Pertsonaia txikien antzezpen handiak

  • “Talentua duten 100 aktoretik, batek zortea izango du, eta hori da aurrera aterako dena”. Antzerti aktore eskolako irakasleak esan ziena gertutik ezagutu du 80ko hamarkadako harrobiak, baita ondoren etorritako antzezle ugarik ere. Paper protagonistak lortzea ez da erraza zineman, baina talentua duela argi uzten du askok plano bakoitzean.
Aktore sekundarioak
Goitik behera: Paco Sagarzazu (Aupa Etxebeste!), Mikel Garmendia (Kareletik), Kontxu Odriozola (Goenkale), Ramon Agirre eta Ramon Barea (Ander eta Yul), Carlos Zabala (Ehun metro), Elena Irureta eta Mariví Bilbao (Pecata minuta) eta Pilar Rodriguez (Yoyes)
“Zailagoa da bigarren mailako pertsonaia borobiltzea, protagonistarena egitea baino. Ez dakizu pelikula zertaz doan, sekuentzia horren berri baino ez dizute eman. Hara zoaz eta ez dakizu nondik zatozen, nora zoazen, ezer ez”, dio Jose Ramon Soroizek –Super Arizko EAEk izan duen lehendakari dibertigarrienak–. Une zehatz horretan bete-betean asmatu behar du bigarren mailako pertsonaiak, eta gainera protagonistaren lagungarri behar du. “Noski zailagoa dela. Protagonistak hogei egun daramatza errodatzen, baina zuk akats bat egiten duzu eta diote ‘gutxi eman diote eta gainera ez daki egiten’. Irakasleak azterketa zazpi aldiz egiten badizu azkenean gainditu egingo duzu, baina ez dakizu lezioa. Lezioa dakizunean, lehenengo azterketan irakaslea aho zabalik uzten duzu”, berretsi du Saturnino Garciak –Justino hirugarren adineko hiltzaileak–. Are gehiago, bigarren mailako pertsonaia on gutxi idazten dituztela uste du Klara Badiolak –Behiak filmeko baserritar sufrituak–, sekundarioak berezko izaera behar duelako, haragia eta odola, “eta horrelako gutxi daude”.

Hiru horiez gain beste 18 aktore elkarrizketatu ditu Carlos Roldán Larretak, Euskadiko Filmategiak sustaturiko Secundarios vascos de primera proiektuan. “Antzezpen munduan ahantziak izan ohi diren bigarren mailako pertsonaietan” jarri du begirada autoreak, euren esperientziak hiru liburutan bilduz. Pantaila handian minutu gehien betetzen dituztenak ez izan arren, benetako protagonistak eurak baitira maiz, istorioko pertsonaia nagusiari itzal egiteraino. Laugarren liburu baterako aukera badagoela ere gaineratu digu Roldánek, oraindik aktore on asko dagoelako elkarrizketagai.

Baina hitz egin dezagun jada elkarrizketatu dituenez, aktore horien eskarmentuak gogoeta frankorako eman baitu. Esaterako, euskarak gure zinemagintzaren historian izan duen bilakaeraz. Hastapenetan, “euskara batuan errodatu nahi zen, oraindik inork asimilatu ez genuenean, oso akademikoa iruditzen zitzaigun. Hasieran, bai Euskal Telebistan, bai zineman dena euskara batuan idazten zen eta idatzita zegoen bezala esan behar zen. Oso hotza egiten zitzaidan, jendeak ez duelako horrela hitz egiten. Plastikozko euskara zen”, gogoratu du Elena Iruretak –Bi eta bat telesaileko ninfomano friboloak–. Kontxu Odriozolak –Goenkaleko Maria Luisa ordezkaezinak– euskal telebistako lehenengo urteei egotzi die errua: “Akademiko batzuk jarri zituzten hor, erdiak ulertzen ez zuen laborategiko euskara egiten zutenak. Goenkalen adibidez, ez didate nire euskara erabiltzen utzi. Euskara batuan egin behar izan dut. Hala ere, noizbehinka nire herrian esaten den bezala hitz egitea erabaki dut; gidoilariek idatzi didate ‘Jainko potoloa’, baina Azpeitian esaten da ‘Jainko potolinoa’… Eta hori oso gustuko zuen jendeak! Bestela badirudi ez naizela Azpeitikoa”.

Egun, zeluloidean hizkuntzaren afera gainditzen ari dela uste dute aktoreek. Iñake Irastorzaren –Kutsidazu bidea, Ixabel filmeko amona suahiliaren– arabera, lasaitu egin behar gara denok euskararekin, eta istorioaren errealitate soziolinguistikora egokitzen saiatu; “lortzen ari dela uste dut”, dio. Zantzu baikorrak ikusten ditu Odriozolak ere: “Martin bezalako telesailak, Elena Irureta eta Jose Ramon Soroizekin, ikuslearentzat eskuragarriak dira, ulertu egiten delako eta euskalkiak arintasunez erabiltzen dituztelako”.

Betiko roletan

Paper mota jakinetan betikotzeaz ere ugari mintzatu zaizkio aktoreak Roldán Larretari. Mikel Garmendia –Bi eta bateko ertzaina moxkortia– pertsonaia komikoetan ikustea ohituta geunden, baina paper dramatikoetan gehiago emango zukeela pentsatzen zuen; arantzatxoa geratu zitzaion, gustura antzeztuko baitzukeen “neskatilen bortxatzaile sadikoarena, ahalik eta zitalena”. Badirudi pertsonaia gaiztoak aktoreen tentagarri direla, Mariví Bilbaok ere –telebistako bizilagun kontakatiluenak– Daniel Calparsororen A ciegasen egindako lana baitu gogokoen: “Alaba puta lana egitera bidali eta ondoren lortutako dirua xahutzen dion ama baino gauza ankerragorik ez dago eta nik horixe egin nahi nuen, gorrotagarriarena, oso zaila delako. Pantailan nire burua ikusi eta pentsatu nuen, ‘hain naiz gaiztoa, erail egin beharko ninduketela’. Azken finean, aktore moduan esperimentatu egin nahi duzu. Mundutik botatzeko moduko izakia izatea oso erakargarria da, inoiz ez duzulako hain gauza indartsua antzeztu”.

Garmendiaren kontrakoa gertatzen zaiola kontatu du Txema Blascok –muskerrak burmuina jan zion Obabako Tomasek–: “Dramak eta tragediak antzezteko deitu ohi didate niri. Eta pailazo aritu naizela jakitean, harritu egiten dira”. Profil bereko pertsonaiak egiteaz aspertuta dago Kandido Uranga –euskal zinemako ahots seduktore eta sakonena–, dauden ama eta amona guztiak antzeztea egokitu zaiolako kexu da Pilar Rodriguez –Lepokoa laburreko ama, semearen zain– eta pertsonaia arraro bat dagoenean, zeinek egin dezakeen ez dakitena, berari deitzen diotela dio irribarretsu Ramon Bareak –Airbageko Big Club tenienteak–.

Aktoreen bizipenek bete dituzte, dena den, hiru liburuetako orri gehien. 80ko hamarkadako Antzerti aktore eskola aipatu du askok, funtsezkoa garaiko antzezleek falta zitzaien urratsa eman zezaten, bokazioa gehienei txikitatik bazetorkien ere. Batzuei, pelikula batek eman zien behar zuten akuilua. Behiak lanaren ostean, adibidez, Txema Blascok zera esan zion Julio Medem zuzendariari: “Aktore izateko balio dudala esaten badidazu, bihar enpresan dudan lanpostua utzi eta aktore izango naiz”. Eta film zerrenda luzea osatu du ordutik. Hainbat eta hainbat, telebistari esker bihurtu dira ezagun. Dagoeneko euskaldun guztiek dakiguna azaldu du Jose Ramon Soroizek: Elena Irureta eta bera izatezko bikote direla pantailan eta testurik gabe ere moldatuko liratekeela edozein eszena errodatzen batera jarriz gero.

Anekdotak zientoka dituzte elkarrizketatuek: Aitor Merino –Kronengo istorioak filmeko eszena gogoangarrian botila kolpe bakarrean edatera behartzen duten gaztea– hautatu zuen ekoiztetxe atzerritar batek, ETAko kide baten paper bitxia antzezteko: Benito Valdés jarri zioten izena, Frantziako legioan erroldatzera zihoan eta toreroa eta ultrakatolikoa zen! A ciegaseko filmaketa kaotikoaren ostean, Calparsororekin ez zutela berriz errodatuko erabaki zuten Elena Iruretak eta Paco Sagarzazuk –Aupa Etxebeste! laneko aitona xelebreak–. Jose Ramon Soroizek gogoan du beragatik errodaje osoa gelditu behar izan zuela Jose Antonio Zorrilla zuzendariak, gaztelaniaz azentu arraroa omen zuela-eta. Eta arriskuz beteriko profesioa dela ere nabarmendu du batek baino gehiagok: Ramon Barea kristalaren kontra kolpatu zuten eszena batean, hain modu errealistan, beira buruarekin puskatu zuela, efektu berezirik gabe; berdinagatik, baina konketaren aurka, buruan koskor itzelarekin amaitu zuen Kandido Urangak; eta entseguetan, botetan ezkutatutako benetako bizar-xaflekin ostikadak jasotzeagatik, hankak odoletan bukatu zuen Carlos Zabalak –Ehun metroko akusatu urduriak–.

Pertsonaia mamitsuenak, iristeke

Roldán Larretak elkarrizketatuez azpimarratu du hurbileko jendea topatu duela, atsegina eta umila. “Ez dute inolako divo-izaerarik, eta eskertzekoa da hori”. Bere esanetan, lanean ez dute protagonista papera bilatzen, mamia duten pertsonaiak baizik. “Iruditu zait, aktore hauen ibilbidea aztertu ostean, talentua alferrik galtzen dela gure herrian. Kulturarekiko konpromiso handiagoa falta da, eta ez naiz soilik politikariez ari, ikusleek proiektu zinematografiko oso interesgarriak erraz mespretxatzen dituzte eta funtsik gabeko superprodukzioak ikustera joaten dira”, dio.

Aktoreek eurek, gehiago emateko gai direla erakusteko aukera emango dien pertsonaiarekin amesten dute. “Frustrazio pixka bat sentitzen dut. Urteak pasa eta diozu, ‘noiz egokituko zait?’, eta ez dut sekulako eskaintza espero… baina bai lan on bat egiteko aukera, aktore moduan hazten lagunduko didana, gozarazi, harro sentiarazi”, adierazi du Ane Gabarainek –Jaun ta jabeko Garbi maitagarri bezain despistatuak–. Ramon Agirreren –Go!azen fenomenoko apaiz zorrotzaren– hitzetan, “ez da rolik mespretxatu behar, txikia izan arren. Baina nire paper handia oraindik iristeke dagoela pentsatzea ondo dago”. Azken finean, Kontxu Odriozolak azaldu moduan, “pantaila handian zure lehen plano bat ikustea baino magia handiagorik ez dago. Barren-barrenean, hori da gu guztion desira”.

Kanal honetatik interesatuko zaizu: Zinema
2024-12-17 | ARGIA
Itsasertzaren kudeaketa Jaurlaritzaren esku geratuta, proiektuak “bizkortu ahal izango dira”

Eusko Jaurlaritzaren esku geratu dira beste bi eskumen: Itsasertzaren Antolaketa eta Kudeaketa, eta Zinematografia eta Ikus-entzunezko Jarduera. Astelehenean bildu da Transferentzien Batzorde Mistoa, Madrilen, eta han adostu dute bi eskumen horiek EAEra eskualdatzea.


Euskararen Egunean ‘Bizkarsoro’ filma “kontraprogramatzea” egotzi diote ETBri

ETB1ek Bizkarsoro filma estreinatu zuen Euskararen Egunean iluntzean. ETB2ri aldi berean gaztelaniazko azpidatziekin ematea proposatu bazioten ere, kate horretan Tasio eskaini zuten gaztelaniaz azkenean, eta horrek haserrea sortu du euskaldun askorengan sareetan.


2024-11-27 | Onintza Enbeita
Aran Calleja. Filmetako musika egilea
“Musikan, emakumeok lan handia egiten ari gara ikus gaitzaten”

Inguruan dituen emakume sortzaileek halakorik izateak harritu egiten du, baina berak urte askotan izan du iruzurtiaren sindromea. Irauteak erakutsi dio, ordea, gauza asko ondo ere egin dituela. 2021ean Espainiako Estatuko Goya saria irabazi zuen
Maite Arroitajauregirekin... [+]


Fermin Muguruza
“Aldatzeak eta mugitzeak pizten dit grina”

Irungo ospitale zaharrean jaio zen Fermin 1963an, Muguruza Ugartetarrenean. Azken hamarkadetan euskal musikan eragin nabarmena izan duen artista da. Ez alferrik, bera izan da Kortatu eta Negu Gorriak taldeetako abeslaria eta alma mater-a, Esan Ozenki zigilu independentearen... [+]


‘Bizkarsoro’ Donostiako zinemetara iritsiko da, Bageraren, udalaren eta SADEren elkarlanari esker

Bizkarsoro filma (Josu Martinez, 2023) Donostiako zinema aretoetan proiektatuko dute ostiral honetatik aurrera (hilak 22); SADEko Iñaki Elorzak azaldu duenez, bi aste inguruz proiektatuko dute printzipioz, eta, arrakasta baldin badu, denbora gehiagoz. Hala azaldu dute... [+]


Bazterkeria egoeran dauden pertsonen inklusioa lantzen duen zinema festibala abian da Bilbon

Bizitegi elkarteak 2016a geroztik antolatzen duen duen film eta antzerki jaialdia jada abian da Bilbon.


2024-10-23 | Julene Flamarique
Zinebik 44 herrialdetako 132 film proiektatuko ditu Bilbon astebetez

Azaroaren 8tik 15era egingo dute zine jaialdia. Euskal Herriko zinema lanak ere izango dira pantaila aurrean, besteak beste Tasio filmaren bertsio zaharberritua eta La Muerte de Mikel, filmaren estreinalditik 40 urtera.


2024-10-21 | Zuzeu
47. Euskal Zine Bilerak aurtengo Urrezko eta Zilarrezko antzarak eman ditu

Jone Arriolaren “Dena asmatuta dago” filma izan da Urrezko Antzararen irabazlea larunbat honetan ospatutako sari banaketa ekitaldian. Euskal Zinemaren Begiradak Itziar Ituño aktorearen ibilbidea omendu du.


2024-10-18 | Urumeako Kronika
‘Hariak’ zinemaldia erresistentzia istorioen lekuko, azaroaren 7tik 17ra Hernanin

Aurtengoa hirugarren edizioa izango da, eta memoriaren gaia hartuko da ardatz, Kulturarteko Plaza Feministan.


2024-10-14 | Leire Ibar
Lekeitioko Euskal Zine Bilerak 47. edizioa du aste honetan

47 urte beteko ditu zine jaialdiak, eta urriaren 16tik 21era, solasaldi eta tailerren bidez euskal zinemagintzaren alor ugari landuko dituzte. “Beti berria den zinema” lelopean, aurtengo jaialdiak zine berria eta istorio berriak kontatu nahi dituzten gazteei keinu... [+]


2024-10-11 | Uriola.eus
Ezkutuan dagoena pantailetara ekarriko du Bilboko “Film Sozialak” Zinema Ikusezinaren Nazioarteko Jaialdiak

Urriaren 10etik 17ra garrantzi eta gaurkotasun handiko gai sozialen inguruko hausnarketa era kontzientzia kritikoa sustatzen duten 81 film erakutsiko ditu Bilbon Zinema Ikusezinak. “KDC” (Kultura, Komunikazioa eta Garapena) Garapenerako Gobernuz Kanpoko Erakundeak... [+]


2024-10-11 | Sustatu
Nostalgia baino gehiago: Son Goku euskaraz hasi zenekoa

Joan den astean bete ziren 35 urte Son Gokuk euskaraz lehen aldiz egin zuenekoa. 1989ko urriaren 4an izan zen ETB1n Dragoi Bola ematen hasi zirela (1984an abiatu zen anime hau Japonian) eta hura gogoratzeko ekitaldia egingo da Donostian urriaren 20an, igandearekin, lehenbiziko... [+]


2024-10-09 | Ula Iruretagoiena
Lurraldea eta arkitektura
Euskal

Donostiako Zinemaldiak euskal zinemaren ospakizun ekitaldian euskal zinemak euskara gutxi duela esan zuen Edurne Azkaratek eszenatokiaren mikrotik, ozen. Esaldiak burrunba egiten du egiazkotasunagatik. Arkitekturaren eszenan antzerako lema errepika daiteke eta ziur naiz beste... [+]


Eguneraketa berriak daude