Hegoafrikako arrazen arteko harremana zuzena da guztiz; areago, lagunkoia kasu askotan. Demokrazia ezarri eta hamasei urtera, salbuespenak salbuespen, hegoafrikarren koloreak galdu egin du denbora luzean izan zuen garrantzia eta badirudi herritarrak ohitu egin direla ezaugarri horri erreparatu gabe bizitzera. Iraganeko zauriak itxita, erronka berriak dituzte orain.
Arraza eta kolore guztietako jendea atzera eta aurrera dabil Cape Town erdialdeko supermerkatu hotzean. “Irauli egin da egoera”, esan dit sakelakoak saltzen dituen emakume beltzak, espero ez zuen elkarrizketa batean aurrera doala konturatzen ari den neurrian. “Lehen, tren geltokira alaba jasotzera joaten nintzenean, ni bezala zain zeuden emakume zuriek mespretxu egiten zidaten. Orain berriz, kalean elkar agurtzen dugu eta irribarretxoak ere sortu dira...”. Lasaitu aurpegia jarri du une batez, hain urrun ez den iragana atzean nola geratu den konturatu balitz bezala.
Bide luzea egin dute hegoafrikarrek arrazen arteko guda zibila saihestu eta demokrazia ezarri zutenetik. Urteak egin zituzten Apartheidaren Gobernuak eta ANCk (Afrikako Kongresu Nazionalak) negoziatzen. Beltzen asmoak zurien beldurrekin uztartzea zen helburua. Azkenean, beltzek askatasun politikoa lortu zuten, eta zuriek ere, euren buruak askatzea lortu zuten neurri handi batean. Ondoren, mundua harritu egin zen, komunitate beltzak zapaltzaile zaharrari barkamenaren eskua luzatu ziola ikusita, eta orduz geroztik, hamasei urtetan, aurrera egin dute arrazen arteko harremanek.
Baina hainbeste urtez herrialdeko gehiengo beltzari –egun, biztanleen %79– bere bidea oztopatu izanak ondorio garbiak utzi ditu XXI. mendeko Hegoafrikan. Horren erakusle dira milioika herritar beltzen etxe diren auzune edo township-ak. Hiri bakoitzak gutxienez bat badu, erdigunetik ez oso urrun. Bertako biztanleen bizi maila apurka gora doan arren, herrialdeko biztanlerik txiroenak auzuneetan bizi dira, askotan txapaz eraikitako gela txikietan. Gobernua pixkana etxeak eraikitzen ari bada ere, bi milioi etxe inguru falta direla kalkulatzen da.
80 urteren bueltan dabilen Stasti Kasi, Eastern Cape landa eremuan jaio zen, Nelson Mandela eta egun herrialdean agintzen duen ANCko goi agintari asko bezala. Xhosa ama hizkuntzan hitz serioak mintzo ditu. Goseak gidatutako bizi baldintza gogorrei ezin aurre egin eta Cape Townera lan bila joan zen beste milaka herritarren antzera. Hiriaren kanpoaldean metalezko txapa batzuk elkarren ondoan jarrita eraiki zuen lehen bizilekua. “Eguna argitu baino lehen joaten ginen gizon zuriarentzat lan egitera, eta ilunduta itzultzen ginenean, poliziak etxolak birrindu zizkigula topatzen genuen. Eguna joan, eguna etorri. Lo egin ahal izateko, berriz eraiki behar izaten genituen”.
Azal beltz zaildua oraindik dotoreago egiten dio ilunabarreko eguzkiak argitutako ile urdinduak. Bere historia kontatu digu, baina hein handi batean bere herriaren Historia kontatzen du Kasik. Urtetan alde batera eta bestera egin ostean, azkenean poliziak kamioi batean sartu eta Khayelitsha auzune berrira eraman zuen. Hor bildu gara, eta gutxika inguruko jendea hurbiltzen hasi da, gizon jakintsuaren hitzak entzun asmoz.
Khayelitsha auzunea arriskutsua dela dio sekula aukerarik eman ez dion jendeak. Cape Town erdialdetik autoz 15 bat minututara dago. Bertako biztanleak hirira joaten ziren lanera, baina legez arraza ezberdinetako kideek ezin zutenez elkarrekin bizi, hara eraman zituzten beltzak. Egun milioi bat pertsona inguru bizi da herrialdeko bigarren auzunerik handiena den honetan –Johannesburg kanpoaldean dagoen Soweto sonatua da handiena–. Eskolak, ospitalea, supermerkatua, haragia erretzeko postuak, tabernak, bankuak, ostatua, ordenagailu dendak eta gailurik bitxienak saltzeko postuak topa ditzake bertan bisitariak. Eta nola ez, jendea. Jende asko; bereziki umeak, kalean jolasean. Gurpilekin, baloiekin, panpinekin.
“Hainbeste sufrimendu sortu ostean, nolatan barkatu zenieten zuriei urtetako zapalkuntza hori?”. Kasik gertu du erantzuna: “Jainkoak ez zigukeen barkatuko gizon zuriak guri egindakoa guk eurei egin izan bagenie”. Hala dio hainbeste urtez arrazismoaren maila gorena lehen eskutik sufritu duen herritarrak, munduko galderarik inozoena erantzungo balu bezala. Mendekua existituko ez balitz moduan mintzatzen dira Afrikako mutur honetan, ez Kasik zaharra bakarrik, gaiaz hitz egin didaten guztiak baizik. Europarrari ulertzen zaila egiten zaion zerbait da: urteak borrokan eman ostean, behin boterera heldu eta “iraganeko zauriak sendatzeko garaia heldu da, eraiki dezagun etorkizuna elkarrekin” esanez barkamenaren apologia egitea. Mandelaren hitzak izan ziren horiek, eta herritarrek jarraitu egin zioten 1994an. Horregatik idatzi dute hizki larriz historiako pasarte hori hegoafrikarrek, esaten dutena egiatan sinesten dutelako.
Amnistia orokorra zela eta ez zela, eztabaida sutsuak izan ziren herrialdean trantsizio garaian. Azkenean, Desmond Tutuk gidatutako Egiaren eta Berradiskidetasunaren Komisioak (TRC) historiako pasarte horrekin amaitzeko aukera eman zien hegoafrikarrei. Bi urtetan, iraganeko zauriak berriz ireki eta ongi sendatzeko bidea zabaldu zuen. Bi oinarri izan zituen komisioak. Batetik, lehen aldiz biktimei euren mina azaltzeko aukera eman zien. Bestetik, ekintza kriminalak egin zituztenei, egia kontatuz damua azaltzeko parada eman zien, nahiz eta damua erakustea ez zen nahitaezko betebeharra. 22.000 biktimek hartu zuten parte munduko beste lekuetan eredugarritzat jo izan duten komisioan; amnistia eskatu zuten 7.100 lagunetatik 1.146k lortu zuten. Zuri ugarik lehen aldiz izan zuen beltzen minaren berri, eta askok orduan ulertu zuen zergatik borrokatzen zuten auzuneetako “beltz komunistek”. Amnesia orokorraren amaiera izan zen. Berradiskidetasunaren hasiera. Hala ere, ANCko lider asko ez zen komisioaren emaitzarekin gustura geratu, maila berean jartzen zituelako euren borroka eta apartheidaren krimenak.
John Carlin kazetari eta idazleak bere begiekin ikusi du herrialde honen bilakaera. 1989an iritsi zen Hegoafrikara, kazetari korrespontsal gisa, eta ordutik tinta asko isuri du gai potolo honen xehetasun txikienak azalduz. “Ni iritsi nintzenean, beltzek ezin zuten autobusik onenetara igo, ezta trenen bagoirik ederrenetan bidaiatu ere, ezin zituzten parke publikorik politenak zapaldu, eta hondartzan ‘zuriak bakarrik’ moduko kartelak irakur zitezkeen, nahiz eta zurien zakurrak han lasai ibili. Eta herrialdearen gehiengo handia izanik, beltzek ezin zuten bozkatu. Batzuetan ulertzea zaila den eskuzabaltasuna izan zuten hemengo beltzek, eta Mandelak eta bere inguruko jendeak ikaragarrizko pragmatismoa erakutsi zuten”. Kazetari ingelesaren hitzetan, arerio zaharraz mendekatzeak eskuin muturreko talde terrorista zuri bat sortuko zuela argi zuten, eta kontrako bidea egin zuten. “Kontutan hartu hemengo zurien artean arma ugari eta ikaragarrizko esperientzia militarra zegoela, askok Angolako gudan borrokatu baitzuten. Jende horrek herrialdea deusezta zezakeen”.
Datu zehatzik ez dagoen arren, demokrazia ezarri aurreko urteetan milaka zurik utzi zuten herrialdea Australia, Zeelanda Berria, AEB edota Ingalaterran beren bizitzak berriz hasteko. Baina ekonomikoki lur jota zeuden herritar beltzek ez zizkieten kendu bizilagun zuriei ordura arteko egoera baliatuz lortutako etxe, auto eta dirua. Ez zituzten herritar zuriak matxeteekin banan-banan txikitu eta ez zituzten marrazoz betetako itsasora bota. Zurien artean zabaldutako beldur eta zurrumurruak ez ziren sekula herrialde honen orrialdeetan idatzi. Bertan geratutako zurien gehiengoak esker onez aitortu behar izan du apartheidaren burbuilatik azkenean esnatu izana. Euren kontzientziak ere lasaiago bizi dira “herrialde normal” batean.
Apartheid garaia, zurien gehiengoarentzat, errudun sentimenduak mikaztutako denbora tarte arraroa da. Prentsa askatasunik ez zen garai haietan, auzune beltzetako liskarrak propaganda gisa erabiltzen zituen orduko gobernu arrazistak. Politikarekin interesik ez zuen zurien gehiengoa urrun bizi zen, bai mentalki eta bai fisikoki, herrialdea bizitzen ari zen errealitate odoltsutik, eurentzat prestatutako paradisu antzeko auzo lasaietan zeuden. John Carlinen hitzetan, mundu osoan ez zen komunitaterik Hegoafrikako zuriak baino bizi maila altuagoa zuenik.
Orain gutxi Clint Eastwoodek Invictus izenburupean zinema pantailetara egokitu berri duen libururen idazlea da Carlin: El Factor Humano gazteleraz edo Playing the Enemy ingelesez. Bertan bikain azaltzen du herrialdearen unerik kritikoenetakoan, herria inoiz baino zatituago zegoenean, 1995eko Munduko Errugbi Txapelketak arrazen arteko adiskidetasunean jokatu zuen papera. “Orain 20 urte esan izan bazenit gaur Hegoafrika Munduko Kopa ongi antolatzeko gai izango zela, zera erantzungo nizuke: zu seko erotuta zaude!”. Baina gaur egun, nahiz eta Munduko Koparen bezperan “lehertzear den arrazen arteko tentsioaz” mintzatu diren Europako hedabide ugari, “kazetari inozo askok idatzitako txorakeriak besterik ez dira horiek”, Carlinen iritziz.
16 urte zituzten Jay Haupt-ek eta Sascha Polkey-k euren herrialdean demokrazia ezarri zenean. Cape Town kanpoaldean, bohemio sona duen Observatory auzoan bizi dira, apartheid garaian zuriak eta beltzak elkarrekin bizi ziren leku urrietako batean. Cape Town erdialdeko jatetxe eta taberna dotore baten jabe da Haupt, eta Polkeyk berriz, komunikazio enpresa batentzat egiten du lan. Biak harro daude euren hegoafrikartasunaz eta egungo gobernuarekin nahiko kritikoak dira, batez ere goraka doan ustelkeria politikoarekin. Gehiengo handia beltza den herrialdean, zuriak dira Haupt eta Polkey. Kolore biziz dekoratutako etxearen alde banatan autoarentzat aparkalekua eta barbakoak egiteko prestatutako belardi txikia dute. Finn izeneko seme ilehoria ekarri zuten mundura orain urtebete, eta orain, arreba txiki bat ekarri nahi diote. Familia zoriontsua dirudite eta bizi maila altua dute, herrialdeko batez bestekoarekin erkatuz gero. Hiritik urrunago legokeen etxe handiago baten bila dabiltza, hau txiki geratu baitzaie. Eskuzabaltasun osoz, eurekin afaltzera gonbidatu naute, elkar ez badugu ezertaz ezagutzen ere.
“Apartheidaz asko esan eta idatzi izan da, baina tira, egun Hegoafrika ezberdina da eta arraza guztietako jendea bakean bizi gara elkarrekin”, dio Hauptek. Iraganari buruzko galderak berehala bideratzen dituzte gaur egungo egoerara. Oso kritikoak dira, batetik, trantsizio urteetan herrialdetik ihes egin zuten milaka zuriekin, eta bestetik, egungo gobernuarekin, nabarmenki herritar beltzen aldeko politikak hartzen dituztela salatuz. Gobernuak, beltzen langabezia tasak txikitu asmoz, lanpostu bat lortzeko orduan beltzei lehentasuna ematen dieten legeak jarri ditu indarrean, eta zuri asko, prestakuntza hobearekin hainbatetan, diskriminatuta sentitu dira. Ordea, beltzen klase ertaina azken urteetan izugarri hazi den arren, zurien %5a dago langabezian, eta beltzen %30a.
Beltzenganako interes falta leporatzen diete sarri hegoafrikar zuriei herrikide beltzek. Horren adibide, turisten artean horrenbesteko interesa edo morboa sortzen duten Soweto bezalako auzuneetara egiten diren tour gidatuak. Apenas hartzen dute parte horietan hegoafrikar zuriek. “300 bat aldiz joango nintzen Sowetora kanpotarrei hemengo herritar txiroak nola bizi diren erakustera, eta guztira, bi hegoafrikar zuri etorri dira beren herrikideak nola bizi diren ikusi eta ikastera”, dio Lindane 30 urteko sowetotarrak. John Carlinen arabera, “zurien jarrera orokorraz asko esan da, baina aitortu beharra dago aldaketa onartu dutela. Estatu kolpe baten arriskua oso handia zen, baina hamasei urtetan berradiskidetasunaren mesedetan bide luzea egin dute hemengo herritarrek”.
“Apartheida sekula babestu izana ukatzen du hegoafrikar zuri askok. Nik neuk barne, zuri guztiek babestu genuen apartheida ordea, eta benetan gauza ikaragarria izan zen. Hori diot garrantzitsua delako iraganari ez ihes egitea. Ezinbestekoa da onartzea apartheida existitu zela eta bere garaian onura atera niola. Gehiago esango dut, hura indarrean mantentzen zuen zutabeetako bat izan nintzen”. Roelf Meyerren hitzak dira, Apartheidaren Gobernuak trantsizioa negoziatzeko izendatu zuen gizona. Ondoren, Nelson Mandelaren Batasun Nazionaleko Gobernuko ministro izan zen. Hitzok Paradigma Aldaketa liburuxkan utzi ditu; Hegoafrikako gatazka politikoa nola konpondu zuten deskribatzen du bertan.
“Hegoafrikak galdu du Mandelaren garaian izan zuen berezkotasun epiko hori eta egun dituen arazoak beste hogeinaka herrialderekin partekatzen ditu”, dio Carlin kazetariak. “Badago historiarekin mindutako jendea, oportunista politikoak, behin eta berriz arrazen arteko tentsioari buruz zutabeak idazten dituen jendea... baina egun arrazismoa eta batasun nazionalaren kontua ez da gairik garrantzizkoena inondik ere. Lehentasunen zerrendan pobrezia, krimena, gobernuaren ustelkeria eta hezkuntza sistema hobetzea daude goiko postuetan”.
“Baina oraindik txapazko etxeetan bizi diren milaka pertsona horiek ez al dira engainatuak sentitu ANCren Gobernuarekin?”, galdetu diot Brian Currin abokatu hegoafrikar zuriari, Johannesburgoko bere bulegoan. Ados dago. Currin, bere herrialdeko gutxiengo baten barnean, gutxiengoa izan zen. Apartheidaren aurka borroka egin zuen zuria izan zen, urteetan heriotza-mehatxuak jasan bazituen ere. Bere hitzetan, zuriek dutena ikusten dute beltzek, eta eurek ia ezer ez dutela, eta horrek bi taldeen arteko tartea zabaldu besterik ez du egiten. Currinen ustez, herrialdeko pertsona bakoitzari bere abildadeak garatzeko aukera eman behar zaio, eta behin bakoitzak etxea eta lana lortzen dituenean, bizitza beste begi batzuekin ikusten hasiko da. Bere garaian Apartheidaren Gobernuari horrenbesteko buruko min sortu zizkion abokatuaren esanetan, herrialde honen arrakasta, neurri handi batean, politika ekonomikoan dago. Munduko Kopa arrakastaz antolatu izanak munduari begiak irekitzeko balio izan diola uste du, eta etorkizunean ondorio baikorrak izango dituela ziur da.
Cape Townen turistei Afrikako oroigarriak saltzen abila da James Caribe gaztea. Bi urte dira Kenyatik emazte eta haurrarekin kontinentea zeharkatuta etorri zela. “Zu kazetaria zara, zer gertatuko da Munduko Kopa ostean?”, galdetu dit. Ez da itaun erraza. Afrikatik herrialdera paperik gabe etorritako etorkinen aurka orain bi urte erasoak hasi zirenetik, etorkinak ez daude lasai. %30 inguruko langabezia tasak dituen herrialdean, azken hamabost urteetan zortzi milioi etorkin inguru sartu dira lanpostu apurrak borrokatzera.
Herrialdeko etorkinen artean zurrumurruak lau haizetara zabaldu dira. Munduko Kopa amaitzean, hau da, mundu osoko kamerek beste norabait begiratzean, berriz ere, orain bi urte bezala, eraso xenofoboak hasiko direla diote, batez ere hirietatik urrun dauden landa eremuetan. Gobernutik eraso hauen aurkako mezu gogorrak zabaldu dituzten arren, egoera itsusten ari da, egunkariek kasu batzuk dagoeneko azaleratu baitituzte.
Khayelitshatik Cape Townera bidean, hamabost pertsona goaz estu-estu eginda taxi elkarbanatuetan. Zuri bakarra, ni. Eskuinean eserita dut Siya Nitanga, 32 urteko tabernaria.“Lotsagarria da gure herrialde bizilagunetatik etorritako jendeari eraso egitea. Bere garaian, erbestera joan ginenean eskuzabal hartu gintuzten, entrenamendu militarra eman ziguten eta gainera erregimen zuriaren erasoak pairatu behar izan zituzten gu hartzeagatik. Orain hona etorri eta gu haiei erasoka? Penagarria da”, dio.
Erdi beteta edo erdi hutsik ikus daitekeen edalontzia da inondik ere Hegoafrika. Norberaren begian dago balantza zein aldetara orekatu. Batzuek kriminalitate tasa altuetan, pobrezian eta gobernuaren ustelkerian jarriko dute arreta, bestetzuek arrazen arteko berradiskidetasunean, hazkunde ekonomikoan eta Munduko Kopa arrakastaz antolatzeko gaitasunean. Kontuak kontu, bi ikuspegiak zuzenak dira ortzadarraren nazioa marrazteko orduan.
Barneratu al dute Mandelaren espiritua Hegoafrikako gatazka bizitu ez zuten belaunaldi gazteek? 2009an egindako hauteskundeetan lehen aldiz bozkatu zuten Mandela kalean zela jaiotako hegoafrikarrek eta ANCk Mandelaren garaian baino bozka gehiago atera zituen, %66. Baikor da Nitanga. Herrialdea bide onean doala eta gakoa hezkuntza dela uste du. “Nik, bihotzaren txoko ezkutu batean, Hegoafrikako zuriak gorrotatzen ditut ni eta nire arbasoak tratatu izan gaituzten moduagatik, baina gure 12 urteko anaiak ez du inongo gorrotorik”. Lehen aldiz historian, beltzak eta zuriak elkarrekin joaten dira eskola askotara. Horratx etorkizuna.
Brasil, Errusia, India, Txina eta Hegoafrikak osatutako aliantzak Johannesburgon egin duten azken goi-bilerako eztabaidagai nagusia izan da partaide gehiago onartzea. Saudi Arabia, Arabiar Emirerri Batuak, Iran, Egipto, Argentina eta Etiopia gonbidatu dituzte.
Patricia Goliath epaile hegoafrikarrak eman du agindua Amazon konpainia Lurmutur Hirian eraikitzen ari zen egoitza eta biltegiaren obrak geldiarazteko, khoisan komunitate indigenen aldarrikapenak aintzat hartu ez direlako. Salatu dutenez, Amazon "lur sakratuetan"... [+]
Covid aldaera azkar zabaldu da mundu osoan Hegoafrikan azaroan atzeman zenetik, eta estuasunean jarri du beste behin herrialde gehienetako osasungintza, kasu honetan batez ere lehen arreta –Euskal Herrian 40.000 positibo zenbatu dira astebetean–. Aitzitik, hainbat... [+]
Hegoafrikan segregazio arrazistaren kontra borrokatu zuen Desmond Tutu artzapezpikua 90 urterekin hil da Lurmuturreko Hirian. Bakearen Nobel Saria jaso zuen 1984an, apartheida ezabatzeko egindako lanagatik. Hegoafrikako Gobernuak astebeteko dolu ofiziala iragarri du eta mundu... [+]
Omicron aldaeraz Hego Afrikako agintariak ohartarazi zituen Angelique Coetzee medikuak dio sintomak "ezohikoak baina arinak" direla. Neke handia da deskribatu duen sintoma, eta gaixo horiek ez dute usaimenik ez dastamenik galdu.
Hegoafrikan sustraituriko San komunitatekoa da Katrina Esau; okupazioak, kolonizazioak, Apartheid zein neokolonizazioa pairaturik, bidean anitz utzi behar izan duen komunitatekoa. Tartean, N|uu haien ama-hizkuntza. 88 urterekin N|uu mintzo duen azken hiztuna da eta... [+]
Hegoafrikan sustraituriko San komunitatekoa da Katrina Esau; okupazioak, kolonizazioak, Apartheid zein neokolonizazioa pairaturik, bidean anitz utzi behar izan duen komunitatekoa. Tartean, N|uu haien ama-hizkuntza. 88 urterekin N|uu mintzo duen azken hiztuna da eta... [+]
Hegoafrikako Ekialdeko Lurmuturrean hezurrez egindako gezi punta bat aurkitu zuten 60ko hamarkadan, baina oraintsu jakin da tresnaren datazioaren emaitza: piezak 60.000 urte dauzka.
Pandemiak eragin duen txerto eta oinarrizko medikamentuen eskasiagatik, Osasunaren Mundu Erakundeak esan du Afrikan milioi erdi bat pertsona hil daitezkela HIESarekin zerikusia duten gaitzekin, Democracy Now hedabideak jaso duenez.
216 osasun-langile kubatarrez osatutako brigada heldu da igandean Hegoafrikara, herrialdeak koronabirusarekin laguntzeko eskatu eta gero. Afrikara bidalitako laugarren brigada kubatarra da Hegoafrikakoa.
Ezinbestekoak diren lanbideak izan ezik, gainontzeko guztiak uztiko ditu bertan behera Hegoafrikak. Militarrak eta poliziak izango dira itxialdia betetzen dela ziurtatzeko arduradunak.