"Kontraterroristari dena iruditzen zaio eromena, kriminalitatea eta tabua"

  • Konbentzio gutxi Joseba Zulaikaren lanetan. Gogoeta ageri da beraren ikerketan, eta arriskuak. Azterketa zehatzaren ondoko interpretazioa, hainbat autore bidelagun hartuta. Terrorism.
    The Self-fulfilling Prophecy (Chicagoko Unibertsitatea, 2009) argitaratu zuen iaz, kontraterrorismo diskurtsoaren barrunbeetara bidaia.
Joseba Zulaika
"Beste autore batzuk ere neurri kontraterroristen egokitasuna ezbaian jartzen ari dira, baina tesia modu gordin honetan agertzen, neu azaldu naiz, bakarrik".Zaldi Ero
Zarata mediatikoz beteriko garai nahasiotan, merkatu logiketatik urrun eta irakurleengandik gertu dagoen kazetaritza beharrezkoa dela uste baduzu, ARGIA bultzatzera animatu nahi zaitugu. Geroz eta gehiago gara, jarrai dezagun txikitik eragiten.

Terrorism zuen izena ingelesezko liburuak. Gaztelaniaz, kontraterrorismo hitza ageri du Alberdania argitaletxearen izenburuan: Contraterrorismo USA. Profecía y Trampa…


Izena bata zein bestea izan, nik kontraterrorismoa kritikatzen dut lan honetan. Funtsean, nik zera diot, kontraterrorismoak terrorismoa areagotzen duela. Nahikoa da AEBetako historiari begiratzea. World Trade Centerren kontrako lehenengo atentatuan [1993] parte hartu zutenek, aurretik kontraterrorismo lanak eginak zituzten Afganistanen, AEBetako armadarentzat. Alegia, neurri batean, kontraterrorismoak sortu zuen terrorismoa. Zenbait ekintza kontraterrorista nekez ulertzen dira haien aurrekariak ezagutu gabe… Bigarren kritika bat ere egiten diot kontraterrorismoari. Alegia, zergatik utzi zuten Irailaren 11koa gerta zedin, atentatugileak hemen zirela jakinda. CIAk bazekien suizida haietako batzuk hemen zirela, informazioa zuen, baina ez zion FBIri jakinarazi… Agentzia horien artean komunikaziorik ez dagoela diote, baina nire ustez, hori baino gehiago dago hor.

Zer, esaterako?


Kultura kontraterrorista halako bat, zeharo itsua, agerian dagoena ere ikustea galarazten duena. Oso ebidentea baitzen Irailaren 11n zer zetorren. Badiotsut, kultura horren kritika egiten dut nik, terrorismoa bera areagotzen duelako, batetik, eta hartu beharreko neurriak hartzen ez dituelako, bestetik, ezjakintasun eta aurreiritziengatik, eta fenomenoa bera tabu bihurtzeagatik. Azken batean, kontraterrorismoaren diskurtsoaren kritika egiten dut, barnetik.

Kontraterrorismo lanetan ari direnen ezjakintasuna salatu duzu. Ba ote? Ezjakintasuna, hainbeste datu eta informazioren jabe izanik?


Ignorantzia sistematiko bat da, batetik, eta ignorantzia inkontziente bat, bestetik. Lacanek dio ignorantziaren grina bizi dugula; alegia, jakin nahi ez ditugun gauzak ez jakiteko ahaleginean bizi garela. Hori ageri da Wall Streeten kolapsoaren atzean ere: ez genuen lehenago ikusi, ez genuelako ikusi nahi, baina ikusi nahi izan zuenak bazeukan non eta zeri begiratu. Gure ignorantzia interesatua da, deliberatua. Gure buruen kontra datozen datu eta jakingarriak ez ditugu ikusi nahi.

Zer dugu zure lanak dakarren mezurik garrantzizkoena?


Kultura kontraterroristak, dela inkontzienteki, dela sistematikoki, terrorismoa areagotzen duela. Terrorismoa areagotzeko produktu bihurtu dela kontraterrorismoa. Ni ez ezik, beste autore batzuk ere neurri kontraterroristen egokitasuna ezbaian jartzen ari dira. Badira, nireaz beste, hainbat liburu, etengabeko alarma salatzen dutenak, exagerazioa denuntziatzen dutenak, baina tesia modu gordin honetan agertzen, neu azaldu naiz, bakarrik.


Ez da harrigarri AEBetako hiritarrak kontraterrorismoa bere horretan onartzea, harekin bat egitea, tropen lana itsu-itsuan gorestea?


Beldurraren kultura dago horren atzean. Arrazoi asko dago kultura horrentzat. Hondamendiak direnean –hondamendi naturalak zein bestelakoak–, beldur izateko arrazoiak daude, une apokaliptiko batean bizi garela pentsatzeko argudioak. Beldurrak forma konkretuak hartu behar ditu, eta horietako bat da terrorismoa. Nire ustez, beldur hori arma nuklearren aukerari zeharo lotuta dago. Adibidez, zerk justifikatu zuen Saddam Husseinen kontra joatea? Hark arma nuklearrik eduki zezakeelako aurreusteak –suposizioa baitzen, ez besterik–, eta indar nuklear hori talde terroristaren baten esku utzi ahal izateak. Talde terrorista batek, bonba nuklearra eskuetan, zer egin ote zezakeen pentsatzen hasi, eta beldurtu egin zen jendea. Bestelako talde gerrillariek –dela IRAk, dela ETAk–, ez dute, berez, beldurrik sortzen. Talde horiek arma nuklearrak edukitzeak dakar beldurra. Arma nuklearrei lotuta dagoen beldur parasito bat da. Eta, horrekin batera, itsukeria. Hemen ez da eztabaidatzen arma nuklearrak zenbateraino zabaldu diren munduan, herrialde jakin batzuek haien gaineko kontrolik ez dutela baizik. “Gu arma nuklearren jabe, bai. Gure etsaiak, ez”. Arma nuklearren jabe diren herrialdeen kopurua laster gaur halako bi izan litekeenean, hori konpondu ordez, talde terroristak arma nuklearren jabe izan litezkeela bihurtu da arazo. Itsukeria galanta, desplazamendua: munduan han eta hemen hainbat buru nuklear izatea izan beharrean arazoa, talde terroristek ere haiek eduki nahi dituztela da problema! Benetako arazoak zein diren ez dute jakin nahi.


Irailaren 11ko erasoen ondoren areagotu zen kontraterrorismoa. War on Terror jaso zuen izena hemen. Afganistan eta Irak, jomuga.


Afganistango gerrak nahiko onarpen zabala izan zuen hemen, erasoa handik etorri zelakoan. Irakekoa, aldiz, gerra prebentiboaren eredu da, ez du justifikaziorik, ez dago ulertzeko modurik, administrazioko eskuin indarren –“belatzak”, esaten da hemen–, esku hartze gabe. Hedabideak engainatu zituzten, beste behin, Saddam Husseinek arma nuklearrak zituelako aitzakian. Gezurraren gainean eraiki zuten gerra, alarma faltsu bat oinarri. Gezur hura esan zutenean, edo berdin beste gezur batzuk esaten dituztenean, partez intentzio gaiztoz ari dira, eta partez –parte handiagoz, nire iritziz–, beldurraren kulturaz baliatzen dira. Gerora jakin izan dugunez, Saddam Husseinek berak piztu zituen arma nuklearrak zituelako seinaleak. Bere etsaiak kikiltzeko asmotan ari zen, ez ziezaioten eraso. Bluff bat zen, baina CIA eta gainerako informazio agentziak ez ziren hura behar bezala ulertzeko gauza izan. Hortxe dago okerra: seinaleak behar bezala ez ulertzen. Horrexek ematen du ondoen, nire iritziz, kultura kontraterroristaren neurria. Kultura horrek tabu bihurtzen du dena, denok itsutzeraino. Beldur irrazional baten gainean eraikitzen da diskurtsoa, eta ez diren bezala ikusten eta ulertzen dira gauzak.

Nola eman amaiera terrorismoa areagotzen duen kontraterrorismo diskurtsoari?


Arma nuklearren auzia konpontzea da giltza. Hori konpondu ezean, terrorismo arriskuak beti iraungo du. Bonba nuklearra duten herrialdeek sasoi batean agindutakoa bete behar dute, hau da, arma-biltegiak desegin. Heldu da garaia, ezarritako epea. Baina desegiten ez direnez, hortxe irauten du arriskuak. Obamaren politika esperantzagarria da puntu horretan. Horri eutsi beharko diogu. Bestalde, injustizia eta ezberdintasun sozialetatik datoz terrorismoa eta biolentzia. Badira elementu kulturalak eta fundamentalistak, eta horiek ere konpondu beharra dago, baina biolentzia mundutik desagertuko dela pentsatzea nahiko gauza injenuoa da. Beti egongo da biolentzia, era batekoa zein bestekoa. Baina biolentzia sistematiko eta estrategiko halako batek gaur egungo koiunturari besterik ez dio erantzuten, eta mundu nuklear honi lotuta dago, ez besterik.

Basque Violence. Metaphor and Sacrament (1988), Terror and Taboo (1996), oraingo Terrorism (2009)… Aztergai nagusi bat duzu, ildo bat zure antropologo bizian…


Itziarri buruzko lana egin nuen Basque Violence hartan, eta ondoren etorri direnetan, berriz, Terror and Taboo eta Terrorism lanetan, han deskribatu nuen errealitatea beste era batera aztertu dut. Alegia, lan berriotan diskurtsoa bera aztertu dut, itsutu egiten gaituelako. Diskurtsoak ezkutatzen duen mitoa interesatzen zait, egiaren aurkako diskurtsoa, diskurtso itsu hori. Diskurtsoa barrutik desmuntatzeko behar intelektuala sentitu dut eta, egia esan beharko banu, Itziarko eta Euskal Herriko mundua ezagutzen ditudalako egin dut.

Zertan da gure biolentzia egoeraren azterketa?


Euskal arazoari begiratu eta konturatu naiz geure buruak kontraterrorismo diskurtso horren barruan sartuta egoten uztea kaltegarri dela zeharo. “Gu ez gara terrorista, kanpokoek esaten dute hori!”. Ez da nahikoa. Mundu guztiak esaten badu, errealitatea da, egia izan, gezurra izan. Euskalduna terrorismo diskurtso horren barruan kokatuta egotea gure interesen kontrakoa da zeharo, guztiz kaltegarria. Euskal Ikasketen Zentro honen eginkizuna, besteak beste, hemen bertako munduaren eta Euskal Herrikoaren artean bitartekari lan intelektuala egitea denez, diskurtso hori hankaz gora jartzen saiatu naiz, aldi berean geure buruoi adieraziz ez dagoela Euskal Herriaren interes politiko eta kulturalen kontrako bidegabekeria handiagorik gu diskurtso horretan nahastuta agertzea baino. Biolentziaren sustrai erlijiosoak, politikoak, inkontzienteak aztertu nituen Itziarren, ulertzen ditut eta estimatzen ditut sustrai horiek, baina politikoki eta estrategikoki begiraturik mingarri zait oso.

Azkenak
Birundaren aldeko manifestazioa egin dute Donostiako Parte Zaharrean barrena

Pasa den asteko "kaleratze ilegala" salatu dute hainbat herritarrek, ostiral arratsaldean.


2025-03-31 | Ahotsa.info
Burlatako Gazte Asanbladak gaztetxearekin jarraitzeko akordioa iragarri du Udalarekin

Manifestazio jendetsu batek herriko kaleak zeharkatu ditu, Poliziaren gehiegizko dispositibo batek zainduta, gazteek kudeatutako guneen defentsan eta Gaztetxeak erasoen aurrean defendatzeko. Manifestazioaren amaieran, publiko egin dute iragarpena.


analisia |
Save the Children, saldu bonbak (II)

Historia errepikatzen dela idatzi zuen Marxek, “lehenik tragedia gisa, gero fartsa moduan”. Armagintzaren eta militarismoaren inguruan errepikapen hutsa ez, espiralean goraka doan buklea ari gara bizitzen, fartsatik asko duena, eta tragedian amaitzeko gero eta aukera... [+]


Miranderi buruzko zikloa abiatuko dute Iruñean, bere obraz eta figuraz gogoetatzeko

Astelehen honetan hasita, astebetez, Jon Miranderen obra izango dute aztergai: besteren artean, Mirande nor zen argitzeaz eta errepasatzeaz gain, bere figurarekin zer egin hausnartuko dute, polemikoak baitira bere hainbat adierazpen eta testu.


Apirila, zikloaren hasiera

Udaberrian orain dela egun gutxi sartu gara eta intxaurrondoa dut maisu. Lasai sentitzen dut, konfiantzaz, bere prozesuan, ziklo berria hasten. Plan eta ohitura berriak hartu ditut apirilean, sasoitu naiz, bizitzan proiektu berriei heltzeko konfiantzaz, indarrez, sormen eta... [+]


2025-03-31 | Nagore Zaldua
Udaberrian sakura loreak eta itsas-tomateak

Itsasoan badira landareen itxura izan arren animalia harrapari diren izaki eder batzuk: anemonak. Kantauri itsasoan hainbat anemona espezie ditugun arren, bada bat, guztien artean bereziki erraz atzemateko aukera eskaintzen diguna: itsas-tomatea.


2025-03-31 | Jakoba Errekondo
Ohea berotzearen teknika

Ohe beroan edo hotzean egiten da hobeto lo? Nik zalantzarik ez daukat: hotzean. Landare jaioberriek bero punttu bat nahiago dute, ordea. Udaberriko ekinozio garai hau aproposa da udako eta udazkeneko mokadu goxoak emango dizkiguten landareen haziak ereiteko.


2025-03-31 | Garazi Zabaleta
Errekauek
“Errekauek” eta “enkarguk” etxean jasotzeko proiektua Azpeitian eta Azkoitian

Duela lau urte abiatu zuten Azpeitian Enkarguk proiektua, Udalaren, Urkome Landa Garapen Elkartearen eta Azpeitiako eta Gipuzkoako merkatari txikien elkarteen artean. “Orain proiektua bigarren fasera eraman dugu, eta Azkoitian sortu dugu antzeko egitasmoa, bere izenarekin:... [+]


2025-03-28 | Sustatu
La Ligaren blokeoak euskal domeinuei eragiten dien kaltea monitorizatuko du Puntueus-ek

Azken aldian, asteburuetan, Internet ez dabil ondo. Hasieran, zaila zen webguneei ezarritako blokeoen zergatia ulertzea; orain, badakigu Espainiako La Ligak agindu zituela, futbola modu ilegalean emititzea saihesteko. La Ligaren blokeoak euskal domeinuei eragiten dien... [+]


Abenduaren 27an Bilbao Arenan milaka euskaltzale batzeko dei egin du Kontseiluak

Bilbon eginiko aurkezpenean iragarri dute ekitaldia, euskarari "arnas berri bat emateko eta behar duen indarraldia gorpuzten hasteko" lehen urratsa izango dela nabarmenduta. Euskaltzale guztiei, baina, oro har, "justizia sozialean eta gizarte kohesioan aurre... [+]


“Ez genuen komunik, ez urik, ez argindarrik... eta hori ere kendu digute!”

Aljeriatik datoz Mohamed eta Said [izenak asmatuak dira], herri beretik. “Txiki-txikitatik ezagutzen dugu elkar, eskolatik”. Ibilbide ezberdinak egin arren, egun, elkarrekin bizi dira Donostian, kale egoeran. Manteoko etxoletan bizi ziren, joan den astean Poliziak... [+]


Olatz Salvador
Konfort gunea

Olatz Salvador
Noiz: martxoaren 15ean.
Non: Deustuko jaietan.

------------------------------------------------

Martxoak beti du deustuarrontzat kolore berezia; urtero ospatzen ditugu jaiak, San Jose egunaren bueltan. Bi asteburu bete festa, eta urtetik urtera Deustuko... [+]


Eguneraketa berriak daude