Alderdikerien azpian, sendatu beharreko zauriak

  • Medioetan sututako polemika baino askoz sakonagoa da eskoletan gatazkak bideratzeko eta elkarbizitza hobetzeko egiten den lanketa. Hezkuntzako adituei geletan ikusitakoak erakusten die ikasleekin ibilbide bat eginda edozein gai aztertzeko mamurik ez dagoela. Estrategia eta helburu politikoak utzi, eta pertsonen esperientzietatik ikastea da kontua.
Bai kartel hau eta baita erreportajea ireki duen
Bai kartel hau eta baita erreportajea ireki duen "Denon artean bakea!", Zarauzko Udalak antolatutako "Irudikatu zure mundua" lehiaketan parte hartu duten bi dira.
Bakearen eta Giza Eskubideen aldeko Hezkuntzako Euskal Plana (2008/2011) nola sortu zen jakiteak pista asko ematen ditu, beronen birformulaziotzat aurkeztu den Bizikidetasun demokratikoa eta indarkeria deslegitimatzea (2010/2011) planaren nondik norakoak ulertzeko. Gorka Ruiz Bakeolako koordinatzaileak kontatu digu prozesua. Bakeola EDE (taldeko gatazketarako bitartekaritza zentroa) fundazioko kide da eta bakerako hezkuntza lantzen du, hezitzaileekin, eskolekin eta administrazioekin harremanetan. Bere hitzetan, 1998an elkartu zituzten lehen aldiz administrazioko erakundeek bakearen inguruko elkarteak, hezkuntzan zerbait egiteko. Dokumentu bat egin zuten, Educar para la paz en Euskal Herria(...). Lehendakaritzak koordinatu zuen dokumentu hau, baina elkarte eta gizarte mugimendu pila batek hartu zuen parte. Hortik, 2002an hezkuntza arautuari buruzko diagnostikoak egin zituzten ikastetxe eta elkarteetan, gai hauek nola zeuden neurtzeko: giza eskubideak, elkarbizitza… Bi dokumentu horietan agertzen da interesgarria litzatekeela EAEko bakerako plan bat egitea.

Ruizek gogoratzen duenez: “Jon Mirena Landa sartu zen Giza Eskubideen zuzendari, eta elkarteetatik esan genion komeni zela bakerako euskal plan bat egitea, behetik, gizartetik ehundua eta Eusko Jaurlaritzak bultzatutakoa. Landak horren aldeko apustua egin zuen”. Hamalau hilabeteko prozesu parte-hartzailea izan zen planaren aurrekaria: lan egin zuten elkarteekin, Eskola Kontseiluarekin, Arartekoarekin, Nazio Batuekin, Europako Kontseiluarekin, ikastetxeekin, erakunde denekin (Eusko Jaurlaritza-Foru Aldundiak-Eudel-udaletxeak)… eta denen artean eraiki zituzten diagnostikoa eta planaren ildoak. “Plana iritsi zenean adostasun handikoa zen” baieztatu du Ruizek.

“Hor hasi zen polemika”

2006an hasi zen diagnostikoa, plana 2007ko abenduan onartu zen, eta 2008-2011 eperako jarri zen martxan. Ruizen hitzetan, “hor hasi zen polemika. Orduan jada oposizioko alderdiek oraingo azentuak egin zituzten: besteak beste ETAren indarkeriaren gaia diluituta geratzen zela…”. PSEk ekarpen horiek lan prozesuaren barruan egin zituen, eta integratu egin ziren planean. “Baina publikoki oposizioa desmarkatu egin zen”. Ordea, Plana onartu egin zen Gobernu Kontseiluan, oposizioak “babes kritikoa” eman ziolako.

Plana martxan jarri zen eta honen barruan garatu zuten Bakerako urratsak, biktimen testigantzak biltzen dituen unitate didaktikoa. Giza Eskubideen Zuzendaritzak gidatu zuen, eta Hezkuntza Saileko teknikariek landu zuten alde pedagogikoa. Emaitzen ebaluazioa kanpoko agente independente batek egin zuen, EHUko Maite Garaigordobil buru zela, eta emaitza hauek argitaratu egin ziren, unitate didaktikoa hobetzeko. Sei eskoletan aplikatu zen bi urteko esperientzia pilotuaren ostean, materiala prest zegoen eskola denetara zabaltzeko. Eta Berritzeguneetako Garatu programan (irakasleak trebatzeko) eskaintzeko irakasleentzako materiala prestatzen ari ziren. Jon Mirena Landak, orduko Giza Eskubideen saileko zuzendariak dioenez, “ia dena eginda zegoenean”, Gobernu aldaketa etorri zen, eta “jarraipena eman beharrean lan hori dena pikutara bidali eta beste planteamendu bat egin dute”.
Ruizek dioenez, “Gobernu berria sortu zenetik jakina zen plana birformulatzen ari zirela. Baina ez da prozesu parte-hartzailerik izan. Lehen zirriborroa iritsi zitzaigunean Eskola Kontseiluak, elkarteek, eta erakunde batzuek hitza hartu genuen esateko beharrezkoa zela aurreko plana kontuan hartzea, prozesu parte-hartzailea beharrezkoa dela… Alegazioak egiteko 15 eguneko epea ireki zen, tartean Aste Santua zegoela”. Denbora horretan egin zituzten euren ekarpenak entitateek eta eskatu zuten prozesu zabalago bat ireki zedila. “Azkenik, maiatzean epea luzatu zen, eta bakerako 34 entitatek osatzen dugun Giza Eskubide eta Bake Hezkuntzaren Elkarteen foroan dokumentu landuago bat egin genuen”. Planaren birformulazioan erakundeek egindako ekarpen batzuk kontuan hartu zituzten.

Birformulazioa nola onartu zen azaldu du Ruizek: “Gobernuak argi zuen aprobatu egin nahi zuela eta EAJrekin negoziatu zuen. EAJk lortu zuen birformulazioan txertatzea aurreko planaren zati handi bat. Maiatza bukaeran, bake jardunaldi batzuetan bota zuten ‘badugula akordioa!’. Hori komunikazio formalaren bezperan izan zen. EAJk egun horretan esan zuen baietz, ados zegoela ildo nagusiekin, baina Gobernuak Kontseiluan aurkeztu zuenean, EAJk “babes kritikoa” azaldu zuen, alegia, PSEk Plana onartzeko erabili zuen formula bera. Alderdi politikoen jokoa da”. Ruizek salatzen duenez: “Ojala indar hori jarriko balitz ekintzetan, irakasleen prestakuntzan… hilabeteak eta urteak pasatzen direlako polemikan, eta ez delako aurrera egiten”. Gaia “arduragabekeriaz” eraman dela gehitu du: “Horrelako gai sakona, serioa, eta sekulako karga duena, ezin du erakunde batek pentsatu hain era sinplean konponduko duenik. Horrela gertatu da gertatu dena. Desastrea izan da. Prozesua burugabekeria bat izan da”.

Emaitza: Izenburu berria

Planari izena aldatu badiote ere, horrela baloratzen du Ruizek: “Zabor mediatiko eta politiko partidistaren azpian, benetan gelditu dena da aurrekoa bere horretan, gehi Gobernu berriak gehitu dituen hiru azentu” (hurrengo atalean aztertuko ditugu). “Aurrekoaren kortaipega da, birformulatutako dokumentuaren zati handi batean, ‘bake eta giza eskubideen hezkuntza’ jartzen zuen lekuan eman diote F5 teklari (aldatu aginduari) eta jarri dute titulua ‘bizikidetasun demokratikoa eta indarkeria deslegitimatzea’”. Aurreko ekintza askori titulua bakarrik aldatu bazaio ere, hiru azentuak antzematen direla dio, “ez dira literatura hutsa”. Izen aldaketaren atzean dagoen ikuspegi aldaketa azaltzen du birformulazioaren Sarrerak (5-6 orriak): “Gobernu berriaren balorazioa da bakearen aldeko hezkuntza ‘disolbatua’ geratu dela giza eskubideetarako hezkuntzan egindako lanketa orokorrean (...)Euskadik bizi duen errealitatea aintzat hartuta –biolentzia terroristaren zartadak eta biolentzia legitimatzen dutenak jasan behar ditu oraindik–, komenigarria da arreta eta lehentasun osoa ematea bizikidetasun demokratikoaren arloan eta biolentzia deslegitimatzearen arloan egin beharreko esku-hartzeari”.

Jon Mirena Landak dioenez, “Itxuraz aurrekoaren birmoldaketa denak, egiten duena da aurrekoa txikitu. Aurrekoak giza eskubideekin zerikusia duen dena arautzen zuen. Honek beste bihotz bat du, eta beraz beste izaki bat da. Baina hori egiteko kontsentsua behar da, ezin du Gobernuak bakarrik erabaki. Ez da arrazoi morala eskuratzeko lehia, denok onartutakoa behar du”.

Hiru azentuak

Aurreko planarengandik bereizten dituena, hiru azentu edo printzipio dira: “Indarkeriaren biktimak planaren erdigunea izatea, erakunde demokratikoen aldarrikapena eta terrorismoa eta zilegi ez diren gainerako indarkeriak deslegitimatzea”.

Indarkeriaren biktimez zer ulertzen duen azaltzen du birformulazioak, 38-39. orrietan: “(aurreko Planean) ez da terrorismoaren biktima gisa duten berezitasuna aintzat hartzen, eta ‘indarkeria sufritu edo sufritzen duten pertsona’ gisa hartzen dira. Hori, bada, nahasgarria da indarkeria-forma bakoitzaren bereizgarritasunari dagokionez. Horren aurrean, beraz, proposatutako berrikusketan argi utzi beharko da indarkeria terroristak jasoko duela hezkuntza-arreta espezifikoa (dagozkion espazio eta moduekin), hark sortutako biktimei laguntza emanez”. ETAren biktimek zehaztasuna irabazi duten bitartean, aipatu ere ez ditu egiten planak gainerako biktima politikoak. Planaren birformulazio honi erantzunez, Baketikek zera eskatu du Bi ekarpen dokumentuan, “Giza eskubideen urraketen osoko ikuspegi aldeanitza barneratzea”: “Biktimekiko elkartasuna lantzea anitza izan beharko du, doakoa eta bakoitzaren arrazoi edo posizionamendu politikoetatik at garatua”.

Bigarren azentuaz galdetu diogu Ruizi eta bere ustez, “Erakunde demokratikoen errespetua eta defentsa eta abar, hori alderdi politikoen mezua da, ulertzen dutelako ETAren inguruak erakunde demokratikoen kontra egiten duela. Bake hezkuntzarako planean desenkajatuta sartu dute. Zeren lantzen baditugu gatazkei aurre egiteko gaitasunak, enpatia, etsaiaren irudiaren deseraketa, humanizatzea, indarkeriarik eza… Lanketa horrekin beste esfera batzuk –demokrazia, parte-hartzea, erakundeak– indartuta aterako dira. Eta gainera, erakunde demokratiko baten aurka egoteak, ez du zertan biolentoa izan”.

Hirugarren azentuan sartuta, Baketikek Bi ekarpen dokumentuan agertzen du “indarkeriaren zilegitasunik eza onartzeak bere arriskuak” izan ditzakeela: “Arazoa da erabakitzea nork zehazten duen zerk legitimatzen duen indarkeria edo zerk kentzen dion zilegitasuna. Eta hemen topo egiten dugu arriskuekin eta norberaren aldeko interesekin. Kontzeptuaren erabilera anbiguoak edozeinek norberaren ideiekin bat egiten ez duten proposamen, diskurtso edo ekimen horiek indarkeriaren zilegitasunaren aldeko faktoretzat hartzea ahalbidetzen du. Horrela, premisa positibo batetik abiatuz, indarkeriaren zilegitasunik eza onartzea den bezala, norberaren interesak defendatzen dituen terrorismoaren erabilera politiko interesatuaren beste erabilera modu batekin egiten dugu topo. Bakea, askatasuna, justizia edota berau bezalako kontzeptuek beti dute perbertsio honen arriskua”.

Barne Sailak idatzia, eragileek leundua

Birplanteamenduaren Sarrerak Gobernuaren egitasmoan kokatzen du hezkuntzako plan berritua: “Gobernu honek, terrorismoaren aurkako borroka, elkarren osagarri diren hiru esparrutan oinarritzen du: terroristak jazartzea eta atxilotzea; terrorismoaren bortizkeria babesten eta justifikatzen duten jarrera eta jokabideak kritikatzea eta horiei aurre egitea; eta balio demokratikoak sustatzea eta orokortzea”.

“Agiri hau egiteko arrazoiak” atalean adierazten da, batetik aurreko planaren bi urtez behingo ebaluazio eta egokitzapena egitea tokatzen zela, baina bestetik, bi gertakizunek ekarri dutela berrikusketa: bata da Terrorismoaren Biktimei Aitorpena eta Erreparazioa egiteko 4/2008 Legea, eta bestea, 2009an Eusko Jaurlaritza aldatu izana. Jon Mirena Landak argi du politikatik hezkuntzarako egindakoa dela. Idazkeran ere nabari du hori: “Luma desberdinak antzematen dira, badira luma gogorrak Barne Sailak idatziak, eta beste luma batzuk leunagoak”. Birplanteamenduaren zirriborroa azkenik onartu denaren laurdena baino ez zen luzeraz, eta edukiz hiru azentuak azaltzera mugatzen zen. Zirriborroari egindako alegazioen emaitza izan da aurreko plana ia osorik gehitzea, lehen azaldu dugun bezala. Hizkeraz ere gordinagoa zen: zirriborroa ezezkoz adierazia zegoen, onartu dena, aldiz, baiezkoan eta leunduta, nahiz eta gizartearen definizio negatibo batzuk mantentzen diren, adibidez, 8. orrian: “intolerantziarekin, gorrotoarekin eta indarkeriarekin luzaroegi bizi izan den herria”.

Zer egin da orain arte eskolan?

Joxe Mari Arakama Elkarbizitza mintegiko koordinatzailea da, Lasarteko Berritzegunean. Azaldu digu elkarbizitza positiboa lantzen dela eskoletan: “Elkarbizitza positiboaren filosofia da gatazka aukera bezala hartzea bizitzen eta elkarbizitzen ikasteko”. Legez eskola bakoitzak bere Elkarbizitza Plana egin behar du, eta organo berri bat sortzen da ikastetxe bakoitzean: Behatokia. Honek ikastetxeko elkarbizitzaren diagnostiko bat egiten du, eta egoera sakon aztertu ondoren, sektore guztien partaidetzaz egiten du bere Elkarbizitza Plana. Normalean, elkarbizitza planean lantzen dira hainbat gizarte trebezia: gatazkak konpontzea, adimen emozionala, bitartekaritza, negoziatzea, entzuten ikastea...

Ruizek oso positibo baloratzen ditu Elkarbizitza Planak: “Makrogatazka bat landu nahi izatea, askotan ez dugunean gaitasunik gure gatazkei aurre egiteko klasean, etxean eta abar, hegan egin nahi izatea da. Elkarbizitza Plana oso oinarri ona da, egunerokotasunean ditugun gatazkak lantzeak ahalbidetzen duelako dimentsio eta plano konplexuagoetako gatazkak lantzea”.

Eskola bakoitzeko Elkarbizitza Planaz gain, lehen aipatutako Bakerako urratsak unitate didaktikoa nabarmendu daiteke: 120 ekintzen sorta biltzen du, sekuentziaz sekuentzia, giza eskubideetatik hasi eta biktimekin bukatu arte. 12 orduko unitate didaktikoa da, eta azken 2 ordutan ETAren eta GALen biktimen testigantza jasotzen du.

Zaila baina landu beharrekoa

Ruizek dioenez: “Lehenik planteamendu orokorrago batetik landu behar da indarkeria eta biktimen gaia, baina gero errealitate zehatzei erreparatuz”. Hori bai, helduak aurretik: “Helduek konpondu gabe dituzten gatazkak gelara eramatea, hasi aurretik jada porrot ziurra da. Nola dinamizatuko du irakasle batek aktibitate edo klasea, berak ere maila pertsonalean erantzun gabe, itxi gabe edo pausatu gabe badu gaia? Irakaslegoa ez dela ausartzen? Eta nola ausartuko da ba! Hau ez da torlojuak egitea, hau da tematika sozial konpondu gabe bat lantzea, gizartean kontsentsurik ez duena, eta identitatea eraikitzen ari diren gazteekin gainera”.

Baina landu beharreko eremua ikusten du: “Gizartean zerbait partekatzen badugu, dira oraindik bizirik dauden sufrimendu errealitate desberdinak. Pedagogiaren eremuan, hor ematen da pertsonen arteko konexioa. Historia bera eraiki eta ados jartzea ezinezkoa da. Baina memoria partekatua egitea, zure kontakizunak eta nireak gehitzea, eta onartzea izan ditugun bizipen desberdinak eta hortik aurrera begiratzea, hori Euskal Herrian noizbait egin beharko da. Eta egiten ez badugu, beste trantsizio espainiar batean egongo gara, ‘bakearen izenean, amen; denok egin ditugu akatsak eta ez diezaiegun begiratu’. Baina Euskal Herrian aukera dugu atzera begiratu eta esateko ‘honetan guztian hanka sartu dugu, eskubide hauek urratu dira eta egin genituen barbaritateak. Egia da. Eta konpromisoa hartzen dugu errepikatu ez dadin. Eta orain begiratuko dugu aurrera’. Hori landu daiteke ikasleekin gelan”.

Ariketa horren beste muturrean dauden gizarte mekanismoak salatzen ditu Ruizek: “Erlatibotasun morala dago hemen. Hil duten pertsona berdez bazihoan ongi, eta urdinez bazihoan gaizki. Hori aberrazio etiko-moral izugarria da. Eta korporatibismoa dago Giza Eskubideetan. ‘Giza Eskubide denak pertsona denentzat, eta egoera denetan’ ideia hori ez izatea gauza denen zutabe, oso larria da. Nire eskubideak urratzen badira oso larria iruditzen zait, baina beste aldearenak direnean, hor konpon… Deshumanizazio handia dago”.

Gaia lantzeko metodologia

M11-ko atentatua DBHko ikasleekin lantzeko unitate didaktikoak prestatu zituen Bakeolak, Eusko Jaurlaritzak 12 ikastetxetan paratu zuen erakusketari lotuta. Hiru pausoko ibilbide pedagogiko honek euskal gatazka lantzeko ere balio lezakeela dio Ruizek: “Enpatizatzea, etsaiaren irudia deseraikitzea eta egoerak humanizatzea, hori da edozein unitate didaktikok egin behar duen ibilbide emozionala”. Hauek dira unitate didaktiko haren urratsak:

1.- Gertakizunen analisia egitea. Ikusmen fokoa zabaltzea, ulertzea. Atentatu batek biktimak utzi ditu, baina zergatik gertatu da?

2.- Jarreren lanketa. Nola kokatzen naiz ni errealitate horren aurrean? Ikuspegi sozio-afektibotik, emozioetatik lan eginaz, bizipenetatik, enpatiatik. Horrek humanizatu egiten du egoera. “Beste”aren irudia izatetik zure errealitatera ekartzen duzu gaia. Sorrarazi dituen sentimenduak bideratzen dira. M11ko kasuan, “Biktimek bideo eta argazkietan kontatzen zuten nola bizi izan zuten egun hura eta hurrengoak. Ikasleei proposatzen genien bost zentzumenen bidez itzuli zezatela sentitu zutena. Itzela izan zen. Askotan ez dugu gaitasunik adierazteko egoera horrek sorrarazten digun emozioa. Paneletan bakoitzak nahi bezala adierazi zuen; hitzez, marrazkitan…”.

3.- Norberaren konpromisoa. Zer egin dezaket nire egunerokotasunean, egoera horiek eman ez daitezen laguntzeko. Bizi izan duen hori eta norberak ateratako ondorioak praktikara eramatea da kontua.

Biktimak nola eraman gelara?

Ekintza zehatz hori pedagogikoki egoki ikusten duen galdetu diogu Ruizi: “Testuinguruz kanpo, hezkuntza programaz kanpo eginez gero, desastrea izan daiteke. Eta alderantziz: ongi landutako ikasle talde batean, gehien sufritu dutenek balio handiko ekarpena egin dezakete, baldin eta min hori bakerako potentzial eraikitzaile bihurtu badu biktimak”. Baldintza batzuk beharrezko ikusten ditu: “biktimak dolua burutua izatea, oinarrizko planteamendu pedagogikoa izatea, maila etiko eta moralean kategoria humano nahikoa izatea, alderdikerietatik kanpo kokatzea, eta trebetasun komunikatiboak izatea”. Baldintza horietan dago arriskua: “Hau izango bada lehen lerroko biktima mediatikoa halako gelara eraman eta argazkia ateratzera… Horrek balio sinboliko politiko mediatiko handia du. Baina heziketarako ez du baliorik”. Zer den gertatuko dena? Bada bi aukerak ikusten ditu posible: “Kontziente gara biktimen zuzendaritzak eta Hezkuntza Saileko teknikariek apustu egiten dutela lan hau egin dadin bigarren edo hirugarren lerroko biktimekin (mediatikoki ezagun ez direnekin). Baina alderdien arteko lehiak dakar posible dela medioetan lehen lerroko biktimak eskolan agertzea. Eta hau ezin da onartu. Indarkeriaren erabilera alderdikoiak min handia egiten du, eta eskolari ere bai”.

Gelako ikasleekin zer gertatu daitekeen galdetu diogu, hauetako askok etxean bizi baitituzte beste aldeko indarkeriaren ondorioak: “Planak onartzen dio eskolari ekintza hori egin edo ez erabakitzeko autonomia. Baina ez dut sinesten ongi landutako talde batek ez hartzea errespetuz eta goxotasunez sufritu duen pertsona bat. Edozein delarik ere sufrimendu horren jatorria. Ez da posible neurri horretako deshumanizaziorik. Nahiz batek besteari tiroa jo buruan, edo besteak bata torturatu. Ez dut sinesten bi pertsonek elkar ezagutu badute emango denik blokeo egoera edo konfrontaziorik. Pertsona izaerak ez garamatza horretara. Ez dut sinesten lanketa zaindu bat eginda geletan, ez garenik iritsiko errespetura eta minarekin bat egitera”.

Hezkuntzako profesionalek ez dakite nola aplikatuko den

“Zehazgabetasuna” da hezkuntzako adituek plana definitzeko darabilten hitz gakoetako bat. Oraindik garapena falta duela, asmo horiek denak gelara nola eramango dituzten zehaztea. Ruizen hitzetan: “Metodologikoki oraindik ez dakigu nola dagoen planteatuta plana, eta dena da nola egiten den. Planek askotan ez dute ezertarako balio ez badira euskarriak garatzen (unitate didaktikoak eta gainerakoak), eta egiteko moduak ez badu koherentziarik mantentzen”. Joxe Mari Arakamaren lana da irakasleen formakuntzaren bidez bizikidetzarekin lotutako programak eskoletara zabaltzea, eta berak dioenez: “Pentsatu nahi dut irailean iritsiko zaigula proposamen zehatza Berritzeguneetara. Oraindik ez daukagu”. Jon Mirena Landak zailtasunak ikusten ditu datorren ikasturtean geletan martxan jartzeko: “Hau modu sistematikoan egiteko ehunka pertsona behar dira. Eta proiektu pilotua egiteko zail dute, urtebete behar baita prestatzen. Seriotasuna eskatu behar da”.

Bakearen eta Giza Eskubideen aldeko Hezkuntzako Euskal Plana (2008/2011) nola sortu zen jakiteak pista asko ematen ditu, beronen birformulaziotzat aurkeztu den Bizikidetasun demokratikoa eta indarkeria deslegitimatzea (2010/2011) planaren nondik norakoak ulertzeko. Gorka Ruiz Bakeolako koordinatzaileak kontatu digu prozesua. Bakeola EDE (taldeko gatazketarako bitartekaritza zentroa) fundazioko kide da eta bakerako hezkuntza lantzen du, hezitzaileekin, eskolekin eta administrazioekin harremanetan. Bere hitzetan, 1998an elkartu zituzten lehen aldiz administrazioko erakundeek bakearen inguruko elkarteak, hezkuntzan zerbait egiteko. Dokumentu bat egin zuten, Educar para la paz en Euskal Herria(...). Lehendakaritzak koordinatu zuen dokumentu hau, baina elkarte eta gizarte mugimendu pila batek hartu zuen parte. Hortik, 2002an hezkuntza arautuari buruzko diagnostikoak egin zituzten ikastetxe eta elkarteetan, gai hauek nola zeuden neurtzeko: giza eskubideak, elkarbizitza… Bi dokumentu horietan agertzen da interesgarria litzatekeela EAEko bakerako plan bat egitea.

Ruizek gogoratzen duenez: “Jon Mirena Landa sartu zen Giza Eskubideen zuzendari, eta elkarteetatik esan genion komeni zela bakerako euskal plan bat egitea, behetik, gizartetik ehundua eta Eusko Jaurlaritzak bultzatutakoa. Landak horren aldeko apustua egin zuen”. Hamalau hilabeteko prozesu parte-hartzailea izan zen planaren aurrekaria: lan egin zuten elkarteekin, Eskola Kontseiluarekin, Arartekoarekin, Nazio Batuekin, Europako Kontseiluarekin, ikastetxeekin, erakunde denekin (Eusko Jaurlaritza-Foru Aldundiak-Eudel-udaletxeak)… eta denen artean eraiki zituzten diagnostikoa eta planaren ildoak. “Plana iritsi zenean adostasun handikoa zen” baieztatu du Ruizek.
Antonia Ozcariz, Hezkuntza sailburuordea
“Plana jada aplikatzen hasia dago”

Biktimak gelan: Eskola bakoitzak zer gutxieneko bete beharko ditu eta zer aukeratu?


Pairatutako sufrimenduaren kontaketa baliabide pedagogiko baliotsua da, Euskadiko Eskola Kontseiluak esan zuen bezala. Nola egin erabakitzeko, zuzenean edo bitartekoekin, ikastetxeei autonomia handia aitortzen zaie. Horrek dakar berarekin ikastetxeek erantzukizun handia dutela zentro eta ikasle guztientzat jarritako helburu hauek lortzeko.


Plana egitetik gelan aplikatzera: zer puntutan dago prozesua?


Plana jada aplikatzen hasia dago: curriculuma erreformatu egin da; udan hasi dira lehen formazio ekintzak, ikasturtean zehar jarraituko dutenak; lanean ari gara aurreko planean aipatzen ziren material didaktikoak birformulatzeko; baita elkarbizitzarako behatokia hobetzeko ere; eta iritsi gara bukatzera ikastetxeetako elkarbizitza planak orientatzeko balioko duen informea. Informe hau ibilbide luzeena duten ikastetxeen arteko lanketa zehatz baten ondorio da... finean, martxan gara.

Nola zabalduko duzue Plana irakasleetara?

 
Hezkuntzako profesionalek bereiz ditzakete argi zein diren plan hau egikaritzean lortu beharreko helburuak. Horretarako, komunikazio zuzen eta jarraia ahalbidetzen duten espazioak ugaritzen ari gara, ahaztu gabe hezkuntza egiturak dituen bideak (Berritzeguneak, ikuskaritza...), eta ohiko informazio espazioak. Bide batez, plana ezagutu nahi duen edonork egin dezake kontsulta eta bere iritzia eman www.irekia.euskadi.net gunean, herritarren parte-hartzea bultzatzeko Eusko Jaurlaritzak irekitakoan.

Kanal honetatik interesatuko zaizu: Nazioartea
Jaja Wachukuk ez zuen lo hartu

New York, 1960. Nazio Batuen Erakundeko bilkura batean Nigeriako kanpo ministro eta NBEko enbaxadore Jaja Wachukuk lo hartu zuen. Nigeriak independentzia lortu berri zuen urriaren lehenean. Beraz, Wachuku NBEko Nigeriako lehen ordezkaria zen eta kargua hartu berri... [+]


2024-12-12 | Leire Ibar
Palestinarekin elkartasunez, McDonald’s berriari boikota egitera deituko dute Santutxun

Abenduaren 13an mobilizazioa antolatu dute Santutxun (Bilbo), enpresa amerikarra palestinarren aurkako genozidioaren parte dela salatzeko. Auzoko kideek azpimarratu dute ez dutela nahi auzoan sarraskiari sostengua ematen dion enpresa multinazionalik.


2024-12-12 | Gedar
Europako hainbat herrialdek eten dituzte siriarren asilo-eskaerak, al-Assaden gobernua erori ondoren

HTSk boterea hartu duenetik, babes-eskaerak gelditu dituzte Mendebaldeko hainbat gobernuk. Alemaniak 47.270 eskaera utzi ditu bertan behera bat-batean, "Siriako etorkizun politikoa zalantzazkoa" dela argudiatuta.


Milvian Aspuac. Bizitzaren sarean
“Maia herrian jakinduria handia dago, ezinbestekoa dugu hori berreskuratzea eta mamitzea”

Maia herriarentzat kontzeptu garrantzitsua da Utz K’aslemal delakoa: “osotasunean bizitzea” izan liteke horren itzulpen bat. Kosmobisio horretatik mintzo da Milvian Aspuac ehule eta buruzagia. Urrian Euskal Herrian izan zen, eta bere komunitateko emakumeek egin... [+]


Kobane hiriaren aurkako erasoaldia hasi du Turkiak

Astelehenean Manbij hiria hartu du Turkiaren babesa duen SNA Siriako Armada Nazionalak. Kurduen iraultzaren erreferente nagusia da Kobane, bertan garaitu zuten Estatu Islamikoa taldea orain zortzi urte, Rojavako Iraultzari hasiera emanez.


2024-12-10 | ARGIA
Lula da Silva ZIUn dago, buru-ebakuntza bat egin ostean

Brasilgo presidentea "egonkor" dagoela esan du gobernuak. Erorikoa izan zuen etxean, eta hemorragia izan garunean.


2024-12-10 | Jon Torner Zabala
Siria
Israelek 1974ko akordioa urratu duela dio NBEk, Sirian soldaduak sartzeagatik

Mundu osoa dago Siriara begira, Israel tartean, zeinak bere presentzia handitu nahi duen. Bitartean, kartzeletan zeuden presoak askatu egin dituzte Bashar al Assad-en gobernuaren aurka egin duten matxinoek, eta milaka errefuxiatu herrialdera itzultzen ari dira.


2024-12-10 | Mikel Aramendi
ANALISIA
Zangoak hausteko Tonya Harding-en estrategiak ez du funtzionatzen Txinarekin

2018ko martxoaren lehena zen, bere lehen agintaldiaren lehen laurdena burututa, Donald Trumpek pentsaera politiko-ekonomikoaren lagin gardenena utzi zigunean: “Merkataritza-gerrak onak dira, eta irabazten errazak”. Orduantxe abian jartzear zituen altzairu eta... [+]


Emakumeak, herri indigenak eta natura: giza eskubideen aldeko borrokaren lehen lerroan

Gure eskubideak, gure etorkizuna, orain! lelopean, Giza Eskubideen Nazioarteko Egunak 76 urteetako ondarea ospatzen du. Egunak mundu baketsuagoa, berdinzaleagoa eta jasangarriagoa eraikitzearen alde egitea du xede. Hala ere, aurrerapenak ospatzen diren bitartean, babesturik... [+]


2024-12-09 | Leire Ibar
Israelen aurkako protesta egin dute Euskadiko Orkestra Sinfonikoaren kontzertu batean Iruñean

Iruñeko Baluarten, ostegunean, Israelgo ereserki nazionalaren orkestrako bertsioaren egilearen pieza bat jotzear zirela aurretik zutik jarri eta aretoa utzi du publikoaren zati handi batek. Ereserki horrek “okupazio sionistari” gorazarre egiten diola kritikatu... [+]


2024-12-09 | Jon Torner Zabala
Al-Assad-ek Moskura ihes egin ostean, zalantzak nagusi Siriako etorkizunaz

24 urte eman ditu boterean Bashar al Assad presidenteak. Ia hamalau urte iraun du gerra zibilak Sirian, eta hamaika egun Sortaldea Askatzeko Erakundea (HTS) buru duen koalizioaren azken erasoaldiak, Damasko hiriburua hartu arte. Errusian asilo hartuta da orain Al Assad... [+]


Frantziako atzerri ministro Barrot-en telefonoa hackeatu dute

Jean-Noël Barrot ministroaren telefono pertsonala hackeatu dute, honek Signal aplikazioko mezu zifratu bat ireki ondoren. Gai Numerikoen –digitalen– ministro ere izan zen Barrot, eta gisa honetako amarruen aurkako lege proiektu bat ere sustatu zuen.


Ekialde Erdia
Turkiaren aliatu jihadista siriarrak Damaskorantz doaz

Siriako egoera bortitza izoztuta egon da azken urteetan, eta orain nazioarteko lehen planora atera da. Azaroaren azken egunetan, Siriako Gobernuaren aurka gerran diren talde jihadistek oso egun gutxitan hartu dute Alepo, herrialdeko bigarren hiria. Egoera oso konplexua eta... [+]


Eguneraketa berriak daude