Diru-gosearen aroa fini dela erakuts diezaiekete bankuei bezeroek, horra Change Your Bank ekimenaren sortzaileak The Guardian egunkarian plazaratu duen artikuluaren izenburu deigarria. Deigarria bai, baina zinez mintzo ote da Ken Burnett artikuluaren egilea, ala marketin jolasa darabil?
Gaur mundu osoa dardarka daukan krisiaren lehen astindua gertatu zenetik, 2008ko abuztuan lehertutako finantza krisitik alegia, beste inon baino gehiago nabari bada bankuen buruzagiekiko haserrea hori herrialde anglosaxoietan da, funtsean AEBetan eta Britainia Handian. Horren adierazgarrietako bat da Change Your Bank.
“Mundu hau bidegabea dela denok dakigu. Beti izan da. Baina ez daukate horrekin zertan denoi burla eginik”. Burlaz eta mespretxuz tratatuak sentitu ziren Burnett eta bere emazte Marie, 35 urtez Royal Bank of Scotland-en (RBS) bezero izan direnak. Eskoziako erakunde gotorretakoaren eta munduko banku emankorretako baten bezero. Esan nahi baita, ustez munduko emankorrena... 2008an Londresko gobernua nazionalizatzera behartuta egon zen arte.
2001etik RBSk sekulako hedatze lanak eginak zituen munduan barrena, bera baino txikiagoko bankuak bata bestearen ondoren erosiz eta beste banku, aseguru eta finantza erakunde ugaritan kapital zati handiak bereganatuz. RBS gero eta urrezkoago hark Fred Goodwin zeraman lemazain. Good-win abizena euskaraz “irabazi ona” edo “garaipen ederra” eman genezake, izena eta izana dena bat.
Baina heldu zen zorigaiztoko 2008a, AEBetako zabor-hipoteken gainbehera estreina, merkatuetan likidotasuna agortzea ondoren, jarraian CDOak (Collateralized Debt Obligation) bezalako espekulaziozko tresna ulergaitzen gainbehera... eta erremediorik gabe hondoratzen hasi zen Royal Bank of Scotland.
Milaka akziodun eta bezero larrubixirik utzita suntsituko ez bazen, 2008ko urriaren 13an Londresko gobernuak bereganatu zuen RBS. Tratuaren barruan Fred Goodwin presidente megalomano eta harroaren dimisioa sartu zen. Aurretik, unerik gozoenean akzioko 18 libera esterlina balio zuen bankua akzioko libera baten 65,70 penike balio izateraino amildua zuen.
2002an Forbes aldizkari famatuak Fred Goodwin urteko enpresaburu izendatu zuen. 2003an eta 2006an Eskoziako gizonik boteretsuena izendatu zuen Scotland on Sunday egunkariak. 2003an Europako urteko bankaritzat saritu zuten. 2004an Elisabeth erreginak Sir egin zuen. 2008an London Bussiness School-eko ohorezko bazkide izendatu zuten. Horrelako gizon urrezkoari nola utzi bankutik joaten erretiro egoki bat gabe?
Laster hasi ziren zabaltzen Goodwinek bizirik zen arte urtean irabaziko zituen dirutzen xehetasunak. 703.000 libera (774.500 euro) urtean. Erretreta txukuna 2008ko urte beltzean 24.000 milioi libera esterlinako galerak egin zituen RBSko buruarentzako.
Ez dugu lotsarik, ez dugu beldurrik
Ken Burnettek dio ez duela onartuko estatuaren diruz –hau da, herritarren zergaz– erositako bankuak muturraren aurrean barre egitea. “Fred eta bere kideek banku bat hondoratu baldin badute, zergatik horrelako saria? Seguruenik orain bankuan daudenek beste hainbeste edo gehiago irabazten dutelakoz”.
Egia da Ken Burnett ez dela edozein bezero. Liburu mordoskaren egile da, gehienak marketin kontuez, baina baita naturarekiko bizipenez ere. Fama dauka Gobernuz Kanpoko Erakundeek eta kolore guztietako fundazioek erabiltzen duten fundraising edo donazio bilketan aditua delako. Argitaletxe txiki baten jabe ere bada emaztearekin.
“Jende arruntari zail egiten zaio horrelako eskandaluengatik protesta egitea. Guk zera egin dugu, RBS bankuko jendearekin –errespetatzen eta estimatzen ditugunekin, enplegatuekin– gai honetaz egin ditugun harreman guztiak idatzi eta plazaratu, ozen esateko aski dela. Bankuz aldatzera goazela”.
Change Your Bank blogean Burnettek kontatu du bankuari lehen protesta bidali ziotenean, RBSko bi gizon hubildu zitzaizkiela senar-emazteei etxeraino. Urduri omen ziruditen, aitortu zieten lotsa ematen ziela gertatu zenak, baina bankuan gauzak aldatzen ari zirela. Hori zertifikatzen zuen gutun bat ere erakutsi zieten, RBSko buruzagi exekutiboak, Stephen Hester-ek, sinatua.
Ez osorik konbentzituta baina bankuari azken aukera ematea erabaki zuten Burnett senar-emazteek. “Baina esan genien: OK, urte bete daukazue erakusteko. Aldatzen bazarete, aitortuko dut publikoan. Baina, hala ez bada, bankuz aldatuko gara, publikoan hori ere”. Horrela sortu zen Change Your Bank kanpaina.
Ideiak xinplea dirudi: berdintsu pentsatzen duten jendeak bildu eta denen artean bankuei jokabidez aldaraztea. Hasi besterik ez da egin, eta oraingoz emaitza handirik gabe. Burnettek aitortu du blogean: “Berrikitan egona naiz etxean azaldu zitzaidan exekutibo harekin, eta esan zidan beste kolega batzuekin hitz egin ondoren erabaki dutela Change Your Bank bezalako kanpaina batek min handirik ez diela egiten. Horra, bankuek nahi dutena egin dezaketela, menderakaitzak direla”.
Bankuetako buruzagiekiko haserrea mobilizatzen ahalegintzen da Burnett. Funtsean, finantzetako eliteek haragiztatzen dute herritarren artean gero eta zabalduago dagoen iritzia: azken hamarkadotan izugarri handitu da Mendebaldeko herrialde aberatsetan bertan minoria aberatsek irabazten dutenaren eta gehiengoaren irabazien arteko tartea.
“Mundua beti izan da bidegabea –idatzi du Ken Burnettek–. Gutxienez Reagan eta Thatcherren garaietatik paradigma izan da aberatsak aberatsagotzea eta pobreak pobreagotzea. Blair eta Brownen 12 urtez agindu ondoren, are bidegabekeria handiagoa da, ez txikiagoa. Eta hala segituko du herritarrok geldiarazten ez badugu”.
Blogean bankuari kexua azaltzeko eta presio egiteko informazio praktikoak eskaintzen dira. Adibidez, Barclays, HSBC, Halifax edo RBS bankuen bezero izanez gero erabil daitezkeen gutun ereduak. Helburu nagusietako bat burrunba sortzea denez, Twitter eta Facebook usatzen dituzte blogaz gain. Horrekin guztiarekin Change Your Bankek bankugintzaren atal zehatzak eztabaidatu nahi ditu: diru-etxeen gardentasuna, buruzagien bonus gehiegizkoak, eta abar. Besterik ez, baina hori guztia.
Hamarkada baterako heldu den ekonomi depresioak klase guztietako haserreak piztu ditu. Klase ertainetako jendeenak ere bai.
Argazki oina: Ezkerreko irudian, Deadline Scotland gunetik hartuta, Fred Goodwin bankuburua, Royal Bank of Scotlandeko nagusi zeneko prentsaurreko batean. Eskuinekoa Hartenziel blog holandarrean aurkitu dugu: Ingalaterrako hiriren bateko horma horretan Fred Goodwin ehizatzeko afixa eskegi dute: RBSko buruzagi ohia bilatzen dela dio, berak urtean 4,2 milioi libera irabaziz bankua 20.000 milioiko bankarrotara eraman zuelako. Lapurretaz, arpilatzeaz eta arduragabekeria kriminalaz akusatzen dute, milaka lanpostu galdu izanaren erantzukizuna egotziz. Gero eta handiagoa da soldata astronomikoak sakelaratzen dituzten ugazaben kontrako haserrea. Besterik da egonezin hori nolako mugimendutan mamituko den, ezkerrera bezala jo baitezake faxismo aldera.
Informazio gehiago:
- Change Your Bank guneaGoizez Nafarroako zubirik esanguratsuenak jendez beteko ditu Sorionekuak dinamikak. Arratsalderako mobilizazio herritarra deitu dute Iruñeko Kostarapea parketik Alde Zaharreko Takonera parkeraino.
EAEko udal legearen euskararen arloko zenbait artikuluren aurkako epaia eman zuen Justizia Auzitegi Nagusiak 2023an, eta orain Gorenak berretsi du. Eusko Jaurlaritzak ez du garaiz aurkeztu epaiaren aurka egin zezakeen helegitea.
Lekeitioko Udalak jakinarazi du bandako zuzendariak tratu txarrak eman izana jaso dutela, hainbat testigantzaren bidez. Udalak azaldu du, Eusko Jaurlaritzaren aholkuak jarraituta, hainbat pauso eman dituztela, besteak beste, zuzendariarekin hitz egin, eta testigantzak jaso... [+]
Zibilentzat antolatutako txangoak igande honetatik aurrera egin ahal izango dira, printzipioz astebetez, eta egunero bi ateraldi antolatu dira. Sarrerak berehala agortu dira.
Orain arte uste izan dugu Erdi Aroan eta inprenta zabaldu baino lehen liburuak kopiatzeaz arduratu zirenak gizonezkoak zirela, zehazki, monasterioetako monjeak.
Baina Bergengo (Norvegia) unibertsitateko ikerlari talde batek ondorioztatu du emakumeak ere kopista... [+]
Florentzia, 1886. Carlo Collodi Le avventure de Pinocchio eleberri ezagunaren egileak zera idatzi zuen pizzari buruz: “Labean txigortutako ogi orea, gainean eskura dagoen edozer gauzaz egindako saltsa duena”. Pizza hark “zikinkeria konplexu tankera” zuela... [+]
Ospitaletik irten eta berehala prentsaurrekoa eman du Iker Aranak, Errekaldeko gaztetxearen aurrean. Gaztetxearen desalojoan ertzainek "neurrigabeko indarkeria" erabili zutela salatu du, eta salaketa hurrengo egunetan aurkeztuko du.
Aposapo + Mäte + Daño Dolor
Noiz: apirilaren 5ean.
Non: Markina-Xemeingo Akerbeltz Gaztetxean.
---------------------------------------------------------
Erosketetarako orgatxoa barazkiz beteta egin dut gaztetxerako bidea, eta haiek mozten eman dugu iluntzea... [+]
Gipuzkoako Euskal Pilota Federazioak 100 urte betetzen ditu aurten. Ospatzeko antolatu dituen ekitaldien artean dago apirilaren 12an Zumarragan egingo den bertso saio berezia. Pilotari bat arituko da gai-jartzen, eta pilotarekin harremana duten Gipuzkoako lau bertsolari kantuan... [+]
Laura Macayaren liburua ekarri du euskarara Katakrakek. Amaia Astobizak itzuli du, feminismoaren baitako eztabaidak ireki eta beste begirada batzuetatik ekiteko helburuarekin.
Palestinaren aldeko manifestazioetan parte hartzen duten atzerriko ikasleak kanporatzea baimentzen duen dekretua izenpetu zuen urtarrilaren 30ean AEBetako presidente berriak. Orduz geroztik ikasleen bisen baliogabetzeak errepikatzen dabiltza.