Erran diguzu, hasteko, goizeko bostak eta hamarretan jaikitzen zarela, gimnastikaren egiteko…
Jaiki nauzu, tualeta egiten dut, eta bostak eta hamarretan egiten dut gimnastika. Oren erdi bat, goiz guziez. Eta uste dut guziek behar luketela egin gimnastika, ez beharbada hain goizik, baina bai egun guziez. Uste dut beharrezko den oraiko mende honetan, zeren jendea ez duzu haboro higitzen, eta ikusten duzu zenbatek baduen erreumatismoa, hats nekea, buruko min eta holako hanitx. Erran nezake, laborariek ere behar lukete, besteek baino gehiago, eta erraten diet: “Badütüzüe züen traktoreak, otoak, eta ez düzüe besterik egiten! Eskülanik ez düzüe haboro egiten, eta hortakotz beharrezkoa düzüe güziek egin gimnastika zerbait!”. Hanitxetan, gazteak, bizkarreko min edo holako min bat dutela, higiarazten ditut, edo bestela emaiten diet paper bat gimnastika nola egin behar den xuxen esplikatzeko.
Bizi guzian egin duzu gimnastika…
Gazte nintzelarik esport hanitx egiten nuen, pilotaka –xarearekin– [horman eskegia du xarea], eta futbol, errugbia, ibilka edo kurritze. Denak egiten nituen. Gero, izan ninduzun erakasle Limoges-en, eta han, hiri erdietan ez zenuen ber manera. Orduan, pilota plaza eginarazi nizun. Pilotaka ibiltzen nizun han… 1952an, hasi ninduzun yoga egiten. Orduan ez zenuen modan, orai bezala. Gogo bat atzeman nizun eta hasi ninduzun. Limoges-eko herrian, bazter guztietarik tinkaturik ninduzun. Nik, maite nituen mendiak, bazterrak, kurritzea… eta ikusi nizun beharrezkoa zela gimnastikaren egitea. Hola ninduzun abiatu…
Santa Garazin ere egiten zenuen esporta?
Bai, bai, Santa Garazin bagenizun pilota plaza! Ene etxe kantoi-kantoian bagenizun. Gero, beste bi pilota plaza ere egin zituzten Santa Garazin, eta han ibiltzen nizun. Gaztetandik, haurretandik, beti-beti esport egin dut.
Haurrentandik, diozu. 1924an sortu zinen…
Bai, apirilaren 4ean… Hiru anaia bagintuzun etxean. Beste bi hilak dituzu…
Aita ez zenuen eskualduna. Ama, santagaraztarra.
Aita biarnesa nuen, Santa Garazira jinik, lanean, oihanzain. Gero, anaia ere ukan dut oihanzain… Familian oihanzain hanitx ukan ditut, osabak eta kusiak… Ama Santa Garaziko nuen eta, ezar dezagun, hark lagundu zidan hanitx zuberera hiztegiaren egiten. Hogeita hamar urte egin genizun lanean elkarrekin! Hartu genizun Piarres Lhanderen hiztegia eta oporretan jiten nintzelarik, hitz guziak iragaiten genituen. Eta erraten zidan: “Badakizü, Junes, holako hitza? Ez düzü hori hor!”. Izugarriko hiztegia egin genuen…
Euskara-Frantsesa eta Frantsesa-Euskara hiztegiak.
Euskaraz ari gintuzun beti, amarekin. Hitz bakoitza, hark erran nik frantsesera itzultzen nizun. Gero egin dut euskaratik frantsesera, euskara xiberotarra. Hegoaldetik badira egunkariak, testuak, eta horien ulertzeko behar duzu hiztegia. Hartu dut oinarri bat bezala, egarzola bezala, batua, eta xiberotarra. Ber hitza bazelarik, uzten nuen xiberotarra, eta batuko hitz gehienak, erabiliak zirenak agerkarietan, utzi nituen hor. Geroalat buruz idatzi dut hiztegi lan hori. Gero behar litzateke berrikusi.
Santa Garazin, euskaraz hazi zinen…
Ttipitan euskara ematen genizun, ez zen beste mintzajerik. Guziek emaiten genizun euskara. Frantsesa ere emaiten nizun, eta biarnesa ere bai, hein batean. Eskolara joaten gintuzun sei urtetan. Etxe saihetsean nuen eskola. Oraindik ikusten dut nola joaten gintuzun, kaier bat harturik… Paper batean egiten genuen lana eta joaten ninduzun errejentarengana. Hark ontsa zela erranik, nik, ene buruari: “Ez dük hori ontsa!”, nik banekizun hori… Errejentak onartzen zizun mintza egitea euskaraz Santa Garazin. Bestetan ez zenuen hola, baina Santa Garazin bai. Han bereko emazteki batekin ezkondua zenuen, eta onartzen zuen.
Eskolatik landa, zer zen zuen denbora?
Nik ez nizun lan handirik egiten etxean. Auzoetan laguntzea bai, hori egiten nizun… Gauza bat oroi naiz. Hamar urte banizkizun, erabakia hartu nizun apezgora joatea, betharrandar. Han bazen –ontsa ezagutua baituzu–, Albert Constantine medikua, Atharratzeko mera izanik, auzapeza –eta Kontseilu Orokorrean ere bazen gizon hura–, Santa Garaziko gure etxea usu jiten zitzaizun. Laket zuen gure etxean. Eta egun batez, aitak eta amak erran ziotelarik joaten nintzela Betharramera, hasi zen espantuka: “Oi! Galdürik da güre kültürarendako!”. Nik, hamar urtetan, ene buruari: “A bai? Igurik amiñi bat!”. Eta deliberatu nizun ordutik zerbait eginen nuela euskarari buruz. Hamar urtetan.
Apezgoaren bidean zer jarri zintuen jakin nahi nuke.
Luze duzu kontatzea, baina labur nahi baduzu… Elizara joaten gintuzun, igande guzietan, eta hura ikusi eta hunki izan ninduzun. Eta deliberatu. Bestalde, banizun askazi bat, betharrandar baitzen, fraide. Eta hura ikusten, eta hola... Betharramen egin nituen lehen ikasgaiak eta hogeita bat urtetan joan ninduzun Palestinarat. Betleemen errezibitu nituen beste eskolak... Betleemen gauzak ontsa zenituen hatsarrean, baina gero jin zen juduen eta arabiarren artean gerla… Han ninduzun Israeleko herria egin zelarik, 1948an, maiatzaren 17an. Nire artean beti pentsatu dut ez zela arranjamenik izaten ahal. Eta badituzu hirurogei urte iraganik! Ez dut ikusten nola antolatuko diren! Hobe, antolatuko balira, baina ez dut ikusten nola!
1948an apeztu zinelarik, Zuberoan gaindi alemanak ibiliak ziren. Ezagutu zenuen garai hori, Santa Garazi jende pasabidea izan zen denbora?
Bai, bizi ukan dut, eta atxiki gogoan. 1944an behar nizun joan Alemanialat, otsailaren 24ean, STOren egiteko.
Service du Travail Obligatoire (Derrigorrezko Lan Zerbitzua) Gazteak behar zuen joan, eta nik ere bai. Gers-en nintzen, Frantziako departamenduan, eta deliberatu nizun ez nintzela Alemanialat joanen. Orduan, zer egin nuen, Santa Garazirat joan ninduzun. Banituen paper faltsuak. Deitzen ninduzun Juan Garzia! Bagenituen lagunak Hondarribian, eta prest nintzen Nafarroatik Hondarribiari buruz joateko. Santa Garazirat jin nintzen gau berean, elurra!. Otsaila zenuen, elurra, eta ezin iragan… Arrajin ninduzun, gibel, eta gorderik egon nintzen gerla finitu artean, bederatzi hilabete edo, betharrandarrek zuten laborantxa etxe batean.
Anaia ere ibili zitzaizuen jendea pasatzen alde batetik eta bestera, Espainiako gerratik ihesi batean, alemanen ihesi bestean…
Bai. Hanitx pasatu zuen. Hila duzu ene anaia hura…
Arestian erran duzunez, Junes Casenave, Juan Garzia izan zen.
Bai, normal duzu. Lehenik, Junes deitzen nauzu, “Juan”, eta “Garzia”, Santa “Grazitik” hartu nizun.
Betleemen apezturik bihurtu zinen Euskal Herrira, Betharramera. Hogeita lau urtetan…
Eta ikasgaiak egin nizkizun. Erakasle izan nintzen Betharramen, lau urtez. Gero, hamabi urtez Limoges-en, eta Donapaleun hamazazpi, kolegioko buruzagi. Ondotik, hona jin ninduzun, Xiberora, 1981ean. Lehenik, Larrainera; bi urte egin nizkizun han. Nihaurek galdatu nizun, ikusten bainuen kolegioko lana emeki-emeki enetako neke zela baina banuela beste ezertarako ahala eta hor duzu. Larrainen sartu nintzelarik ez nekizun zer egin behar zen ez bataio batendako, ehortzeentzako, ezkontentzako… ordu arte izan bainintzen beti erakasle. Ikasi behar ukan nizun. Oraino ez dakit hanitx! Larrainen egon nintzen bi urtez eta gero hona jin nintzaizun, Altzaira, hebengo apeza gazterik hil baitzen, bihotzetik, eta galdegin zidaten hona jaistea. Eta jaitsi ninduzun Larrainetik hona. Eta badituzu hogeita zazpi urte heben berean naizela.
Zure euskara ez zen gibeleratu Limoges-en, Frantzia erdietan?
Ibili ditudan leku guzietan erabili dizut euskara. Beti erabili dut. Bethleemen banituen lagunak, euskaldunak: betharramdarrak, frantziskotarrak… Limogesen barne ere baziren euskaldunak. Badituzu oraino. Eta ene lagun, erakasle euskaldunak banituen, eta haiekin beti euskaraz mintzatzen nintzaizun.
Nondik heldu da zure euskaltzaletasuna?
Ttipitik, betidanik, biltzen gintuzun karrikan haurrak eta pertsutan aritzen gintuzun. Zazpi-zortzi urtetan, gure maneralat, badakizu! Ez dut uste erraiten ahal denik euskararen maitasuna handik edo hemendik jin zaidala. Hola duzu, ez da besterik. Betidanik, euskararentzako balin bazen zerbait, Atharratzen edo bestetan –izan baitziren momentu gogorxkoak–, beti hor ninduzun.
Pertsutan aritzen zineten. Kantu zaharrik ez zen?
Ez dut botza sobera eder, ez pertsu emaiteko, ez kanturako. Familian bai, botza bazuten guziek! Amak, prefosta!, baina denek. Banizun tanta bat, izeba bat, hark izigarri maite zuen kantatzea eta tai gabe kantatzen zuen. Beti kantan aritzen zen.
Ttipitan, noiz ikusi zenuen lehenbiziko pastorala?
Banituen bost urteak. Santa Grazin eman zuten Moise. Familia guzia joan gintuzun. Ez zegoen biderik, otorik ere ez, oinez jaitsi gintuzun, xenda batetik barna, kasernalat. Han zen pastorala. Hori nuen lehen aldiko ikusi, haurra nintzelarik… Orain, haurrak baztertzen dituzte pastoraletan, zenbait aldiz. Nik erraiten dut: “Ez. Haurrak utzi itzazue pastoralean”. Haurrak pastoralean direlarik, gero betiko badute hor. Ez dute ahazten. Haurrak utzi behar dira pastoralean so egin dezaten, eta ez baztertu.
Handik goiti izan duzu pastoralaren gogo handia?
Bai.
Moise ikusi nuelarik, 1929an. Han bazenuen kantari bat, ene auzoa zenuen, izigarriko botz ederra zuen. Beti ikusten dut kantuan bezala. Familiak adiskide handiak gintuzun.
Botz ederrak beti Zuberoan. Zendako?
Erraiten dute bortuak egiten duela botz ederra, hain segur. Larrainek eta Santa Garazik ematen dutelarik pastorala, beti entzuten duzu: “Horiek, bortüko botzak!”. Pettarran ere badira botzak, haiek ere badituzte botz ederrak… Eta mundu zabalean gaindi, guzietan badituzu botz ederrak, pentsatzen dut. Euskaldun bezala eta zuberotar bezala, laket gara kantuan. Ni ere besteekin batera kantatzen aritzen naiz… Eta dantzan!
Eta dantzan.
Arte bat genuelarik beti ari gintuzun dantzan. Mezalat joaten ginelarik, mezatik ilkitzean beti zen dantza. Eta pilotan. Biak, dantzan eta pilotan. Odolean genizun hori.
Izkiribatzen hasi zinen halako batean…
Beti izkiribatzen nizun. Hasteko, hitzaldia mezan. Baina hori besterik da… Izkiribatze mementu horretan, gogoan genuen ez zela izkiribatzen hasi behar berrogeita bost, berrogeita hamar urte gabe. Hola zenuen. Geroztik gazteak hasi dira izkiribatzen, baina guk, mementu horretan, ez zenuen onarturik izkiriba genezan lehen. Ezar dezagun, Santa Grazi pastorala da ene lehena, 1976an. Etxahunen ikusten joan ninduzun eta: “So egizü, heben dütüzü dokümentüak, egin ezazü Santa Grazi pastorala”. Baina ez zuen egiten. “Ez dük egiten? Bada, nihaurek eginen diat!”. Eta hola ninduzun abiatu lehen pastorala idazten. Geroztik baditut hamabi pastoral emanik –bat batuaz, San Mixel Garikoitz, bestea frantsesez, Juan Martin Pueyrredon–, eta bederatzi haboro, emaiteko! Emanen dituzue ni hil ondoan! Kar, kar, kar…
Lan handia iduri du pastorala idazteak. Bertset horiek guztiak-eta, historia baten inguruan…
Gai horretan, enetako, hori ez duzu problemarik. Problema duzu nahi dudala, beti, dokumentazioa ontsa ikertu. Enetako hori da lan handiena. Idaztea… ez dakit zein pastoral, hamabi egunez ari izan ninduzun idazteko. Ez da problema, berrehun eta hogei bertset, eta badira haboro ere! Bestalde, kantoreak. Lehen luzeago zenituen, hirurehun eta berrogei edo hola.
Luzeagoak lehen pastoralak, goiz eta arrats ari izaten ziren hura emaiten…
Moise, goizetik arratsealat eman zuten. Lehen, egun guzia zen pastorala. Baina ez zen oraingo bezala: izaten ziren elizako kantore zenbait, Te Deum eta holakoak, latinez. Ez zenituen orai bezala kantoreak pastoraletan. Dantzak bai. Satanak-eta, bai! Baina satanetan, bat zen, Satan, ez besterik. Berantxago, biga-hiru satan, ez gehiago. Dantzari ederrak zenituen, ez nornahi! Ez zenuen pastoral batendako nornahi hartzen dantzari. Aldiz, orai, badakizu, hamabost, hemezortzi dantzari badituzu. Sobera, enetako.
Zenbat jende zen pastoralean sasoi hartan?
Herritarrak zenituen, bat edo beste auzoetarik jiten zitzaizkizun, zenbait aldiz, baina urrunetik gabe. Kanpotik guti zen. Nik uste zazpi ehun jende biltzen zen pastoralaren ikusten. Arizaleak? Guti, hogei, hogeita bost. Ez haboro. Orai ehun-eta dira! Sobera. Pastorala orai
show bat bezala da. Behar da kanbiatu… Lan bat egina dut, pastoralarendako, zer den, ereduak zein diren, nola idazten den… Egina dut, baina ez dakit noiz agertuko den.
Urtero ikusten duzu pastorala?
Ez. Baduzu hiru-lau urte ez naizela joaten. Ez dut Alozekoa ikusi, ez Ligikoa, ezta Maulekoa edo Ezpeizekoa ere, eta Idauze-Mendikoa ere ez. Ikusiak ditut, nik idatziak baitziren, Santa Grazi, eta Eñaut d’Elizagarai… bata Gamen, bestea Santa Grazin. Baina ekiarengatik, eta begiengatik, ez nauzu joaten, ezin dut. Operaturik izan ninduzun bi begietarik, eta ekiak min egiten dit. Bestenaz ikusiko nituzke, bai. Uste dut oraino… Bo! Ene adinean ez duzu hanitx ikusiko!
Hanitx kanbiatu da pastorala?
Hori ikusten ahal duzu zuhaurrek. Uste dut. Hartakotz dut idatzi lan hori, pastorala zer den esplikatzeko. Uste dut beharrezko den xuxen atxiki dezagun pastorala. Bestela
show bat bezala duzu, dantzak, ibilaldiak, testuak baino haboro dituzu. Ehun arizale balin badira, ikusten duzu zenbat denbora behar den haien ibilaldiarendako. Denbora erdia iragaten da ezdeusetan, musika eta ibilka, eta ez da hori pastorala. Hori kanpoko gauza bat da, baina ez pastorala. Beharrezko da ibilaldia, baina ereduak badira, eta behar da horier jarraiki, xuxen.
Etxahun Iruri pastoralean ere izan zintugun, erran ez baduzu ere, orai hamar bat urte. Ez zenuen maite ukan…
Roger Idiartek idatzia, bai. Sobera kantu. Ez zenuen pastorala. Zer nahi duzu erran Etxahunen bizitzaz pastoral batean? Eta ber gauza zenuen Larraineko Xalbador hura ere... Pastorala estakurua hartu zuten, izena, eta hor zernahi sarrarazi. Eta ez da hori. Pastoral bat da bizitza, historia eta trajeria. Hiru izen horietan zen beti pastorala. Ez zen erraiten “Etxahun pastorala”, baina, ezar dezagun pastoral zahar bat, “Moise trajeria”, ez “Moise pastorala”. Pastorala ikusten joaten zinen baina testuan ez zen ezarria “Moise pastorala”, baina trajeria, edo bizitza, edo historia…
Pastorala ez ezik, olerkia ere izkiribatua zaitugu…
Bai, hanitx izkiribatu dut. Badut hanitx publikatua
Maiatz agerkarian eta besteak publikatzeko. Baditut bi mila bertso edo. Erraiteko idazten dudala, so egizu… [orrialde sorta erakutsi digu, denak izkiriatze]. Ikusten duzu? Idazten dizut Ebanjelioaz eta zernahitaz: naturaz, barne sentimenduaz, historiaz… Badut ahala, eta idazten dut. Lehenik, maite dut euskara, eta xiberotarra maite. Eta zerbait, horri buruz egiten dut. Ez da besterik. Gauza beharrezkoa da gogo hori ukaitea.
Eta berrogeita bost urtez goiti ere bazara…
Bai, bai… Hiruretan hogei gehiago! Kar, kar, kar…
Zertan da euskara –erran nahi baita euskalduna–, Zuberoan? Mintzo da jendea euskaraz Zuberoan?
Orotarik bada. Galdurik izan da hanitx, ez Zuberoan baizik, hemen Iparrean Lapurdin eta Baxenafarroan ere bai. Izan duzu galdurik, ezar dezagun, orai lauretan hogei urtetatik –eta apalagokoak–, berrogeita hamar urtetara. Berrogei, berrogeita hamar urte, horiek galdu dizute hanitx. Ez zekiten mintzatzen euskaraz beren haurrer, Maulen, Atharratzen eta bestetan. Bazterretan, leku hanitxetan, utzi zioten. Zendako? Eskolan, ezar dezagun, “Mitologia”. Haurrek kontatzen zuten lamien istorioa eta: “Ez düzüe horiek izan eta!”. Ematen zuen ahalkea, lotsa, jenteer, eta uzten zuten bazter. Beren haurrer haiek ez diete erakutsi euskara, baina orai, berrogeita bost urtetarik apalagokoak, erran nahi baita, hogeita bost urtetan, orai aita eta ama direnak, horiek nahi dute haurrer euskara ikasi. Eta baditugu Zuberoan bertan, ikastoletan haur hanitx. Gero baduzu bi mintzajeak ere eskolan, horiek ere bai. Ez dakit, baina esperantxa dizugu. Baduzu gauza bat, ene idurialat, Euskal Herri bat egiten duela. Orduan, euskara salbaturik da, xiberotarra hor barne sartuko dela.
Hori zure esperantxa.
Esperantxa baino gehiago uste dut Hegoaldean. Bai, bai. Azkar zarete, eta etxek! Atxik!
Hizketan ari garen egun honetan berean, Barkoxen gogoeta bilkuran dira pastoral idazle zuberotarrak. Ez zara han…
Gomitea badut baina erran dut ez nintzela joaiten ahal. Badut sarri lan, neskanegunean ez da posible enetako. Jean Louis Davantek telefonatu dut eta eman diot xehetasun zenbait eta han aipatuko ditu. Nire botza ez da izanen, baina bai ene errana!
Hanitx izkiribatu duzu…
Ez dakit hanitx idatzi dudan. Badut lan bat, uste dut Kepa Altonagak hartuko duen. Hau duzu hiztegi bat, latinetik euskaralat.
Izigarriko lan ederra duzu. Gotzon Garateri igorri nion eta hark erran zuen beharrezkoa zela euskararentako hiztegi hori. [Eta hori ere erakutsi digu: Latera-euskara hiztegia dio orri sortak azalean]. 2.400 ordu ezarri dut horren egiteko, erran nahi baita, Frantzian, erakasle batek 600 oren ezartzen dizu urtean…
[Horretan, jaiki, ondoko gelara joan da eta, itzulirik, liburu sorta pila ekarri digu opari].
Junes, nondik hartzen duzu lan egiteko tenorea?
Hatsarrean erran dugun bezala, goizean bost orenetarik jaikita. Orduan ikusten dut eguna batere nekerik gabe! Kar, kar, kar…
Horrela segituko duzu geroan ere?
Ez dakizut. Ageriko! Ez dakigu zer den geroa. Mementu honetako hola egiten dut…