"Euskaraz edozer sor daitekeela ikusaraztea da gure belaunaldiaren ekarpen handiena"

  • Urte asko pasa dira Anari musikari azkoitiarrak Euskal Herriko musika panoraman lur hartu zuenetik. Bakarlari oso gutxi zegoen gure artean orduan, eta are eta gutxiago hain proposamen gordin eta goibel bezain pausatuak jorratzen zituztenak. Gutxi batzuek sinesgarritasunez eta atrebentziaz jantzitako musikaria ikusi bazuten ere, handiagoa izan zen gure mugetatik kanpo jaso zuen onespena. Anari bera eta bere kantuak asko hazi dira, izugarri, eta Irla izan lanarekin aurreko hiru diskoen amuekin harrapatutako hainbat eta hainbat jarraitzaile batu ditu itsaso egarriz bere inguruan.
Anari
AnariAlex Larretxi

Artista baten hirugarren diskoa ei da proba nagusiena, eta Zebrak aurreikuspen guztiak gainditu zituen. Baina Irla izanen emaitza helduagoa eta osatuagoa da.


Norberak era horretara begiratzea zaila da. Aurrera egin ahala, atzekoa zure kontra bezala hasten da, denborak, ofizioak, bizitzak… beste lekuetara eramaten zaituelako. Aurretik egin duzuna ez duzu berriro egin nahi. Habiak askorentzat gure diskorik onena da eta nik ezin dut entzun: kantaera, giro malenkoniatsu hori… gehiegizkoa da. Gauza bera Zebrarekin eta honekin ere antzera izango da. Sormenean gauza naturala da hori, nik horrela bizi dut. Ni abestien atzetik bizi naiz, buruan ideia hori beti da hobea gero diskoan islatzen duzuna baino. Frustrazio moduko bat da, baina jarraitu behar duzu, beste pauso bat emanez, bila zabiltzan abesti hori aurkitu eta borobildu arte. Abestia da garrantzitsuena, abestiek lotzen dute zure obra jendearekin, eta zu obrarekin.


Aspaldian “Anari gara” esan ohi duzu. Zerk egiten zaituzte bat?


Konposizioan Anari naiz eta exekuzioan Anari gara. Zuzenean, diskoak grabatzerako orduan, beraien ekarpena oso garrantzitsua da. Nik abestiak egiten ditut, eta egin ahala buruan entzun, beraiei azaldu eta lokalean lantzen ditugu. Hortik aurrera, nik irudika ez nitzakeen gauzak sortzen hasten dira moldaketetan. Oinarrizkoena adiskidetasuna da, baina soinuan interesgarriena eklektizismoa da. Kide bakoitza bide desberdinetatik gatoz, urteen poderioz puntu batean bat egin dugu eta hor egiteko era bat sortu da, soinu bat, erraz errekonozitzen dena.

Gaur egun ikusten duzu zure burua agertokian bakarrik?


Horixe baietz. Beste kontzertu bat da, eta batzutan bandarekin jotzea bezain intentsoa. Abestiak gitarra eta ahotsarekin bakarrik egiten ditut, eta sinpletasun horretan eusten ez den abesti bat ez dago osatua niretzat. Abestia hitza, melodia eta interpretazioaren artean sortzen den zera oso bat bezala ikusten dut.

Disko honekin uretara salto egin eta “mugitzen ez den balea” irudikatu baduzu ere, jende asko batu zaizue, inoiz baino gehiago. Aspaldiko lanaren emaitza?


Nahiko nuke pentsatu abestiak direla, jendeak bere egiten dituela, eta behar dituela entzun zuzenean, entzun eta abestu. Gure abestiek horretarako bakarrik balio dute, ez dira irratian behin eta berriro jartzen dituztenen patroikoak. Doctor Deseoko Francisek esaten dit promoziorik onena ahoz-ahokoa dela, motela baina oso indartsua, eta ados nago. Gure kasua dela uste dut. Une berezia da bizitzen ari garena; oso kontzertu beroak, ederrak ateratzen dira, jendea era horretara biltzen delako.

Itsasoa eta arrainak oso presente daude Irla izanen eta baita Zebran ere. Zer ikusten duzu itsasoan?


Obsesio bat bezala ikus daiteke kanpotik gaien errepikapen hori, nik sormenean dudan limitazioa dela onartu beharko nuke. Saiatzen naiz metaforak ideiei lotzen eta ez alderantziz; metafora bat bere horretan, kantuan behintzat, ez da hain indartsua. Gainera, kontrakoa dirudien arren, askotan metafora bera da errealena; metaforak hobeto ulertzen ditudala iruditzen zait askotan, bizitza bera baino.

“Zuri helduta baino ez naiz askatzen”. Musikak asko emateaz gain, lotura handiak eragin dizkizu hain gustukoak ez direnak?


Nire lotura nahiko librea da –lotu eta libre elkartzerik badago–, gure taldean inor ez da-eta profesionala. Bestalde, uste dut inoiz ez naizela orain bezala identifikatu abestiekin. Lehenengo eta bigarren diskoak estetikoagoak dira eta estatikoagoak; zuzenekoetarako gogorrak: zu abesten eta jendea adi, entzuten; seko sinetsi behar dituzu hitz horiek, pixka bat kantautorearen pose horretan. Hor aldaketa kontziente bat egon da zuzenekoetan, abestiekin, hitzekin, soinuarekin, eman den aldaketarekin koherentzia batean. Batek baino gehiagok esan dit lehorra naizela zuzenean, distantea, baina banda kontzeptu hori da desberdintasuna. Kantek hitza berekin dute, besteari erredundante samarra deritzot nire kasuan.

“Behin zubi oso bat jan nuen lehenengo harritik azkenera, hainbeste nahi nuenera ez joateko”.


Metafora horrek norberaren bidean ematen den retro-fagotizazioa osatzen du: zubi hori Habiaken eraiki nuen eta orain jan. Askotan nahiko zenuke azkeneko diskoa bakarrik idatzi izan, hurrengoa egin arte…

“Aurrean biderik ez da, norberak egina ez bada; pausu adina itzal atzean”. Zu norbaiten itzalak inspiratuko zintuen; eta zu ere askorentzat itzal bihurtuko zinen…


Musika asko entzun dut eta entzuten dut, uste dut nire diskoetan bizitzako momentu desberdinetan entzun dudan musikaren zantzua dagoela. Mila abesti entzun behar dira abesti bat egiteko. Influentziak hor daude, dudarik ez, baina norberak ez ditu aukeratzen.

Badugu konplexu bat eta hau literaturaren alorrean asko ematen da. Liburu edo disko bat berritzailetzat ematen da lehen euskaraz ez bada hori egin; beraz, badirudi guk egin dezakegun gauza bakarra, gure hizkuntza txiki honekin, hizkuntza handietan egin dena “itzultzea” dela eta ez inoiz euskaratik, eta euskaraz, besteak esango lukeen moduan sortzea… Eta ezin kanpoko errekonozimenduaren zain egon, edo kanpoan errekonozitzen dena hobetsi. Gureena agian ez dute kanpoan ulertuko, ez dago zertan. Nor ez da saiatu Mikel Laboaren handitasuna esplikatzen kanpotar bati, alferrik? Baina horrek ez du dudan jartzen guretzat zein eta zer izan den.

Neu norbaiten itzal? Gehiegizkoa izango da hori. Nik nahi nuke argi izan, beste denekin batera, euskaraz edozer sortu daitekeela ikusarazi; uste dut gure belaunaldiaren ekarpenik handiena hori dela, erreferentzialtasuna musikan, baina, batez ere, hizkuntzan.


“Aurrean duguna sarri ikusezin bihurtzen da. Barruak, begien aldean, bista luzea dauka”. Aspaldi esaten zenuen gertuko musika taldeekin baino, itxuraz urrunago, baina zuganako gertutasun estilistikoagoa zutenei begiratzen zeniela.


Esan Ozenkin geunden, baina nik Migala, Manta Ray eta horrelakoak entzuten nituen, hori esplikatzeko era bat zen eta egia. Gainera, hemengo zenbait erreferentzia aipatzen zizkidaten, nik sekula entzun ez nituenak. Aurreko belaunaldiak sarri iraintzat hartzen du bera ez errebindikatzea.

Nik uste badugula zerbait klasifikagaitza egiten gaituena, halako nahasketa bat. Bakarlariaren kontzeptua halako soinu garbi batekin lotzen da eta gu hor narrats samar geratzen gara. Bandaren kontzeptuan, berriz, agian hitzak ez du halako pisurik kantetan, eta hor ere ez dugu enkajatzen. Askotan sentitu dut nik neuretzat ez nituen parametroetan analizatu nautela.

Behin esan zenidan autoedizioak koste eta lan handia duela. Merezi du esfortzuak edo jarrera kontua da?


Zailena abestiak egitea izan beharko luke, eta ez da hala. Autoekoizpenaren bidean ari gara, eta maitasun handiz egindako gauzak zenbaki huts bihurtzen dira zure eskuetatik harago. Disko bat ateratzea oso gauza merkea eta erraza da; une honetan arazoa banaketan dago. Egiari zor esan behar da oso egitura potenteak eraiki dituela gure aurreko belaunaldiak, eta beharrezkoak izango ziren une batean, eta bide hori jarraitzen baduzu, ez dago arazorik. Baina izan ditzakezu hainbat arrazoi era horrekin bat ez egiteko eta banaketa ere negozioa denez, asko malkartzen da bidea.

Bidehuts bezalako proiektu bateko parte izatea, sormenaz harago, aurretik eta aurrekoengandik ikasi dugunari geuretik ematea da. Egile eskubideen gaia edo saltzeko ez diren gauzak sortzea, gauza horiek ez dute bat egiten guk lehenago genuen egiteko erarekin eta ni asko erakartzen naute horrelako arriskuek, asko ikasten da.

Zure ertza kantua da, nire ustetan, disko honetan zure betiko tempo berezi hori, ia pintzekin heldu behar dena irudikatzen duena…


Tempo horrek eman eta kentzen digu –jende askori oso aspergarria iruditzen zaio egiten duguna–. Lan honetan gehiago dira: Harriaken lehenengo zatia, Bidea eta denbora… Ez da erraza tempo hori, ezin daiteke motelegia izan, heldu egin behar zaio tentsioari. Gainera, azkeneko diskoak batera grabatzen ditugu klaketarik gabe. Benetan subjektiboa eta emozioaren araberakoa da kadentzia, ez da matematikoa, eta geure burukominak eragiten dizkigu.

Intentsitatearekin gero eta gehiago jokatzen duzu; eta, tarteka post-hardcorera ere heltzen zara. Zer ematen dizu intentsitate horrek?


Nik uste beti egon dela, lehenengo diskoko Eszeptikoa, Herra kanta era horretakoak dira: linealak eta hazten doazenak. Zebran Gu abestiak hartu zuen diozun post-hardcore ukitu hori, erritmoagatik eta soinuagatik, Txapen kantaerak neurea markatu zuelako. Oso eroso sentitzen naiz hazten doan kantaren barruan, nola hitzak ematen duen doinua eta doinuak hitza… baina berrikuntza disko honetako Isla bezalako kantetan dago, linealitate horretan, lehertzen ez den tentsio horretan; ez naiz hain eroso sentitzen eta uste dut ez naizela horren airosa ateratzen.

Azkenak
Euskal hedabideen etorkizunaz

Azken asteotan esku artean ibili ditut honako bi liburuak: Euskararen gogoetagunea (Euskaltzaindia, 2024) eta Mariano Ferrer, el periodismo reflexivo. Kazetaritza eta konpromisoa (Erein, 2023) . Irakurri dut euskaldunen %42,2k ikusten duela ETB1, eta %20,6k irakurtzen duela... [+]


2024-12-04 | ARGIA
Euskal sorkuntza “larrialdian” dagoela dio Lanarteak

Euskararen Egunaren kari kaleratutako ohar batean, Euskararen Langile Profesionalen Elkarteak esan du "euskal sorkuntza larrialdian" dagoela, eta bere kideei dei egin die berariaz egindako koplak zabaldu ditzatela, egoera hori salatzeko.


Erru sentimendua heriotza perinatalean

Haurdunaldiaren zazpigarren hilabetean hil zen Aduna, Amets Etxeberriaren alaba. Halakoetan, erru sentimendua da bizkar gainean emakume askok hartzen duen zama, dolua ere oztopatzen duena. Profesionalengandik jasotzen duzun tratua funtsezkoa dela dio Etxeberriak, horri aurre... [+]


2024-12-02 | ARGIA
ARGIA Durangoko Azokan: zer, noiz eta non?

Jakoba Errekondo eta Garbiñe Larrea han izango dira, baita Haziak liburuko egileak ere. Superbotereak hezkuntza liburua, Abentura erraldoia komikia... eta, jakina, Inor ez da ilegala-ren postutxoa ere ipiniko du ARGIAk. Aurtengo beste nobedadea: denda fisikoa Andra Mari... [+]


Tomate hazien bildumagileak eta bioaniztasunaren zaintza logikak

Bukatu da (bukatzen ari da) tomatearen sasoia eta unea aprobetxatu nahi nuke uda honetan izandako kezka eta amorruak orriotara ekartzeko.


Armarri-zimitz jaspeztatua
Gonbidatu gabeko turista

2016an ikusi omen zuten lehen aldiz Herrialde Katalanetan. Bi urte geroago, 2018an alegia, Xanti Pagola eta Imanol Zabalegui entomologoek Gipuzkoan azaldu zela jakitera eman zuten. Eta euskaraz izendatu ere bai! Urte batzuk pasa dira eta ez dut esango gure artean ikusteaz ohitu... [+]


2024-12-02 | Jakoba Errekondo
Gintonikaren ezkontza

Bart arratsean izan da. Etxekoak gintonikari zurrupaka. Ni aspaldi dibortziatu nintzen gintonikarekin. Ginak oso gogoko ditut, hortz-haginak ur, baina tonikak ezin edan ditut, gozoegi eta burbuila zakar gehiegi.


Aurkezle eta umoregile bat salatu dute, hainbat emakumeri eraso egiteagatik

"Oñatiarra da, karisma handia du, baita babes soziala ere", seinalatu dute idatzi batean, sare sozialetako kontu berri baten bidez hedatu dena. Leku ugaritako neska gazteak elkartu dira salaketa egiteko. EITBk bertan behera utzi du, kautelaz, pertsona hori ageri... [+]


2024-11-30 | ARGIA
2025ean “larrialdi linguistikotik indarraldirako bideari ekiteko beharra” aldarrikatu du Kontseiluak

Euskalgintzaren Kontseiluak Larrialditik indarraldira adierazpena plazaratu du Euskararen Egunaren atarian. 2025a euskararen normalizazio eta biziberritze prozesua “noranzko egokian jartzeko urtea” izango dela adierazi du. Bide horretan, lehen eginkizuntzat jo dute... [+]


Zergatik Durangora joan abenduaren 7an?

Euskalgintzaren Kontseilua hizkuntza larrialdia bizi dugula ohartarazten ari da azken astetan. Urte dezente pasa dira euskararen biziberritze-prozesuaren egoera bidegurutzean, errotondan, inpasse egoeran eta antzeko hitzekin deskribatzen hasi zenetik, hizkuntza politikek... [+]


Iruñerriko hondakinak bilduko dituen Imarkoaineko gunea %33 garestitu da

Iruñerriko Mankomunitateak Imarkoaineko Hondakin Zentroaren proiektuaren aldaketa onartu zuen ostegun honetan eta, horren arabera, azpiegitura 2026ko urtarrilaren 21ean hasiko da lanean.


Eguneraketa berriak daude