I Zer da beldurra? Zer da denbora? Zer, kimioa tantaka? Zure ohea barku bihurtu belak zabaldu ta hanka! Koloretako zapia jantzi, lotu egurrezko hanka, tira sokari, igo mastara, eman haizeari branka... mundu berrien bila joan zaigu maitasunaren pirata. |
II Eskuak hoztu, oinak isildu, kolorez hustu azala; ilea hosto gorri bihurtu zainetan sua doala; aho morean hortz zartatuak, betazpietan itzala... Ta bat-batean irrifar batek irentsi du ospitala... Munduarekin halere pozik baldin bazeunde bezala. |
III Aita ta ama ohe ertzean esertzen zirenerako oinekin ezin ta begiekin egiten zenuen salto. Bi ezpain ertzak gora begira: ilbehera gau beltzerako, haurrak sehaska bat eraiki du bere gurasoentzako... irribarrea kulunkatzea errazagoa delako. |
IV Ez gara hezur, ez gara mami: ura gara, soilik ura! nola aingurak labaintzen diren itsasoetan barrura. Bi begi beltzak bi amu dira bi galdera, bi lotura esanak sare; izana, berun irribarrea, aingura... gure bihotzen hondoa jo du eta bertan geratu da. |
V Orain bandera haizetan dago, orain hautsi da anfora; itsasontziak ihes egin du zeruertzetik kanpora. Hautsi zaizkigu ordulariak, traidore bat da denbora! Zure izena oihukatzen dut olatuen erritmora... ta pentsatzen dut nire pirata irribarrez egongo da. |
VI Irribarre bat dut ezpainetan itsasoari kantari; irribarre bat dut ezpainetan ta begietan Kantauri; irribarre bat ipini diot malko gazi bakoitzari; irribarre bat ausardiari, minari, maitasunari… Zenbat irrifar zor dizkiogun zure irribarreari |
Abenduaren 18an, Euskal Herriko Bertsolari Txapelketako finaletik bueltan jarritako bertsoak.
Doinua: Mutil koxkor bat.
Urte askoan gurea izan da
abundantzien bailara
zenbat familia joan ote da
orain langabeziara?
Mahaian dago eztabaidagai
zer ginen eta zer gara
alfer alferrik izango dira
hemen ERE eta Hara!
Mentalitate aldaketa bat
ematen ez... [+]