Pauen bizi zara. Zuberoako emigrazioaren historian zara zu ere.
Lehenago, ene amatxiren bi anaia baziren Ameriketan. Ondotik, aitaren beste bi anaia ere bai, San Frantzisko iparraldean, Chico ondoan. Artzain joanak. Ni Paue eta Muskildi artean bizi naiz –erdia han, erdia hemen–. Zuberotarrek Paue dugu gure lehen atea. Erran nahi baita, Euskal Herriko lehen emigrazioa honat etorri zela. Hemen, ostatu eta enpresetan, baziren zuberotar andana: Eskiula, Barkoxe, Atharratze, Montoritik etorriak… Kasik hango familia guzietarik bat edo bi hemen dira oraindik, lanean. Bada eskualdun elkarte bat ere, Lagunt eta Maita izena duena. Berrogei urte baditu. Pertsonaia enblematiko bat izana da hemen –oraindik bizi da, Etxebarne deitzen da–, Idauze-Mendikoa. Lan ona bazuen hemen, kooperatiba baten zuzendari, eta langile asko ekarrarazi du Zuberoatik. Gauza asko eginak ditu hemen: trinketa, pilotan aritzeko, frontoia ere Paue ondoan… Luzaz izan da eskualdunen arima hemen.
Zuberotarrak dira Paueko euskaldunak.
Baina ez bakarrik. Bizkaitarrak ere ezagutzen ditut, aizkoran, zur lanean etorriak. Aragotik ere etorri da hainbat jende.
Eta euskaldun horien artean nola heldu da Pauera Pier Paul Berzaitz?
Lehenik, egona naiz hemen eskolan. Maulen egin ditut lehen mailako ikasketak. Ordea, han bukatzen zen, eta xantza ukan dut hemen estudioen segitzeko. Orduko gazteak, eskolara joaten zirenak, hemen zeuden: edo Bordelen Zuzenbidearen ikasteko, edo Ekonomia, Soziologia eta Humanitate Zientziak, Pauen.
Pauen hasi zinen kantari?
Ez, ez! Euskal Herrian hala ere! Eskualdunak guti ginen unibertsitatean une hartan… Adibidez, hazpandar bat, txistua jotzen zuena. Nik gitarra jotzen nuen, eta egia da hemen ere ari nintzela abesten. Oroitzen naiz greba bortitz bat izan zela Lacq-eko gas fabrika handian. Hara joan nintzen, abesten, eta gero bertan jarraiki Guk-ekin Euskal Herrian zehar.
Izana zen ordurako Ez Dok Amairuren jaialdia Zuberoan? Badakit erran nahi berezia ukan zuela zure bizian…
Bai, Urdiñarben izana zen, 1969an uste dut. Hura izan zen nire abiatzea. Han ziren [Joxe Anjel] Irigarai, [Mikel] Laboa eta beste bi zuberotar; ez naiz oroitzen nor ziren ere. Zerbait piztu zen nire bihotzean. Garai hartan bagenuen hainbat frustrazio eskualdunek, eta ikustez egun batean bi gazte haiek, Laboa eta Irigarai, abesten –nehoiz entzun ez nuen eskuaran, bestalde, horrelako berotasun eta autentikotasunarekin–, errebelazio handi bat izan zen enetako. Egun ere ikusten ditut oraino biak kantatzen! Geroztik, hainbestetan pentsatu dut kantaldi haren inportantzia. Pentsatu nuen bazela hor altxor bat, gauza inportante bat, ez gure apaltzeko bide bat baina bai ‘argitzeko’. Geroztik, ahalik eta hobekienik, izar hura entseatu naiz defenditzerat, edozein tokitan.
Erran duzu eskualdunek bazutela zenbait frustrazio garai hartan.
Mauleko eskolan, adibidez, baziren Mauleko “burgesak”, alde batetik, eta gu bestetik, erran nahi baita, baserritarrak eta hiritarrak. Pixka bat pairatu dugu egoera. Pentsu nuen eskuaraz mintzatzea gauza naturala zela, baina garai hartan, Maulen hasteko, zokoratuak izanak gara eskualdunak ginelakoz… Esan dezaket gauzak aldatu direla gaur, Mauleko burgesia ikusi dugularik pastoralerat jiten edo euskara kurtsoak hartzen. Halere haur denborako pairamenak ez baitira aisa ahazten, oinarri horren gainean izan ditut geroztik sentimendu asko.
Nola zen giroa Pauen?
Libertate gehiago bazen eta halako ezberdintasun bat, eskuaraz kantatzen bainuen. Beti oroitzen naiz, lehen diskoa: Xabier Leteren
Lore gorrien balada. Pauera etorri zen, ez dakit nola, eta emozio handiarekin oroit dut hura. Maitasuna ematen nien Zuberoako kantuei, gitarra soil batekin.
Gitarra baino lehen, pianoa ikasi zenuen.
Bai, eskolan, pixka bat. Momentu hartan gitarra obligazioa zen gu bezalako hippyentzat. Komodoa ere bazen, ezarri autoan eta aurrera! Eta gitarra falta bazen ere, segitzen genuen. Harekin ibili naiz Larzakeko alderdietan eta Italian ere berdin.
Oraindaino atxiki duzu hippy airea.
Libertate hura agian! Orain norma gehiagoren artean bizi gara. Nahiz beti pentsatzen dugun leheneko garaia hobea zela, baratze galdua dugu hori... Ohiko perpausak ditugu horiek zuberotar kantari batzuekin. Beti ber historiak kontatzen ditugu, baina ber plazerarekin. Maitasunarengatik, funtsean esaten dugunak inportantzia guti du. Denok badugu guti edo aski leheneko denborako nostalgia hori. Xipri Arbelbidek idatzi duen bezala, Arestiren poema horretaz, baina egia esan ez ditu gauzak horrela ikusten. Pentsatzen dut atzokoa amaitua dela eta behar dugula biharkoa hobeki pentsatu. Xantza dugularik, osasun pixka bat eta gauzak egiteko okasioa eta nahikundea, atzokoa ez da ahantzi behar baina biharkoak du indarra hartzen.
Zertan duzu, egun, Ez Dok Amairuk Urdiñarben egin zuen kantaldi hartan izan zenuen errebelazioa?
Momentu hartan, eskuara etxeko gauza zen. Ez genuen besterik mintzatzen. Eskola publikoan hasi zen erdara, pazifikoki, hala ere. Gure errejenta ez zen eskualduna baina errespetatzen zuen gure mintzaira. Oraingo kontrarioa gertatzen zen: pauso edo errekreazionetan eskuaraz mintzatzen ginen gure artean, eta eskola barruan erdaraz. Orain, aldiz, ikastolan ere, alderantziz da. Barruan eskuaraz mintzatzeko obligazioa badute, beharrik, baina atera eta erdaraz! Momentu hartan, ene mundua herri auzoan “Urdiñarben” amaitzen zen. Frantziakoa eta gure mintzatzeko manerak diferenteak zirela pentsatzen nuen, baina haur baten begietan ez zen besterik. Eskuara etxeko gauza zen, kantatzen genuen mezan baina uste nuen eskuara gure mundu ttipi horretako afera baizik ez zela. Mauleko eskolan nintzelarik, eskualdun gauzarik ez zen gehiago batere.
Noizkoa duzu Yesterday zure bihotzean?
1967-68an egina izan da abesti hori. Uste dut
Yesterday izan zela, lehenetarik bat, non Beatlesek ezarri zuten poesia gehiago eta melodia ezinago ederra. Frogatu zuten musikaren unibertsaltasuna. Ez dakit xuxen zergatik hunkitu nauen gehiago kantore horrek. Beti pentsatu nuen horrelako kantore baten egitea zela bizi baten xedea.
Egina duzu, nolazpait. Horra Baratze bat…
Ez! Agian egunen batean eginen dut…
Bizian behin egiten da hori.
Egia, bai, bizian behin egiten dugu, eta batere jakin gabe!
Baratze bat pastoral abesti bat izan zen. Beste mundu bat enetzat, pastorala. Herri batean egiten delarik, pastoralak emozio handia ekartzen du. Ikustez, adibidez, zure auzoa, nola den egun oroz bere bizian, pentze edo alorrean lanean, eta ikustea zer egiten ahal duen tauladan!
Pastoral afera hori ere egiazko altxorra dugu Zuberoan.
Harizpe tragedian, entseatu nintzen pertsonaia militar baten historia egiten. Hura militarra, ni nahikoa antimilitarista, haren garaia interesatzen zitzaidan, nola den gizonaren suertea, nola sortu zen hura bezalako pertsona bat Baigorrin eta haren bizi estonagarria.
Kantu harekin identifikatzen dute zure izena…
Izena polita du,
Yesterday-k bezala. Etxeko baratzea, baratze galdua… Metafora anitz permititzen du baratze batek. Uharte batek ere bai, baina ez dugu horrelako askorik gure kulturan. Baratzeak baditugu gure herrietan. Ez dut nehoiz pentsatu kantore horren arrakastan. Nihaur ere maiz estonatua naiz. Kantaldi batean ez badut ematen, jendea ez da kontent! Baditut testigu anitz. Frankotan pertsona bat heldu zait esatera: “Ene alabaren ezteietan kantatu dute Baratze bat, eta emozio handia banuen”. Pozik naiz horrelako indarra hartu badu kantu xume horrek.
Zinez bestelakoa zen harako hura:
Lagun, etor gurekin,
denek elgarrekin,
badugu zer egin,
gu ez gira lotsatzen,
etsaia nun hazten,
han da gudukatzen,
gure odolez ta ontasunez,
gure izaitez dirade gosez,
elkartasunez, erakuts hortzak,
elgarri josiz buru-gorputzak!…
Guk taldeak famarazi zuen kantua. Non da Beñat Sarasolarekin hasi zenuen bidea? Herria, laboraria, askatasuna…
Hor bota ditugu gure frustrazioak, partez bederen. Hori militantearen bidea zen. Ez dakit hainbeste ilusio izan dudanez, baina bizitu ditugu momentu bereziak. Ene Euskal Herriko bista zen lehenik Maule, eta ez nuen pentsatzen Donibane Garazi bazela ere! Ez nuen sekula pentsatuko Euskal Herri bat bazela mugatik bestaldera. Baina bestaldean ere bada hori! Jende anitzek ez du Iparraldea ezagutzen. Pentsatzen nuen gehiago kutsatzen zela, baina jende guti etortzen da bestaldetik honat. Gaur ere jendeak aste guzietan ibiltzen dira leku anitzetan, baina hala ere…
Beñat Sarasolarekin egin bideaz zer diozu?
Apezgaia zen Beñat, baina Baionako gotzainarekin izan zituzten eztabaidak. Han ziren Manex Pagola, Gexan Alfaro eta beste batzuk. Hauek nahi zuten mezan kantika zenbait eskuaraz ezarri. Ez zen galde handia, gero denak hala izan dira. Bota zituzten seminariotik! Beñati xantza eman zioten, purgatorio baten egitera, enpresa batean bere ideien garbitzeko, ikus zezan zer zen mundua. Agian espero zuten joanen zela seminariotik, baina Beñatek beti gogoan bazuen bere bokazioa… Gero bertan Domintxinen elkar ezagutu dugu eta segitu elkarrekin, Guk taldean. Oso garai ona izan da niretzat. Ezagutu dut bestaldeko bizia. Orduan kantaldiak egiten genituen teknika gutxirekin, gitarra maiz desafinatua… baina jendea mukuru biltzen zen. Orain, badugu ezinagoko teknika, baina gelak batzuetan argi. Tendentzia hori da gaur.
Eta Pier Paul Berzaitzen jendea, entzulea?
Badut nire publiko ttikia eta fidela. Haatik, poesiari edo euskal kantagintzari jendea pixka bat gibeldu dela pentsatzen dut. Agian ez diogu ematen espero duena. Hegoaldean ere berdintsu dela esan nezake. Lehen bizitu dugu momentu ona, militantismoari esker, eta poesia horrek egin du bere lana. Orain, aldiz, ez dugu nahikoa arraberritzen, edo arraberritzen dena ez da jendeen gustuko. Zerbait pasatzen da. Uste dut telebistak ere ez duela anitz lagundu gure musika. Badugu Euskal Telebista, eskuaraz, baina gauza bat ederra zena, ez da beti izan gure laguntzaile ziurra.
Ekonomia ikasia, banketxean lan egina, irakasle izana… Pastoralaren bidean zerk jarri zintuen?
Gauza bitxia izan da enetzat. Muskildin kasik mende bat pasatu da pastorala sortu gabe. 1985ean, ene anaia auzapezak esan zidan: “Behar diagu pastoral bat egin. Baduk mende bat ez dela gure herrian egin. Baduk gazte andana ere!”. Gure herria oso ttipia da, 260 jende. Garai hartan asko ibiltzen ginen Guk-ekin eta ez nuen garbi ikusten pastoralaren afera hori, baina, beste alde batetik, ez nion anaiari ezetz esan nahi ere. Pentsatzen nuen agian esperientzia positiboa izaten ahal zela. Orain esaten ahal dut zein gauza sakona den pastorala herri batendako. Batzuek esaten dute: “Nola da posible, ordea, zuberotarrek urtero pastoral bat, batzuetan bi, egitea?”. Esplikazioa sinplea da: maitasuna sortzen da gauza horien inguruan. Ez dago beste proiekturik, ez egitasmorik, jendea hola biltzen ahal duena. Denetan bereizten gara eta bereizten gaituzte, haserretzen gara, edo bide edo lur edo nik dakit zer!, baina hor, pastoralean, denok bat gara. Zazpi hilabetean ilusioa sortzen da. Alde artistikotik indar handia zuela pastoralak sentitu dut, teatro osoa zela, bai boza, bai kantua, eta zein maitasunarekin egiten duen jendeak… Orain denek kontsumitzen dugu artea, esposizioak, kontzertuak, zinema… baina parte hartzen duzularik, beste indar bat hartzen du. Bere artearen sortzeko kapable den gizadiak uste dut etorkizun ona esperatzen ahal duela.