Kantu baten bila nabil, Bulun bulunka, Elearen lainoa, bakarka eginak dituzun hiru diskoak. Zer dituzu hiru lanok zure biografian?
Aberasgarri zaizkit, esperientzia ederra, eta ikasgai bezala hartzen ditut nire lanbide honetan. Gauza bat da zuzenean aritzea, eta beste bat zerorren burua grabatuta entzutea. Bestalde, neronen kantuak eta doinuak garatzeko modua ere bada. Herri honetan nire hatza uztekoa ere bai, eta seguru horrek banidadearekin ere baduela zerikusia, ez dut ezetz esango. Nire bi pasio bateratzeko aukera: gure hizkuntza, batetik, eta musikaren hizkuntza, bestetik.
“Bakarkako lanak” esanagatik ere, zenbaterainoko dira bakarkako, eta ez taldeko lan?
Bakarkako lanak halaxe dira, bakarkakoak, baina beti nahi izan dut beste inoren laguntza ondoan, beste soinu batzuk. Egin ditudan hiru diskoak oso era ezberdinean landu ditut, ez dute batak bestearekin zerikusirik, nahiz eta badagoen ardatz bat eta hori, jakina, nire ahotsak eta harpa zeltak osatzen dute.
Zer du harpak hain eder eta gustagarri gerta dakigun?
Zer edo zer hipnotikoa… Alan Stievelen disko bat entzunda sorgindu ninduen harpak, guztiz. “Harpa jotzen ikasi beharra daukat!”, esan nion neure buruari. Hemen harpa zelta lantzeko aukerarik ez eta harpa klasikoa jotzen ikasi nuen Baionako kontserbatorioan, 1981-82an.
Hain zuzen, Benito Lertxundik Altabizkar - Itzaltzuko bardoa disko eder hura argitaratu zuen urtean. Kantatu ere egin zenuen disko hartan. Orduantxe jarri zizun Fernando Saldañak harpa eskura…
Bai, hizketan ari ginen, nik harpa jotzen ikasteko gogoak nengoela esan, eta berak bazuela bat erantzun zidan. Utzi zidan jotzen eta ikasten. Eta nire urtemugarekin batera, oparitu egin zidan! 16 urte nituen.
Gazte!
Zaharra! Instrumentu bat ikasten hasteko, zaharra! Baionan ere, harpa aukeratu nuelako onartu ninduten. Beste musika tresnaren bat izan balitz, ez nuen ikasteko aukerarik izango. Helduegia! Txiki-txikitandik hasi beharra dago. Baionara joan eta ume txikiak ikusten nituen harpa jotzen. Musika egiteko heldutasuna falta izango zuten –nik ordurako, adinagatik besterik ez bazen ere, banuena–, baina teknika ona zuten; haiek nire adinera iristerako egina izango zuten ibilbidea egiteko neukan nik.
Oker ez banago, harpa ikasteko zaletasunak badu beste aurrekari bat ere: Hernanin, Enbor izeneko musika taldea osatu zenuten, Bingen Zupiria buru.
Musikari taldetxo bat zen, folk musika-edo egiten zuena. Taldea osatuta zegoen ni sartu nintzeneko, eta askorik ere ez zuen iraun, nork bere ikasketa bidea hartu zuen-eta. Harpa dela-eta, gogoratzen naiz taldean ginela, Bingenek, gure liderrak, esan zuela: “Baxu bat falta da talde honetan, eta baten batek harpa ikasi beharko luke!”. Nonbait, hark ere entzuna zuen Alan Stivell eta gainerakoen musika zelta. Horrek piztu zidan grina, lehenbizi.
Kontziente zara harpak entzulearen baitan sortzen duen liluraz?
Ni neu jotzen ari naizenean zaila da entzulearen azalean jartzea, eta berak sentitzen duena asmatzea, baina iruditzen zait niregan sortzen duen lilura sortuko duela beraiengan ere, edo beste inor harpa jotzen entzuten dudanean niri eragiten didan lilura. Hala ere, diferentea da neu ari naizenean jotzen, jotzen ari denari soinua ezberdin iristen zaio-eta… Konfiantza daukat jendeari iritsiko zaiola, baina ez da gauza sinplea. Bat-bateko lilura da bat, eta lilura horrek irautea, beste bat. Hori beste ahalmen bat da, eta ez naiz ari disko oso bati buruz, kantu bati buruz baizik. Zenbat aldiz, hasi kantu bat entzuten, “zein polit!”, baina kantuak aurrera egin eta ez zaitu harrapatzen! Iraun egin behar da…
Kantuaren barruko mekanismoaz ari zara. Entzuleok ez gara horretaz jabetzen.
Bai, bai, publikoa horretaz ohartzen da, nola ez! Bera da lehena gauza horietaz konturatzen. Publikoa salbaia da. Publikoak ez du jakingo arrazoirik ematen, baina esango du gustatu zaion, kantuarekin bat egin duen, giroan sartu den, ala ez. Gure erronka da publikoa gure ondoan edukitzea, hor. Nik ez dut zalantzarik. Zerbaitek funtzionatzen ez badu behin ere ez dut esango publikoak ez nauela ulertzen. Behin ere ez dut horrelakorik esango. “Ez dut komunikatzen asmatu”, esango dut. Hala da-eta. Komunikatzen baldin baduzu, erantzuna jasoko duzu. Publikoaren aurrean jartzen garenok garbi izan behar dugu hori.
Musika sortzen ari zarenean ere gogoan izaten duzu komunikazio behar hori?
Sortzen ari naizenean sortzea besterik ez daukat buruan, nahiz eta batzuetan interferentzia batzuk egoten diren, tentazio batzuk, jendearengan pentsatzen hastea: “Gustatuko da, ala ez?”. Baina tentazio hori ez da izaten bidelagun onena sortzeko garaian, egiten ari zarenak zu zeu hunkitu behar zaitu lehen, eta gero gerokoak. Bestalde, ez da gutxietsi behar erraz, inorengan pentsatu gabe eta bi trazutan atera zaizun kantua, askotan hura izaten baita egin dituzunetatik hobekien funtzionatu duena eta errazen iritsi dena komunikatzera.
Bi trazutan ala zenbat trazutan ari zara, orain ontzen ari zaren lanean, bidean datorren zure bakarkako laugarren diskoan?
Lanean ari naiz, neure buruarekin borroka pixka bat eginez. Kantu bat egiteko erronka zeharo aberasgarri zait: hitzak alde batetik, doinua bestetik, biak ondo ezkondu beharra… Saiatuagatik ere, funtzionatzen ez badu, bata bestearekin joatekoak ez direlako seinale! Oraingo disko berriari dagokionean, kantuak eginak ditut, nahiz eta zuzenketak egiten ari naizen betiere. “Halako hitz hau… halako errima hori…”. Horretan nabil. Ez dakit sekula bukatuko dudan! Orain, berriz, Mixel Ducaurekin ari naiz lanean, bera bidelagun hartuta, hark duen bagajea lagungarri izango dudalakoan.
Itxaro Bordarenak eta Henriette Airerenak zenituen aurreko diskoaren hitzak. Norekin ari zara orain?
Badira nireak, bada bat Joxe Ramon Uriarte bermeotarrarena, eta beste hiruzpalau ditut Brendan Graham irlandar kantugilearenak. Grahamenetan, batean doinua interesatu zitzaidan; hitzak neuk jarri dizkiot, ikastola gogoan harturik. Ikastolak presentzia handia du gure herrian, baina betiere, batez ere 93ko legearen ondoren, eta kontzertatuekiko gogorarazi egin behar ikastola zer den, nor garen, nondik gatozen, zergatik erabaki zuen bi aukeraren artean kontzertatu izatera pasatzea, herriak sortutako instituzioa dela, ikastola dugula gure eskola nazionala… Ideia hori hartu eta ikastolak herriari egiten dion amodio kantua da hau, Brendan Grahamen irlandar doinua baliatuz. Baimena eskatu genion, eta berak hitzak eta kantuaren behin-behineko grabazioa eskatu zizkigun. Egin genuen, bidali genion, eta gizonaren e-mail bidezko erantzuna, zorionak emanez, inoiz entzun duen kantuaren bertsiorik politena, distiratsuena dela esanez.
Bejondeizuela!
Beste kantu batzuk ere bidali zizkidan, eta itzuli ere egin ditut euskarara, eta egokitu. Eta hortik ere etorriko da kanturik. Disko berrian bizpahiru kantu Grahamenak izango dira.
Kantu baten bila dabil oraindik Olatz Zugasti?
Eginkizun amaigabea da hori. Kantuan nire bi pasioak uztartzen dira: alde batetik, euskara, gure hizkuntza. Kantuak euskaraz sortu ahal izatea eta hor urratsak ematea oso zirraragarria zait. Bestetik, musika bera. Gainera, disko honek “kantaita” hitza eramango du izenean.
Hara hor, azaldu da Kantaita!
Kantaita uheran izango du izena. “Kantaita” hitza, azken finean, geuk ekarri genuen Euskadi Irratiko saio hartara. “Kantu” esan nahi du, dakizunez.
Hamaikatan entzun genuen programa bikaina. Munduko herri musikak gureganatzen egindako lan zoragarria, kito halako batean. Happy end, ala amaiera traumatikoa?
Traumatikoa izan zen. Ez, hala ere, schocka izan zelako, bukatzera zetorrela ikusten zen-eta. Hamabi-hamahiru urtez egin nuen saioa, 1995ean hasita. Hasieran, asteburuan zen. Arrakasta izan zuen, oso harrera ona, eta, orduan, egunerokoa izatera igaro zen. Urterik politenak, dudarik gabe. Ondoren, asteburura aldatu zuten berriz. Eta, azken-azkenean, asteburuan bai baina egun bakar batez nahi omen zuten. Eta utzi egin nuen.
Disko berriak izango duen azalak erakutsiko duenez, Kantaita hartako izpirituak bizirik irauten du zure gogoan.
Saio hark asko erakutsi zidan musikari buruz. Lan hura ikasbide izan nuen. Hainbeste musika entzun, kultura ezagutu… Kultur aniztasun ikaragarria zegoen
Kantaitan. Gauza exotikoak erakusten hasi nintzen. Hori zen nire aurkezpen txartela. “Ea kanpoan zer egiten den, ikus dezagun!”. Hemengo taldeak programa entzuten eta beren proposamen, lan eta diskoak bidaltzen hasi zitzaizkidan –gogoan daukat Azkoitiko Akauzazte taldeak bidalitako lata bat, esaterako–, eta haien eta beste batzuen deia ulertu nuen: “Beren musika ere sar dezadan nahi dute”. Horrela egin nion tartea euskal musikari ere. Eta hasi nintzen, herri musika hartuz irizpide, dena ezin nuen sartu eta, saio espezializatua baitzen.
Kantaita irratsaio bidezko herri musika bukatu zen, baina arlo berean ari zara orain Orioko ikastolan.
Ikastolak kantagintza lantzea erabaki zuen. Lehenengo, korua osatzea ere esan izan zen, baina koruak era askotako selekzioa dakar eta ez nuen bide hori garatu. Aldiz, taldetxoak osatu genituen, kantua lantzeko. Haietako batek fruitua eman du, Olaxka taldeak, eskusoinua jotzen duen mutil baten inguruan. 4 urte zituela hasi zen soinua jotzen, bere kasa. Dohain apartak ditu, artista hutsa da. Inguruan zenbait kantari ditu, berezko gaitasuna eta grazia dutenak. Brendan Grahami bidalitako kantuaren grabazioan ere horiek kantatu dute. Hasi ginenetik, ikusirik eskusoinua bagenuela eta talde txikia ginela, euskal kantagintza tradizionala berreskuratzen saiatu gara, kantutegietan dauden lanak aztertzen, taldearentzako egokienak aukeratzen, moldatzen eta ikasten. Hori eginda, bigarren aldi batean,
Kantaitan erabilitako zenbait doinu hartu eta hitzak jartzen, kantuak sortzen jardun dugu.
Ez ote luke gure herriko musikak Euskal Herriko ikastetxe guztietako derrigorrezko curriculumean agertu beharko?
Ezinbestekoa iruditzen zait. Behar luke. Euskal Herriko kantu tradizionalak ezagutzea izan beharko luke musika ikasgaiaren helburua. Eta ez kantagintza modernoan dauden kantuak edo popularrenak bakarrik, kantutegiak ezagutu beharko lirateke, han diren altxorrak. Musika bidez, hizkuntza bera ere ikasiko genuke, hainbat euskalkitako kantuak ditugu-eta. Bi txori botako genituzke harri bakarraz. Gero musika eskoletan eta kontserbatorioetan egiten dena beste urrats bat izango litzateke, baina oinarrian, ikastoletan-eta, musika ikasgaiak euskal kantutegi tradizionalaren ezagutza bermatu beharko luke.
Zer lotura dute zuk Orioko ikastolan egiten duzun lanak, eta neska koxkor zinen garaian Hernaniko Urumea ikastolan Benito Lertxundik ematen zituen herri-musika eskolek?
Antzeko lana izan liteke, baina kontua da Lertxundik pulamentu eskasa zuela guri erakusten! Kar, kar, kar… Eskola hura ez zen borondatezkoa, ordea, derrigorra baizik, eta askotan umeek ez zuten hartarako gogorik edo motibaziorik. Uste dut neu joaten nintzela gustuena eskola haietara. Kantagintza beti interesatu izan zait, familiatik datorkit. Etxean bertan, Ez Dok Amairukoen diskoak genituen, Benitorenak tartean. Eta Benito bera ikastolan musika irakasle izatea gozamena zen niretzat. Askok ez zuten nire gogorik. Gaur egun, gure kasuan, Orioko ikastolan, eskolaz kanpoko jarduera izaki beren gogoz datoz etorri nahi dutenak. Horrek asko laguntzen du.