"Akordioa ona da, biontzako txarra delako"

  • Bizkaiko Arrantza Kofradietako Federazioko presidente da Iñaki Zabaleta (Bermeo, 1945). Jadanik ez da itsasora ateratzen, baina bertatik bertara ezagutzen du sektoreak bizi duen egoera. Antxoaren debekua bertan behera geratu ondoren “itxaropena” nagusitu da.
Iñaki Zabaleta
Iñaki ZabaletaUrko Apaolaza
Aita arrantzalea zuen, aitona ere bai, eta bera hamabi urterekin hasi zen arrantzan, anaiarekin batera. Bizitza osoa egin du itsasoan, hirurogei urterekin jubilatu zen arte. Hezurretako minez zebilen, “penaz”, eta utzi egin zuen: “Arrantzaleok denok irabazten dugu berdin, eta ez baduzu behar den lana egiten, kalte egiten diezu besteei. Esan nuen: nahikoa da, urte asko dira, utzi eta kito”.
Baina herrian ez zaio itsaso gogorrik falta izan. Federazioan sartu zen presidente eta hor dabil duela hamabi urtez geroztik, bera da Bizkaiko arrantzaleen ahotsa. Gasolioaren gorakada, antxoaren bost urteko debekua, Alakranako bahiketa, hegalaburraren kanpaina eskasa...

Arrantza Ministroen Europar Kontseiluak azkenean onartu du antxoaren arrantzaldia martxoaren 1ean hastea. Zer presio egin dute Espainiako eta Frantziako estatuek?


Gai honetan Espainia eta Frantzia bakarrik edukitzen dituzte kontuan. Beste ministroek ez badute zerikusi handirik, ez dute presiorik egiten, horregatik akordio guztiak Espainia eta Frantziaren ingurukoak dira. Beraiek esaten dute ezetz, Arrantza Komisioa ibili zela erre que erre ez irekitzeko esanez, baina denok dakigu akordio politiko bat izan dela. Urriko informeak onak zirenez, ireki egin dute 7.000 tonako TAC [Urteko Harrapaketa Kopurua] batekin. Orain udaberrian ikusiko da zelan dagoen: txarto badago itxi, eta ondo badago segitu egingo genuke.

Beraz, oraindik badago arriskua kanpaina gabe geratzeko?


Arrantzaleok itxaropen handia dugu, pentsatu daiteke bokarta errekuperatu egingo dela. Lisboako Itunarekin, Kontseiluak Komisioaren esku utziko du erabakia, eta hor zientifikoek esango dute, biomasaren arabera, zer egin. Erabaki zientifikoa izango da, ez da egongo debaterik Kontseiluan, eta hori guretzako ona da.

Negoziaketa horretan Espainiak 100 tona gehiago utzi dizkio azkenean Frantziari. Hori kritikatu egin duzue.


Guk urte asko daramagu frantsesekin “borrokan”. Akordio hau ona da, biontzako txarra delako; biok amore eman behar, eta hori ona da.


Baina zer konpentsazio eman du Frantziak?


Ez dakigu. Espainiako ordezkariek esan digute Frantziak 200 tona gehiago eskatzen zituela, baina gu egon gara La Turballe eta Saint-Gilles-eko arrantzaleekin eta haiek esan digute ez dutela gura kilo bat gehiago ere, akordioa ona dela. Eta gure gogoaren gainetik azkenean 100 tona gehiago eman dizkie... Zeren truke? Ez dakit. Beti eskatu dugu horrelako erabakiak hartzen diren foroetan arrantzaleen ordezkari bat egotea; lekukorik ez da egon.

Akordioak akordio, esan duzue “bai ala bai” aterako zaretela antxoa bila. Hain larria al da egoera?


Gure txalupentzat bai. Laguntzak egon dira, baina linealak, ez dira nahikoak. Antxoatan dabiltzan txalupentzat galtze handia da, bost urte pasa dira eta ez dago arrainik. Ibili gara berdeletan eta masakratu egin dugu, txitxarroa ere bai, sardina... denak horretara badoaz, ba azkenean ez du balio.

2005eko eta aurreko urteetako kanpaina desastrosoen ondoren, zer irakasgai atera du arrantzaleak?


Arrantzalea da dagoen depredadorerik handiena. Beti gaude ikasteko, eta ikasi behar dugu nekazaritzatik. Itsasoan bi egon behar dira bizirik beste bat sortzeko; bi heren baino gehiago hiltzen baditugu sekatu egingo da, gatza besterik ez da egongo itsasoan. Eta bokartarekin ikusi dugun historiak kontzientziatu egin behar gaitu.

Anfacok (Espainiako kontserba enpresen elkartea) esan du beste urtebetez debekatu behar litzatekeela antxoa harrapatzea.


Anfaco ez da antxoatik bizi, inportantea da beretzat, baina ez du guk daukagun beharizanik. Guk itsasora joan beharra dugu, gure arriskuak onartuko ditugu, baina txarto irtenda ere, antxoa ez da betiko desagertuko. Ez dut ondo topatzen gure bizian sartzea.

Dena den, 7.000 tonako TAC-a gutxi dela esan dute, eta kontserba enpresek antxoa inportatzen jarraituko dute. Nola eragingo du horrek?


Inportazioa libre da, gu hor ez gara sartzen. Nik ezin dut esan “ez ekarri handik eta nire arrainarekin bizi”, ez badiot nahikoa material ekartzen nola biziko da? Gure arraina bereziagoa izango da, ahalegina egin behar dugu marka batekin nabarmentzeko eta horretan gabiltza, jendeak ziur jakin dezan antxoa nongoa den.

Atungorriarekin ez al da antxoarekin bezala pasako?


Ez. Atunarekin beti egon dira gorabeherak, Atlantikotik dator eta batzuetan ez da Kantabrikora sartzen. Aurten ez dugu asko harrapatu, baina ez bukatu delako.

Espezie batzuekiko menpekotasun handia duzue. Dibertsifikatzea ez al litzateke hobea izango?


Arrantzan ez da erraza, dena dago ebatsita: cercoko arrantza, arte xeheak, hondoko tretza... bakoitzak bere bidea hartu behar du. Ezin da esan “ni orain joango naiz legatzetara” eta gero beste arrain bat harrapatu. Madrilen modalitate aldaketa eskatu behar da eta hori oso kontrolatuta dago. Eta gainera, sarritan ostera ere berriz txalupetan aparejoak ipintzeko ez du ematen, diru asko da.

Arrantza sektorearen arazoetako bat errelebo falta da. Krisi ekonomikoak erakarri al du gazterik itsasontzietara?


Etorri dira, baina asko ez. Arazo bat dago: itsasorako pertsona bat behar baduzu, ezin duzu hartu herrian beharra ateratzeko zain dagoen bat; itsasora dator, erakusten diozu, ikasi egiten du, baina herrira doa ostera... ez da batere erraza. Hala ere, momentu honetan ez dago jende beharrik, daudenak konpontzen dira.


Azken hamarkadotan arrainaren prezioa izoztu egin da lonjatan. Horri aurre egiteko zuzeneko salmentarekin saiatu dira zenbait lekutan. Horrelako bideak hartu beharko lirateke?


Paperak ideia guztiak soportatzen ditu, baina gaitza da. Mila urtean ez gara kapaz izan hori egiteko, merkataritzaren mundua ez dugu ezagutzen eta lobyy asko dago. Arrantzaleak lehenengo egin behar duena da arraina harrapatu, eta gero saldu... Nork egin behar du gestioa? Mediterraneoan badaude hori egin duten batzuk, baina ez dira kopuru handiak; kontuan eduki atunetan hiru hilabetetan milaka tona harrapatzen direla, asko da kontrolatzeko. Errazena da esatea “zeuek saldu”, baina gaitza da.


Duela gutxi Sabino Arana Saria eman dizuete arrantzaleoi zuen lanaren errekonozimendu gisara. Uste duzu gizarteak ulertzen eta onartzen duela arrantzalearen bizimodua?


Nik uste dut baietz. Lehen sektorea gara eta nahita nahiez gaude herri honen sustraiei lotuak; hemengo herriek ondasuna eta aberastasuna itsasotik lortu dugu. Behar izan dugunean gizartea beti izan dugu hor, eta alderantziz ere bai, txapapotearekin adibidez, edo Bermeoko portua apurtuta egon zenean, txalupak lotu eta hor aritu ginen herria garbitzen. Pentsatzen dut jendeak hori apreziatzen duela.

[Irakurri antxoaren arrantzaldiari buruzko erreportajea]
“Indikora, Pazifikora eta angelu guztietara: txalupak horretarako daude”

Sabino Arana Sarietan oso presente egon zen Alakranaren kasua. Zuk, Bermeokoa izanik, gertutik jarraituko zenuen gertatutakoa, ezta?


Ikusten duzunean zure lagunak, zu bezalako arrantzaleak, preso daudela, ez Frantzian edo Portugalen, baizik eta Somalian, kontrolik ez dagoen lekuan... gauza estua izan da. Eta arrantzaleen familiek bakarrik ez uzteko eskatu zutenean herria zutitu egin zen, gizarte guztia zutitu zen, eta horrela askatu dituzte.


Arrantzontziak armaz babestu behar direla esaten da, baina hori behin-behineko soluzioa da. Ez al da sakoneko irtenbiderik hartu behar? Zergatik joan Ozenano Indikora arrantza egitera?


Askok ez daki zer den arrantzaleen bizmodua. Ikusten dituzte etxetik urrun, itsasoan, eguraldi txarrarekin... sentsibilitatea badago. Baina zergatik Indikora? Arraina han dagoelako. Naziorteko urak dira, 200 miliatara, eta japonesak, frantsesak eta errusiarrak ere aritzen dira han. Orain, itsasoan armak hartzea ez da biharko soluzioa, beste bide bat topatu behar da. Baina hori ez dago gure esku, hori gobernuen esku dago. Indikora, Pazifikora eta angelu guztietara joango gara, txalupak horretarako daude.

Azkenak
2024-09-18 | ARGIA
Bigarren leherketa olatua Libanon, walkie-talkieak helburu

Reuters agentziak informatu duenez, lekukoen testigantzak eta segurtasun iturriak aipatuta, hainbat leherketa izan dira Libanoko zenbait hiritan asteazkenean. Horietako bat bezperan hildakoen omenez antolatutako hileta baten ondoan gertatu da.


José Manuel Uriagereka. Frantziskotarra Hego Korean
“Koreara joan ginenok euskara ederto kontserbatu dugu”

Bermeon jaioa, frantziskotar eginik Hego Korean egin zuen bizimodurik gehiena, 40 urte. Sasoi batean mutil-koskorretan askok egin zuena egin zuen, komentura bidea hartu. Gero, handik mundura jauzi egin zuen Uriagerekak, bestelako hizkuntza eta kultura arrotzetara.


Bilagailuen urrutiko leherketa masiboa
Milaka zauritu eta hamabi hildako Libanon, Israeli leporatu dioten atentatu indiskriminatuan

Israelek lehergailuak jarri zituen Hezbollahk inportatutako milaka bilagailutan, Reuters agentziak kontsultatutako iturrien arabera. Urriaren 7tik jasandako “segurtasun haustura handiena” izan da, talde armatuaren hitzetan. Erantzun bortitza hitzeman du Hezbollahk,... [+]


2024-09-18 | Jon Alonso
Bosgarren zutabea

Erribera, historian, sekula euskalduna izan ote den; horra hor Nafarroan, duela berrogei urtetik hona, hainbestean behin errepikatzen den eztabaida bizantziarra (eztabaida bizantziarra: eztabaida alferrekoa, zeinean alde bakoitzak ezin baitizkio frogatu bere baieztapenak beste... [+]


2024-09-18 | Castillo Suárez
Aldairak

Etxez aldatzen naizenean, edo, areago, norbait etxetik joaten denean, oroiminak hartzen dizkit burua eta bihotza. Orduan hasten naiz zer gordeko dudan eta zer ez erabakitzen saiatzen. Izan ere, objektu guztiek lotzen gaituzte zerbaitetara, edo norbait ekartzen digute gogora;... [+]


Lurraren altxamenduak

Estatu poliziala kanpora! Abesten dute negar-gasen leherketen artetik. Gaztetxo konprometituak, amatxi militanteak, aurpegi estaliak, edo ez, pailazoak, musikariak, sindikalistak eta politikariak, kaskodun medikuak, laborariak traktore gainean... Landa-eremuan zein hirian,... [+]


Palestinak munduari dakarkiona

Ezaguna da enpresa frantses batzuek (Thales, Airbus, Dassault) aspalditik laguntzen dutela Israel haren ekipamendu militarra osatzen. Disclose elkartearen inkesta baten arabera, berriz, Frantziako Gobernuak berak hornitu dizkio osagai elektronikoak Israeli, Gazako zibilak... [+]


Pentsamendu askeak

Gauzak ez dira horrela, gauzak horrelaxe daude. Esaldi hori iltzaturik geratu zitzaidan Gorka Urbizuren diskoa osorik eta patxadaz entzun nuenean. Uste nuen aurkikuntza itzela egin nuela identifikazio horrekin, inozentea ni! Gerora ohartu naiz, merchandising-erako leloa izateaz... [+]


Indarkeria, endogamia eta baztanga Trebiñun

Trebiñu, VI. mendea. Eremita talde bat Las Gobas kobazuloetan bizitzen hasi zen, eta historiaurretik okupatutako Laño ibaiaren haitzarte hartan kobazulo berriak hondeatu zituzten. Hurrengo mendean kobazuloetako bat nekropoli modura erabiltzen hasi zen bertako... [+]


Teknologia
Mundu ikuskerAA

Gizakiontzat ez da inoiz erraza izan lasai pentsatzeko denbora tarte luzeak hartzea, bizimodua aurrera ateratzearen ardurarekin bizi gara, bai geurea zein geure ondorengoena. Bizitzeko izan dugun aukera honetan, ahalik eta ongien nahi ditugu gauzak egin. Ardura horiengatik,... [+]


2024-09-18 | Estitxu Eizagirre
Haziak eta etorkizuneko auziak

Haziak nola egin azaltzen duen jakintza praktikoa eta hazietan datzan ikuspegi politikoa. Biak uztartu dituzte Haziak liburuan Miguel Arribas Kelo-k eta Marc Badal-ek. Hamaika auzi baitaude jokoan hazi bakoitzean: biodibertsitatea vs estandarizazioa, autonomia vs menpekotasun... [+]


“Migratzaileak autoan hartu eta Polizia egon zitekeen errepideak saihestuta eramaten nituen”

Pertsona migratzaile asko eraman ditu Aritzek bere autoan, Poliziak ez ditzan harrapatu, gaueko iluntasunean ez daitezen galdu eta batetik bestera seguru ibili daitezen. Bereziki gogoan ditu Irundik Hendaiara muga gurutzatzen lagundu eta etxean lotan izan zituen emakumea eta... [+]


Eguneraketa berriak daude