Apartheida eta bonba atomikoak

  • Israelek –munduari aitortu gabe– bonba atomikoak dauzkala gauza jakina zen. Orain azaldu da Tel Aviveko gobernuak Hegoafrikari batzuk eskaini eta ziurrenik eman zizkiola bertan apartheid sistema indarrean zegoenean. Xehetasunetan begiratuz, zinegileentzako pagotxa.
Pelindaba ikerketa nuklearraren gunea
Hegoafrikako Pelindaba ikerketa nuklearren gunea, gaur nazioarteko erakundeen kontrolpean ari dena. 1970eko hamarkadan bi zulo sakon prestatu zituzten hemen, leherketa atomikoak egiteko asmoz, eta 1980ko hamarkadan leku honetan bertan elkarlanean jarraitu zuten Hegoafrikako militarrek eta Israeldik iritsitako adituek, hegazkinetik jaurtita bezala misilez eramanik lehertzeko moduko bonba atomikoak ekoizteko. Sei-zazpi buru atomiko edukitzera heldu zen Pretoriako gobernu arrazista, baina Nelson Mandela agintera iritsi zenerako desagerrarazi zituzten. Alex Wong-en argazki txikikoa Shimon Peres da, Nobel Saria irabazia, gaur Israelgo presidentea dena eta 1975ean "“orain ezagutu diren agirien arabera Pieter Botha presidente hegoafrikar gorrotatuak bidalitako jeneralarekin negoziatu zuenean"“ defentsa ministro zena.NJR ZA
Raul Castro Kubako buruzagia  telebistaz zuzenean ikusteko aukera bakanetako bat joan den apirilaren 21ean eduki zuten Ameriketan Venezolana de Televisión-i eta Telesur-i erreparaka zeudenek. Dossier informatiboan, zuzenean, Hugo Chavez presidente venezuelarrak Castrori gonbitea egin zion telesaioaren zuzendari Walter Martinezi galderaren bat egin ziezaion.

Tartea eta pazientzia pittin bat dauzkan irakurleak asmatuko du ordu erdi inguruko galdera-erantzunak YouTuben ikusten baditu. Alde batetik, Castro gazteenaren hitz-jarioa ezagutuko du zuzenean. Prezio berean sartuta, asteotan Israelgo gobernua estutasunean jarri duen albistearen testuinguruaz hobeto jantziko da.

Izan ere, The Guardian egunkariak hilabete beranduago plazaratu zuen Sasha Polakow-Suransky irakasle eta nazioartean adituak eskuratu duen agiri baten berri: 1975ean orduan apartheid sistema gorrotagarria zerabilen Hegoafrikako Armstrong jeneralak eta gaur Israelgo presidente den Shimon Peres orduan ministroak negoziatu zutela Tel Avivek Pretoriari bonba atomiko batzuk saltzea.

Polakow-Suranskyk azalpenok The Unspoken Alliance: Israel's secret alliance with apartheid South Africa (Itun aitortu ezina: Israelen hitzarmen sekretua apartheideko Hegoafrikarekin) liburuan ematen ditu, Israelen nazioarteko posizioari min handiak eraginez: bonba atomikoak aspalditik dauzkala berresten du, apartheid errejimen gorrotagarria sustatu zuela erakutsi eta bonba atomikoekin hainbeste kritikatu izan den Pakistanen pareko jokatu duela, edonori edonola saldu nahian.

Paperezko agiririk eduki ez arren, batzuek aspalditik zekizkiten kontuok, Raul Castrok Walter Martinezi galdera antologikoa egitean erakutsi zuenez. Kubatarrek bazituzten enteratuta egoteko motiboak: Hegoafrikarekin gerran ari ziren 1975ean, Angolako lurretan.

Angolak portugesengandik independentzia eskuratutakoan gobernu marxista zeukan, Mozambikek bezala, eta 1975ean Hegoafrikako eta Zaireko armadek inbaditu zuten bertako gerrilla eskuindarrari laguntzeko aitzakiaz. Sobiet Batasunaren eta Amerikako Estatu Batuen arteko gerra hotza gori-gori zegoen, eta Afrikako paraje urrunetan nork bere eskumutilak erabiltzen zituen.

Castrok telebistan eman zituen Kubak Angolara bidalitako soldadu, tanke, taktika eta abarren xehetasun asko, tartean hau: Hegoafrikak bonba atomikoak zeuzkala uste zutenez, unitate kubatarrak horren arabera antolatu zituztela fronteetan, bonba atomiko bakar batek denak suntsitu ez zitzan. Bonba horien inguruko galdera egin zion Walter Martinezi.

Kazetari klasifikatzen zaila den Martinezek bonba horien inguruko ixtorio pare bat kontatu zuen, tartean honakoa: 1979ko irailean AEBetako sateliteek bi flash edo leherketa atzeman zituztela Hegoafrika eta Antardida arteko itsasoan eta haien esplikazio nagusi oraindik erabat argitu gabea dela hegoafrikarrek israeldarren laguntzaz egindako bi leherketa nuklear zirela. Hortik aurrerakoa bideoan; merezi du.

Vela sateliteak ikusi zuena

The Guardianek plazaratu duen agiriak Hegoafrikako arrazisten eta Israelgo gobernuaren arteko harremanen une jakina aipatzen du, 1975ekoa. Orduan dozena erdi bonba nuklearren salerosketa lotzen saiatu ziren Suitzako Zürichen, antza denez tratua itxi barik.

Hala ere, Sasha Polakow-Suranskyk elkarrizketa batean argitu du liburuan hori baino datu esanguratsuagoak eskaini dituela. “Adibidez –erantzun dio Just Journalism blogaren egileari– ‘Chalet’ misilen proiektuaren inguruan 1980ko hamarkadan dozenaka israeldar aritu ziren Hegoafrikan bonba atomikoa antolatzen laguntzen. (...) Israeldarrek jartzen zuten teknologia guztia. Ematen dudan beste informazio hau ere garrantzizkoa da: Israelek Hegoafrikari uranioa erosten ziola Nazio Batuen Erakundeak erregimen honi ezarritako enbargoa hautsiz”.

Wikipedian irakur daitekeenez –eta entziklopedia aske hau ezagutzen duenak badaki tartean Israel dagoenean zein tentuz neurtuta edukitzen dituen sarrerak– Hegoafrika 1960ko hamarkadatik kasik apartheida 1994an amaitu arte aritu zen arma nuklear, biologiko eta kimikoak lantzen. 1976an, hau da, Zürichen israeldarrei bonbak erostea lortu ez eta urte betera, prest zituzten bi zulo handi Kalahari desertuan probak egiteko, bata 385 metro sakon, bestea 216. Erregai nuklearra lortu baino lehen prest zeuzkaten misilak osatzeko lantokiak ere.

Sobiet Batasunak garaiz atzeman zituen ahaleginok, albistea emanez batetik bere aliatuei –Kuba zen horietarik bat– eta baita arerio zituen AEBei ere. Ikusia zegoen Hegoafrikak nola edo hala lortzen zuela Nazio Batuen Erakundeak ezarritako bahimendua haustea. 1979ko irailaren 22an gertatu zen Vela Incident izenez ezagutzen dena.

Egun hartan Vela Hotel satelite iparramerikarrak flash bikoitza atzeman zuen Hegoafrikatik Antartidarako itsasoan. Hura zer izan ote zen eztabaidak segitzen du oraindik. Batzuentzako sateliteak oker ulertutako efektu optikoa izan zen. Meteoritoren bat izan ote zen ere aipatu zen, baina azkar baztertu zen. Aldiz, askok uste dute Hegoafrikako militarrek Israelgoekin elkarlanean leherketa atomikoa eragin zutela Indiako itsasoan, menturaz bapore zaharren baten gainean.

Aste gutxiren buruan Australiako artalde batzuetan Iodo-131 arrastoak hauteman ziren eta Puerto Ricoko Areciboko teleskopioak ere leherketa atomikoaren aztarnak detektatu zituen. Hegoafrikako agintariek dena ukatu zuten. 1983an Kalahariko zuloak itxi zituzten baina 1988an berri bat ireki, helburu berarekin.

1990eko hamarkadan dena aldatu zen. Sobiet Batasunak porrot eginda gerra hotza bukatu egin zen, eta harekin aliatuen gaineko domino eragina. Bestalde, apartheidean gotortutako agintari hegoafrikarrei aldaketa garaia heldu zitzaien eta honekin larrialdi berria: Nelson Mandelaren ANC agintera iristen bazen, zer gertatuko zen bonba atomikoekin? Geroztik, arma nuklearren inguruko itun guztiak sinatu dituzte Pretorian egon diren gobernuek, zuriek lehenik, ANCkoek gero.

Eta bonbak? Energia Atomikoaren Nazioarteko Erakundearen arabera desarmatu egin zituzten hegoafrikarrek. Raul Castro ez dago hain seguru: agian Israelera eraman zituzten kubatarrentzako ziren sei-zazpi bonba haiek.

Badirudi ANCko agintariek eman dutela baimena Pretoriako paper zaharrak azaltzeko. Ez du pozik egon behar Shimon Peres laborista zakur zaharrak.

Azkenak
ANALISIA
Aznarrek lagundu diola Aitor Estebani?

Aitor Esteban izango da EAJko EBBko hurrengo lehendakaria eta jeltzaleek salduko dute horrela, zuzendaritza berrituta, buruzagitza berria prest dagoela alderdiaren berrikuntza prozesuarekin jarraitzeko.


Udaltzainen hizkuntza eskakizunen aurkako oldarraldia Donostian, Astigarragan eta Usurbilen

Donostiako Udalak 2024ko irailean helegitea jarri zuen, urte bereko urtarrilean epaileek bi udaltzainen B2 hizkuntza eskakizuna baliogabetu zutelako. EAEko Auzitegi Nagusiak helegitea ez du tramitera ere bideratuko, “kasaziorako interes objektiborik” ez dagoelako... [+]


“Mezu faxistak” zabaltzen dituen EHUko Arabako Campuseko irakaslea salatu du Ikamak

Gasteizko EHUko Farmazia Fakultateko irakasle batek sare sozialetan “mezu faxistak” zabaltzen dituela salatu du Ikama ikasle taldeak. Joan den irailean, EHUk Leioako Campuseko irakasle bat kanporatu zuen sare sozialetan zabaltzen zituen mezuengatik.


Raimundo el Canasterori babesa adierazi diote 230 musikarik, eta musikaren bidez boterea kritikatzea zilegi dela aldarrikatu dute

Belako, Chill Mafia, Eñaut Elorrieta, Fermin Muguruza, Ibil Bedi, J Martina, ØDEI, Olaia Inziarte, Nøgen eta Tatxers daude sinatzaileen artean. 237 musikariren zerrenda argitaratu dute.


'Itzal(iko) bagina'
Hemen gezurra nagusi

Itzal(iko) bagina
Taldea: Lokatz Loreak.
Aktoreak: Araitz Katarain, Janire Arrizabalaga eta Izaro Bilbao.
Zuzendaria: Iraitz Lizarraga.
Noiz: otsailaren 2an.
Non: Usurbilgo Sutegi aretoan.

-------------------------------------------------------
 
Bertsoa bertsolaritza,... [+]

Behe Bidasoako eraso faxistak eta Devenir Europeo

Eraso faxistak, xenofoboak edo homofoboak gero eta ugariagoak dira Euskal Herrian ere, eta kezka barreiatu da han-hemenka. Behe Bidasoa da eraso horiek pairatzen dituen eremuetakoa, eta hor, zehazki, eraso edota ekintza gehienak Devenir Europeo (Europaren bilakaera) izeneko... [+]


Argitaratu gabeko 36ko gerrako bideoak eskura jarri ditu Los Angelesko Unibertsitateak

Donostiako eta Gipuzkoako beste udalerrietako irudiak ikus daitezke unibertsitatearen webgunean.


2025-02-07 | Aiaraldea
Amurrioko Udal Gobernuari entregatu dizkiete Aiaraldea Komunikabidearen dirulaguntza berrezartzearen aldeko 1.700 herritar eta eragileen atxikimenduak

Komunikabideko hainbat langile eta bazkide bertaratu ziren duela astebete Amurrioko Udaleko plenora, dirulaguntza bigarren urtez ezabatu dela salatzeko. Txerra Molinuevo alkateak ez zuen inolako erantzunik eman.


Erorien Monumentuko sinbologia faxista duten elementuak kentzeko eta interpretazio zentroa sortzeko lege proposamena aurkeztu dute

PSN, EH Bildu eta Geroa Bai talde parlamentarien sinadurarekin aurkeztu da gaur eta onartua izateko babesa izango du.


2025-02-07 | Gedar
Txantreako Eunate ikastetxeko irakasle erasotzaileak alde egitea lortu dute ikasleek

Iruñerriko IAk azaldu duenez, irakasle horrek ikasleak sexualizatu eta bortxaketak justifikatu zituen. Aurreko ostiralean eserialdi bat egin zuten eta sinadura bilketa bat izan dute martxan, irakaslea botatzeko.


2025-02-07 | Uriola.eus
Bi gizonek eraso homofobikoa salatu dute Bilbon

Lauzpabost pertsonak osatutako talde batek jo egin zituzten baita irain homofoboak egin ere.


2025-02-07 | Euskal Irratiak
Ximun Fuchs
“Euskal irainak baitezpadakoak zaizkigu, elbarritu emozionalak ez gaitezen izan”

Le Tampographe Sardon enpresak salgai ezarria du 24 laidoko zigilu-kutxa. Sarean eskuragarri da. Ximun Fuchs aktoreak du hautaketa lana egin, irainak "lan tresna" baitira beretzat.


Aktibismoan osasun mentala zaintzeko zenbait tresna

Aktibisten ezinegonak bildu, eta horiek kolektiboki lantzeko gida bat sortu dute zenbait aktibistek. Besteak beste, estresa, beldurra, frustrazioa eta nekea landu dituzte.


Eguneraketa berriak daude