"Beste literaturetako botere-borroken aldean gurea ez da ezer"

  • Otsailetik da Ander Iturriotz (Ordizia, 1961) Euskal Idazleen Elkarteko lehendakari. Lan berria, elkarrizketak barra-barra, agenda hitzorduz gorri. Hala ere, eragozpenik gabe onartu du hizketarako proposamena. Donostian da zita, EIEren egoitzan, Zemoria kale malkartsuan. Euskal literaturaren esparrua osatzeko unea dela uste du Iturriotzek, irakurleengana zuzentzeko tenorea.
Ander Iturriotz
"Inoiz ez dugu lortuko bertsogintzak daukan sarea, antolaketa eta arrakasta. Baina heren bat edo hamarren bat lortuko bagenu, nahikoa izango litzateke".Axier Lopez

Utzi konparazio gaizto bat egiten: EIEko lehendakari izatea ez al da futbol partiduko arbitroa izatearen pareko? Gauzak ondo eginez gero, inoren esker onik ez; kontuak okertzen direnean berriz, denak txistuka.


Baloiak kanpora botako ditut [barrez]. Elkartean arazoak badaude, elkarte guztietan bezala. Badaude, eta egongo dira, batez ere guk daukagun giza-materialari begiratuta: bakarka dabilen jendea da, bere helburuak dauzkana, bere liburuak, publikazioak, ospea... Horrek ematen dio beste konfliktibitate maila bat. Egituraketan ere aldaketa asko egon dira eta egongo dira; diru-iturriei begira ere bai... Hau elkarte bizia da, eta elkarte bizi guztietan gertatzen dira tirabirak. Hori asumitu behar da, arazoak ahalik eta gehien minimizatu eta saiatu konpontzen. Baina baloia kanpora bota behar dudala esaten nuen, EIEri buruz hedabideetan agertzen dena gehienetan arazoak direlako. Oraingoan, zehazki, bekadun bati lan ituna suspenditu zaio eta horrek izugarrizko oihartzuna izan du. Beste guztiak, ia ezer ez. Eta oso kuriosoa da, lehenbiziko galdera hortik etorri da. Bitxia da, munduari buruzko nolako ikuspegia daukaten kazetariek ere. Baina bueno, dauden problemak konpondu behar dira, ez naiz etorri pentsatuz ezer egongo ez denik, norberak ezagutzen duelako dagoeneko mundua, esperientzia dauka bestelako erakundeetan, eta guztietan daude arazoak.

Lana zeure gain hartzean esan zenuen aurreko zuzendaritzaren ildoan jarraituko zenuela, baina ñabardura batzuekin. Zeintzuk izango diren aurreratzerik bai?


Ildoez hitz egiten denean badirudi linea politikoez edo ideologikoez hitz egin behar dela. Ez da hori gure kasua. EIEk urte batzuk dauzka, eta badauka linea bat; lerro bati jarraitu dio, eta aroz aro eduki ditu helburu batzuk. Lehenengoa izan zen idazleak antolatzea. Elkartea orduan sortu zen: idazleen babesa, dinamikak, sinergiak, elkarrekin jarri beharra... Bigarren fase bat etorri zen gero, lineaz aldatu gabe: literaturaren sozializazioa. Orduan hasi ziren gogoeta batzuk, nola atera literatura idazleen mundutik, nola hurbildu irakurleengana, eskoletara... Eta nik uste dut orain hitz egiten hasi dela hirugarren urrats bati buruz, literaturaren esparru osoa osatzera datorrena: irakurleari begirako urratsa. Gustatuko litzaidake esparrua osatzea. Literaturarena esparru bat baita: ez dute idazleek bakarrik osatzen, ezta irakurleek bakarrik ere, ezta argitaletxeek soilik ere. Dena da bat. Horien artean sor daitezkeen dinamikak adosteko eta orekatzeko momentua da.

Zein dinamika?


Kulturalki daukagun ahuldade honetan, beti iruditu zait oso bitxia, eta ez da oraingo kontua, nola bat-batean antolatu diren klub batzuk: Basaurin, Larrabetzun, Iruñean... Jendea bere kabuz biltzen da hilabetean behin, liburu bat irakurtzeko konpromisoa hartu eta horri buruzko gogoeta bat egiteko. Euskal kulturgintza horrela sortu da beti; eta orain iritsi zaio irakurleari bere momentua. Horrek erakusten du euskal literaturgintza momentu interesgarrian dagoela. Beti egon dira kexuak argitaletxeen aldetik, gutxi irakurtzen ote den, gutxi saltzen ote den... Ez nago oso ados. Ze, gutxi irakurtzen bada, bitxia da nolako kalitatez irakurtzen den. Hau ez da edonon gertatzen: beste kultura batzuetan, asko jota fan-klubak sortzen dira, idazle konsagratu bat hartu eta sinadura eskatzera joaten dira. Hemen ez da hori: azpitik sortu da, jende bat interesatuta zegoelako kulturgintzan, eta literaturgintzan. Horrek gune batzuk sortu ditu eta EIE ezin da hortik arrotz bizi. Hor egon behar du, horrelakoak bultzatu.


Bertsozale Elkartearen paradigma aipatzen da horretaz hitz egitean... Horrelako zerbait daukazu buruan?


Izan daiteke, baina alde izugarriak daude. Bertsolaritzak egitura mailan daukan oinarria eta literaturak izan dezakeena oso desberdinak dira. Bertsogintza bezalako esperientziarik ez dago mundu osoan gaur egun. Badaude ahozko kultura asko, baina inon ez da lortu hemen Bertsozale Elkarteak lortu duena: mundu osoan periferikoa eta baztertua den zerbait masa fenomeno bihurtzea. Eta ez masa fenomenoek daukaten alderdi ezkorretik, erakarpen indarraren aldetik baizik. Hori pentsaezina da beste edozein lekutan, eta erakusten du euskal kulturgintza oso indartsu dagoela. Hori bai, hori emulatu nahi izatea literaturatik, ezinezkoa dela uste dut. Bertsogintza oso gauza bizia da, bat-batekoa, edozein lekutan antola daiteke saio bat, jendea engaiatzen da. Literaturak beste erritmo bat behar du, irakurketa patxadatsu bat, idazketa ere bai... Inoiz ez dugu lortuko bertsogintzak daukan sarea, antolaketa eta arrakasta. Baina heren bat edo hamarren bat lortuko bagenu, nahikoa izango litzateke.

Hitzaren Ubera egitasmoa aipatu zenuen horren harira. Gehiago zehazterik izango ote zenuke?


Oraintxe garatzen ari garen proiektua da; bazkide bi ari dira horretan lanean eta oraindik bidean dago, beraz, zehaztasun handirik ezin dizut eman oraindik, ez baitakit noraino joango den. Helburua zein den bai: klubak aipatu ditugu; eta blogariak ere hor daude, fenomeno moduan. Sarean literaturari buruz hitz egiten da, eta kritika ere sortu da akademiatik kanpo. Fenomeno oso interesgarria da, ze, duela urte gutxi euskal kritikarik ez zegoen; edo ezin zen egin. Eta orain, bat-batean, kritika akademikoak bere lerroa ireki du; eta horrekin batera egunkarietan, aldizkarietan, blogetan... kritika ez-akademikoa sortu da, baina nolabait formala dena, publikoa delako. Jendeak iritziak ematen ditu, batzuk oso gogorrak; hala ere, aintzat hartzekoak. Gustatuko zaigu estiloa ala ez, baina tabu bat haustea ekarri du. Aberasgarria da, nahiz eta batzuetan modu oso gogorrean atera. Ez gaitu harritu behar horrek: euskal literatura ez da zeru platoniko bat... eta orain arte hori izan da. Konparatzen badugu beste literaturetan, literatura normalizatuetan, Frantzian edo Espainian edo Alemanian dauden botere-borrokekin, gurea ez da ezer. Botere-borrokak, noski, Pierre Bordieuk aztertu dituen eran: hau da, literatura botere-esparrua da. Gurea ez da izan, baina orain izaten hasi da; eta hori normalizazio puntu bat ere bada. Internetek hori bultzatu badu, EIEk ere eduki behar ditu medio birtual batzuk, sare batzuk. Hitzaren Uberarekin hori indartu nahi da, bestelako ikuspegia eman, askoz interaktiboagoa.

Botere-borrokak aipatu dituzunez: euskal literaturako banderizoen artean EIEk bilgune funtzioa ere bete beharko luke?


Tira, banderizoen metaforak eramaten gaitu euskal literaturak ezagutzen ez duen egoera batera. Botere-borroka sortzen da boterea dagoen lekuetan, eta oraingoz, nik uste, euskal literaturak ez dauka entitate hori.

Neurri batean bai, ezta? Literatura bada Euskal Herria errepresentatzeko bide bat.


Bai, eta badaude, esaterako, sarien inguruan modu nahiko interesatuan sortu diren erreferente berri batzuk. Botere-esparru hori hor dago, eta horrek ere sortzen ditu tirabirak. Baina hortik beherago ere beti egon dira euskal literaturan idazleak eta estiloak. Antzeko estiloa dutenak elkartu izan dira, sintonia bat daukatelako. Logikoa da, normala eta EIEk horiek guztiak normaltasunaren barnean hartu behar ditu: denak dira bazkide, denak dira literatoak eta dena da produkzio literarioa. Inondik inora ezingo genuke hor eskurik sartu; aitzitik, hori normaltasunaren barruan hartu beharko genuke, desdramatizatuz. Agian gehiegi dramatizatzen dira gauza hauek, eta idazle jende batek izan dezake joera horretarako, gauzak oso modu pertsonalean hartzen dituztelako. Hori bai saihestu beharko litzatekeela, deskalifikazio pertsonal horretatik kritikara pasaz.

Alde problematikoez ari naiz galdezka, eta gauza atseginagoak ere atera nahi nituzke: arreta deitu dit “Idazleak ikastetxeetan” programak izan duen hazkundeak.


Urtero programa hori eskaintzen dugunean Eusko Jaurlaritzarekin adostasun batera iristen gara eta onartzen ditugu X ekitaldi. Iaz horiek betetzeaz gain, gehiago egin genituen, finantzabide gutxiagorekin. EIEk dauzkan diru-iturriak zabaldu, ustiatu eta aprobetxatu behar ditu ahalik eta gehien. Azkenean gure helburua hori da, kasu honetan literatura sozializatzea, eta horretarako erabiltzen ditugu dauzkagun diru-iturri guztiak.

Auto-finantzaketa ere aztertzen ari zarete.


Dena aztertzen ari gara [barrez]. Sinesten dugu lor dezakegun diruak oso aplikazio ona daukala. Ari gara publizitatea lortu nahian, administraziotik kanpo egon daitezkeen beste gune ekonomiko batzuetara jotzen, enpresetara... Gauza batzuk oraindik eztabaidatzen ari gara, baina horretan gaude: administrazioaren diru-iturriak jaitsi direnean –eta ez bakarrik guretzat, kultura guztia kaltetu da– pentsatzen dugu ezin diogula uko egin dauzkagun dinamika interesgarri horiei. Aldez edo moldez horiek babestu behar ditugu.

Bukatzeko, liburu elektronikoaz jardun nahi nuke: CEDRO bezalako erakundeak idazleen eskubide digitalak eskuratu nahian dabiltza. Ez al dago kontraesanean praktika hori, Interneten berezko dinamikarekin?


Eztabaida hori oraintxe iritsi da elkartera. Batetik eta bestetik antolatzen ari dira mintegiak. Euskal literaturan oraingoz liburu digital gutxi daude eta argitaletxeek ez dakite eutsiko dioten bide horri; ez dakite euskal kulturak eman dezakeen; edo gehigarri hori interesgarria ote den euskal kulturarentzat. Batzuek badirudi onartu dutela, baina beste batzuek... ez dago hain argi. Hori argitu arte eztabaida guztiak teorikoak izango dira. CEDROk eta Espainiako egile-eskubideen elkarteek dituzten jarrerak gaur egun oso inpopularrak dira. Bakoitzak bere iritzia izango du; elkarteak ez du oraindik honetaz eztabaidatu, baina horretan ari gara, azken batean galderak egiten ari zaizkigulako eta noizbait erantzun beharko dugu. Nik pertsonalki nire iritzia daukat, eta agian ados egon naiteke zuk egin didazun planteamenduarekin, baina badakigu gaur egun sareari kateak jartzeko beste asmo batzuk ere badaudela. Guk Internet hau ezagutu dugu, baina ez dakigu hemendik urte batzuetara zer izango den; eta badirudi merkatua nagusitzen bada Internet ere klub pribatu bilakatuko dela. Dena etortzeko dago. Guri berandu iritsiko zaigu. Eta agian, zorionez, iristen denerako gauzak atzerrian konponduta egongo dira. Ez dut uste premia biziko arazoa denik momentuz. Baditugu helburu garrantzitsuagoak.

Azkenak
2025-02-20 | Sustatu
Euskorpora elkartea eta Euskorpus aurkeztu dituzte

Euskorpora elkartearen aurkezpen ekitaldi jendetsua izan da asteazkenean Donostian, eta Euskorpus izeneko egitasmoaren berri eman dute bertan. Euskorpus euskarazko hizkuntza baliabide digitalen banku bat izango da, eta 5 milioi pasa inbertituko ditu Eusko Jaurlaritzak bertan.


2025-02-20 | Irutxuloko Hitza
Eñaut eta Joseba Alvarezen aldeko elkartasun dinamika abiatu du Piztu Donostiak

Urtarrila amaieran ezarri zieten 5.000 euroko isuna ordaintzen laguntzeko txartelak jarri dituzte Herria, Marruma eta Platero tabernetan.


Udaltzain eredu “hurbila” bultzatzeko, lan eskaintza bateratua egingo dute Zumaiak, Getariak eta Azpeitiak

"Konfiantza eta gertutasuna" oinarri izango duen Udaltzaingo eredua nahi dute Zumaia, Getaria eta Azpeitiko udalek. Horretarako, udalerri horiek ondo ezagutuko dituzten bost udaltzain kontratatuko dituzte elkarrekin eta hautagaiei B2 euskara maila ere eskatuko diete.


2025-02-20 | Gedar
Gasteiz eta Burgos artean AHTa eraikitzen hasteko lanak, aurrera

2.000 milioi euroko kostua izango dute AHT Madrilekin eta AVE trenarekin lotzeko aurreneko lanek. Asteburuan egin dute manifestazio bat Iruñean, AHTa eraikitzeko obretako esklabotza-baldintzak salatzeko.


2025-02-20 | Xuban Zubiria
Friedrich Merz kontserbadorea, Alemaniako hauteskundeak irabazteko faboritoa

Olaf Scholz lehen ministro sozialdemokratak berde eta liberalekin zuzendutako “semaforoaren” gobernu koalizioa hautsi zen urte amaieran. Igandean Alemaniako kantziler berria aukeratzeko hauteskunde orokorrak izango dira, eta, inkesten arabera, kontserbadoreen... [+]


Leonard Peltier: “Azkenean libre naiz, gaurkoa egun ederra da”

49 urte preso pasa ondoren, libre utzi dute Leonard Peltier AEBetako ekintzaile autoktonoa. Otsailaren 18 honetan heldu da bere senide eta lagunen artera 80 urte dituen preso-ohia.


Zinegile baten “Israelen aurkako diskurtsoa” ari dira ikertzen Alemanian

Berlinale zine jaialdian gertatu da joan den asteburuan. Jun Li zuzendariak, Queerpanorama lan berria aurkeztu zuenean, printzipio ideologikoengatik Alemaniara ez joatea erabaki zuen Erfan Shekarriz aktore irandarraren testu bat irakurri zuen oholtza gainean: "Ibaitik... [+]


Migratzaileak delinkuentziarekin lotu eta mugen kontrola areagotzearen alde egin du Pirinio Atlantikoetako prefetak

Espainiako Estatutik Frantziakora “legez kanpoko” gero eta migratzaile gehiago igarotzen direla argudiatuta, mugetako kontrolak indartzea begi onez ikusi du Pirinio Atlantikoetako prefetak. Migratzaileek delitu txikietan “eragin hautemangarria” dutela... [+]


Kanibalismoa bizirauteko

Poloniako Maszycka kobazuloan duela 18.000 urteko arrastoak topatu zituzten XIX. mendearen amaieran. Baina berriki giza hezurrak teknologia berriak erabiliz aztertu eta kanibalismo zantzu garbiak aurkitu dituzte. 

Ez da ikerlan bat ondorio horretara iristen den lehen... [+]


Aliatuen errekorrak

Porzheim (Alemania), 1945eko otsailaren 23a. Iluntzeko zortziak jotzear zirela, hegazkin aliatuak hiria bonbardatzen hasi ziren bonba su-eragileekin. Erasoak sarraski izugarria eragin zuen denbora gutxian. Baina Pforzheimen gertatutakoa itzalean geratu zen, egun batzuk lehenago,... [+]


Zer gertatu da DBH 2n? “Ezohiko bi jaitsiera handi” nabarmendu ditu ebaluazio diagnostikoak zientzia eta gaztelanian

Matematika, zientzia, euskara, gaztelania eta ingelesa konpetentzietan EAEko ikasleek duten maila neurtzen duen ebaluazio diagnostikoaren emaitza festan, 13-14 urteko ikasleek zientzia eta gaztelanian izan duten deskalabrua "zuhurtziaz" gogoetatzeko beharra adierazi... [+]


Eta hemen gaude berriro, erlijioa eskolan

Otsailaren 3an hasi da gure umeak eta gaztetxoak eskoletan aurre-matrikulatzeko garaia, eta urtero bezala gogoratu nahi genizueke zergatik ez zaigun ideia ona iruditzen erlijioan matrikulatzea. Iaz artikula bukatzen genuen esanez “askori idazki hau ezaguna egingo zaizue,... [+]


Donostiako emakume batek salatu du Ertzaintza bere aurka oldartu ostean ZIUan amaitu zuela, konorterik gabe

Emakumearen familiako kideek jarri dute salaketa Bilboko Kolonbiaren kontsulatuan. Otsailaren 1ean jasan zuen erasoa, Donostiako Manterola kaleko diskoteka baten atarian. Hainbat testigantzen arabera, konorterik gabe egon arren berari kolpeka jarraitu zuen ertzain batek.


La Furia. Mimoa eta indarra
“Cascante Euskal Herria bada, zergatik ez dira jotak euskal kultura?”

Ilezko prakak, gerritik oinetaraino, latexa besoetan eta soinean, eta adatsa laranja gori. Horrela aurkeztu du La Furiak bere bosgarren lan luzea: Ultra. Horrek guztiak ederki islatzen du rap abeslariaren apustua: dena eman, bere irizpideen arabera.


Eguneraketa berriak daude