Akordeak ahaztu(arazi)tako oroimenari

  • Azken hamarkadan ugariak izan dira Guda Zibila eta haren biktimak aitzakia hartuta argitaratu diren lan musikalak. Urteetan ahanzturan izan diren “galtzaileei” oraindik aitorpena zor bazaie ere, Barricadako Enrique Villarealek (‘El Drogas’) dioen bezala “omenaldia guk gure buruei egingo diegu, gertatutakoa ezagututakoan gure kriterioa osatzen dugunean”. Urte haietan gertatutakoa kontatzeko etorri dira sorkuntza hauek, eskolan eman ez dizkiguten historia klaseak entzuleari emateko.
Agur Intxorta maite
Joseba Tapiaren Agur Intxorta maite diskoko azalean argitaratu zen argazkia: gudariak lubakian, soinu txikia lagun.
Arma bat gehiago, horixe bihurtzen da musika gerretan. Etsaiaren balak buru gainetik dantzan igarotzen direnean, soldaduak dantzan jartzeko ez, motibatzeko arma boteretsua da. Hala izan da, eta gisa berean jarraitzen du gaur egun ere. Irakeko gerr(et)an Johnny ikusi dugu telebistaz heavy metala entzun bitartean ‘pepinoak’ jaurtitzen; eta ikusi, baita ere, 1936ko Guda Zibileko argazkietan, lubakiaren eta adiskideen fusilen babesean, trikitilariak euskal gudariak animatzen.

Trikitilari-gudarien argazkiok, izan ziren Joseba Tapia Agur Intxorta maite, 1936-37 gudako kantuak (Gaztelupeko Hotsak, 2001) diskoa egitera bultzatu zutenak. Garai hartako guda kantak biltzen eta ikertzen aritu ostean argitaratutako lana izan zen, ordura arte plazaratu eta egungo gizarteari transmititu gabeak. “Gezurra badirudi ere, azken gerratik ez da Eusko Gudariak kanta besterik iritsi”, zioen diskoa aurkezten jardun zuen garaian. Mugarria jarri zuen Tapiak, ostera Euskal Herriko panorama musikalean hainbat taldek hartu baitute gai bera diskoak eta abestiak sortzeko. Lehenagotik gerrari buruzko lanik egon bazegoen arren, azken urte hauetan nabarmena izan da gorakada. 1936ko gudak, eta guda osteko errepresio frankistak zeresana –eta zer kantatua– ematen baitu oraindik ere.

2000ko hamarkadan zehar Guda Zibileko “galtzaileen” inguruan lan ugari plazaratu dira. Horien artean aipa genitzake esaterako, Bide Ertzean-en Non dira (Gaztelupeko Hotsak, 2006), Barricadaren La tierra está sorda (Dro, 2009) edota Ahaztuak 1936-1977 elkarteak argitaratutako hiru bildumak: Oroitzapenerako kantak – Canciones para la memoria I, II, III (2007, 2008, 2009).

Abiapuntu ezberdinak

Loraldi moduko bat gertatzen ari dela esan daiteke, hortaz. Pixkanaka, eta gelditu gabe zabaltzen ari den lore-begia. “Ezjakintasun handia zegoen gaiaren inguruan, bereziki gure belaunaldikoen artean” azaldu du Imanol Ubeda Bide Ertzean taldeko kideak. Eta ezjakintasunari jakinmina gehitzen bazaio, sormena dator; eta kanta berriak.

Hala gertatu da behinik behin Bide Ertzeanen eta Barricadaren kasuan. Etxean garai hartako desagertuak dauzkate tolosarrek, eta haien nondik norakoak jakin nahiak bultzatu zituen Guda Zibilaren gaia aztertzen hastera. “Liburuetan piztu zitzaigun jakinmina, eta konturatu orduko barruan pilatzen zitzaizkigun galderentzat erantzun bila genbiltzan” dio Ubedak.

Barricada talde iruindarrak berriz, La tierra está sorda diskoaren liburuxkan onartzen du lan hori egiterakoan “gaiaz geneukan ezjakintasuna onartzetik” hasi zirela. Orain askoz gehiago dakite; diskoaren liburuxka esku artean hartzea besterik ez dago. Dokumentazio zabala bildu ostean, gerrari buruzko kezka sortzeko atximurra izan nahi du disko-liburuak Drogas-en hitzetan.

Bestelakoa da Fermin Balentzia abeslariaren kasua. Nafar hau 1970. hamarkada hasieratik ari da gai hauei buruz kantuan, protesta-kantaren garaitik gaur arte. “Frankismoak utzi dizkigun ondorengotza batzuk oraindik hor daude, erregearengandik hasita. Eta nik hori guztia ikusi, eta ezetz diot. Horregatik historia hasieratik k(o)antatu nahi dut”. Balentziak bere abestietan frankismoko biktimak aldarrikatzeaz gain, “euren ideiak errebindikatzen ditut, borrokatu zuten guztiarengatik abesten dut”. 30 urte daramatza Francoren biktimak gogora ekartzen, baina ez du diskorik grabatu. Herriz herri jardun du bere mezua zabaltzen.

Helmuga berbera

Musikari bakoitzak bere bidea egin du; denak iritsi dira, ordea, helmuga berera. Baina zergatik eman da orain loraldi hau? Gaiak interesa dauka, Fermin Balentziak eta Drogas-ek onartzen duten bezala, baina zergatik berebiziko interes hori garai hauetan eta ez lehenago?

2004. urtean Espainiako Gobernua Memoria Historikoaren Lege Egitasmoarekin hasi zen bueltaka, zeresan eta kritika ugari jaso duena. “Gure ustez, alderdi sozialista lege horrekin hasi zen popularrengandik banantzeko eta eurak desgastatzeko asmoarekin. Ez zuten marketin politikotik harago begiratu” dio Ahaztuak elkarteko bozeramaile Martxelo Alvarezek. Balentziaren hitzetan “sendatu gabe, zauria garbitu nahi izan zuten”. Era batera edo bestera, Guda Zibilaren eta “galtzaileen” inguruan mintzatzen hasi ziren hedabideak, eta gaia eztabaida publikoaren plazara irten da. “Urte haietan gertatu zenaren inguruko interesa bultzatzen duen ekimen oro ongietorria izango da beti” dio Drogas-ek. “Memoria Historikoaren Legea hankamotz geratzen baita, baina elkarte memorialisten ekitaldi eta erribindikazioak ugaritzea ekarri du, gutxienez”.

Balentziaren irudiko “orain arte gaiaz hitz egin ez bada, izan da ‘galtzaileak’ ixilik egon direlako”. Alvarezek dioenez “musikan gainontzeko esparruetan bezala, orain hasi da, batez ere, gai horri buruz mintzatzen”. Baina 1936ko gerraz badauzkagu Euskal Herrian argitaratu ziren liburu ugari. Adibidez, Navarra 1936, de la esperanza al terror (Altaffaylla, 1986) edota Espainiako Gerra Zibila Euskal Herrian (J. Chueca, L. Fernandez, Egunkaria, 1997).

Beraz, Memoria Historikoaren Lege hark gizartean zeresana sortu bazuen ere, horrek ez du esan nahi ezinbestekoa izan denik loraldi berri hau gertatzeko. Joseba Tapiaren diskoa hiru urte lehenago argitaratu zen, eta hona ekarri ditugun gainontzeko adibideek ere ez dute egitasmo hura oinarrian, inondik inora ere.

Arrazoiak arrazoi, egia dena da Guda Zibilaren inguruan kantutegi berria sortu dela. “Olatu honek korapilo asko askatu ditu” Ubedaren hitzetan. Gure herrian bizi izan dugun azken gerrako biktimak ez dira oraindik ahaztu, eta ez dira ahaztuko abeslari batzuen ekimenari esker. Fermin Balentziak dioen bezala, “nik Alto de Loiti kanta abesten jarraituko dut jendeak jakin dezan hura zer izan zen, eta zer izatera iritsi zitekeen”. Kantaren hitzak dioen bezala, “zuen historia jarraituko dugu”...
Kantak berreskuratzen, transmisioa sustatzeko
Ahaztuak elkartea lan eskerga egiten ari da 36ko biktimen memoria berreskuratzen. Kaltea konpontzeko, egia bilatzeko eta justizia lortzeko egiten dute lan. Garai hartako pertsonen testigantza biltzeaz gain, musika alorrean ere jardun azpimarragarria egin dute. Lan horren adierazgarri, argitaratu dituzten hiru kanta-bildumak, doinu zahar eta garaikideekin osatu dituzten diskoak.

“Musikaren baitan gauza asko berreskuratzeko zegoela iruditu zitzaigun, erresistentzia antifaxista eta Errepublika garaian sormen handia egon baitzen literatura, musika eta beste hainbat esparrutan. Berreskuratu beharreko zerbait izateaz gain, esperientzia haiek transmititzeko musika tresna egokia izan zitekeela ere iruditu zitzaigun” azaldu du Alvarezek.

Ildo horri jarraituz, musikak duen funtzio pedagogikoa nabarmendu du Ahaztuak elkarteko bozeramaileak. “Musika belaunaldi berrietara errazago iristen da, eta arrastoaren atzetik jar dezake bat baino gehiago”.

Plazaratutako hiru bildumetan era guztietako musikariek hartu dute parte. Espainiar estatuko sortzaileek –Gente del Pueblo andaluziarrek, Nuberu asturiarrek edo Aura Kuby kantabriarrak besteak beste–, eta noski, baita euskaldunek ere. Elkarteak kanta zaharrak berreskuratzen lan egin badu ere, sorkuntza berriek leku nabarmena daukate diskoetan, batzuetan bereziki diskorako eginak. Adibidez, Jon Maia Karidadeko Bentarekin bere aitonaren oroimenez kantuan entzun dezakegu, Amaia Zubiria Maria Riverorekin batera, Petti Imanol zenaren kanta bat interprtetatzen edota Mikel Urdangarin gaztelaniaz abesten. Hasiera batean Ahaztuak elkarteko kideek bilduma bakar bat argitaratzea pentsatua baldin bazeukaten ere, gerora bi gehiago etorri dira, eta Martxelok aurreratu digunez, laugarrena ere laster iritsiko da.

Bakarlariak, rocka, popa, rapa eta beste hainbat musika estilo elkartu dira lan hauetan, entzulego ahalik eta zabalenarengana iristea helburu. Kasu honetan garrantzitsua ez baita musika estiloa, kanten hitzetan esaten den guztia baizik.

Kanal honetatik interesatuko zaizu: Oroimen historikoa
2025-01-28 | Leire Ibar
La Cumbre Donostiako Udalaren esku uzteko eskatu dute elkarte memorialistek

Memoria Demokratikoaren Legea bete eta Lasa eta Zabala bahitu eta torturatu zituzten Donostiako La Cumbre eraikina memoria historikorako gune bihur dezaten exijitu dute Gipuzkoako Batzar Nagusietan. Jauregia 2023an Donostiako Udalari utzi behar zion estatuak, baina prozedura... [+]


2025-01-22 | Julene Flamarique
Gorriz margotu dute Iruñeko Erorien Monumentua, ‘Caídos eraitsi’ eta ‘Faxismoaren aurka lehen lerrora’ aldarripean

Astearte gauean egin dituzte pintaketak, bizilagunek azaldu dutenez. Fatxada nagusia, bertako ateak eta alboetako paretak margotu dituzte. Gazte Koordinadora Sozialistak urtarrilaren 25rako deitutako mobilizazioarekin bat egiten du aldarriak.


2025-01-20 | Julene Flamarique
Iruñeko Erorien Monumentua eraistea eskatu dute

Elkarte memorialisten ustetan, Rozalejoko Markesaren Jauregia, Nafarroako Memoriaren Institutua kokatuko litzatekeen tokia, "omenaldi, oroimen eta oroimenerako lokal bat" izan daiteke, eta Maravillas Lamberto izena eraman. Manifestariek adierazi dute ez dela nahikoa... [+]


Joxe Mari Esparza: “Txikitik handira borrokatu behar dugu, egunerokoan gertu ditugun gauzak aldatuz”

Tafallan, nekazal giroko etxe batean sortu zen 1951. urtean. “Neolitikoan bezala bizi ginen, animaliez eta soroez inguratuta”. Nerabe zelarik, 'Luzuriaga’ lantegian hasi zen lanean. Bertan, hogei urtez aritu zen. Lantegian ekintzaile sindikala izan zen;... [+]


Iruñeko Erorien Monumentuaren eraispena eskatzeko manifestazioa egingo dute larunbat honetan Iruñean

Talde memorialistek deitutako manifestazioa Erorien monumentuan hasiko da 18:00etan eta Gazteluko plazan bukatuko da. Amaierako ekitaldian El Drogas, Gran Ritxarson, Ilargigorri eta La Chula Potrak esku hartuko dute, besteak beste. Gaia orokorrean nola dagoen azaldu dugu... [+]


Jesus Carrera “diktadurak sortutako egoera bidegabeen biktimatzat” aitortu du Hondarribiko udalak

Jesus Carreraren erailketaren 80 urteurrenean udal adierazpena plazaratu dute Hondarribiko udalbatza osatzen duten alderdi politiko guztiek.


Koldo Amatria
“Eraistea da Erorien Monumentuaren esanahia aldatzeko modu bakarra”

Eraispenaren aldeko elkarteek manifestazioa antolatu dute larunbatean Iruñean. Irrintzi Plazan manifestazioaren deitzailea den Koldo Amatriarekin hitz egin dugu.

 


2024-12-27 | Julene Flamarique
Elkarte memorialistek manifestatzera deitu dute urtarrilaren 18an, Erorien Monumentua eraistea galdegiteko

Elkarte memorialistek kritikatu egin dute Iruñeko Udalak Erorien Monumentua eraisteari uko egiteko hartutako erabakia. Memoria Demokratikoaren Legea “oker interpretatzea” egotzi diote Joseba Asiron alkateari, eta mobilizazio batera deitu dute urtarrilaren... [+]


Urduñako espetxe frankistako biktima gehiago deshobiratzeko lanak abiatu dituzte berriro

Astelehenean abiatu zituzten lanak eta frankismo garaiko 20 biktima berriren gorpuak topatu dituzte honezkero. Asteburura arte luzatuko dute gorpuzkiak lurpetik ateratzeko hirugarren kanpaina.


2024-11-28 | Irutxuloko Hitza
Mikel Zabalzaren omenezko plaka jarriko du Donostiako udalak larunbatean, Intxaurrondoko kuartelaren aurrean

Donostiako Udalak Mikel Zabalza Garateren (1952-1985) omenezko plaka bat jarriko du larunbat honetan (hilak 30), Guardia Zibilaren Intxaurrondoko kuartelaren aurrean (Baratzategi kalea, 35). Guardia Zibilak gaurko egunez atxilotu zuen Zabalza, 1985ean, Altzako bere etxean... [+]


Iruñeko Erorien Monumentua
Maravillas Lambertoren izena ez erabiltzeko eskatu dute fusilatuen senideek

Nafarroako Fusilatuen Senitartekoen Elkarteak gogor kritikatu du Iruñeko Erorien Monumentuaren inguruan EH Bilduk, Geroa Baik eta PSNek egindako akordioa. "Pedagogia" egiteko toki hobeagoak daudela dio eta interpretazio zentroari Maravillas Lamberto izena... [+]


Iruñeko Erorien Monumentua Maravillas Lamberto interpretazio zentroa izatea adostu dute

Iruñeko Erorien monumentua faxismoaren salaketarako eta memoria demokratikorako Maravillas Lamberto interpretazio zentroa bilakatzea adostu dute EH Bildu, PSN eta Geroa Baik. Eraikinaren parte bat eraitsiko dute, eta adiera frankistako elementuak kendu edo estaliko... [+]


Eguneraketa berriak daude