"Nigeriako hiltzoriak txiki uzten du Mexikoko Golkoko marea beltza, baina hura ahaztuta daukate Europak eta AEBek”. Lerro buru hori eman dio Joh Vidal erredaktore buruak The Guardian egunkari ingelesean agertu artikuluari. Duela bi urte beste Net Hurbil batean (Nigeriako deltan sutan daude Shell-ekin) orratu zen Shell konpainiaren aurka Niger ibai ondoko erriberetako jendeek egindako borroka, auzitegietakoa barne. Antza denez, deus gutxi kanbiatu da geroztik, John Vidalek Nigeriara egindako bidaiaren kontakizunetik kalkulatu dezakegunez.
Vidal ingurumen arloko erredaktore burua da The Guardianen, eta kazetari aditua. 1997an plazaratu zuen McLibel: Burger Culture on Trial liburua, zeinetan kontatzen duen Greenpeace erakundeko bi kidek MacDonalds multinazionalarekin izandako epaiketa luzea, Britainia Handian izan denik luzeena, salatu zutelako nola usatzen dituen hamburger marka horrek gezurrak eta edozein maltzurkeria konpainiaren estrategia kritikatzen dutenen kontra.
Nigerian azken berrogeitamar urteotan 1,5 milioi tona petrolio isuri dela idatzi du Vidalek, World Wide Fund erakunde ingelesak eta Amnesty Internationalek emandako zifretan oinarriturik. “Hau da, Alaskan Exxon Valdez petroliontziak isuri zuena halako 50”.
Irakurleak pentsa lezake John Vidal esajeratzen ari dela. Kazetari honek zalantza bera eduki zuen eta petrolio isuri nagusien rankingaren bila hasi. Zorionez gure aurretik lan hori zehaztasunez burutua du Reference, Facts & Resources webguneak, orri garbi batean zerrendatuz orain artean munduak ezagutu dituen petrolio isuri larrienak, Wikipediak bakoitzaren atalean plazaratutako kopuruen arabera.
Zerrenda horrek istripu zehatzetan galdutako petrolio kopuruak biltzen ditu, ez Nigeriako kasua bezalakoak, urte luzez isurketa txikiagoz sekulako kutsadura pilatu zaienekoak. Baina proportzioak ulertzeko zerrenda polita da. Hori bai, gero norberak ordenatu behar ditu litroak, tonak, galoi amerikarrak (3,78 litro) eta upelak (159 litro).
Orain arteko isurketa handiena Kuwaiten gertatu zen 1991an: Golkoko lehen gerra deituaren amaieran militar irakiarrek biltegietako kanilak ireki eta ia bi milioi tona isuriarazi zuten. Mexikoko Golkoan 1980ko istripuaren ondorioz ia milioi erdi tona galdu zen. Kopuru horiek dagoenekoz gaindituak izanen ditu Macondo eremuan sutu zen Deepwaer Horizon-en sarraskiak, jarioa azkar butxatzen ez badiote fite milioi tonako izugarrikeriara iritsiko dena.
Tona horiek eta gehiago dira mende erdi honetan Nigeriako padura, oihan eta soroetan Shell eta beste multinazional batzuek isuri dituztenak. Baina nekez sartuko dira inongo zerrendatan. John Vidalek idatzi duenez “Ezin dira zehazki neurtu urtean Nigerreko deltan hedatutako petrolio kopuruak, arreta handia jartzen dutelako petrolio ekoizleek bezala gobernuak informaziorik jakin ez dadin”.
Petrolio kutsaduran txapeldun
Honela ekiten dio kronikari John Vidalek: “Marea beltzaren ertzera iritsi gara, Otuegwe herrixka inguruan, manioka soroen artean luzaz ibilita. Ikusi baino askoz lehenago usaindu dugu petrolioa. Garajeko edo landare ustelen kiratsaren tankera batek kutsatzen du airea. Gero eta jasangaitzakoa da sunda. Laster ginen sartuta olio arin nigeriarrean, munduko onena bera. Berrogei urteotan Nigerren delta inbaditu duten ehundaka hodiak herdoilak janik daude eta horietako bat urte betez goiti egon da isuritzen. Basoak eta alorrak olio geruza distiratsu batek estali ditu. Edateko ura zeukaten putzuak kutsatu dituzte. ‘Oro galdu dugu, sare, txabola, nasa...’ aitortu du Promisek, gidari lanak egiten dizkigun Otuegweko buruzagiak. ‘Arrantzatik eta nekazaritzatik bizi ginen. Oihana galdu dugu. Shelli jakinarazi genion jarioa gertatu zen egunean bertan, baina hilabete luzez konpainiak ez du deus mugitu”.
The Guardianeko kazetaria Nigerian zegoen egunetan hiru marea beltz gertatu ziren. Maiatzaren 1ean Akwa Ibom estatuan ExxonMmobil konpainiaren hodi handi bat lehertu zen eta zazpigarren egunean kontrolatu zuten bitartean lau milioi litroz estali zituen inguru guztiak. Bertako agintariek 800 milioi euroko kalte ordainak eskatu dituzte, baina protestan joandako herritarrek ez dute kobratu guardiek emandako jipoiak besterik.Egun gutxi beranduago, handik hurbil, matxino armatuek Shellen Trans Niger hodia kolpatu zuten, beste olio jario handi bat eraginez. Pare bat egun geroago bi olio orbain handi azaldu ziren bata Bayelsa estatuko Adibawa lakuan eta bestea Ogonilanden.
Ibeno herrixkako buruzagi Williams Mkpa-k adierazi dio kazetariari: “Konpainiek akabatu nahi gaituzte. Bi urtetan hamar marea beltz nozitu ditugu eta arrantzaleek ezin dituzte beren familiak mantendu”.
Ben Ikari izeneko idazle batek dio Deepwater Horizonekin gertatzen ari dena ia eten gabe jazotzen dela Nigerren deltan. Legegileak futitzen dira arazoaz eta lekuko jendeek ahal bezala bizi behar dute kutsaduraren erdian. “Egoera gaur okerragoa da duela 30 urte baino”.
Kazetariak galdeturik, Shelleko arduradunek oso bestelako ikuspegia eskaintzen dute. Hauei sinestekotan, oso urriak dira azpiegituren hutsegiteengatik suertatzen diren kutsadurak, aldiz isurien %98 militante armatuen erasoek, bandalismoak eta herritarren lapurretek eragiten dituzte. Oleodukto bakar batean aurkitu izan omen dituzte lapurretarako zulatutako 300 iturri baino gehiago. Hori gutxi balitz, sarritan herrietako biztanleek ez omen diete konpainiaren teknikariei uzten bertara joan eta konpontzen.
Friends of the Earth International erakundeko ordezkari Nmimo Bassey-k korporazioak gezurretan ari direla salatu du, eta lortzen duela mundua Nigeriako hondamendiaz ez jabetzea. “Hemen multinazionalek arazoari ixkin egiten diote, jendearen bizimodua eta ingurumena hondatuz. Mexikoko Golkoko marea beltza da Nigeriako eta Afrikako beste leku batzuetako petrolio eremuetan egunero gertatzen denaren metafora”.Urtean 300 marea beltz baino gehiago zenbatzen dituzte Nigerren deltan. Estatua eta konpainia handiek lortu dute eremuotako kutsadura izugarri handia normaltzat joa izan dadin, eta edozein lege aurrerazale blokaturik geratzen da.
John Vidalen iritzian, Niger ibaiaren delta petrolio kutsaduraren munduko hiriburua da. Hemen herritarren erdiak galdu du edateko ur ona lortzeko modua eta bi belaunalditan erriberotako jendeen bizi itxaropena 40 urteraino hondoratu da.
Argazki oina: Ondoko irudia Niger ibarrean Kadir Van Lohuizen argazkilariak ateratako ugarietako batzuk dira. Van Lohuizenen sail osoa Bilbon ikusgai dago asteotan,ekainaren 14an hasita uztailaren 16a bitartean, Ekologistak Martxan elkarteak Ekoetxean prestatu duen erakusketan. Amnesty Internationalek babestutako kolekzioa da. Van Lohuizenek argazkietan bildu ditu munduko eremurik kutsatuenetako batean petrolioaren kalteen artean bizirauten ia mende erdi daramaten herritarren eguneroko lanak. Hemen arrantzaleek galdu dituzte uretako arrainak bezala haiek harrapatzeko beharrezko tresneria eta baita bizilekuak berak ere. Nekazarien soroetako lurrak oro pozoituta daude, isuri likatsu batek hondatuta. Oihan asko desagertu da, zuhaitzak olio artean itota edo suteetan kiskalita. Basoetako fauna suntsitu da. Eta ororen buru deltako herritarren bizi itxaropena 40 urtetaraino laburtu da.
LABek, STEILASek, ELAk eta CCOOek greba egutegi bateratua aurkeztu dute Bilbon: martxoaren 25, 26 eta 27, eta apirilaren 1 eta 2. Egungo hitzarmenak aldarrikatutako edukietatik urrun kokatzen direla adierazi dute, "bai sukaldearen eta garbiketaren kolektiboan zein... [+]
Euskal Herriko literatura gaztearen eta idazle hauen topagune bilakatu nahi den proiektu berriaren inguruan hitz egingo dugu gaur.
Larunbatean, martxoaren 8an, Urruñako herriak Daniela Albizu izena ezarri dio herriko etxearen aitzineko plazari, emazte abertzale honen memoria omentzeko.
Barakaldoko ospitaleko larrialdi zerbitzuan sufritzen ari diren "saturazioa larria" dela ohartarazi du sindikatuak. Pazienteak korridoreetan artatu dituztela eta krisia kudeatzeko "behar adina langile" ez dagoela salatu du. Errealitate horren aurrean... [+]
Komunitatea bildu, pilpilean dauden gaiez hitz egin, informazioa trukatu eta beste herrien esperientziak ezagutzea da herritar kritikoek egiten duten lehen ekintza, makroeoliko bat herrian jarriko diotela jakiten duenean. Halaxe egingo dute martxoaren 13an Andoainen: mendi... [+]
Inkesta gehienen arabera, Inuit Ataqatigiit alderdi ezkertiar independentistaren eta Siumut sozialdemokrataren arteko aliantzak jarraituko du indarrean parlamentuan. Herrialdeko lehen ministro Mute Egedek hauteskundeak aurreratzea proposatu zuen, AEBen "kanpo presioek"... [+]
Ukrainako gudaren amaierak ondorio sakonak ekarriko ditu Europa osora. Europako elite ekonomikoek beren indar guztia jarri dute guda-zelaian eta galdu egin dute. Galtzaileek, elite globalistek, beren egitasmo kuttuna galduko dute, Europako Batasuna, eta Bruselatik europar... [+]
Varsoviako Barrutiko Auzitegiak argudiatu du González jada ez dagoela Polonian, eta ezin dutela jakin noiz aterako den Errusiatik. Auzitegiak ez du kazetari nabarniztarraren aurkako bestelako prodezurarik abian jarriko.
Mundua "oso azkar" aldatzen ari dela azaldu du Arnaldo Otegik, militarismorantz eta autoritarismorantz doala, eta norabide horren aurkako jarrera duela koalizio subiranistak.
Ukraina da munduan arma gehien erosten dituen herrialdea; munduko erosketa guztien %8,8. Merkatuaren ia erdia kontrolatzen duena, berriz, AEB dira: Europak erosi dituen armen erdia baino gehiagok jatorri estatubatuarra dute.
Azterketak amaitzearekin batera ohikoak bihurtu dira ikasleriaren artean, urteko garai honetan merkeak diren hegaldiak hartu eta adiskideekin bidaiatzea. Horrela egin dut neuk ere eta Londresera joateko aukera izan dut. Ildo beretik, bertan “euskaldun” pilarekin egin... [+]
Maiatzaren 12an Filipinetan egingo diren Bongbong Marcosen agintaldiaren erdiko hauteskundeek eman dezakete argibideren bat herritar xeheen artean kezka noraino errotu den begiztatzeko.
"No entiendo, en castellano por favor" eta gisakoak ohikoak dira eskolako guraso Whatsapp taldeetan, baina Irungo Txingudi ikastola publikoan euskara hutsean aritzeko modu erraz eta eraginkorra dute, behar duenarentzat itzulpen sistema berehalakoa ahalbidetuta.
Petrolio-ontzi batek eta zamaontzi batek elkar jo dute astelehen goizean Ipar Itsasoan, Ingalaterrako ipar-ekialdean. Talkak Jet-A1 erregaia zuen petrolio-ontziaren tanke bat apurtu du eta kezka da nagusi, izan ditzakeen ondorio ekologikoengatik.