Duela hamar urte sortu zenuten E-mujeres (lehenago E-leusis.net) webgunea. Zein beharri erantzun nahi zenioten?
1997-98an oso pertsona gutxik zuten Interneterako konexioa, baina ordurako sumatzen hasia nintzen sarearekin ez nintzela identifikatzen. Ikusten nuen emakumeak lurrean –bizitzan– egiten ari zirena sarera igo beharra zegoela, protagonista bihurtu behar zirela, ez zitezen tratatu zerbaiten subjektu bezala, objektu bezala baizik. Gure ahotsa entzunarazteko, hitzaren banaketa bermatzen zuen softwarea garatu genuen.
Zer da software hori?
Erreminta informatikoa da. Lehen beste balio bat zuen, gaur egun mundu guztiak baitu horrelako tresna bat. 1996an orrialde estatikoak zeuden, eta inork gutxik zekien zer zen eduki kudeatzaile bat. Gure esperientzia guk geuk igo nahi genuen sarera, webmaster baten menpe egon behar izan gabe. Editatzeko aukera ataria martxan jarri genuen bost lagunek eta gainerako pertsonek izatea nahi genuen. Hori lortzeko, 1998an gure harreman-printzipiotara egokitutako softwarea sortu genuen, eskuz programatuta.
Software feminista deitzea gehitxo al da?
Erreminta bat da; patronalaren ala feminista talde baten esku jar dezakezu. Ematen diozun erabilerak baldintzatuko du zer izaera hartuko duen. Horrez gain, formazio softwarea sortu dugu. Maiz galdetu didate ea software feminista den. Software zentzuduna dela erantzuten dut: euren behar eta desioetatik abiatuta irakasten diegu emakumeei. Zentzu horretan bada feminista.
Eta zeintzuk dira behar horiek?
IKTen espazio berriak, ezagutu edo egin nahi dituzten gauzen arabera ikastea. Adibide bat jarriko dizut, agian oso muturrekoa dena, baina egoera azaltzeko balio duena. Formazio ikastaroetan maiz erabiltzen dira emakumeen esparrutik at dauden adibideak: “Sar zaitezte Real Madrilen webgunean eta egin klik hemen”... Emakumeek euren hurbileko ingurunean sartu nahi dute: euren herrietan, etxeetan, saltokietan. Hori edukiari dagokionez.
Formazioa emateko moduak ere badu zerikusia. Kontua ez da informatikan adituak sortzea, komunikazioa sustatzea baizik. Informatika irakastea akats larria da. Etxean telefonoa kontratatu zenutenean, familiako inor ez zen telekomunikazio ingeniari egin. Telefono konpainiako langilea etorri, nola erabili azaldu eta ospa egingo zuen. Bada, informatika irakasten duten askok, erabiltzaileak sistema ingeniari bilakatzea nahi dute. HTML, IP, RAM… Ikastaro hauek ikuspegi tekniko hutsetik ematen dira, eta horrek ez du ia interesik oinarrizko erabiltzailearentzat. Telefono mugikorrak nola funtzionatzen duen jakin ez arren, ziur oinarrizko funtzioak azkar ikasi zenituela. “E-posta zertarako behar dut? Nola funtzionatzen du?”; galdera horiei erantzutea da inportanteena.
“Zertarako” hori, diferente ikusten dute gizonek eta emakumeek?
Bai. Orokortzea arriskutsua bada ere, emakumeok harreman oso estua izan ohi dugu praktikotasunarekin, eginkizun pilaketagatik. Emakume bati zerbait azaltzean, zera esango dizu: “Oso interesgarria da, baina zertarako balio du?”. “Zertarako” horri erantzunez gero, aliatu bat lortuko duzu. Bizitza praktikoan ekarpenik egiten ez badio, alboratu egingo du.
Gure egoera pertsonal edo laborala nolakoa den, halako interesak izango ditugu, eta ordenagailuek ez dute erabileraren arabera segmentaturiko eskaintza ematen; dibertsifikazio ezaren eredu ditugu. Nire ordenagailua eta telekomunikazio ingeniari batena berdinak dira. Programa desberdinak txertatuko ditugu, baina euskarri berdinekin: teklatua, pantaila, arratoia… Emakumeek, oro har, hasierako distantzia hori gainditzean, harreman ona dute makinarekin, eginkizun komunikatiboak eskaintzen dizkielako. Sozialki, taldearen komunikazioa guri egokitu izan zaigu. Ziurrenik zure amak deitzen die seme-alabei, koinatari, lagunei…
Gure tailer antiteknofobikoetan erakusten dugu makina ez dela arrotza, ez dela gure arerioa, izorratu arren ez dela ezer gertatzen, reset egin eta listo. Gizonek telebista edota bideoak beldurrik gabe erabiltzen dituzte, eta hala behar dute egin emakumeek. Etxetresna elektrikoak dira, mikrouhin-labea, garbigailua edo hozkailua bezala. Hain berea da ordenagailua, hozkailua beste.
Ez al dute ba sentitzen ordenagailua beraiena dela?
Adibide bat jarriko dizut. Emakumeei galdetzen diegunean etxean ordenagailurik badaukaten, baietz diote. Aldiz, “ordenagailurik baduzu?” galderari ezetz erantzuten diote.
Pertsonek (bereziki emakumeek) teknofobia izateko arrazoietako bat hizkuntza teknikoa da. IP-ari zergatik ez diote deitzen telefono helbidea? Zergatik ez digute esaten RAM memoria ordenagailuaren memoria dela, edo “link” eta “lotura” gauza bera direla? Guk 400 terminoko glosario desmitifikatzailea egin dugu: gaztelaniaz jaso ditugu, bakoitzari dagokion azalpen laburrarekin.
Gizonek, formazioz eta genero rolagatik, makinen aurrean desberdin jokatzen dute. Autoa geldituz gero, kapota irekiko dute. Informaziorik ez izan arren, jarrera daukate, guk beste gauza batzuetarako dugun moduan. Makinei diferente begiratzen diegu. Guri ez dizkigute erreminta kutxak eta kamioiak oparitzen. Ez da zerbait genetikoa.
Txikiak direnean, neska zein mutil koxkorrek IKTekiko jarrera bera dute, baina 11 urterekin edo, neska askok atzera egiten dute. Interneteko eta kontsoletako jokoak maskulinoak dira, gizontasun eredu oso txarrekoak gainera: biolentzia, prostituzioa, autoak, drogak eta dirua. Neskak ez dira eroso sentitzen. Salaketa asko egin direnez, bestelako jokoak atera dira, Wii kontsolarako esaterako, edo gustuko harreman-sarea osatzeko aukera ematen duten Sims-ak. Baina konpainia estatubatuar handiak ez dira konturatzen, edo ez dute konturatu nahi: beraientzat, neskentzako informatika egitea da kontsola arrosak ateratzea, edo norberaren maskota nola zaindu erakusten duten jokoak sortzea; horrek aspertu egiten ditu.
Eginkizun komunikatiboez hitz egin duzu lehen, harreman sareaz orain...
Emakumeak ongizatezko estatuaren eta familiaren arteko zubi dira. Azalduz gero Internetez posible dela administrazioarekin (hezkuntza, osasuna...) egin beharrekoak azkartzea, lerroan bi ordu itxaron beharrean, beste modu batera ikusiko dute.
Emakume zaharragoen kasuan argi ikusten da: komunikazioa da interes-gunea. Gure tailerretan, IKTetara memoria pertsonaletik abiatuta gerturatzen irakasten diegu. Etxean dituzten argazkiak ekartzeko eskatzen diegu, euren bizitzan oinarritutako argazki bildumak, bideoak eta bestelako multimedia edukiak sortzeko. Helburua da zulo digitala gainditzea.
Oraindik badago zulo hori?
Bai. Hiru zulo mota daude: sarbideari dagokiona, Interneteko oinarrizko erabilpenena eta erabilpen aurreratuena.
Aldea murrizten ari den arren, oraindik gizonezko gehiago sartzen dira Internetera emakumezkoak baino. Europa osoan gertatzen da hori.
Interneteko oinarrizko erabilpenen kasuan, gizonezkoak dira nagusi softwarea deskargatzen, salerosketak egiten edota egunkari zein aldizkariak irakurtzen; aldiz, osasunarekin, lanarekin eta formazioarekin lotutako zerbitzuak gehiago erabiltzen dituzte emakumezkoek.
Erabilpen aurreratuetan aldea are handiagoa da. Internet bidezko telefono deiak; txat eta foroetara mezuak; musika eta filmak deskargatzea; podcast zerbitzuak; bideo-jokoak deskargatzea edo sarean jokatzea... Gizonezkoak nagusi dira. Deskargak aisialdiarekin loturik daude, ez dira eguneroko arazoak konpontzen dituzten kontuak, eta aisialdiaren mundua gizonen esparruari dagokio. Hori bai, zinema gustuko duen eta denbora libre gehiago daukan emakumeak bideoa programatzen azkar ikasiko du. Interesen araberakoa da.
Kosta egiten al da ikustea zer irabaz daitekeen Interneten emakumearen presentzia indartuz?
Emakumearen ikusezintasuna sartzen da hor. Kosta egiten da gure obrak aurkitzea: liburuak, filmak... Ateratzen direnean liburu salduenen zerrendak, gehienak gizonezkoenak dira. Ikusezintasuna oso gogorra da, ikusten ez dena ez da existitzen. Zaila da gure obrak azaleratzea. Interneten ez dago horien aipurik, gune espezializatuetara jo behar da. Ikusgarri bihurtu behar gara, akzio positiboak bultzatuz.
Eta zuek optimistak al zarete?
Nire optimismo historikoarekin erantzungo dizut. Umea nintzenetik aldaketa izugarri handiak eman dira. Goizero esaten diot hori nire buruari. Gauza asko falta dira egiteko, baina… 1977an Bancaja-ra joan eta ezin izan nuen kontua zabaldu, aitaren baimena behar bainuen. Berdin pasaportea egiteko, edo gaueko hamabiak arte ateratzeko… Juridikoki eskubide berdintasuna dago orain. Urte gutxian garrantzi handiko aldaketak eman dira. Badaude aurrera jarraitzeko motiboak.
Txanponaren beste aurpegia ez da horren gozoa. Lehen desberdintasuna hain zen handia, ezen emakumeek ez zuten erresistentziarik jartzen. Orain garrasi egin dezake, ezetz esaten du. Erantzun gisa, gizon batzuek indarkeria erabiltzen dute. Gizon bera da, baina lehen ez zeukan biolentzia erabili beharrik, emakumea otzanagoa baitzen.
Informazio gehiago:
Zulo digitalaren inguruko azalpen eta datuak, Orange Fundazioak plazaratutako eEspaña 09 txostenean bilduak (PDF formatuan)