Bi izen mapa ahantzi batean

  • Nafarroako bi eskualde deskubritzeko gonbita egingo digu Pello Lizarraldek hurrengo lerroetan. Mapak ez ditu oraindik haien izenak ahantzi, bai guk, ordea, mapan izen horiek nola bilatu. “Zuk ezer ez baduzu haiek ere ezer eskaintzen ez dutelako maite ditut”, hitz ederrokin aurkeztu dizkigu egileak Urraul eta Lokiz, hauspoa ezin isilagoa duten bi birika.
Zarata mediatikoz beteriko garai nahasiotan, merkatu logiketatik urrun eta irakurleengandik gertu dagoen kazetaritza beharrezkoa dela uste baduzu, ARGIA bultzatzera animatu nahi zaitugu. Geroz eta gehiago gara, jarrai dezagun txikitik eragiten.
Hainbeste datu argitaratzen den honetan argigarria litzaizukeen hori falta zaizula ohartzen zara. Hutsala da seguru aski, baina lagundu egingo lidake. Nik, konparazio batera, jakin nahi nuke Iruñeko bizilagunen arteko zenbat diren herrialdeko beste leku batzuetan jaioak.

Zifra hori izan gabe ere, ausartuko nintzateke esatera askotxo direla. Bisitariaren edo etorri berriaren aurrean abegikor agertu nahi dutenean iruindar askoren artean ohikoa da oraindik zera entzutea: “Ea aurten gure herriko jaietara etortzen haizen...!”.

Horrela entzun ohi dut ia beti. Izena aipatu gabe. Herria letra larritan, derrigorrean ezagutu behar bazenu bezala. Gero paradoxa. Hasi nafar askori herrialdeko beste toki batzuez galdezka, eskatu esateko nontsu dauden, nola ingura zaitezkeen eta askotan... jai duzu. “Nire eskualdekoak bai, gainerakoan...”.

Horretan, hala ere, nonahi ere berdintsu. Lehendik sinetsarazi diguten konbinazio bat dugu iragaitzaz dabilen kanpotarrari eskaintzeko. Nafarroan gehienok bat gatoz abiapuntuan: hiriburuan bisitariari aski zaio egun bakarra. Ondoren izen segida aletzeak dakar argazki osatzea: Pirinioak, Bertiz, Baztan, Ultzama, Arbaiun, Eunate, Lizarra, Urbasa –beti ere astebururako–, Erriberri... Gaineratu beste pare bat. Bertan jatetxe ona bada, hobeki. Eta Historia, Historia Handia, errege-erreginen izenez betea. Errege-erreginen izenak erakunde ofizialei eta alternatiboei, hotelei, futbol zelaiari... Herri konplexudunen kartoi bustiko maskara, makillaje urtzen hasia...

Nora jo aurreko guztiak alde batera utziz gero? Noranahi. Lurralde zabala dugu. Urteak eman genitzake ibilian, nahi izanez gero. Nafarroa erdi hustua begitantzen zait, eta datu batzuk aski lirateke irudipen hori berresteko. Huts hori, ordea, paradisu madarikatuetako hutsa da, industrializazioak eta emigratzeak ekarri zuten infernutik etorria. Hor ditu poeta erromantikoak beti bilatu izan dituen irudiak: sastraka eta horma eroriak, landa utziak, bidezidor itxiak...

Ezagutza, etortzekotan, lurra berriz zapaltzetik eta ukitzetik etorriko da. Txikitik, bizipen txikitik, izen apaletik. Ilun-argitako bidaia horretan lagungarriak zaizkigu beti bigarren eta hirugarren mailako errepidea, mapa xehea, ibili zale izatea...

Gaurkoan bi eskualde aipatuko ditut. Zuk ezer ez baduzu haiek ere ezer eskaintzen ez dutelako maite ditut. Ia erabat aske dira oraingoz hiru buruko kalamitatetik: landetxea-arrisku kirola-gastronomia. Horiek gabe zer dagoen galde lezake abiatzeko prestatu denak. “Zer ez dago han...!”, erantzungo nioke horrelako gomendioak emateko tenorean suhartasuna baretzen ikasi ez banu.

Urraulgoiti

Urrun dago oso eta ez naiz kilometrotan neurtzen ari. Abiatzen denak aurrez ongi taxutu beharko du ibilbidea. Hiriburutik ateraz gero lau bat bide aldatze egin beharko bigarren mailako errepideetan sartu eta gero. Bide nagusiak urrun xamar orain eta beti.
Bi besoko haran honetan barneratzea ixiltasun gero eta latzago bateko tunelean aurrera egitea da. 65 urtetik gorako 160 bizilagunen isiltasun batuak astuna behar du derrigorrean.

Bi besoen elkargunea Imirizaldun dago eta zubi batean abiapuntua. Iparrera jo aurretik merezi du sartualdi bat egitea Ekialdeko Urraulen. Zubitik Areta ibaiaren ezkerreko bazterrera jo eta galsoroak zeharkatuta, Ugarrongo arroila xarmantera iritsi gaitezke ordu laurden baten buruan. Arroilako ezkerreko paretara hurbiltzen gaituen bidezidorretik begietsiko dugu zintzurra eta beste aldeko oihan trinkoa. Udan uretara jaitsi eta han murgiltzea lortzen duenak ez du ahantziko zer eman dezaketen urak, eguzkiak eta itzalak, nahasten direnean. Oteak, ezpelak eta zuhaixkek ez dute lortu Berroia ia husturaino daraman bide tuparriz betea itotzea. Hortik Arieltzera eta handik eskuin arroilaren beste aldera igo behar da, Ugarrongo bordaraino; berriz Areta ibairaino jaitsi gaitezke eta ibi zabala gurutzatuta lau bat ordutan lortuko dugu zirkulua ixtea.

Ezkerrekoa da haraneko besorik luzeena eta Elkoatzeraino eta hortik Aristuraino iristen da. Edozein gida-liburuk gune bakarra nabarmentzen du: Eparotzeko Santa Fe eliza eta bertako garaia. Oraindik orain iruzur zantzuak izan dira gune horretan egindako ostatu bat dela medio. Gure agintariak ez zebiltzan urrun.

Ez da horrelakorik erreka zeharkatu eta mendian gora joz gero topatzen duzun Aizkurgin. Orain dela urte batzuk gehienbat Madriletik etorritako gazte abegikor batzuk jarri ziren han eta sastraka kenduta argia ekarri zuten berriz horma erorien artera. Handik hurbil dago bizilagun bakarreko Ezkanitz, teilatu gabeko eliza ere oihan bihurturik.

Eparotzetik aurrera hurrena Ongotz; handik Aietxu, Elkoatz eta Aristura. Hor eteten da errepidea, mendi magalean, hegal eder eta luzeen oinean; eta han hasten lehenik bideak eta gero bidezidorrak, betiko mendizaleentzat hain maiteak diren Erremendia, Aldasur, Motxorro edo Baigurara daramatenak.

Adoaingo predikari euskalduna

Eskuineko besoan ere bada mendirik. Adoain duzu buruan. Aspaldi handia izan omen zen hura bil-bil eginda ageri da egun, bakardadeari eta hotzari aurre egiteko elkartzen diren ardien antzera. Euskaltzale batzuek gogoko dute orain dela bizpahiru urte herri horretan agintariek eta Euskaltzaindiak jarritako monolitoa aipatzea. Euskara zen Adoaingo Esteban kaputxinoaren ama-hizkuntza; predikari izanik prediku batzuk argitaratu zituen XIX. mendean; bere hitz bero eta integristari esker kristautu omen zituen ingurukoak eta gero Ameriketako jentil asko eta asko.

Adoain bakartuak baditu are bakartuagoak hurbil xamar, inguruko oihanetan, betiereko loan: Cerrencano, Goitikoa eta Beitikoa. Haiek iristeko Adoaingo ibar txikian barrena doan bidezidorra hartu behar da lehenik eta Olargatu (Olagato) mendiraino daraman basa-pista gero. Olargatuko haitzari amildegia begiesteko egindako itsasontziaren itxura hartzen diot. Ordutan egon zaitezke, begiratua alde guztietara egina. Gailurretik Cerrencanora jaisteko bidea ez da xamurra, garai batekoa sastrakak ito baitu eta oso erne ibili behar da. Bertan egon arte ez duzu herri aspaldi hustuaren aztarnarik aurkituko. Bat-batean, antzinako tenpluak nola Asiako junglan, zuhaixken gainetik nabarmentzen diren horma erorien hondakin bakanei esker jakingo duzu heldua zarela bizitoki izan zen hartara. Handik urrundu ahala zail egiten da atzera behin eta berriz begiratzeko beharrari eustea agerpena berresteko edo.

Berriki Urraulgo alkateak Nafarroako agintariekin elkartu dira. Zaharrentzat zaintzaileak behar dituztela esan diete, eta errepidea zabaltzea, eta telefono estaldura hobetzea eta ur hornidura bermatzea... Baietz, baina dena ezin dela batera eman. 160 bizilagun Urraulgoitin, ia halako bi Beitikoan. Erraza zuten kontuak ateratzea.

Lokiz

Goitik balkoi eta amildegi, behetik itxura batean harresi luze eta igaroezin, Lokiz mendia bera ez da Lokizen ederraz eta neurriaz jabetzeko leku hoberena. Handitasun horretaz gozatzeko garaiera bertsuko Etxabarriko haitz ikusgarrietara igo gintezke. Handik ongi begizta daitezke iparraldeko muturra eta San Kosmeko aldea.

Bi haran daude Lokizpean eta biek sarrera liluragarriak dituzte. Allin haranekoa irekia da eta lau bat kilometrotan zehar, haranaren erabateko ikuspegia galdu gabe, errepide zuzen xamar batek hurbiltzen zaitu imanak bezala erakartzen duen harkaitz aldera eta haren oinean dauden Ganuza, Ollobarren eta Ollogoienera; besteak, Lana haranekoak, atari bat du, bizpahiru kilometroko korridorea. Tarte horretan Galbarra ibaiaren bazterretik doan errepideak mendia ezkutatzen du. Galbarra herria jotzean Lokizeko pareten zirkulu ia erabat itxiak besarkatzen ditu Galbarra, Biloria, Gastiain, Narkue eta Ulibarri. Bidaiariak ere ezin dio itzuri egin besarkadari, beroa baita, baina aldi berean arnasa hartzen uzten du eta, begiratua harritik kendu ezinik, behetik beti igaroezina dirudien labarrera igotzeko bulkadak betetzen dio bularra.

Igarobideak egon betidanik daude eta Ameskoarekin lotzen du eskualdea; mandabide izan ziren, baina orga batentzako tokia ere bada mendateetan. Behetik gora goazela konturatuko gara zer lan hartu zituen garai bateko jendeak bertako harria eta lurra pilatzen eta zein ongi iraun duten ia bere hartan. Bide horiek ez dira inoiz errepide bihurtu bakardade bera arnasten baitute bi eskualdeek eta herri bizien mundura ekartzeko ez da aski ikazkin baten bizitza kontatzen duen filmaren kreditu zerrenda bukaeran agertzea.

Lana haraneko bide argiena Narkuen hasten da eta Irasabelara eta Larrainetara igotzen da. Hortik Otsogaineraino, sastrakarekin borrokan, bidezidor gero eta galduagoen arrastoen usnan, ertzetik ahalik eta hurbilen. Handik harana ia osorik jaso dezakete begiek eta Lokizen hegoaldeko muturra sumatzen da. Itzulera ahaztezina izango zaigu jaisteko tenorean Arnabako arroila hautatuz gero.

Allinetik ere bi sarbide daude eta haiek ere aise lotu litezke. Goian bi baseliza; Galdeanotik abiatuta San Kosme, Ollobarrenetik edo Ganuzatik Santiago, eta bien artean Sartzaletako gaina, inguruko behatokirik egokiena. Amildegiaren buruan harri xehea eta beherago baso sarria, are beherago landak eta tarteka, bakan, hariztiak eta herriak.

Lokiz aldeko karriketan ez da erraza bizilagunen bat topatzea. Hitz gutxiko jendearekin suertatu naiz gehienetan, baina galdetuz gero ez dira uzkur agertzen. Ikusten duzuna ikusgarriago bihurtzen du euskaratik ere baduen haien gaztelania ederrak, eta oso maiz Pablo Antoñanaren liburuen oihartzunak ekartzen ditu. Haiek isildutakoan min sorra gelditzen zaizu. Laster hiztegiek eta unibertsitateko irakasleek erreparatuko diete doinu horri eta mundua izendatzeko molde horiei, eta haien ondoan parentesi arteko laburdura batek adieraziko digu zer diren: (zah.).

Tinta marguleko bi izen

Iaz agertu zen datua: munduan lehenengo aldiz bizilagun gehiago daude hirietan herrietan baino. Aurreko lerroetan bi ibilbideren hezurdura hauskorra besterik ez dago. Ahanzturak, beste asko bezala, tinta marguleko bi izen izatera kondenatu ditu Urraul eta Lokiz. Heriotza, hain hedatuta dagoen erromantizismotik etor dakioke. Susmoa dut, ordea, gure bisitaldi laburrek ere saihestezina dirudien hori atzeratzea baino ez dutela lortuko. Gure hatzak mapa kurritu eta izenaren ondoan gelditzean, izen horiek argialdi labur bat bizi izaten dute. Gero, guk bizkarra emandakoan, hatza baztertutakoan, bi izen horiek eta beste asko ilunpera itzultzen dira ezarian.

Azkenak
2025-03-11 | Hala Bedi
Izanen gazte aldizkaria jaio da

Euskal Herriko literatura gaztearen eta idazle hauen topagune bilakatu nahi den proiektu berriaren inguruan hitz egingo dugu gaur.


2025-03-11 | Euskal Irratiak
Daniela Albizu euskaltzale eta abertzaleari plaza bat eskaini diote Urruñan

Larunbatean, martxoaren 8an, Urruñako herriak Daniela Albizu izena ezarri dio herriko etxearen aitzineko plazari, emazte abertzale honen memoria omentzeko.


Gurutzetako Ospitaleko Larrialdiak “kolapsoaren ertzean” daudela salatu du ESK sindikatuak

Barakaldoko ospitaleko larrialdi zerbitzuan sufritzen ari diren "saturazioa larria" dela ohartarazi du sindikatuak. Pazienteak korridoreetan artatu dituztela eta krisia kudeatzeko "behar adina langile" ez dagoela salatu du. Errealitate horren aurrean... [+]


2025-03-11 | Estitxu Eizagirre
Makroeolikoez hitzaldia Andoainen eta egunpasa Aranon
Komunitatean hitz egin eta kultura sortu, haize-erroten aurrean

Komunitatea bildu, pilpilean dauden gaiez hitz egin, informazioa trukatu eta beste herrien esperientziak ezagutzea da herritar kritikoek egiten duten lehen ekintza, makroeoliko bat herrian jarriko diotela jakiten duenean. Halaxe egingo dute martxoaren 13an Andoainen: mendi... [+]


‘Statu quo’-a mantentzea espero da Groenlandiako hauteskundeetan, Trumpen presiopean

Inkesta gehienen arabera, Inuit Ataqatigiit alderdi ezkertiar independentistaren eta Siumut sozialdemokrataren arteko aliantzak jarraituko du indarrean parlamentuan. Herrialdeko lehen ministro Mute Egedek hauteskundeak aurreratzea proposatu zuen, AEBen "kanpo presioek"... [+]


2025-03-11 | Joan Mari Beloki
Euskal Herria Europa berrian

Ukrainako gudaren amaierak ondorio sakonak ekarriko ditu Europa osora. Europako elite ekonomikoek beren indar guztia jarri dute guda-zelaian eta galdu egin dute. Galtzaileek, elite globalistek, beren egitasmo kuttuna galduko dute, Europako Batasuna, eta Bruselatik europar... [+]


Pablo Gonzálezen aurkako zigor auzibidea itxi du Poloniako Justiziak

Varsoviako Barrutiko Auzitegiak argudiatu du González jada ez dagoela Polonian, eta ezin dutela jakin noiz aterako den Errusiatik. Auzitegiak ez du kazetari nabarniztarraren aurkako bestelako prodezurarik abian jarriko.


2025-03-11 | ARGIA
Euskal Herria antimilitarista dela aldarrikatuko du EH Bilduk apirilaren 20ko Aberri Egunean

Mundua "oso azkar" aldatzen ari dela azaldu du Arnaldo Otegik, militarismorantz eta autoritarismorantz doala, eta norabide horren aurkako jarrera duela koalizio subiranistak.


Duela bost urte baino %155 aldiz arma astun gehiago inportatzen ditu Europak

Ukraina da munduan arma gehien erosten dituen herrialdea; munduko erosketa guztien %8,8. Merkatuaren ia erdia kontrolatzen duena, berriz, AEB dira: Europak erosi dituen armen erdia baino gehiagok jatorri estatubatuarra dute.


Euskara bihotzean eta erdara ezpainean

Azterketak amaitzearekin batera ohikoak bihurtu dira ikasleriaren artean, urteko garai honetan merkeak diren hegaldiak hartu eta adiskideekin bidaiatzea. Horrela egin dut neuk ere eta Londresera joateko aukera izan dut. Ildo beretik, bertan “euskaldun” pilarekin egin... [+]


2025-03-11 | Mikel Aramendi
ANALISIA
Ukrainako “eskarmentua” Asia Ekialderaino heltzen ari da

Maiatzaren 12an Filipinetan egingo diren Bongbong Marcosen agintaldiaren erdiko hauteskundeek eman dezakete argibideren bat herritar xeheen artean kezka noraino errotu den begiztatzeko.


Eskolako guraso taldean nola informatu euskara hutsean, erdaldunak haserretu gabe

"No entiendo, en castellano por favor" eta gisakoak ohikoak dira eskolako guraso Whatsapp taldeetan, baina Irungo Txingudi ikastola publikoan euskara hutsean aritzeko modu erraz eta eraginkorra dute, behar duenarentzat itzulpen sistema berehalakoa ahalbidetuta.


2025-03-11 | ARGIA
Petrolio-ontzi bat erregaia isurtzen ari da Ingalaterrako kostaldearen aurrean eta egoera “oso-oso kezkagarritzat” jo du Down Streetek

Petrolio-ontzi batek eta zamaontzi batek elkar jo dute astelehen goizean Ipar Itsasoan, Ingalaterrako ipar-ekialdean. Talkak Jet-A1 erregaia zuen petrolio-ontziaren tanke bat apurtu du eta kezka da nagusi, izan ditzakeen ondorio ekologikoengatik.


2025-03-11 | Sustatu
Etorkisuneku 01 jardunaldia 14an, “etorkizunak pentsatzeko euskaratik”

Etorkisuneku 01 izenarekin jardunaldia egingo da martxoaren 14an, datorren ostiralean, Errenterian. Badalabek eta TEKS elkarteak antolatuta "hizkuntzari eta komunitateari lotutako iruditeria eta diskurtsoak berritzeko proposamen bat" izango omen da. Badalaben egoitzan... [+]


Eguneraketa berriak daude