Teknologien kontrol lehia krisi garaian

  • Amerikako Estatu Batuen gainbeheraz asko hitz egin da azkenaldian, eta superpotentzia izateari utziko diola pentsatzen duenik ere bada. Dan Schiller teknologietan aditua ez da iritzi berekoa. Informazioaren eta Komunikazioaren Teknologiak (IKT) sistema kapitalistaren ardatz diren heinean, krisi garaian AEBek protagonista izaten jarraitzen dutela uste du.
Steve Jones
Steve Jobs Apple enpresako lehendakariaren irudia, haren firma daramaten produktuez osatua. 2009 hasieran 26.000 milioi dolarreko irabaziak zituen konpainia estatubatuarrak.
Zarata mediatikoz beteriko garai nahasiotan, merkatu logiketatik urrun eta irakurleengandik gertu dagoen kazetaritza beharrezkoa dela uste baduzu, ARGIA bultzatzera animatu nahi zaitugu. Geroz eta gehiago gara, jarrai dezagun txikitik eragiten.
Kapitalismoa, bere makineria eraberritzeko, IKTek osatzen duten hazkunde –edo garapen– poloaz baliatzen dela azaldu du Dan Schiller Illinoisko Urbana-Champaign Unibertsitateko irakasleak, Le Monde Diplomatique aldizkariaren urtarrileko zenbakian plazaratutako artikuluan*. Azken urteetan dinamika horrek abiadura ikaragarri handia hartu du; iritsi berriek (Cisco, Amazon, Google, China Mobile...) ordena ekonomikoa eraldatu dute. Kulturaren merkatuak olatu digitalaren ondorioei aurre egiten die, telefonia mugikorrak eta Internetek “telekomunikazio” tradizionalak mehatxatzen dituzte; eta eramangarri nanoek zaharkiturik laga ditzakete telebista eta ordenagailuak. Bilakaera horrek irensten dituen inbertsio erraldoiak ditu hizpide Schillerrek.

2008an, AEBetako Gobernuak 45.000 milioi euroko laguntza berezia eman baino lehen, Citigroup-ek, egoitza nagusia New Yorken duen munduko finantza-enpresarik handienak, 25.000 programatzaile zituen bere zerbitzura, eta informazioaren teknologietan 4.900 milioi dolar inbertitu zituen, gastu operatiboak aintzat hartu gabe. Lehman Brothers bankuak, 2008ko irailean hondoa jo baino lehen, hainbat kontinentetako 25.000 zerbitzaritan ostatu hartzen zuten 3.000 software programa erabiltzen zituen. Finantza krisia lehertzean, sarea finkaturik zegoen jada, bere inpaktu hilgarria periferiara zabaltzeko prest. Hala ere, 2008ko kataklismoa lehertu zenean industria informatikoak jokatu zuen paperaz oraindik ez gara jabetu(2).

Komunikazioa eta informazioa hazkunde kapitalistaren errape bihurtzen ziren heinean, jarduera adar osoak desagertu egin ziren ia, merkatu-logika batzuen ondorioz:

- Skype, 2009an 400 milioi erabiltzaile zituen Internet bidezko doako telefono zerbitzua, mugaz gaindiko komunikazio hornitzaile nagusia da jada. Beste operadore batzuekin batera, erabiltzaileen ohiturak aldatzea lortu du: dagoeneko ez dute telefono finkoetatik deirik egin nahi. Skype programaren zabalkundeak errendimendu handiko sarbideen eta telefonia mugikorraren eztanda ekarri zuen, enpresei zuzendutako on-line zerbitzuen eskaintza handitzeaz gain. Skype 2003an sortu zuten Janus Friis daniarrak eta Niklas Zennström suediarrak, eta 2005ean 2.600 milioi dolarren truke erosi zuen Kaliforniako Ebay enkante-etxeak.

- Konexio merkeek bultzatuta, guztiz ekipatuta zeuden eta lineaz kanpoko funtzionamendu autonomoa zuten 1980ko ordenagailuak zaharkiturik geratu dira. Arian-arian, datuak (posta elektronikoa, argazki pertsonalak, enpresen datuak....) operadore handien zerbitzarietan biltegiratu dira. Cloud computing(3) deitzen zaio horri.

- Telefonia mugikorrak arriskuan jarri ditu ordenagailuen eta telebistaren merkatuak. Gaur egun, mundu osoan multimedia pantaila bezala funtzionatzen duten 4.500 milioi telefono mugikor daude.

- Apple, Amazon eta Google-k, hiruak estatubatuarrak, musika, liburu, zinema eta bideojokoen industria irauli dute. CDaren merkatua hondoratzen ari den bitartean, musikaren sektoreko lau erraldoien (EMI, Universal, Sony-BMG eta Warner-en) irabazien parte bat Apple konpainiak eraman du, iPod-aren fabrikatzaile eta iTunes programaren jabeak. Gauza bera gertatu da zinemako dozena erdi multinazionalekin: YouTube (“Google-ren bideo-inbutua”, Dan Schiller-en hitzetan) geroz eta indartsuagoa da. Eta telebista, publizitate jaitsierak zigortuta, banatu egin da kable eta satelite bidezko ehunka kanal, telefono mugikorretarako programa eta webgunetan (Hulu, BBC, iPlayer, YouTube...).

ICANNen garrantzia

Izan bere edukiengatik zein bere eraso ahalmenagatik, anabasa honetatik industria berria azaleratuko da. Komunikazioaren teknologiek aldaketa aukera guztiak bereganatu dituztela dirudi. Harreman sozialak zabaltzeko bitartekoen artean, Internet da kapitalismoak duen tresnarik indartsuena. Horregatik da hain bortitza sarearen kontrola hartzeko borroka.

Borroka horretako pieza nagusietakoa ICANN(4) da, Interneteko domeinuen izenak eta IP zenbakiak kudeatzen dituen irabazi asmorik gabeko erakunde estatubatuarra. Iragan udazkenean, AEBetako Merkataritza Departamentuak erakunde horren gaineko kontrol mekanismo batzuk eliminatu zituen, eta nazioarteko herrialdeen parte-hartze handiagoa onartu. Rob Beckstrom ICANNeko presidenteak esan zuen erakundea “independentea” izango dela, ez duela inork kontrolatuko. Baina inuzentea litzateke pentsatzea Washingtonek erreminta erabakigarri horren gaineko boterea izateari uko egin diola, senatari errepublikar zein demokratek argi adierazi zuten moduan: “Kontrola galtzearen aurka gaude erabat”. Gainera, ejertzitoak, agentzia federalek, gobernuz kanpoko erakundeek eta zenbait enpresa pribatuk osatutako epaimahaiak hartu zituen domeinuen kudeaketari buruzko AEBen azken erabakiak. Enpresa horien ahalmena ez da nolanahikoa: Cisco korporazioak router-ak (sare informatikoak interkonektatzeko aparailuak) banatzen ditu mundu osoan, Google bilatzaile eta bideo-hornitzaile nagusia da, Facebook-ek 400 milioi erabiltzaile ditu eta Apple-k eliteak gehien maite dituen software programak fabrikatzen ditu. Horiei gehitu behar zaizkie Microsoft (“sistema operatiboen enperadorea”) eta Intel (mikroprozesatzaileen liderra).

“Mehatxuen” aurreannagusi izaten jarraitu nahi

2005ean softwarearen eta Interneten merkatua kontrolatzen zuten 25 enpresetatik 19 ziren estatubatuarrak. Zibergerrarako armagintzan nagusi dira: sateliteen %50 baino gehiago daude euren esku. Eskaintza gidatzeaz gain, eskaeraren merkatuan ere buru dira: Wal-Mart (munduko minoristarik handiena) eta General Electric (azpiegitura, zerbitzu eta hedabide ugari biltzen dituen multinazionala) bezalako erraldoiak Interneteko sistema eta aplikazioen kontsumitzaile handiak dira; euren beharrak aginduak dira, eta mundu osoan aplikatuko diren estandarrak finkatzen dituzte.

Botere ekonomikoa mantentzeko funtsezkoa da sektore honen gaineko hegemonia izatea, eta AEBek nekez abandonatuko dute. Egia da Txinak, Hego Koreak, Singapurrek, baita Brasilek, Hego Afrikak, Errusiak edo Egiptok ere, geroz eta leku garrantzitsuagoa dutela. Egia da kapital ez-estatubatuar ugari pilatu dela Europan, Asian eta beste leku batzuetan: Samsung, Nokia, Nintendo, Huawei, Tata, SAP, Telefónica, DoCoMo, América Móvil, Vodafone eta batez ere China Mobile, bezero kopururik handiena (500 milioi) duen telekomunikazio enpresa. Egia da hegoaldeko herrialdeek (Mexikok, Indiak edota Txinak) geroz eta inbertsio-fluxu handiagoak isurtzen dituztela sarera. Eta hala ere, AEBetako agintariek ez dute amore eman.

Gutxitu ordez, komunikazioaren industriak geroz eta pisu handiagoa du AEBetako politikan. Ez da kasualitatea Barak Obamak (“Silicon presidenteak”, Mike Davis soziologoak deitzen dion moduan), hautatua izan baino lehen, Google-ko, IBM-ko eta Informazioaren Teknologien Industria Kontseiluko (ITIC, sektoreko arrain handi guztiak biltzen dituen erakunde patronala) zuzendaritzen babesa lortzea. Lobby horren gomendioek gobernu berriaren ekonomia suspertzeko plana gidatu zuten: errendimendu handia garatzeko diru-laguntza masiboak, osasun programen informatizazioa, komunikazioaren sektoreko industrialarien pribilegioen zabalkuntza...

Eta orain zer?

Sistema kapitalistaren ardatz bilakatzean, IKTen sektoreari ere eraso egin dio krisiak. Baina erasoa ez dute denek berdin pairatu. Multinazional aberatsenek oparo jarraitu dute, Ciscok bezala (2009ko hasieran bere irabaziak 20.000 milioi dolarrekoak ziren), edo Microsoft (19.000 milioi), Google (16.000 milioi), Intel (10.000 milioi), Dell (6.000 milioi) eta batez ere Apple (26.000 milioi dolar). Aurreikuspenek zioten irabazien parte bat lehiakideak erosteko erabiliko dutela, eta jada betetzen ari da.

Sektorearen inbertsio eta errendimendu potentziala agortzetik urrun dago oraindik. Krisiaren urtea izan arren, 2008an multimedia sektorean egindako gastua %2,3 (882.600 milioi dolarretaraino) hazi zen AEBetan, eta begirale batzuen arabera, IKTen industriak hazkunde handia jasango du datozen bost urteetan.

Internauten grina ere ez du hoztu atzeraldiak, kontrakoa baizik: 2008an %55 hazi zen sareko trafikoa, eta 2009an %74. Programen eta sistema operatiboen sektoreko berrikuntzek, aukera ematen diete multinazionalei jarduera soziokultural ugariren gain (irakaskuntzatik hasi eta nekazal-bioteknologiaraino) euren eragina indartzeko, baita beste sektore batzuetako (medikuntza, energia...) irabaziak eskuratzeko lasterketa bultzatzeko ere.

Schiller-ek artikulu amaieran dioen moduan, “funtsean, kapitalismo digitala krisi denboraldietan garatzen da. Krisi garaiek, era berean, gizarte kargaren banaketa desberdina sortzen dute, dominazio modu berriak; baita, zorionez, berreraikitze eta erresistentzia aukera berriak ere”. Nork baliatuko ditu, eta zertarako?


Lotura interesgarriak:


(1) Artikulua Le Monde Diplomatique-ren Peruko edizioan

(2) Nazioarteko Diru Funtsa: Perspectivas de la Economía Mundial (PDF)

(3) Argia.com: Laino guztien azpitik

(4) ICANN euskarazko Wikipedian

Azkenak
2025-03-21 | Iñaki Lasa Nuin
Ezegonkortasuna eta desoreka

Goizean jaiki orduko hasten dira desegokitasunak. Beharbada lotarako erabili duzun lastaira ere ez zen egokiena. Baina, ezin ba idatzi desegoki sentiarazten nauten guztiez. Horregatik, udaberriko ekinozioa –egunaren eta gauaren arteko oreka– dela eta, oraindik ere,... [+]


2025-03-21 | Axier Lopez
‘Pikoletoak’ ere Euskal Herrian euskaraz

Guardia Zibilaren historia bat - Hemendik alde egiteko arrazoiak izenburupean, datorren astean argitaratuko dugun 305. LARRUN aldizkariaren pasarte batzuk dira ondorengoak, erakunde armatuaren sorrera garaietan girotutakoak.


Rosa Zarra Ertzaintzaren pilotakadak hil zuen

Rosa Zarra Ertzaintzaren pilotakada baten ondorioz hil zela da Eusko Jaurlaritzako Poliziaren Biktimen Balorazio Batzordeak atera duen ondorioa, Berria-k jakinarazi duenez. Orain arte, Ertzaintzak beti egin dio uko bertsio horri, eta Rosa Zarra berak zuen gaixotasunaren ondorioz... [+]


Oier Sanjurjo
“D eredua bultzatzen eta ikastolen nortasuna zabaltzen ahaleginduko naiz”

Nafarroako Ikastolen Elkarteak lehendakari berria du. Oier Sanjurjok hartu dio lekukoa Elena Zabaleta Andresenari.  Beste zazpi kide izanen ditu alboan Sanjurjok.


2025-03-21 | ARGIA
Ertzainen %20ak eta udaltzainen %30ak ez dute euskara-eskakizunik azken deialdian

ELA sindikatuak azaldu duenez, azken Lan Eskaintza Publikoaren oinarrien arabera, Ertzaintzarako eskainitako lanpostuen %20ak eta Udaltzaingoaren %30ak ez daukate euskara-eskakizunik. Gasteizen, adibidez, udaltzain-lanpostuen erdietan, 24tan, ez dago euskara-eskakizunik.


Donostiako Birunda gune autogestionatua “ilegalki” hustu dute

Ustez, lokalaren jabetza eskuratu dutenek bidali dituzte sarrailagileak sarraila aldatzera; Ertzaintzak babestuta aritu dira hori egiten. Birundak epaiketa bat irabazi du duela gutxi.


Inoren Ero Ni + Lisabö
Eta eromenaren lorratzetan dantzatu ginen

Inoren Ero Ni + Lisabö
Noiz: martxoaren 14an.
Non: Gasteizko Jimmy Jazz aretoan.

----------------------------------------------------

Izotz-arriskuaren seinalea autoko pantailatxoan. Urkiola, bere mendilerro eta baso. Kontzertuetara bideko ohiko errituala: Inoren... [+]


2025-03-21 | Euskal Irratiak
Iparraldeko euskalgintzak Senpereko Larraldea etxea galduko du

Euskalgintzak Senpereko Larraldea etxea faltan botako du. Uda gabe, Bertsularien lagunak, bertan gelditzen den azken elkarteak, lekuz aldatuko du eta etxea hetsiko dute. Euskararen, euskal kulturaren eta arteen ohantzea izan da Larraldea, urte luzetan Andoni Iturrioz mezenasak... [+]


2025-03-21 | Elhuyar
Autismoak: normaltasuna zabaltzeko aukera bat

Berrogei urte dira Euskal Herrian autismoaren inguruko lehen azterketak eta zerbitzuak hasi zirela. Urte hauetan asko aldatu da autismoaz dakiguna. Uste baino heterogeneoagoa da. Uste baino ohikoagoa. Normalagoa.


Euskal Herriko Filosofia Zaleen Sarea eratzeko prozesua abian da

Txinparta izeneko prozesua Martxoaren 21ean hasiko da eta urte bete iraungo du. "Udaberriaren hasierarekin batera proiektu herritar berri bat" aurkeztu nahi dutela adierazi dute. 


Duero ibaitik gora otsoa berriz ehizatzea onartu du Espainiako Kongresuak

PP, Vox, Junts eta EAJren botoekin Espainiako Kongresuak onartu du otsoa espezie babestuen zerrendatik ateratzea eta, horren ondorioz, berriz ehizatu ahal izango dute Duero ibaitik iparrera.


Eguneraketa berriak daude