Milaka langile mineral kantzerigenoaren menpe

  • Azken 30 urteetan amianto mineral kantzerigenoarekin lanean aritu diren 25.000 euskal langile inguru hiltzeko arriskuan dira eta datozen 25 urteetan 6.000tik 10.000ra langile horregatik hilko direla aurreikusten da. 2009. urtean gutxienez 16 langile hil ziren Euskal Herrian amiantoaren ondorioz.
Amiantoa
Amiantoaren kalteak salatzeko LABeko ordezkariek egindako protesta Iruñean.Argazki Press / Gari Garaialde
Zarata mediatikoz beteriko garai nahasiotan, merkatu logiketatik urrun eta irakurleengandik gertu dagoen kazetaritza beharrezkoa dela uste baduzu, ARGIA bultzatzera animatu nahi zaitugu. Geroz eta gehiago gara, jarrai dezagun txikitik eragiten.
Sinetsi ez arren, egia da. Azken 30 urteetan amianto izeneko mineral kantzerigenoarekin lanean aritu diren 25.000 euskal langilek horregatik hiltzeko benetako arriskua dute. Soilik datozen 25 urteetan Euskal Herrian 6.000tik 10.000ra langile amiantoak eraginda hil daitezkeela aurreikusten da, 60.000 inguru Espainiako Estatuan eta 500.000 EBn. 2009an 16 euskal langile hil ziren ekoizpen sektore askotan erabili izan den mineral hiltzaile horren ondorioz. Eta aurten dagoeneko zortzi langile hil dira. Horrelako lanetan aritutako guztiak barne hartzetik urrun egon arren, lan bizitzan zuzenean amiantoarekin aritu ziren 4.518 langileko errolda egin du Osalanek 2009ko abenduan.

Amiantoaren Biktimen Euskal Elkartea (ASVIAMIE) egunez egun egoera horren jarraipena egiten ari da eta horri esker zenbait urrats garrantzitsu ematen ari dira.

Amiantoak hil egiten duela eta hiltzen jarraituko duela egiaztatuta badago ere, oztopo handiak daude gaixotasun profesional gisa onar dadin eta Espainiako Estatuak gaixotasun hilkor hori hartu duten langileekiko dituen betebeharrak ase ditzan. Halaber, bere garaian amianto hiltzailearekin lan egin zuten enpresek eskuak garbitu eta beren erantzukizuna saihestu nahi dute.

Zer da amiantoa?

Amiantoa mineral kantzerigenoa da. XX. mendean gehien erabilitako materialetakoa da. Lehen asbestosi kasu egiaztatua –amiantoarekin zuzenean lotutako gaixotasuna– 1906an agertu zen; Ingalaterrako ehungintza sektoreko txarrantxatze lantegi bateko langilea zen. Ordutik kasuak ugaldu egin dira eta 2020 urtean urtero 2.300 heriotza inguru eragin ditzakeela aurreikusten da. Joan den abenduan Florentzian egindako epaiketa batek berriro ere agerian utzi du gaixotasun honen larritasuna eta konnotazio politiko eta enpresarialak.

Hego Euskal Herrian 1960ko hamarkadatik 1980kora erabili zen bereziki. Xaflakorra da, erregaitza eta beroarekiko, korrosioarekiko, hezetasunarekiko eta produktu kimikoekiko oso erresistentea. Osagai fisiko eta kimikoaren propietateengatik eta prezio baxua duelako erabili izan da material hori hainbeste. Hala, 4.000 aplikaziotik gora izan ditu hainbat sektoretan: eraikuntzan, industria nuklearrean, automobilgintzan, ontzigintzan, tren-industrian... Sektore horiek garrantzia handia izan dute eta dute Hego Euskal Herrian, bereziki Bizkaian eta EAEn. Dagoeneko epaitegietan daude hainbat kasu, hala nola Bilboko Gran Via 1.eko BBVAren eraikuntzarena, edo Bilboko portuko zenbait jarduerena.

Oso mineral kantzerigenoa

Amiantoa mineral oso kantzerigenoa da. Amiantoaren zuntzak inhalatzean dago arriskurik handiena. Asbestosia, biriketako minbizia eta pleurako mesotelioma gaixotasun profesional gisa onartzen ditu legeak. Baina horiek ez dira amiantoak eragindako gaixotasun bakarrak. Material hori arnasketa sistemaren gaixotasun askorekin ere lotuta dago. Horrez gain, giltzurrunetako, obulutegietako edo bularreko minbizia ere eragin dezakeen susmoa dago.

Minerala luzaroan hainbat industria sektoreetan erabili ondoren, 2001ean Espainiako Estatuan erabat debekatu zen amiantoaren erabilera. Hala ere, 2002. urte amaiera arte ez zen erabateko debekua indarrean jarri. Legislazioak, ordea, ez zuen arazoa errotik konpondu, amiantoaren biktimak ez dituelako onartzen, amiantoa duten eraikinen eta instalazioaren inbentariorik ez delako egin Europako beste zenbait estatutan bezala, eta amiantoa ezabatzeko lanetan ez delako engaiatzen.

ASVIAMIEk eta sindikatuek amiantoak eragindakoentzat erretiro aurreratuak ezartzea, kalte-ordainetarako funtsa eratzea eta gaixoentzat ospitale berezia sortzea eskatzen dute. Amiantoa duten eraikinen eta instalazioen inbentarioa osatzea ere eskatzen dute.

Amiantoak emakumeak ere hiltzen ditu

Orain arte, amiantoak eragindako hildakoez hitz egitean, gizonezkoak aipatzen ziren. Baina mineral hiltzaileak eragindako emakumezko langileak ere badira. Angela, Oxivol Internacional de Acumuladores enpresako langile ohia, pasa den martxoan hil zen Beasainen, 65 urte zituela. Bere enpresan amiantoak kutsatuta, pleurako mesotelioma hartu zuen. 21 urte zituenetik autoen bateriak muntatzen lan egin zuen: bateriei amiantozko lokarri bat jartzen zien, estalkia ipini eta galipotaz estali baino lehen.
2009an gutxienez Euskal Herriko 15 langile hil ziren amiantoaren eraginez, ASVIAMIEk jakinarazi dituen datuen arabera. Iazko azken hildakoa Josu Murua Cayero izan zen, 41 urteko gorliztarra (Bizkaia). 2009ko abenduaren 18an zendu zen, pleurako mesoteliomak jota. Gaixotasuna marinel zela amiantoarekin lan egin zuen lehen urtetan harrapatu zuen. Azaroko bigarren hamabostalditik aurrera ohean egon zen Gorlizko ospitalean, minbiziak bizkarrezur-muina hartu eta paralizatuta geratu zelako. Bizirik zela itsasontzietan, amiantoarekin lan egiten zutela adierazi zuen, mineral kantzerigenoaren arriskuen berri inork eman gabe.

Amiantoaren azken biktimak 41 eta 52 urte bitarteko pertsonak dira, aipatu berri dugun kasua, esaterako. ASVIAMIEko arduradunen aburuz, egoera berria arazoaren larritasuna agertzen ari denaren seinale da. Egoera larria dela erakusten duen beste datu bat ere bada: 2009an ehundik gora familia hurbildu dira elkartera, senitarteko bat amiantoak eraginda zegoelako. Izan ere, mineral kantzerigenoak gaixotutako 350 pertsonatik gora daude dagoeneko elkartea.

[Irakurri Jesus Uzkudun CCOO sindikatuaren EAEko lan osasun eta ingurumeneko arduradunarekin egindako elkarrizketa: "Tristeena Osakidetzako zenbait medikuren jokabidea da"]
Beasaingo CAF enpresan amiantoaren aurka
Construcción y Auxiliar de Ferrocarriles (CAF) enpresak Beasainen duen egoitza nagusian lan egin zuten bi langile ohiri lanerako ezintasun osoa onartu die Gizarte Segurantzak. Bi operarioek amiantoarekin lan egin zuten hamarkada askotan eta pleurako minbizia jasaten ari dira egun. CAFek errekargo bat ordaindu beharko die segurtasun neurririk ez zutelako hartu. Horrez gain, langile ohiek epaitegietara joko dute prestazioak handitu eta senideentzako alarguntza lortzeko.

CAFen 1960 eta 1970eko hamarkadetan erabili zuten gehienbat amiantoa eta 1987an egin zuten lan, azken aldiz, mineral horrekin, S/8000 tren-kotxeak desamiantatu zituzten arte. Dena den, enpresako hainbat tokitan oraindik badago amiantorik eta leku horiek identifikatu nahian ari dira langileen laguntzaz. Beasaingo enpresak onartu du gutxienez 147 langile amiantoak kutsatzeko arriskuan egon zirela; horietako asko aurrejubilaturik daude eta beste batzuk lanean ari dira oraindik. Hala ere, enpresa batzordeko prebentzio ordezkarien arabera gehiago izan litezke amiantoarekin lan egin zutenak eta horregatik eskatu dute zerrendan sartzeko CAFen 1960 eta 1992 artean lan egin zuten pertsona guztiak.

45 hildako gutxienez

Bai Beasaingo lantegian eta bai Zaragozakoan 2009 arte 45 langile hil ziren amiantoak sortutako gaixotasunekin. LABeko Imanol Urrestarazuren arabera seguru daude gaixotutako pertsona gehiago egon litezkeela “baina ezezagutzagatik, edo beste arrazoi batzuengatik, ez dute mineral kantzerigenoarekin izandako harremana erreklamatu, eta beraz, ez dira zerrenda ofizialetan agertzen”.
Iazko urtean zehar hainbat ekimen egin zituzten CAFen amiantoak hiltzen segitzen duela salatzeko. Apirilaren 28an langileek manifestazioa egin zuten Beasaingo kaleetan barrena, eta horren segidan Amiantoarenei izeneko eskultura jarri zen, hildako langileei eta haien senideei elkartasuna adierazteko. Horrez gain, hitzaldia antolatu zuten eta informazio kanpaina jarri zuten martxan, amiantoarekin lan egin zuten langile ohiak identifikatzeko.

Kanal honetatik interesatuko zaizu: Amiantoa
2024-11-13 | Gedar
Amiantoak eragindako minbiziak gora egin du Europar Batasunean

Eurostaten arabera, 2013tik 2021era bitartean, 13.530 kasu erregistratu zituzten Europar Batasunean. Teorian 2005ean debekatu zuten amiantoaren erabilera, baina mesoteliomaren sintomak ez dira agertzen hamarkada asko igaro arte. Amiantoagatik 700 pertsona baino gehiago hil dira... [+]


Amiantoagatik zigortu dituzte Pasaiako Portua eta Algeposa enpresa taldea

Pasaiako Portuko Agintaritza eta Algeposa taldea lan arriskuen babesa ez bermatzeagatik kondenatuak izan direla adierazi du Amiantoaren Biktimen Euskal Elkarte ASVIAMEk. Osakidetzak laneko gaixotasunak ezkutatu izana salatu dute.


Amiantoaren biktimentzako funtsa “behingoz” martxan jartzeko eskatu diote Espainiako Gobernuari

Bi urte igaro dira Espainiako Estatuan funtsa sortzeko legea onartu zutela, baina Pedro Sánchezen gobernuak oraindik ez du araudirik garatu eta ez du aurrekonturik funtsa diruz hornitzeko. Espainiako Kongresuan talde politiko guztiek aho batez eskatu diote, berriz ere,... [+]


Amiantoan suspentso

Irailarekin batera badator ikasturte berriaren hasiera eta milaka haur eta nerabek ikastetxeetarako bidea hartuko dute berriz ere, batzuk pozik, beste batzuk ez hainbeste, baina denek euren azterketak eta lezioak motxilan dituztela. Beste hainbeste espero zitekeen euskal... [+]


Tubos Reunidos enpresako sindikatuek salatu dute amiantoa agertu dela labe batean eta zenbait egunez lana ez zela gelditu

Enpresa batzordeak salatu du otsailaren 26tik martxoaren 3ra bitartean amiantoa agertu zela labe kalibratzailean egindako obretan eta egun horietan lanak ez zirela eten. Enpresak azaldu du ohartu bezain pronto hartu zituela neurriak.


2024-01-10 | Reyes Ilintxeta
Jose Mari Esparza. Ideia trafikatzailea
“Borrokaren beharra transmititu nahi dut, zerbait berria sortuko da, beti sortu da”

Jose Mari Esparza idazle, editore eta ekintzaile menderaezinak bere lanerako txokoan hartu gaitu, Altaffaylla Kultur Elkartea eta Txalaparta argitaletxearen sorlekuan, liburuz inguraturik. Gaztetan 20 urtez aritu zen Luzuriagaren Tafallako fabrikan lanean eta orain berriki... [+]


“CAFeko zuzendaritzak produkzioa jarri zuen langilearen osasunaren gainetik”

Beasaingo tren lantokiko hiru nabe amiantoz kutsatuta zeudela jakin eta berrogei egunetara agerraldia egin dute Eusko Legebiltzarrean langileen eta erakundeen ordezkariek. Enpresa Batzordeko kideek salatu dute zuzendaritzak informazio "erabat eskasa" eman diela. Eusko... [+]


CAF lantegiko hiru nabetan lana eten egin dute amianto kutsaduragatik

Laugarren dibisioko zortzigarren nabean egin diren desmuntaia lanen ondoren gertatu da amianto kutsatzea eta legez onartuta dagoena baino altuagoa izan da neurketaren emaitza. Langileei hartutako sei laginetatik lauk positibo eman dute.


Zer da hauts zuri hori? Badator amiantoaren laugarren olatua…

Europar Batasuneko erakundeek adostuta, amiantoaren inguruko zuzentaraua aldatu eta minbizia sortzen duen mineralarekiko gehienezko esposizio-maila murriztu dute ekainean. Horretarako, funtsezkoa izan da Nantesen Tripode izeneko eraikinean frantziar administrazioko langileek... [+]


Europar Batasunak onartu du ez dagoela amiantoarekiko esposizio-maila segururik

Europar Parlamentuak eta Europako Kontseiluak akordioa lortu dute amiantoaren inguruko araudia aldatzeko. Langileek mineral kantzerijenoarekiko izan dezaketen gehienezko esposizioa hamar bider jaitsiko dute. Europar Batasunaren arabera eraikuntzaren arloan 7 milioi langile daude... [+]


Amiantoagatik gaixotutako langile baten osasun arazoengatik Petronor eta Iberdrola zigortu dituzte

Legazpiko Patricio Echeverria enpresako langile ohi baten alargunari ere pentsioa onartu diote, senarra amiantoak eragindako gaixotasun batengatik hil zela onartuta.


Udal eraikinetatik amiantoa kentzeko eskatuz mozioak aurkeztu ditu sei udalerritan biktimen elkarteak

Euskal Herriko amiantoaren biktimen elkarteak, Asviamiek, mozioa aurkeztu du gai kutsagarri horrek gehien kalteturiko Gipuzkoako eta Bizkaiko sei udalerritan. Egin gabe dagoen eta "beharrezkoa" den lan bat dela dio, "ingurumen-kutsaduragatik amiantoaren biktima... [+]


Laudio bederatzigarren postuan dago amiantoak eragindako Espainiako Estatuko heriotzen zerrendan

13 heriotza kontatu dituzte Aiaraldeko udalerri populatuenean. Asviamiek mozioa aurkeztuko du Laudion eta zerrendako lehen 10 postuetan agertzen diren Euskal Herriko udalerrietan.


Eguneraketa berriak daude