatuko ditu EBk errusiar inbasioaren mamuari aurre egiteko

Europar Kontseiluak onartu du Ursula Von der Leyenek gastu militarrean proposatu duen 800.000 milioi euroko gastuarekin aurrera egitea. Horretarako bi arrazoi nagusi argudiatu ditu: Errusiari aurrea egitea eta Europar Batasunak aurrerantzean bere burua AEBen babes militarrik... [+]


Gizakunde
Badator, esnatu da

Gizakunde (Inauteriak)
Noiz: otsailaren 15ean.
Non: Arizkun eta Erratzun. plazan.

------------------------------------------------

Amaitu dira inauteriak, sutan erre ditugu gaiztoak, gaizkiak, sardinak eta panpinak. Baina xomorroak esnatu dira eta badator... [+]


Kontzertuak, hitzaldiak, antzerkiak, dantzak, bertso-saioak... M8ko ekitaldi kulturalen bilduma

Festa egiteko musika eta kontzertu eskaintza ez ezik, erakusketak, hitzaldiak, zine eta antzerki ikuskizunak eta zientoka ekintza kultural antolatu dituzte eragile ugarik Martxoaren 8aren bueltarako. Artikulu honetan, bilduma moduan, zokorrak gisa miatuko ditugu Euskal Herriko... [+]


Bizi testamentua: aurretiazko borondateen agiriaren gakoak

Soco Lizarraga mediku eta Nafarroako Duintasunez Hiltzeko Eskubidea elkarteko kidearen ustez bizi testamentuak heriotza duin bat eskaini eta familiari gauzak errazten dizkio.


“Topaketa antiinperialistak” egingo ditu Askapenak martxoaren 15 eta 16an Bilbon

Karmela espazio autogestionastuan egingo ditu, eta Euskal Herriko zein nazioarteko gonbidatuak egongo dira bertan. "Koiuntura analisi orokorretik abiatu eta Euskal Herriko borroka internazionalistaren gakoetarainoko bidea" egingo dutela adierazi du Askapenak... [+]


Eguneraketa berriak daude