I Mekara joan behar den legez musulman bekataria, inoiz azaltzen den gisan Halley kometa hegalaria, nola taldera itzuli ohi den apartatu den ardia… Bost urtean behin mundu osora zabaltzen da deialdia, euskaldun denok Ameriketan dugun hitzordu handia, gutxienez behin bizi behar den Boiseko euskal jaialdia. |
II Bilbao-Paris ordu bi dira, siesta on bat bestela, Paris-Seattle egun erdi bat, iragarkiak bezela, Seattle-Boise bi ordu t’erdi, erromerian Kupela, pasaportea esku batean bestean bidai-txartela, bide luzea egin ondoren Idahora goazela… hona helduta ia ematen du Munitibarren gaudela! |
III Dantza-taldeak, ikastola bat, ikurriñak alboz albo, Ameriketan batzen gaituen herria bizirik dago, inork epaitu ezin dezakeen nortasunaren abaro. Nola ote da posible egun, (seko harriturik nago!?) asaben lurra utziagatik Atlantikotik harago Boise sentitzen dudala hura baino Euskal Herriago? |
IV Euskara erraz galtzen den arren, (hori ez da nobedade) Boisen oraindik hiztun ugari dira hizkuntzaren jabe. Bizkaitar, baxe-nafar, lapurtar… Zenbat gizon eta andre “erran gura dot” gisako moldez mintzo direnak halere! Batua propio bat sortu dute Euskaltzaindiarik gabe, elkar ulertu nahi den garaian arauak soberan daude. |
V Boisek badauka altxor handi bat zelosamente gordea, mendebaldeko edozein urre pipita baino hobea: alkate jauna gizon ona da, pertsona paregabea, euskaraz aise egiten duen demokrata dotorea. Hobe Euskadin alkate gisan dugun maketo taldea ausartu balitz segitzera Dave Bieterren adibidea. |
VI Presente egon arren aizkorak eta zilindro astunak, iraganeko estanpa honen zerbait du etorkizunak. Amerikarrak dira jaialdi honetan dauden lagunak baina eurengan lekua dauka izaera euskaldunak; nola Amerikan geroa duen euskaldunen nortasunak, guretzat zerbait izango ahal du Europako Batasunak? |
Abenduaren 18an, Euskal Herriko Bertsolari Txapelketako finaletik bueltan jarritako bertsoak.
Doinua: Mutil koxkor bat.
Urte askoan gurea izan da
abundantzien bailara
zenbat familia joan ote da
orain langabeziara?
Mahaian dago eztabaidagai
zer ginen eta zer gara
alfer alferrik izango dira
hemen ERE eta Hara!
Mentalitate aldaketa bat
ematen ez... [+]