Larrabetzuko sukaldean bertako produktuak

  • Aurtengo legegintzaldian jantokien gestioa birplanteatzea eskatu du Gurasoen Elkarteak (EHIGE). Legez eskolak derrigortuta daude cateringa erabiltzera. Horren aurrean, Larrabetzuko eskolak erabaki zuen autogestioari heltzea. Mezua argia da: eskolak aukeratu behar du cateringa edo bertako sukaldea nahi duen. Ez da eredu bat bestea baino garestiago.

Iñigo Azkona
Zarata mediatikoz beteriko garai nahasiotan, merkatu logiketatik urrun eta irakurleengandik gertu dagoen kazetaritza beharrezkoa dela uste baduzu, ARGIA bultzatzera animatu nahi zaitugu. Geroz eta gehiago gara, jarrai dezagun txikitik eragiten.

Larrabetzuko eskolara jo dugu bazkalorduan: 2 urteko haurrak ilaran sartu dira jantokira, aurrekoari mantalatik helduta kantari. Horiek lasai bazkaldu ostean etorri dira arrapaladan 3-12 urtekoak. Usain gozoa dator sukaldetik; Larrabetzukoa da bertako sukaldean bertako produktuak prestatzen dituen eskola jantoki bakarretakoa.

2000-3-22ko dekretuak araututakoaren arabera, jantokietan cateringak bakarrik sar daitezke: cateringek prestatutako janaria zerbitzatzen da, edo cateringak ekarritako produktuak prestatzen dira sukaldean. Ez eskolek ez gurasoek ez dute produktu eta prestaketaren berri. Nondik datoz? Zer eredutan ekoiztuak dira? Nola manipulatzen dira? Non daude sukaldeak? EHNEk 2007an egindako ikerketaren arabera, Lea-Artibaiko jantokietan zerbitzatutako jakien %90 kanpokoak dira.

Larrabetzun, ordea, eskola jarri zenetik (duela 26 urte inguru) elikatu dira ikasleak bertako sukaldetik. 2008ra arte eskola dezentek eutsi zion sukaldeari. Duela bi urte, ordea, Eusko Jaurlaritzaren “proposamen” hau heldu zen: gestio zuzenera pasa, edo sukaldariak (administrazioko langileak) kenduko zizkieten.

Azaldu beharra dago izenen ironia: “gestio zuzena” zeharkakoari deitzen zaio, alegia, kanpotik datorren cateringa erabiltzeari, eta aldiz, “zeharkako gestioa” zuzenean sukaldean prestatzeari (dena baita nondik begiratzen den. Administrazioa da subjektua, eta ez eskola).

Larrabetzuko Herriko sei lagunekin jarri gara mahai-bueltan, bertako esperientzia jasotzeko: eskolako zuzendaria da Paloma Undagoitia; gurasoa eta Jantoki Batzordekoa da Alizia Etxarte; gurasoa, Jantoki Batzordekoa eta nekazaria da Alberto Eskobal; nekazariak dira Eve Amez eta Aritz Maiora; eta jantokiko arduraduna da Amaia Etxehandia.

2008an sukaldariak kenduko zizkietela esan zietenean zer atakatan egon ziren kontatu du Alizia Etxarte gurasoak: “Urte eta erdi aritu ginen mobilizazioetan, beste eskola batzuekin, eta azkenean guk erabaki genuen jarraituko genuela zeharkako gestioan [bertako sukaldearekin], eta 2008tik aurrera autogestioan gaude. Administrazioko sukaldarien plazak amortizatu egin dira eta sukaldariak beste leku batzuetara joan dira. Guk sukaldari eta langileak zuzenean kontratatzen ditugu”.


Zuzeneko kontratazioak


186 haurrentzat hamaika langile kontratatzen ditu guraso elkarteak, zuzenean: Sukaldari bat egun osoz, sukaldari laguntzailea sei orduz, eta beste laguntzaile bat lau orduz; eta zortzi hezitzaile. Lantalde honi gehitzen zaio eskolako langilea den jantokiko arduraduna. Etxarteren hitzetan: “Asesoria baten bidez egiten ditugu kontratuak, nominak... Lehen enpresa baten bidez kontratatzen genuen, baina bitartekaritza lana asko kobratzen zuen, eta pentsatu genuen zuzenean kontratatzea, eta aurreztutako diru horrekin hornitu genuen sukaldea”. Langile guztien kontratuak dira aldizkako finkoak (ikasturterako kontratatzen dituzte), seguridade soziala eta gainerakoak dituzte...

 


Gurasoen kontzientzia da gakoa


Larrabetzuko gurasoek beti eman diote garrantzi handia umeek jaten dutenari, “baita jasangarritasunari eta elikadura subiranotasunari ere”, Etxartek nabarmendu duenez. Aritz Maiora nekazariak berretsi du: “Hemengo jantokiak beti erosi izan du herriko harategian, arrandegian eta denda txikietan. Eta baserritarren produktua ere bai, ahal zen neurrian”. Alberto Eskobalek argi du: “Zer da zure seme-alaben elikadura baino garrantzitsuagoa?”. Undagoitia zuzendariak jantokiari zerk eusten dion esan digu: “Hor guraso talde bat baldin badago gogor, aurrera ateratzen da. Baina indar handia jarrita, ekin eta ekin”. Izan ere, autogestioak bere prezioa du.

 

 


Autogestioaren prezioa


Cateringera ez pasatzea erabaki zutelako, administraziotik erabat kanpo dago Larrabetzuko eskola. Osasun kontrolak pasatzen dituzte, eta hortik aurrera ez dute zerikusirik administrazioarekin. Horrek esan nahi du, noski, ez dutela inolako laguntzarik jasotzen.

Catering bidezko jantokietan, gurasoek ordaintzen dute otorduaren zati bat eta Jaurlaritzak beste zatia. Jantoki hauetan, gurasoek otorduko 3,4 euro ordaintzen dute. Larrabetzuko jantokiko gurasoek, aldiz, 3,75 euro.

Kopuru eskandalagarria da benetan: kontratazio zuzeneko langileak (lan baldintza duinagoetan cateringekoak baino), bertako produktuak, bertako sukaldean prestatuak, Jaurlaritzaren laguntzarik jaso gabe... eta 0,35 euroko aldea bakarrik? Horrek esan nahi du, edo Eusko Jaurlaritzak otorduko 0,35 euro baino gutxiago jartzen dituela (zuzenean galdetu diogu beste hainbat galderekin batera, baina ez digute erantzun), edo catering sistema garestiagoa dela, nabarmen. Kalitateaz ez dugu hitz ere egingo.

Urtean zehar dirua ateratzeko hainbat ekimen egiten dituzte: bazkari berezia, jaia, elikadura ekologikoaren inguruko proiektu bat ere aurkeztua dute udalean... Jantokiari eustea eta proiektua hobetzea da helburua, langileen soldata igotzea, tartean.

 

 

 

Nekazariak jantokirako ekoizten


Aritz Maiora nekazariak kontatu du nola hasi diren baserritarrak antolatzen, jantokiaren beharrizanak urte osoan ase ahal izateko: “Adibidez, negu honetako arazoa izan da porrua bizkor amaitu zela. Eta orain uhazak falta dira”. Eve Amez nekazariaren hitzetan, “beste arazo bat da eskolak opor luzeak dituela, eta juxtu uda dela guk uzta gehien jasotzen dugun garaia”. Gai horiei denen artean irtenbidea bilatzea da helburua, Etxarte gurasoak azaldu duenez: “Sortu da herriko ekoizleekin batera lan egiteko modu bat. Begiratzeko zein produktu fresko erabiltzen diren jantokian eta zenbat, ea posible den bertakoek kopuru hori ekoiztea... Beti erabili dugu bertako produktua, baina orain antolakuntza hobetu dugu”.

Jantokian bertako zer produktu erabili aukeratzerakoan, prezioa da baldintza handietako bat, Maiora nekazariak azaldu duenez: “Badaude produktu batzuk, esaterako indaba, dezente erabiltzen dena jantokian, eta prezioan alde handia dago bertakoaren eta kanpokoaren artean: 3-4 euroan lortzen dute kanpokoa, eta baserritarrak 12an saltzen du. Pentsatzen ari gara zelan egin alde hori murrizteko, agian jantokiak garundu barik hartzea babarruna...”.

Nekazarientzat jantokirako ekoiztea garrantzitsua dela azaldu du Alberto Eskobalek: “Badakizulako irabazi finko bat emango dizula. Baldin badakizu urtero 400 kilo babarrun salduko dituzula, adibidez, horretara jartzen zara, ez duzu ez gehiago ez gutxiago egin behar”. Pausoz pauso hurrunago joan nahi dutela gaineratu du: “Produktu ekologikoak, menu finduagoak, oraindik erosten ez diren bertoko produktu batzuk erostea... Hori da filosofia”.

 

 

 

 

Jantokia eta eskola, dena da bat


Undagoitia zuzendariari barru-barrutik atera zaio: “Ez ditugu bereizten jantokiko momentuak eta gelakoak. Zentroarentzako, dena da bat. Beti daukagu jangelan gertatu denaren berri, bai diziplina arazoak, bai gaixotasunak... Horrela ulertu dugu beti. Autogestioarekin oraindik gehiago kontzientziatu gara, baina heziketaz beti izan da bat”.

Hau ez da txantxetako datua, jantokian geratzen diren umeek, denboraren %35,7 eta %43,7 artean ematen baitute jolasordu eta bazkalorduan. Aldi hauek pisu handia dute ikasleen sozializazioan, haurren arteko interakzio gehien orduan ematen baita, onerako zein txarrerako. Bizikidetza arazo gehien ematen den garaia da. Horregatik da garrantzitsua jantokia eskola proiektuaren zati gisa lantzea.

Bestalde, elikaduran hezteko ere baliatzen da jantokia, Undagoitiak azaldu duenez: “Eskolan gaia lantzen da, esaterako iaz umeak joan ziren Jose Antonioren soroa ikusten, eta dendatara goaz... Berton ere badugu negutegi bat. Bertan egindako tomate, azelga eta letxugak harro jaten dituzte”.

 

 

 

 

“Posible da hau beste eskoletara zabaltzea”


Alizia Etxarte konbentzituta dago jantokiari eutsiko diotela, eta hobetzen jarraituko dutela. Baina aldarrikatu du administrazioak bertako sukaldea duten jantokiak onartu egin behar dituela, eta eredu hau bultzatu behar duela: “Hau eraman daiteke jangela guztietara eta errebindikatu behar dugu janaria berton prestatzea. Eskola guztiek sukaldea izatea. Eta bertako produktuak erabiltzea. Bideragarria da, bideragarria. Enpresek eroaten daben dirutza itzela da, eta dirutza horregaz beste sistema hauek jarri daitezke”.

 

 

 


Ekonomia eredua jokoan


Larrabetzuko seirek argi dute euren jantokia azken katebegia dela, eta katearen muturra beste nonbait dagoela: milaka umeri jaten ematen dieten jantokiak bertako produktuz hornituko balira, eta berdin egingo balute zahar-etxeek, eri-etxeek... bestelakoa litzateke bertako ekoizle eta denda txikien egoera. Bertako sukaldeak edo cateringak bultzatzea erabaki politikoa da, garrantzi handikoa. Eta ez interes ekonomikoetatik libre dagoena, kontuan hartzen badugu EAEko eskola denetara hamar catering bakarrik iristen direla, eta Gipuzkoa osora, bakarra. Cateringa ere ez du eskolak aukeratzen, Jaurlaritzak asignatzen dio bakoitzari dagokiona. Eta araudiaren bidez, makroenpresak bultzatzen dira, ia monopoliora iritsiz.

 

Zerbaitegatik doaz denak jantokira
Haur bat ezik, beste denak geratzen dira jantokian; 2 urtetatik, eskolako lehen egunetik, gainera. Betidanik jan da ongi, eta nahiz eta guraso batzuk etxean egon eguerdian, haurra jantokian geratzen da. Hori da Eskobalen kasua: “Cateringa etorriko balitz, nik haurra etxera eramango nuke”. Bertako ikasleek gerora kalitatea exigitu egiten dutela adierazten du ondorengo anekdotak: 12 urtera arte ikasten dute Larrabetzun, eta ondoren Deriora joaten dira. Duela aste batzuk greba egin omen zuten: etxeko ogitartekoarekin joan ziren Derioko jantokira.
Ana Eizagirre, Euskal Herriko Ikastolen Gurasoen Elkartea (EHIGE)
"Onartzen ez duguna da eskolak derrigortzea cateringekin antolatzera"

1996an hartu zuen administrazioak jantokia beregain. Nola baloratu zenuten?


Gurasook garaipen gisa hartu genuen, horrekin bi gauza oso garrantzitsu lortu baikenituen: zerbitzua unibertsalizatzea eta 16 urtera arte jartzea. Horri eman genion lehentasuna, jakinda, hori ez zela nahi genuen guztia: Administrazioaren politika izan zen sukalde berririk ez egitea, zeudenak mantentzea, eta borroka handia egin zutenei bakarrik jarri zitzaien sukaldea. Eskatzen genuen aldi baterakoa izan zedila eredu hori, zeren ikusten genuen ezberdintasuna zegoela sukaldea eta sukaldaria zeukaten jantokien eta catering enpresetatik zetorren janariaren artean.
Badirudi eskatzen duguna zerbait berria dela, eta ez da egia: garai hartan onartu genuen eredu batean zabaltzea jantokiak, baina uko egin gabe baldintza onenak betetzen zituen ereduari. Zer gertatu da? Betikoa: Administrazioaren politika normalean zentralizatzea da. Pixkanaka neurriak zentralizatzen joan dira, eta azkenean, eskaintzen dena da eredu bakarra.

Araudia aldatzeko proposamena egin duzue. Zer planteatzen duzue gestioan?


Ikastetxe batek bere jantokia catering enpresarekin antolatu nahi badu, ados. Baina derrigortzea horrela antolatzera, hori da onartzen ez duguna. Batzuentzat erosoagoa da eredu hori, baina beste askok nahiago dute guraso elkartean lan pixka bat egin eta bertako produktuak erosi.
Bi urtez egon gara harremanetan EHNE, komertzio txiki eta udaletako ordezkariekin, aztertzeko ea noraino den aldatzea posible. %100 ezin da bertako produktuekin ase eskaria, gizartea ez dagoelako horretarako prestatua. Baina %20an posible izango zen berehala aldatzea. Kalitatea eta jasangarritasuna dira gure ardatzak. Kalitatea ez da bakarrik nutrizionala, baita ere freskoa izatea eta ez beti izoztua, garaikoa... Jasangarritasuna ere bai, inguruko produktuei irteera eman behar dietelako estamentu publikoek; non? bada eurek antolatutako jardueretan (jantokiak, Osakidetza...).

Zein dira hurrengo urratsak?


Dokumentu hau egiteko EAEko 40 ikastetxek baino gehiagok parte hartu dute, hauetako asko lehen kudeaketa autonomoa zeukatenak. Dokumentua formalki onartuko da EHIGEren asanblada guztietan eta Gobernuari bidaliko zaio. Legegintzaldi honetan gaia sakon lantzea nahi dugu. Espero duguna da Gobernuarekin batzar kronograma bat adostea.

[Ikus "EHIGEren proposamena"]
EHIGEren proposamena
Jantokietako zerbitzuak hobetzeko proposamena prest du EHIGEk, eta Gobernuarekin berau lantzea da asmoa. Hona planteatzen diren hainbat puntu:

- Jantokiari duen balio hezitzailea aitortzea. Ikastetxearen planean txertatzea, eta batez ere elkarbizitza planarekin lotura izatea.

- Ikastetxeek autonomia izatea: erabakitzeko bertako sukaldean prestatu nahi duten janaria edo cateringa erabili. Bigarren kasuan, catering etxea aukeratu ahal izatea. Eskatzen duten ikastetxeei sukaldea jartzea.

- Cateringek ere kalitatezko lehengaiak erabiltzea: garaian garaikoak eta bertakoak.

- Langileak: euren funtzioak definitu (ez dira begirale soilak), eta lanaldia 30 minutuz luzatu, irakasleekin eta gurasoekin harremana izateko. Formazio ikastaroak jasotzea larrialdiez, elikaduraz, elkarbizitzaz... Begiraleko haur ratioa errebisatzea.

- Catering eta begiraleen kontratazioa bereiztea. Begiraleak zuzenean kontratatuz, ikastetxearen heziketa ildoak jarrai ditzaten, eskolako programei jarraipena emanaz.

Kanal honetatik interesatuko zaizu: Eskola jantokiak
Eskola-jantokietan catering-enpresen zerbitzua blindatu du Jaurlaritzak

Catering-enpresarik gabe jardun nahi duten eskolentzat bestelako eredu bat arautzea adostu zuen Eusko Legebiltzarrak 2019an. Horren ordez, catering-enpresen bidezko zerbitzua ematera derrigortzen ditu ikastetxeak Eusko Jaurlaritzak berriki argitaratu duen aginduak. Bitartean,... [+]


Bultzatu den elikadura politikaren ondorioak:
Nekazariak kaleetan eta gurasoak haurrekin plazetan protestan

Nekazariak protestan ari dira, baina eredu agroindustrialak hartu du lidergoa. "Itun Berdea" ere, Europar Batasunaren hurrengo hamarkadako estrategia nagusia zena, pikutara bota dezakete, begirik kliskatu gabe. Bitartean, euskal eskoletan zorriak eta harrak... [+]


Ikastetxeetan jantoki-zerbitzua ematen zuen Serunion enpresari kontratua eten dio Jaurlaritzak

Ikasturtean zehar enpresaren jantoki-zerbitzuak hainbat ikastetxeetan sortutako “arazoengatik” eten dute kontratua.


Ikastetxeentzako bestelako jantoki eredu baten inguruko azterketa egingo du Hernaniko Udalak

Herriko ikastetxe eta ikasle guztientzako bestelako jantoki eredu bat bideragarria ote litzatekeen aztertzea izango du helburu lanketak. Hernaniko ikastetxe bakoitzeko gurasoen ordezkariarekin elkarlanean egingo dute.


Gasteizko Salburuako ikastetxeek sukalde propioa nahi dute, baina Jaurlaritzak ez die bide ematen

Arantzabela, Errekabarri eta Salburua ikastetxeek sukalde propioa nahi dute, auzoko eskoletako jangelak hornitzeko, baina hilabeteak joan hilabeteak etorri, administrazioaren erantzunik gabe jarraitzen dutela salatu dute: "Arduragabekeria eta utzikeria zantzuak sumatzen... [+]


2023-11-23 | ARGIA
Hernaniko ikastetxeetako jangeletan oihalezko ahozapiak erabiltzen hasi dira paperezkoen ordez

Hernaniko ikastetxe guztietako Haur Hezkuntza zikloan eta ikastetxe bateko Lehen Hezkuntza zikloan jangelan oihalezko ahozapiak erabiltzen hasi dira, paperezkoen ordez. Udalak izan du ekimena eta berak erosi ditu 213 ikaslerentzako kotoizko zapiak herriko oihal denda batean... [+]


“Zomorroak” aurkitu dituzte Murgiako institutuko jantokiko janarian ere

Aurretik beste eskola batzuetan gertatu bezala Serunion enpresa da zerbitzuaren arduraduna. Murgiako Bigarren Hezkuntzako Institutuak ohartarazi du asteartean lehen platera zerbitzatzeari utzi diotela jantokian, eta “aurrekoetan bezala” Hezkuntza Ordezkaritzari... [+]


Gurasoen protestak berriz ere, jangeletako janarien kalitate txarra salatzeko

Hernaniko Langile Ikastolako gurasoek jakinarazi dute iragan ostiralean haurretako batek har bat aurkitu duela zerbitzatutako janarian; eta Duranako Ikasbidea Ikastola zentro publikoan ere joan den asteazkenean bigarren platera erretiratu behar izan dute, ohi baino garratzagoa... [+]


Catering enpresarik gabe lan egin nahi duten eskola-jantokiak, lau urte Jaurlaritzaren zain

Eskola-jangeletako elikaduraren kalitatea kritikatu du guraso elkarte ugarik, eta gaiaz galdetu dio EH Bilduk Jokin Bildarratz Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza sailburuari. Catering enpresen inguruko intzidentziak helarazi zaizkienean, auditoretza-kontrolak egin dituztela erantzun... [+]


Ikastetxean bertan sukaldea eraikitzeko eskaera egin diote Hezkuntza Sailari EAEko hamazazpi eskola eta institutuk

Eskolako jangelan menu osasungarriak, kalitatezkoak eta jasangarriak eskaintzeko lehen urrats gisa, menu horiek ikastetxean bertan prestatu ahal izateko eskolan sukaldea eraikitzea eskatu diote EAEko hamazazpi eskola eta institutu publikok Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza Sailari.


Eskola-jangeletako elikaduraren kalitatea kritikatu dute guraso elkarteek

Eskola jantokietan haur eta gazteei eskaintzen zaien janariaren inguruan “ezin konta ahala dei, kontsulta eta kexa” jaso ostean, inkesta egin du Bizkaiko Ikasleen Guraso Elkarteak. 96 ikastetxetako guraso elkarteek erantzun dute eta jakien kalitate, kopuru eta... [+]


2022-10-03 | ARGIA
"Gozo" II. Nazioarteko Jardunaldiak
Eskola jantokietan bertako elikagai ekologikoak ematen dituzten esperientziak ezagutzeko aukera Bilbon

Urriaren 3tik 5era Eskola-Elikadura Osasungarri eta Iraunkorrari buruzko II. Nazioarteko Jardunaldiak egiten ari dira Bilbon, Bidezko Elikadura eta Euskal Herriko Ikasleen Gurasoen Elkarteak (EHIGE) antolatuta. "Gozo" dute izena jardunali hauek. Bertako eta nazioarteko... [+]


2022-06-15 | ARGIA
Euskal Herriko hamar jantoki kolektibotara hedatu da aurten Errigora

Nafarroa hegoaldean nekazaritza-ekoizpena eta euskara sustatzeko xedea duen Errigora ekimenean parte hartzen duten ekoizleen produktuak hamar jantoki kolektibotan baliatu dituzte ikasturte honetan. Hurrengo urteetan ere ildo horretan sakontzeko asmoa dute.


“Eskola jantokien pleguak enpresa handien neurrira eginda daude”

Euskal Herriko Ikasleen Gurasoen Elkarteak (EHIGE) artikulu honetan jakitera eman duenez, Eusko Jaurlaritzak EAEko ikastetxeetako jantokietarako argitaratu dituzten pleguak "caterin-enpresa handientzat pentsatutakoak dira". Alderdi pedagogikoan "ez dagoela... [+]


Eguneraketa berriak daude