"Gure lana boterea biluztea da"

  • Arrazoi zuen Omar Nabarrok. Dena da haragia.
Edorta Jimenez
Edorta JimenezDani Blanco

Zuk esana: “Beti sentitu dut pertsona desberdinak izateko beharra”.


Txiki-txikitatik. Ez naiz alferrik aita andaluz eta ama euskalduneko mundakarra. 11-12 urterekin lanbide heziketa ikastera Bilboko barnetegi batera bidali nindutenean lehenengoz jo ninduen arrotz izatearen sentsazioak. Soldaduskan euskaldunek Jimenez esaten zidaten, eta erdaldunek, Ormaetxea. Pertsona desberdinak izateko behar hori beti egon da nigan, eta literaturarako saltoa eman nuenean ere ezizen baten premia sentitu nuen, aurrez beste giro batzuetan ezaguna nintzelako gehienbat. Literaturaren barruko jolas hori oso aberasgarria da, baina gurean eta gure inguruko literaturetan merkatuak agintzen du eta argitaletxeak ez daude jolaserako. Omar Nabarrorekin, hala ere, egin dut neure bidea, eta azken liburuan, “hil da Omar Nabarro” idaztera iritsi naiz, nahigabe neure heriotza aurreikusteko premia sentitzen dudalako, seguru aski.

Ofizio desberdinek lagundu dizute pertsona desberdinak izaten?


Ni bakarra naiz, baina kontraesan askorekin. Halakoak dira kontraesanak, psikologo edo psikiatrak nortasun anitza diagnostikatuko lidakeela. Beti sentitu izan dut mundakarra izateko grina. Bertan bizi, anaiarekin itsasora joan… Bilbon bizi izan naizenean, beste premia batzuei erantzun diet, gauez bizi izan naiz, bohemio, gau-txori. Ezkonduta ere egon naiz, eta inoiz zorion hura hutsezten dut. Aldi berean, guztiz librea eta inorekiko loturarik gabea izan nahi nuke. Nortasun aniztasun horrek lotura handia dauka izan ditudan lanekin. Euskara irakasleoi, esaterako, euskaltegietan, filologo, pedagogo, lagun, antzezle, aholkulari eta inoiz baita maitale izateko ere eskatu digute. Irakaskuntza profesional bezain militante horrek asko dauka antzerkitik, asko mozorrotik. Are gehiago, bazen ikasle bat euskaltegira etortzeko Egin erosten zuena, eta etortzen ez zenean El Correo. AEK-n, ikasle guztiak ziren jatorrak, ezkertiarrak, aurrerakoiak, baina gero… Alde guztietako mozorro dantzen mundua zen hura. 1990-91n, Babel telebista saioa egin genuenean ere bufoiarena egitea erabaki nuen eta hara non gaur bufoien saioak dauden modan. Esan nahi dudana da nortasun edo izaera anitz horiek oso eraginkorrak izan direla niretzat, aspalditik baitakit pertsonok “ni” edo ego asko dauzkagula gugan. Gizarteak bat bakarra eta koherentea izateko eskatzen digu, baina “ni” bakarra izatearen zentzuan, izugarri kostatzen zait koherentea izatea.


Zer balorazio egiten duzu literaturatik eta literaturarako bizitzeko egindako apustuaz?


Orain, 56 urterekin, memento latza bizi dut, bizitzan lehenengoz etorkizun hurbilak kezkatzen bainau, eta berandu da ezer aldatzeko. Literaturatik eta literaturaren inguruko guztitik bizitzeko apustua egin nuen, eta horren barruan sartzen zen anaiarekin itsasoan ibiltzea Urdaibai erakusten. Azken hori pikutara joan zen baina oso urte zoriontsuak izan ziren. Idazteko erabiltzen nuen materiala hemendik sortzen zen, nire sorterritik, nire Euskal Herritik, eta munduratzeko urratsean beste era batera erabili nezakeen. Orain, beharbada, literatura eta beste lan batzuk uztartuz bizitzeko nire zikloa bukatu da, baina oso pozik nago. Apustua egin nuen eta urteetan egon naiz gerrilla eta utopia eder horretan. Horrek berez merezi du, eta gerora ere merezi izango duela uste dut.


Utopia eder hori ustelduta dagoela, kiratsa dariola, aldarrikatu berri duzu.


Munduko beste literaturak ere hala daude, gehienak interesen talkengatik, baina gureari buruz ñabardura batzuk zor ditut. Kontua da idazleok idazten dugula, baina hutsaren hurrengoak garela sistema deritzonaren barruan. Horri idazleen proiekzio desberdinak gehitu behar zaizkio, eta batez ere, nor den proiektatzailea. Zertarako da literatura bera? Literatura apaingarria eta politikoki zuzena izan behar bada, kritikariak, antologoak eta sari-emaileen gisako bitartekariak jartzen dira sistema interesen arabera bideratzeko. Azken 30 urteak errepasatzen baditugu, ohartuko gara euskal literaturaren proiekzioa ideologia jakin bateko esku gutxi batzuetan dagoela, eta ideologia horren arabera gertatzen direla bazterketa eta hautaketak. Zelan iritsi gara horra? Dramatikoa da euskararen etsai historiko batek, euskara folkloretzat nahi izan duen hedabideak, euskal literatura kudeatu nahi izatea bere kritika, artikulu eta iritzien bidez, euskal literatura literatura hispanikoen barruan sartzeko helburu bakarrarekin. Ni irakurleei mintzo natzaie, eta kritikoak izateko eskatzen diet, euren buruei beti argazkietan agertzen direnak nor diren galdetzeko, zer dakiten literaturaz, nork ordaintzen dituen, nork egin dezakeen karrera literario bat, euskal literatura ala literatura hispanikoetako beste bat ukan nahi duten... Euskaltzaindiak uste du Espainiako sari nazionalak nazionalak direla? Nazionaltzat badauzka zertara dator “euskal” hori? Zergatik parte hartzen du Espainiako sari nazionaletan? Hori guztia nik esan behar dut jendearekin haserretuko naizela jakinda?


“Handitzen zeranean ikusiko duzu isilik egoteak zenbat balio dun” kantatzen zuen Letek.


Niretzako gogorrena da, hainbeste urtean hori ikusi, eta zelan egon naizen isilik. Hedabide gehienak erdaldunak dira eta euskal idazleok erdaraz aipatzen gaituzte. Hori tragedia bat da. Euskal literatura eta euskal kultura erabat kolonizatuak daude, inperioaren hizkuntzan egiten baita noizean behin kolonizatuok egiten ditugun artelanei buruz berba. Beti izan dut errebeldia hori, boterearekiko mesfidantza hori, eta nekatu naiz itxaroteaz, nekatu naiz injustiziaz, nekatu naiz zerrenda beltzez. Katuak legetxe zazpi bizialdi banitu bat emango nuke doktore-tesiak egiten eta Euskal Herriko medio espainol eta espainol-zaleetan euskal literatura nola agertu den azaltzen. Lupaz aztertuko nuke X izen batzuk zergatik ez diren sekula agertzen, eta Z izena nahi bestetan ageri den, eta lepoa jarriko nuke ideologiarekin zerikusia daukala. Orain ihesbide bat dago, ostera. Inork ez du hizkuntzari buruz hitz egin nahi. Hain gaude kolonizatuta erdaldunek esaten dutenean heziketa sistema honekin gaztelania hil-zorian dagoela, barre egin eta “ez izan lotsabakoak!” erantzun beharrean euren terminoetan eztabaidatzen hasten garela. Baina nork sinesten du gaztelania galtzeko arriskuan dagoela? Zelan onartzen dugu diskurtso hori? Zelan abertzalea den egunkariak sailen izenburuak baizik ez izatea euskaraz? Kolonizatzailearen sisteman bizi gara, kolonizatzailearen terminoetan pentsatzen dugu, eta garatzen dugun apurra kolonizatzailearen eskemetan garatzen dugu.

Uste duzu errebeldia eta ideologia ordainarazi dizkizutela?


Argi eta garbi. Behin pertsona inportante batek esan zidan nagoen lekuen nagoen artean ez nuela salduko. Kontua da ni ez nagoela beraiek uste duten lekuan. Ez nago zehatz-mehatz ideia politiko baten barruan, eremu baten barruan agian bai. Nahiko nuke Euskal Herri bakarra izatea, eta batez ere, balizko aberri hori, utopia hori, ezkertiarra izatea. Ez dut sozial-demokraziarik nahi ostera, lehengo planteamendu marxista leninistetatik anarkia eta komunismo libertariora emanagoa bainago orain. Baina horrek ere ez dit balio. Historian heterodoxoak izan diren guztien uberan sentitzen naiz, eta ororen gainetik ateoa naiz. Ateoa naiz uste baitut erlijioa, kristautasuna kasu honetan, tragedia handia izan dela gizateriarentzat. Sortzezko bekatu eta erru bat dagoela sinestea humanitatearen kontrako krimena da, krimen psikologikoa, krimen animikoa. Ez dago eskubiderik kondairetan oinarriturik tortura psikologikoak eragin eta erruaren erna-muina gizakiongan hain sakon txertatzeko. Niretzat eliza oso kaltegarria da, baina harrigarria bezain ulergarria zait zelan egiten den mundu horren defentsa. Zergatik bihurtu da Arantzazu kulturgune? Arantzazuk parke tematikoa izan behar luke, Azurmendiren, Gandiagaren edo Salbatore Mitxelenaren esanak gogoratu, baserritarren unibertsitatearen funtzionamendua eta nondik norakoak azaldu, eta etorriko diren belaunaldiek euskal idazleetan hainbeste apaiz, moja eta fraide zergatik egon diren jakin dezaten. Artzaintzaren, arrantzaren edo sorginen interpretazio zentroak daude, baina ez euskal kulturaren XX. mendeko azken hamarkadetako belaunaldi esanguratsu pare batena.

Fokupean egon nahi duen idazleak liburuak idazteaz gain molde jakin bateko pertsonaia izateaz arduratu behar duela esaten ari zara?


Euskalduna hain dago kolonizatuta, non kanpora zabaldu diren idazleak Espainiako sari nazionala irabazi dutenak diren. Gainera, ez dute saldu saria irabazi aurretik, saria jaso ostean baizik. Horrek zer esan nahi duen? Lehen lerroan egotea Madrilek ematen duela. Ni azken urteetan pertsonaia izaten ari naiz, baina ez gehiago saltzeko. Munduarekin homologatu nahi badugu, telebistan zaborra behar dugu eta badaukagu, baina ez nahikoa. Gure aitona-amon eta lehengusu-lehengusinek La Noria eta halakoak ikusten dituzte eta hortxe dago gure engainua. Euskaraz bizi garenok, sabinismo eta aranismoaren garaian bizi gara oraindik. Kaka horretatik salbu daukagu euskara, baina ez euskaldunak kaka jatetik. Zer da kontua, gure purutasunak ez digula zaborra euskaraz irensten uzten ala bi garela bakar baten barruan? Pertsonaia bihurtzen ez bagara, eta ganorazko ezer mamitsurik esaten ez badugu, irakurleak ez du ezer espero, dena da déjà-vu, ez dago aldarririk, eta astelehenetako futbol partiden titularrak bezain prebisibleak izango gara. Pertsonaiak onartzeko prest ez bagaude, ez dezagun aldarrikatu ez telebista, ez irrati, ez ezer euskaraz. Gure hedabideak ekonomia bezalako gai serioez baizik ez dira mintzatuko, eta hor ere ekonomialariek ez dute iritzirik emango, Vatikanoko begiralearen antzeko zerbait izango dira.

Literatura erotikoa euskaraz idaztea homologazioaren parte da?


Aranismoaren aurka, beti amestu dudan antidotoa da. Esaterako, Stock13 gizarte zerbitzu bat da, asmo horrekin egin ez badut ere. Azal horrek begia mintzea dakar eta edozein hizkuntzak edo kulturak aurrera egingo badu begi minduak behar ditu. Zauriak behar ditugu begietan, ostean hobeto ikusteko, libreago izateko. Idazle zein irakurleok polizia bat dugu geure baitan, eta deseroso sentitu direnak, polizia horrekin egin behar dute borroka. Idazleek motibo asko izan ditzakete idazteko. Egon daitezke barre eragiteko, laztan egiteko, jendeari anestesia emateko, laguntzeko... Baina nik nire baitan boterearekiko kritiko izan nahi dut, eta botereari min eman diozula konprobatzeko, botereak mendekua hartu behar du, orduan jakingo duzu min hartu duela. Niretzat ez du merezi idazle izatea apaizek, mojek, militarrek edo poliziek madarikatuko duten eta erre nahi luketen liburua idazteko ez bada. Nik hori lortu dut, eta pozik nago, baina min handiago eman nahi nuke. Gutxirekin bizi naiz, gutxiagorekin biziko nintzateke, eta beste batzuen gisan gizarte laguntza jasoko banu, are gauza gogorragoak esan eta idatziko nituzke.

Urdaibain eraiki nahi duten Guggenheim berriarekin ez zaizu gairik faltako.


Inoiz baino argiago erakutsi du botereak Urdaibaiko biztanleok erreserbako indioak garela, hutsaren hurrena. Jose Luis Bilbaoren erabakia izan da. Kontsultatu du Guggenheim Fundazioarekin, adituekin bildu aurretik zabaldu du egin egingo zela, EAJko militanteei eta Bizkaiko merkatariei azaldu die asmoa, eta guri ez digu oraindik inork ezer esan. Hau diktadura da. Lur hauek ezagutzen dituen edozeinek daki hautatu duten kokapena sinbolikoki zer inportantea den, eta museoa eraikiz gero Sabino Aranaren historia guztia azpian hartuko dutela. Bai, Sabino Aranaren biografia guztia Sukarrietan kontatu ahal da, museoa eraiki nahi duten lekuan. Boterea biluztu egin da, hemen Urdaibain, espekulazio gose hutsagatik. Nire aberkide eta erkideen benetako izaera neoliberal eta diktatoriala ikusi dut. Haluzinatuta nago. Agian indioa naizelako da, aitaren aldetik mestizoa, eta erreserba honetan hutsaren hurrengoa. Ez dakigu nor den nor, baina hemen kasaka azulek eta kasaka gorriek agintzen dute. Gu indio puta eta zoritxarreko batzuk baino ez gara, eta bakero pelikuletan legez, indio horietako batzuk dabiltza kasaka gorri eta azulen zaldien gidari. Ez dakit orain arte agertu naizena baino biluziago agertu nahi dudan, baina geratzen dira esan eta idaztekoak. Norbera biluzteak besteak biluztera behartzen ditu, eta gure lana boterea biluztea da.
Off the Record - Burbuila kosmikoa
Haize fin eta hotza dabil Mundakan. Elkarrizketa non egingo genuen galdetu diogu Edortari. “Barruan ala kanpoan?” itaundu digu berak, eta guk ezer esan aurretik “zatozte nire burbuila kosmikora” bota. Pare bat potin zahar inguruan, itsasoa parean, kaioak bueltaka, eta gu haitzetan eseri gara. Burbuilan ez dabil haizerik.

Azkenak
Raimundo el Canasterori babesa adierazi diote 230 musikarik, eta musikaren bidez boterea kritikatzea zilegi dela aldarrikatu dute

Belako, Chill Mafia, Eñaut Elorrieta, Fermin Muguruza, Ibil Bedi, J Martina, ØDEI, Olaia Inziarte, Nøgen eta Tatxers daude sinatzaileen artean. 237 musikariren zerrenda argitaratu dute.


'Itzal(iko) bagina'
Hemen gezurra nagusi

Itzal(iko) bagina
Taldea: Lokatz Loreak.
Aktoreak: Araitz Katarain, Janire Arrizabalaga eta Izaro Bilbao.
Zuzendaria: Iraitz Lizarraga.
Noiz: otsailaren 2an.
Non: Usurbilgo Sutegi aretoan.

-------------------------------------------------------
 
Bertsoa bertsolaritza,... [+]

Behe Bidasoako eraso faxistak eta Devenir Europeo

Eraso faxistak, xenofoboak edo homofoboak gero eta ugariagoak dira Euskal Herrian ere, eta kezka barreiatu da han-hemenka. Behe Bidasoa da eraso horiek pairatzen dituen eremuetakoa, eta hor, zehazki, eraso edota ekintza gehienak Devenir Europeo (Europaren bilakaera) izeneko... [+]


Argitaratu gabeko 36ko gerrako bideoak eskura jarri ditu Los Angelesko Unibertsitateak

Donostiako eta Gipuzkoako beste udalerrietako irudiak ikus daitezke unibertsitatearen webgunean.


2025-02-07 | Aiaraldea
Amurrioko Udal Gobernuari entregatu dizkiete Aiaraldea Komunikabidearen dirulaguntza berrezartzearen aldeko 1.700 herritar eta eragileen atxikimenduak

Komunikabideko hainbat langile eta bazkide bertaratu ziren duela astebete Amurrioko Udaleko plenora, dirulaguntza bigarren urtez ezabatu dela salatzeko. Txerra Molinuevo alkateak ez zuen inolako erantzunik eman.


Erorien Monumentuko sinbologia faxista duten elementuak kentzeko eta interpretazio zentroa sortzeko lege proposamena aurkeztu dute

PSN, EH Bildu eta Geroa Bai talde parlamentarien sinadurarekin aurkeztu da gaur eta onartua izateko babesa izango du.


2025-02-07 | Gedar
Txantreako Eunate ikastetxeko irakasle erasotzaileak alde egitea lortu dute ikasleek

Iruñerriko IAk azaldu duenez, irakasle horrek ikasleak sexualizatu eta bortxaketak justifikatu zituen. Aurreko ostiralean eserialdi bat egin zuten eta sinadura bilketa bat izan dute martxan, irakaslea botatzeko.


2025-02-07 | Uriola.eus
Bi gizonek eraso homofobikoa salatu dute Bilbon

Lauzpabost pertsonak osatutako talde batek jo egin zituzten baita irain homofoboak egin ere.


2025-02-07 | Euskal Irratiak
Ximun Fuchs
“Euskal irainak baitezpadakoak zaizkigu, elbarritu emozionalak ez gaitezen izan”

Le Tampographe Sardon enpresak salgai ezarria du 24 laidoko zigilu-kutxa. Sarean eskuragarri da. Ximun Fuchs aktoreak du hautaketa lana egin, irainak "lan tresna" baitira beretzat.


Aktibismoan osasun mentala zaintzeko zenbait tresna

Aktibisten ezinegonak bildu, eta horiek kolektiboki lantzeko gida bat sortu dute zenbait aktibistek. Besteak beste, estresa, beldurra, frustrazioa eta nekea landu dituzte.


47 urteko gizon batek bere ama hil du Irunen

Atzo eguerdian labanaz eraso zion bere amari Irunen eta Donostiako Ospitalean hil da. Erasotzailea epailearen aurrean deklaratzeko esperoan dago.


Ipar Euskal Herriko lehen indarra izaten segitzen duela ohartarazi du ELBk, botoen %48 jasorik

Otsailaren 6 honetan zenbatu dituzte departamenduko laborantza ganberarako bozak. Biarnoa eta Ipar Euskal Herria biltzen dituen departamenduan lehen indarra izaten segitzen du agroindustriaren sustatzailea den FDSEAk baina indarra galdu du: %54tik %46ra pasa da.


2025eko urtarrila, mundu mailan inoiz erregistratu den urtarrilik beroena

Aurtengo urtarrila 1850. urteaz geroztik beroena izan dugu. Gainera, aurreko hilabeteen joera mantentzen du, azken hemeretzi hilabeteen artean, hemezortzigarrena da bero erregistroak apurtzen. 


Ehunka emakume hil eta bortxatu dituzte Kongoko Errepublika Demokratikoko espetxe batean

Nazio Batuen Erakundeak adierazi duenez, Goma hiria hartu ondoren hango espetxe batean zeuden ehunka emakume bizirik erre zituzten M23ko matxinoek, eta denak hil. Herrialdearen ipar ekialdean borrokan diharduten talde armatuek sexu indarkeria "arma gisa" erabili dutela... [+]


EITBko Euskara Batzordearen adierazpena

Idatzi honen bidez, EITBko Euskara Batzordeak eta azpian sinatzen duten EITBko organoek euren kezka eta gaitzespena agertu nahi dituzte azken hilabeteetan EITBko zuzendaritza-postuetarako abian ipini diren hautatze-prozesuak direla eta, gutxietsi egin baita euskararen... [+]


Eguneraketa berriak daude