UDABERRIA I Bere garaira heldu denean naturaren erlojua, urtarorikan dotoreenak hartu du bere lekua. Zuhaitzik zuhaitz, basorik baso ujua eta ujua: Udaberria aldarrikatzen gustora dabil kukua. |
II Zuhaitzak berde, loreak garden ta egunsenti urdinetan abereen dunben doinu gozoek oihartzun mendi gainetan. Odola ere berritzen zaigu izaki denon zainetan esango nuke ludi osoa degula maiteminetan. |
UDA III Hiru hilabete pasa ondoren udaberriko zirraran, bat joan eta bestea heldu, aroak datoz ilaran. Garagar eta gariak heldu ta arto soroak garan udaberrian jaio zen hura gorpuzten doa udaran. |
IV Luzatzen dira egunak eta laburtzen dira arratsak, eguzkiari begira daude guztion ipar orratzak. Aukera ona jartzen duenez hain urtaro aberatsak, betetzen dira mendiak eta betetzen dira hondartzak. |
UDAZKENA V Arto, babarrun, sagar ta gaztain nonahi bada zer jasoa zuhaitz bakoitzak bere kolorez dotoretu du basoa. Hego haizeak epelerantza gonbidatu du usoa. Denok benetan miresten dugu hain da urtaro gozoa. |
VI Mundu honetan sortuak geran izaki denok bezela, urtea ere egunik egun zahartzen doa horrela. Udaberrian orri sortua bilakatzean orbela bere hizkeran esaten digu negua badatorrela. |
NEGUA VII Ta negu hori heltzen denean zer da berak dakarrena? Elurra eta kaskabikoa, izotza berdin hurrena. Eguzkiaren hurruntze horrek eragindako herrena bere xarma’re badauka baina urtarorik gogorrena. |
VIII Soildu zaizkigu zuhaitzak eta zuritu dira mendiak; gailurretatik urrundu dira behor, behi eta ardiak; lehortu dira nekazarien bekokiko izerdiak; beretzat gaua hau da agian, lo hartu du izadiak. |
|
Abenduaren 18an, Euskal Herriko Bertsolari Txapelketako finaletik bueltan jarritako bertsoak.
Doinua: Mutil koxkor bat.
Urte askoan gurea izan da
abundantzien bailara
zenbat familia joan ote da
orain langabeziara?
Mahaian dago eztabaidagai
zer ginen eta zer gara
alfer alferrik izango dira
hemen ERE eta Hara!
Mentalitate aldaketa bat
ematen ez... [+]