Donostia 2016ari begira Donostia 2010etik


2021eko uztailaren 19an

2006ko maiatzean Donostiaren kultur proiektu handiak zeintzuk ziren ezagutzera emateko jardunaldiak antolatu zituen Udalak San Telmo Museoan. Bertan aurkeztu ziren Victoria Eugenia Antzokia, San Telmo Museoa eta Tabakalera. Victoria Eugenia 2007ko martxoan inauguratu zen. San Telmo datorren urtean inauguratuko da, udal hauteskundeak baino arinago. Tabakalera, berriz, ez dakigu noiz inauguratuko den.

2008an erabaki zuen Donostiak 2016ko Europako Kultur Hiriburu izateko hautagaitza aurkeztuko zuela. Harkaitz Canok zera esan zuen aurkezpen ekitaldian, besteak beste: “Asko hitz egiten da aurrerabideaz, baina gutxi albora egiteak dituen abantailez. Eta kulturaren funtzioa, beharbada, alboan dago eta ez aurrean: ez litzateke txarra noizean behin, xakeko zaldia bezala, aldi berean aurrera eta albo batera mugitzeko gaitasuna izatea”.

Begira dezagun, beraz, alboetara. Donostiako ordezkariak Madrilgo Kultura Ministeriora 2016ko hautagaitza aurkeztera joan ziren egunean, 2010eko uztailaren 9an, Udalak DOKAko (Donostiako Kafe Antzokia) soinu-ekipoa zigilatu zuela jakin genuen. Dirudienez, ekainaren 23an, gaueko 23:00ak pasata, behar zuena baino ozenago zegoen aretoko musika.

Diego Manriquek El País egunkarian idatzitako La ciudad bajo asedio (Setiatutako hiria) zutabeaz akordatu nintzen berehala. Madrilgo Udalak zuzeneko musika programatzen zuten aretoei zer nolako laguntzak ematen zizkien aipatzen zuen Manriquek. Garai hartan bertan arazoak izan zituen Bilboko Kafe Antzokiak. Argigarriak kazetariaren hitzak: “Askok uste dugu rocka, jazza eta antzeko musikek tamaina txikiko edo ertaineko aretoak behar dituztela, lasaitasun giroan talde edo bakarlariekin gozatzeko tokiak, kopa eskuan dugularik, inolako eserlekuri lotu gabe. Ekimen pribatuko lokalak, udalaren ulermena merezi dutenak, baita gehiago ere (salbuespen fiskalak?). Edozein hiriko kultur ehunaren zati dira eta zaindu beharko lirateke, ez jazarri. Eta jazarpena egon, badago: adibidez, Madrilgo udaltzainen astakeria hori, DJen poltsak arakatzen disko piraten bila!”.

1980ko hamarkadan herritarrek ez zuten nahikoa azpiegitura gustuko arte-adierazpena ezagutzera emateko, baina gogoa eta beharra baliabideen gainetik jartzen direnean, nahikoak dira zuk nahi duzuna egitera hurbiltzeko. Duela hogei urte musikak pisu ederra zuen gure aisialdian (orain aisialdian, lanean, kafetegietan, dendetan, full time), baina Kaki Arkarazok duela gutxi eginiko elkarrizketa batean esan bezala, lau kanta ziren behin eta berriz errepikatzen genituenak.

Donostia Kulturak 2009an ia 26 milioi euroko aurrekontua izan zuen. 180.000 biztanle dituen hiri batentzat ez da kopuru eskasa. Aparte utzi behar dira Zinemaldia, Musika Hamabostaldia, Kursaal-eko hainbat kultur ekitaldi, eta abar.

2010-2011 epean Aieten eta Intxaurrondon beste bi kultur etxe zabalduko dira. Aietekoa espezializatua egongo da giza eskubideen alorrean eta bertan izango du egoitza gai horiei buruzko institutu batek. Intxaurrondokoa, berriz, Gasteizko zentro zibikoen bidetik doa. Kiroldegia integratua izango du. Ahaztu gabe San Telmo Museoak ere ateak berriro irekiko dituela 2011n.

2009-2020 eperako proiektua aurkeztu omen du 2016ko hautagaitza donostiarrak. 89 milioi euroko aurrekontua, prentsan irakurri dugunez. Horietarik, 40 milioi 2016ko urtean bertan gastatzekoak. Diru asko da, bai, baina erreparatuz gero beste zenbait konturi, ez da hainbesterako. 4.920 milioi euro aurreikusi dituzte AHT, metroa eta autobus geltokia garatzeko. Donostiako bigarren errepide gerrikoak, berriz, 300 milioitik gorako kostua izan du.

Donostiako kultur adierazpen erraldoienak (Aste Nagusia, Zinemaldia, Jazzaldia) turismoa erakartzeko sortu zituzten XX. mendearen bigarren zatian. Bilboko Guggenheim Museoa Euskal Herriko erakundetako ekonomia sailek bultzatutako proiektua izan zen. Okerrena da Kultura sailetako dirua jaten duela.

Irailaren amaieran U2 taldeak kontzertua eskainiko du Donostiako Anoeta Estadioan. Erakundeek, Foru Aldundiak eta Udalak, seguru emango diotela laguntzaren bat kontzertu sustatzaileari. Kultura aurrekontuak hustu beharrean, hobe da hori sartzea turismoa erakartzeko partidetan.

2006ko jardunaldietan, Josep Ramonedak esan zuen publikotasunaren kudeaketaz ari garelarik legitimitate demokratikoa dela hierarkiaren lehen mailan jarri behar dena. Batzelonako Kultura Garaikideko Zentroko (CCCB) zuzendariak hori nola ulertzen zuen interesatzen zait. Berak ondo baino hobeto zekien kargutik kentzeko eskubide osoa zutela politikariek, baina bera karguan zegoen bitartean haiek ezin zutela muturra sartu bere eremuan. Abantaila bat zuela aitortu zuen Ramonedak, Diputazioa baita patronorik handiena eta berau eguneko tentsio politikotik at omen dago Bartzelonan.

Horixe da azken urte hauetan gehien aldatu dena eta, Joxan Muñozek Tabakalera utzi zuenean, egoera ondo baino hobeto laburbildu zuen bi esalditan Xabier Erkiziak: “Harrigarria da politikariak kultura kudeatzaile lanetan ikustea. Horrela funtzionatzen dugu hemen”.

Disney, Guggenheim eta beste hainbat korporazio nagusi diren iji-aja urteak bizitzea tokatu zaigu. Munduko biztanle guztientzako nahikoa baliabide ez eta fribolitatea da nagusi eremu serioetan ere. Okerragoa da garai postmoderno hauetan dugun memoria eza. Normala da hein batean, gure begi aurrean zenbat informazio pasatzen den kontuan hartuz gero. Batzuetan badirudi krisia etorri dela poetaren udaberria bezala, inork jakin eta konturatu gabe. Eta hori ez da oso normala. Agintariek ondo baino hobeto jakin beharko lukete krisia izan dela gure egoera naturala.

Buka dezagun Harkaitz Canok 2008ko maiatzean esandako beste hitz batzuekin: “Zer da baina, askotan ahoa betetzen digun delako kultura hori? Kaosa argiago ikusteko gaitasuna? Plazera besterik ez, plazererako bidea erraztu eta plazera ematen duena? Gure destinoaren kodea deskodetzeko era bat? Sineskeria estetikoak? Agian arrazoi zuen Roberto Bolañok, eta kultura flotadore bat besterik ez da. Ez da hain gutxi ere”.


Kanal honetatik interesatuko zaizu: Donostia 2016
2016: kultura aitzakia gisa erabili zen urtea?

Atzera begira, inork gutxik uste du 2016ak bere helburu kulturalak bete zituenik. Kontrara, ordutik hona, hiriaren turistifikazio masiboaren erantzuleetako baten moduan ikusten dute askok egitasmoa. Baina zer zioten garaian hiriburutzaren kontrakoek? Izan al du hiriburutzak... [+]


Kulturak hiria eraldatu nahi izan zuen urtea

Urteak igaro genituen “Donostia 2016” entzuten. Europako kultur hiriburua, herritarren energia olatua, elkarbizitzaren kultura... Hitz handien atzean, krisiz eta gatazkez betetako prozesua izan zen. Nork ez du oroitzen Odon Elorza eta Juan Karlos Izagirreren arteko... [+]


Streisand efektuak ez gaitu zentsuratik libratuko, Donostia 2016n ikusi genuen

Iazko abenduko egun bat izan zen, larunbat goiza. Ahoz aho zabaldutako informazioari esker izan nuen filmaren proiekzioaren berri eta kulturgune batera joan nintzen, Donostian, gauza handirik jakin gabe: zer ikusiko genuen pantailan, sarrerarik ordaindu behar ote zen, zenbat... [+]


Donostia 2016k eragindako diru sarrerek apenas berdindu dute proiektuaren aurrekontua, datu ofizialen arabera

Donostiako Udalak eta Donostia 2016 kultur hiriburuaren zuzendaritzak kalkulatu dute kultur hiriburuak 47,1 milioi euro utzi dituela hiriko ehundura ekonomikoan. Kultur hiriburuaren aurrekontua 46,8 milioi eurokoa zela.


Donostia 2016: amaitu da festa

Azkar pasa da Donostia Europako Kultur Hiriburu izan den urtea ezta? Nolanahi, errepasatzen hasita etorkizunean ere zeresana eman dezaketen gaiak plazaratu dira proiektuaren inguruan. Donostia 2016ri begiratu diogu, Donostia 2017tik.


Guggenheim bariazioak: zer itxura duten kultur politika autonomikoek sailburu berriari entzunda

Jaurlaritzarentzat momentu egokia dirudi probatzeko ea kulturaren gauza honek balio duen normalizazio sozial eta politikoa lortu izana poltsikoratzeko ere.


Hizkuntza Eskubideak Bermatzeko Protokoloa abian da

Europako hizkuntza gutxituetako hiztunen eskubideak bermatzeko sortu da Donostiako Protokoloa. Kursaal Jauregian egin dute honen aurkezpena. Kontseiluak eta Donostia Fundazioak sustatutako proiektuak 185 neurri ditu bere baitan.


2016-12-16 | ARGIA
Donostiako Protokoloaren aurkezpena zuzenean

Larunbatean, 11:30ean hasita zuzenean ikusi ahal izango da zuzenean ARGIAn.


2016-12-16 | ARGIA
Badator hizkuntza eskubideen alde borrokatzeko tresna berria

Hizkuntza Eskubideak Bermatzeko Protokoloa Europako 50 bat hizkuntza komunitatetako ehundik gora eragilek sinatu dute. Abenduaren 17an, ekimenaren bultzatzaileek, Donostia 2016 Europako Kultur Hiriburuak eta Kontseiluak, Donostian aurkeztuko dute. ARGIAk streaming bidez... [+]


2016-11-24 | ARGIA
Euskal presoen lanak zentsuratu ditu Donostia 2016k

Espetxeetan eta zentro psikiatrikoetan dauden pertsonek egindako lanak biltzen dituen erakusketa batetik erretiratu ditu antolakuntzak euskal presoei zegozkienak: "Biktimei min eman diezaiekegu".


2016-11-22 | ARGIA
DSS2016k zentsuratutako presoen lan batzuk Txantxarreka gaztetxean ikusgai

Donostia 2016 Europako Kultur Hiriburutzak zentsuratutako lan batzuk Antiguako Txantxarreka gaztetxean jarriko dituzte ikusgai larunbatean.


2016-11-17 | ARGIA
Euskal presoen lanak zentsuratu ditu Donostia 2016k

Espetxeetan eta zentro psikiatrikoetan dauden pertsonek egindako lanak biltzen dituen erakusketa batetik erretiratu ditu antolakuntzak euskal presoei zegozkienak: "Biktimei min eman diezaiekegu".


“Non da parte-hartzea? Inposaketa da!” aldarrikatu dute eragile ugarik Donostian

Donostiako udaletxearen aurrean protesta egin dute kolektibo eta eragile ugarik deituta, Demokrazia Zuzenaren Foro Globalaren irekiera ekitaldia baliatuz. “Donostia ez da eredugarria demokrazian, Donostiako Udalak jardunaldi hauen aurkezpenean dioen bezala”.


Donostia “Demokraziaren Munduko Hiriburu” izendatu dutela eta protesta deitu dute hainbat eragilek

Donostiako udaletxearen aurrean protesta gisa kontzentrazioa deitu dute azaroaren 16an hiriko hainbat taldek: Satorralaia, Errausketaren Aurkako Mugimendua, SOS Miracruz 19, Stop Desahucios, Eleak/Libre, LAB. EH Bildu eta Ahal Duguk ere babesa adierazi dute. Egun horretan... [+]


“Elkarbizitza gezurra da” aldarrikatuko dute Donostian Mozal Legearen isunei erantzuteko festan

Europako Kultur Hiriburutzaren aurkako Donostia Saldu eta Suntsitu kolektiboak, Letaman gaztetxeak eta hainbat musika taldek festa antolatu dute azaroaren 19an, Intxaurrondoko gaztetxean bertan. Jakinarazi dutenez, Mozal Legearen ondorioz, hirian 7.000 eurotik gorako isunak... [+]


Eguneraketa berriak daude