Euskal filologia unibertsitatean ikasi zenuen. Nondik jaso duzu formakuntza feminista?
Autodidakta izan naiz. Ni aspaldiko feminista naiz eta garai hartan Euskal Herrian ez zegoen ikasketa feministak egiteko aukerarik. Londresen eta AEBetan bakarrik eskaintzen ziren ikasketa feministak, eta nik ez nuen haraino joateko modurik. Etengabeko autoformakuntza izan da. Ikaragarrizko hutsunea zegoen, eta formakuntza hori Euskal Herrian eskaintzeko beharra sentitu nuen. Horregatik sortu nuen Skolastika eta horregatik eskaintzen dut literatur kritika feministan trebatzeko mintegia. Nola egin dudan formakuntza hori lortzeko? Asko irakurriz, are gehiago pentsatuz, ondorioak ateraz, aplikatuz, frogatuz... Zorionez, ikasitakoak berehala frogatzeko aukera izan dut. Oso azkar hasi nintzen idatzitako eta pentsatutako guztia praktikan jartzen, eta feedbacka izan dut beti. Nire ibilbidea teoriko-praktikoa izan da. Teorizatze prozesu luzea izan da, baina praktikan ipintzea izan da gehien aberastu nauena. Betidanik ikusi dut jendartean bazegoela teoria feministak jasotzeko gogoa, eta hortik nire egungo ibilbidea. Skolastika 2004an jarri nuen martxan, baina aurretik 6 urte gehiagoko esperientzia nuen, Skolastika ordura artekoari marko bat jartzeko abiatu nuen. Hau sortu arte ni joaten nintzen kanpora, jendearen bila, baina Skolastika martxan jarri nuenetik hau da topagunea, eta ikasleak, interesdunak hona etortzen dira. Hau egunero zabalik dagoen lekua da, gune bat, aukera bat. Lehen kontaktua ni nintzen, baina orain badago espazio bat, liburutegi berezitua, egitasmo bat.
Nola hasi zinen literatur kritika feministan trebatzen?
Hasieran nire ikerketa ez zen ofiziala, nahiko pertsonala zen, neure bizitzarako behar nuelako hasi nintzen material hau lantzen. Nire galdera zen nola egin emakume eta ama izanda idazle ere izateko? Orduan, emakumezko idazle arrakastatsuen biografiak miatzen hasi nintzen, ikertzen, bakoitzaren baliabideez, aukerez eta erez gehiago jakiteko, eta konturatu nintzen nik nahi nuena ia ezinezkoa zela, ikerturiko emakume bat bera ere ez baitzen ama. Alde bat sakrifikatu egin behar zela ulertu nuen, edo ordura arte sakrifikatu izan zela behintzat, eta biak batera egitekotan nahiko berritzailea izan beharko nintzela derrigor. Dena den, topatutako emakumeen mundua aurkikuntza itzela izan zen niretzat, izan ere, euskal filologia egin nuenean ez nuen emakumerik ikertu, karreran ez zen emakume bakar bat ere ikasten. Nik ez dakit gaur egunean irakasten diren, pentsatzen dut baietz: Urretabizkaia, Mintegi... batzuk irakatsiko dituztela, baina orain dela 20 urte ez zegoen emakume gairik: ez idazlerik, ez sentsibilitaterik, ez ezer. Hasierako urte haietan ikertutakoarekin sortu nuen lehenengo tailerra: “Paris-Londres-Berlin. Emakumeen abangoardia litearioak”. Eta ikasi nuen tailer hura emakumeen literaturaren historiaren zati bat baino ez zela, eta orduan denboran atzera egiten hasi nintzen, gero eta gehiago, eta hortik sortu zen “Emakumeen literaturaren historia” ikastaroa. Ohartu nintzen hori guztia gertatu zela erdal kulturetan, baina Euskal Herrian? Hala hasi nintzen euskal literatura ikertzen eta hala aurkitu nuen Euskal Herrian dagoen pobrezia, matxismoa, misoginia. Hortik sortu zen “Emakumeok eta euskal literatura” ikastaroa baina, agian, gehiegizko materiala zela pentsatu nuen, eta oinarrizkoagoa zen “emakumeok irakurle” ikastaroa sortu nuen. Beraz, mendebaldeko kultura lehenbizi, Euskal Herrikoa gero eta, nire interesari eta ikasleenari jarraiki, beste kulturetako emakumeen literatura arakatzen hasi nintzen, eta hortik “Munduko emakumeen literatura” materiala sortu nuen. Hamar urtetik gorako prozesua da hori.
Hamar urteren ostean komikira egin duzu salto?
Bai nolabait nekatu egin naiz ohiko liburuekin. Nekea, haserrea eta asebetearen sentsazioa elkartu zitzaizkidan, eta horregatik mugitu naiz komikira. Hamasei urte hauetan neure formakuntza feminista sakona eta propioa garatu dut, teorikoa zein praktikoa, eta komikira heldu nintzerenako zama teoriko-praktiko handia nuenez, arin eta erraz osatu dut gaiari buruzko material ona. Oinarri handia nuen eta begirada oso ondo landua, eta horixe zen komikian zegoen beharrik handiena: begirada femenino eta feministatik ikertzea. Komikia aire freskoa izan da niretzat; batetik, forma berriekin lan egitea atsegin dudalako eta beste plaza batzuetara eramaten nauelako, orain arte plazetara ere joaten naiz; eta, bestetik, oso ikasle gazteekin jartzen nauelako kontaktuan eta hori ezinbestekoa delako niretzat, mugimendu, pentsamole eta modu berriekin kotaktuan egoteko.
Feminismoa eta literatura. Noiz gurutzatu ziren zure barruan bi hitz horiek?
Literatura beti egon da nirekin. Familiakoek diote nitaz dituzten oroitzapenetan liburu batekin azaltzen naizela beti. Eta feminismoa nerabezaroan aurkitu nuen, sexualitateari lotuta. Sexu kontuetan hasi nintzenean jendartean sexualitateari zegokionez moral bikoitza zegoela ikusi nuen, eta moral bikoitz horren alderik txarrena guri, emakumeoi tokatzen zitzaigula. Sexu-harreman asko zituen gizona miresgarria zen eta emakumea, aldiz, puta. Hori oso gaizki bizi nuen, eta hasieran mutiko bilakatzen saiatu nintzen. Duela gutxi topatu ditut garai hartako argazkiak, eta shock-a izan da. Banuen sentsazio haren oroitzapena, nola nire emetasuna ezkutatzen saiatzen nintzen, baina ez nintzen argazkiekin oroitzen: mutiko bat nintzen! Flipatu egin nuen, barruko zirraraz oroitzen bainintzen, baina ez kanpora ematen nuen irudiaz. Baina trabestismoa ez nirea, ez nuen neure burua trans kontuetan ikusten, ez zen nirea, eta orduan feminismoarekin konpondu nuen neukan ezinegona. Feminismora jo nuen eta, ordutik, bizitza osoan izan naiz feminista eta literaturzalea.
Mundu osoko emakumeek idatziriko literatur lanak bildu eta ikertu dituzu. Zergatik da garrantzitsua emakumeek idatziriko literaturan espezializaturiko liburutegia sortzea?
Emakumeen liburuak, liburu berezituak nekez topatzen dira ohiko liburutegietan, batez ere, eleberriak ez badira. Beraz, liburu horiek topatu ahal izateko lekuren bat behar dugu. Bestetik, beste emakumeen ahotsak ondo ezagutzeko, haien ahotsetan, haien liburuetan irakurri behar dira. Gauza bat da nik afrikako emakume baten inguruan esan dezakedana, eta beste bat berak bere buruaz esango duena. Eta jakina, bere esana nirea baino askoz ere hurbilagoa, egiazkoagoa eta garrantzitsuagoa izango da. Beraz, ezinbestekoa da beraien hitza eskura egotea.
Zer da munduko hainbat txokotako emakumeen literaturan han eta hemen errepikatzen dena? Zer du literatura horrek komunean?
Erak eta gaiak. “Emakumeak eta literatura” hitzak entzuten ditugunean emakumeez eta eleberriaz ari garela pentsatzen dugu sarri, baina literatura eleberriari lotzea mendebaldeko ohitura da; hemendik kanpo literaturarekiko harremana beste era batekoa da. Kontuan hartu munduko hainbat txokotako analfabetismoa; handia da Afrikan, esaterako. Emakumeok ahozko eran harremandu izan gara maiz literaturarekin. Ahoz sortu, gorde eta transmititu izan dugu literatura. Euskal Herrian hori oso argi ikusten da, eta euskaldunok ez dugu arazorik baieztapen hori sinesteko. Baina hor daude emakumeek sortu dituzten literatura idatziko hainbat molde ere. Emakume pobreek normalean ez dute libururik idazten, baina askotan beren istorioa emakume ikasketadunei kontatzen diete, eta horiek idazten dute liburua. Mundu osoko autobiografia lagunduak horren adibide dira. Emakumeok literaturaren ikuspegi zabala izan dugu beti. Hortan oso zuhurrak eta argiak izan gara. Beti jakin izan dugu literatura ez dela liburuak sortzea bakarrik, literatura badela liburuak mantentzea ere, gordetzea, uztea, zubiak eraikitzea, argitaratzea, argitaratzeko urratsak ematea, dirua ipintzea, girotzea, liburuei buruzko eztabaidak eratzeko lekuak sortzea... Hori dena eren aldetik, gaiei dagokienez idazleen gizarte maila hartu behar dugu beti kontuan: burgesak badira, emakume horien arazoak, interesak, kezkak eta grinak antzekoak izango dira mundu osoan. Antzekoagoak dira gizarte maila bereko emakumeen lanak, bata mendebaldekoa eta bestea Indiakoa izan arren, leku berekoak eta gizarte estamendu diferentekoak direnean baino. Baina kontatzeko eta aldarrikatzeko dutena askotan da antzekoa, are gehiago “emakume gaietan” sartzen bagara: amatasuna, alabatasuna, amodio-kontuak, jasaten dugun matxismoa edo misoginia... Hori mundu osoan konpartitzen dugu.
“Literatura femeninoa” izendapena despektiboki erabili izan da, ordea. Idazle guztiek nahi dute literatura idatzi, ez literaturaren azpiatal bat...
Bai, hori hala da, eta gainera ulertzekoa da. “Literatura femeninoa” beti era despektiboan erabili da, eta inork ez du soinean mespretxuzko kutsua daraman ezer eraman nahi. Literatura femeninoa bigarren mailakotzat jo izan da beti. Kontua da arazoa ez dela terminoa, terminoari atxiki zaion mespretxuzko kutsua baizik. Ez diogu terminoari beldurrik izan behar, alderantziz, duintasuna eman behar zaio, matiz positiboa eman behar zaio. “Femenino” hitzak duen kutsu negatiboari aurre egiten badiogu bakarrik konponduko dugu arazo hau, gu geu, emakumezkook baikara bigarren mailakotzat hartuak, izan literaturan izan beste edozertan. Feministok beti izan gara femenino terminoarekin lan egitearen aldekoak, gure lana ez da etiketa horien kontra jotzea izan, duten duintasuna, sakontasuna eta seriotasuna ezagutzea, azaltzea eta transmititzea baizik. Bere lekuan ipintzea. Etiketa horiek duten alde ona gaia argitara ateratzen dutela da: azken hamar urteotan asko ari da eztabaidatzen literatura femeninoaren inguruan, emakumeen literaturaren inguruan... Eta hori ona da, errealitate hori plazaratzen baita, eta eztabaidaren bitartez emakumezko idazleen izenak, haien obrak, erak etab. ezagutarazten baitira. Eztabaida dagoen bitartean bi alde daude, eta biak entzuten dira, baita gurea ere. Lehen bakarra entzuten zen.
Eider Rodriguezi irakurri genion maiz saiatu izan direla emakumezko idazleak beren izen-abizenen ondotik emakume hitza mandeulia bailitzan uxatzen, idazle bat gehiago, idazle normal izan nahian. “Hemen eta orain idazle normal izateko gizonezko izan beharra dago”, baieztatzen zuen, ordea.
Jakina. Eta mandeuliarena etiketa horri jarri zaion zamatik dator. Baina mundu honetan guztia etiketatzen da, ez dago neutroa izateko aukerarik. Ez dago ezer neutrorik. Gizonezkoek beren burua neutraltzat agertzen dute. Gizonezkoen mundua neutroa, unibertsala eta objektiboa dela saldu zaigu, baina ez da egia. Gizakiak garen heinean, subjektuak garen heinean ez gara objektiboak, ezinezkoa da. Objektibitatea da, hain zuzen, emakumezkook desautorizatzeko erabiltzen duten tresna. Ez dago beste irtenbiderik, gure etiketari ezarri zaion mespretxuzko kutsuari aurre egin behar zaio, baina horretarako indarra behar da, eta tresnak, baliabideak. Eta hori, nik dakidala, orain arte euskal kritikari feministok baino ez dugu egin. Nik ulertzen dut idazle bat, are gehiago feminista ez bada, horren aurrean oso ahul agertzea, eta gizonezkoen aurrean oso goxo eta maitekiro, onartua izan nahian. Horri guztiari aurre egiteko indar handia behar da, eta nik dudan indarra feminismoak ematen dit. Beste ezer abino lehen feminista bazara, inoiz ez zara bakarrik sentitzen, mundu osoan zehar oso zabaldurik dagoen mugimendu indartsu bateko parte sentitzen baitzara. Desautorizazioaren aurrean kritikari, idazle edo sortzaile gisa azaltzen bazara, jai duzu, frustrazio pertsonaltzat, purrustadatzat hartuko baitute zure kexa. Feminista gisa bakarrik egin diezaiokegu aurre desautorizioari, feminismoak ematen ditu indarra, tresnak eta berdur eza, nahiz eta mespretxu eta misoginia handiak jasan behar izan. Baina nik oso argi nuen euskal kulturan bere izenaren atzean “feminista” etiketa zeraman norbaitek egon behar zuela, belaunaldi berriek nora begiratu izan zezaten. Inportantea da leku guztietan, gutxienez, figura feminista bat egotea.
Ikusezintasunari aurre egiteko da ezinbestekoa etiketatzea, izendatzea?
Jakina. Aipatzen ez dena ez da existitzen. Euskal esaera zaharrak dio: “izena duena bada”. Kontua da izenari atxikitu zaion bigarren edo hirugarren mailako mespretxuzko kutsua. Horrekin lotuta dago ghettoaren etiketa ere. Nik hamaika aldiz entzun behar izan dut Skolastika ghettoa dela. Femeninoa ez dago normalizaturik, eta historiak dio normalizatze-prozesu guztietan existitu izan direla ghettoak. Eta beti existituko dira. Ghettoak behar-beharrezkoak dira gutxiengoak indartzeko, babestuta sentitzeko, afirmatzeko... ondoren kanporatu ahal izateko. Nik ghetto lana egiten dut hemen, ez dakit noiz lortuko dugun emakumeen literatura normalizatzea, baina lortzen ari garen bitartean leku hau, ghetto hau beharrezkoa da.
Baina hau ez da eztabaida berria. Noiz arte egongo gara gai berberari bueltaka?
Euskal Herrian orain bizitzen ari garena beste leku batzuetan bizi izan da lehenago: Ingalatarrean, Alemanian, Frantzian... Eta eztabaida hau Europa osoan eman zenean benetan eztabaidatu zen. Euskal Herrira iritsi zenean ni izugarri pozik jarri nintzen, aurrez jarraitzen bainuen kontua, eta jakinminez nengoen Euskal Herrian nolako eztabaida sortuko zen ikusteko. Baina, tamalez, hemen ez zen eztabaidarik sortu, emakume idazle guztiek ezetz esan baitzuten, beraiek ez zirela emakume idazleak, idazleak zirela, eta ez zegoela eztabaidarik. Eztabaidatu ez zenez, argitu gabe, garbitu gabe gelditu zen kontua, eta behin eta berriz aterako da gaia ondo eztabaidatzen den arte. Bestela hor jarraituko du, edozein kulturatan argitu eta garbitu beharreko arazoa baita. Kultur arazoa da.
Kanonetik bereiztea da etiketa jartzea, baina zeintzuk dira literaturgintza kanonikoaren ezaugarriak?
Literatura kanonikoa, maisulanak –ez maistralanak-, adibide gisa jartzen diren liburu unibertsal horiek, gizonen liburuak dira. Eta gainera, ez edozein gizonenak. Gizon hori zuria, anglosaxoia, heterosexuala eta burgesa izan da gehienetan, eta jakina, gaiak, erak eta gainontzekoak beraiek ezagutzen dituztenak eta haien interesekoak izan dira. Emakumezkook ez dugu tokirik hor, objektu gisa baino ez. Gainera, kanona sortzeko ez da nahikoa gizonezko bat. Kanona, 4 gizonezkok sortzen dute: idazleak, argitaratzaileak, kritikariak eta irakasleak. Idazleei bakarrik begiratzen badiegu kanon partziala ari gara aztertzen, kanon osoa ondo neurtzeko lau subjektu horiek hartu behar dira kontuan. Horrela ondo ikusten da emakumezko idazle batek egin beharreko ahalegina eta gainditu beharreko oztopoak, zeren kontra egin beharko duen kanona izatera iritsi nahi badu. Idazle izatea lortzea ez da nahikoa, haizealde izan behar dituzu argitaratzaileak, kritikariak eta irakasleak ere eta, askotan, aurkakoagoa izaten da kritikarien eta irakasleen jarrera, idazleena edo argitaratzaileena baino.
Emakumezko idazleek publikatuak, irakurriak, kritikatuak, aholkatuak izateko gizonezkoen beharra badute, botere guneak gizonez josita badaude, normala da normalak izan nahi izatea...
Euskal Herrian zer da idazle normala izatea? Euskal kanona gizonezkoa, gipuzkoarra, narratzailea eta politikoki epela da. Eta hori ez diot nik, beste baten hitzak dira. Eta, jakina, gu hori ez garen neurrian ez gara sekula kanona izango. Aukera bakarra kanona aldatzea da. Nola? Etiketak berriro esanahiz betez. Eta horretarako edo feminista zara, edo ezagutza teoriko handia behar duzu. Eta horretarako prestatuago gaude kritikariok idazleak baino. Askotan idazleek ez dute behar beste baliabide teoriko izaten aipaturiko guztiari aurre egiteko. Guk bai. Nik betidanik salatu dut emakumeok sorturiko literaturaren inguruan egiten ari den eztabaida oso eztabaida azalekoa eta okerra dela, gaiak baino ez baitira kontuan hartzen. Edozein kritikarik badaki liburuen aurrean ez direla gaiak bakarrik ikertzen. Ikertzen direla gaiak, azpigaiak, gaien tratamendua, espazioa, denbora, estiloa, pertsonaiak... Printzipioz, kritikari guztiok dakigu hori, nahiz eta batzuei komeni zaienean ahaztu egiten zaien. Ganorazko eztabaida egitekotan guk badugu nahiko baliabide teoriko gure tesiak defendatzeko eta desautorizazioei aurre egiteko, baina normalean egiten den eztabaida oso txapuzeroa da, oso behe mailakoa, eta ez da kasualitatea.
Zein zailtasuni egin behar die aurre intelektualitatean saiatzen den emakumeak?
Desautorizazioa da gure aurka erabiltzen duten baliabiderik eraginkorrena. Desautorizazio hori oso konplexua da, eta era gordinean edo xuabean ematen da. Ni oso era feministan agertzen naiz, beraz, nik jasoko dudan desautorizazioa gordina izango da. Esango didate feminista naizela, feminista erradikala naizela, eta beraz nire iritziak ez duela balio, esajeratua naizela, histerikoa eta partziala naizelako. Hori oso gordina da. Baina egongo dira xuabeagoak ere, zure iritzia etengabe zalantzan jarriko dutenak. Beste batzuen tresna, zuzenean kasurik ez egitea da, eta hori da gehien erabiltzen dena. Ezikusiarena, ezentzunarena eginez desautorizatzen zaitut. Euskal Herrian norberaren agertzeko moduaren arabera ezagutzen dira desautorizazio-tresnak. Gogorra bazara gogor desautorizatuko zaituzte; xuabea bazara xuabe. Euskal kulturan garbikeria handia dago, dezentismo handia. Oso dezenteak, oso txukunak eta garbiak gara denok. Gugandik espero dena agertzen dugu publikoki. Eta emakumeak garen heinean, zer espero da gugandik? Zintzoak eta politak izatea; xuabe hitzegitea; kontrako iritzirik ez ematea; maitekiro, lagun agertzea... Lehen esan dut honi kontra egin diogun bakarrak kritikari feministak izan garela. Zergatik? Guk ez dugulako itsusi edo zakar agertzeko beldurrik. Nik badakit askoz errazagoa dela maitagarri, lagun, kide agertzea. Baina nik ezin dut. Euskal kulturan garbikeria handia dago. Emakume guztiok jasan ditugu gure aurkako erasoak, zirkulu txikietan kontatzera ausartzen garenak, baina kanpora begira garbikeria handia egoten da, ez ditugu kontatzen. Hasieran uste nuen Estokolmoko sindrome handia genuela Euskal Herriko emakumeok; gero konturatu nintzen beldur handia zegoela, eta geroago ohartu naiz garbikeria kontua dela. Hori euskal kultura osoan ikusi dut, bai emakumeengan bai gizonezkoengan. Oso penagarria da dagoen azpijokua, azpijoko horren ezagutza eta salaketa eza. Ez dakit inoiz euskal kulturan dagoen zikinkeria garbituko den, orain arte garbikeriaz tratatu da guztia: dena oso garbi dago baina denok dakigu ezetz. Eta hori boz gora esan behar dugu. Nik nire arloan emakumeoi emakume izatearren ematen zaigun tratua, matxismoa eta misoginia itzela salatuko ditut. Esan egin behar da, hori baita euskal kulturak duen zulo handia. Hortik energia handia joaten da. Gainera, garbikeria horren ondorioz, kulturan saiatzen diren emakume gazteek ez dute ikusten beren aurka martxan dagoen mekanismo pila, eta “normalak”, “neutroak” balira bezala idazten dute, egiten dute bertsotan... Gaztetxo horiek hasieratik jakingo balute benetan zer dagoen, ez lirateke engainaturik ibiliko, ez lukete euren aurrekoek bezala harri bakoitzarekin estropozu egin beharrik izango. Baina ez dakite, dagoen garbikeriak itsutu egiten baitu. Eta jasoko dituzte erasoak. Nire neurria da: zenbat eta feministago agertu orduan eta misoginia handiagoa jasoko duzu bueltan, alderantziz proportzionala izango da.
Erasoek ez zaituzte beldurtzen?
Nik Skolastikak berak ematen didan indarra dut eta, batez ere, askatasun osoa. Zergatik hitz egiten dut nik hitz egiten dudan moduan? Ba, Skolastika daukadalako. Hau ez da unibertsitatea, beraz, nik ez dut inori azalpenik eman beharrik. Salbuespenak salbuespen, nire ustez, beldurra da, batez ere, Euskal Herriko emakumeok isiltzen gaituena. Nik ez dut nire lanpostua galtzeko beldurrik, eta nire mugimenduaren kontra egingo dutela jakiteak ez dit beldurrik ematen, oso ohituta bainago horretara. Feministontzat hori ez da berria. Eta, zorionez, urte hauetan nik arrakasta handia izan dut: eskaera eta ikasle propioak ditut, gero eta gehiago. Baina Skolastikak ematen didan askatasuna da libratzen nauena, hori dela eta hitz egin dezaket, sistematik kanpo nabilelako. Sistema barruan egongo banintz ni ere isilago nengoke. Hala ere, gero eta gehiago dira sistema barruan egonagatik argi hitz egiten duten emakumeak. Ni ez naiz gai hau landu duen bakarra izan. Lehenago, Itxaro Borda, Linda White, Laura Mintegi, Inma Errea, Gema Lasarte... izan ziren, eta orain indarrez datoz Iratxe Retolaza, Amaia Alvarez Uria...
Nola egin emakumezkoen hitzak gizonezkoen hitzak adinako pisua izan dezan?
Esateko era oso garrantzitsua da. Nik uste dut emakume gazte batentzako garrantzi handikoa dela nire adineko emakume bat gizonezko baten aurrean beldurrik gabe hitz egiten ikustea. Ispiluak, erreferenteak ezinbestekoak dira, gizonen aurrean bedurrik gabe egon daitekeela jakiteko. Guk geuk geure berbari garrantzia ematea da lehen urratsa. Eta Skolastika moduko tokiak ezinbestekoak dira normalkuntzara bidean. Ez dago gauden lekutik normalizazioraino pausu bakarrean eramango gaituen biderik. Bitartekoak behar ditugu, asmoak, ahaleginak. Horregatik ezinbestekoa da Skolastika, ezinbestekoa da Sareinak, ezinbestekoa da Emakume Idazleen Elkartea. Esfortzu guzti horiek ezinbestekoak dira, eta esfortzu guzti horien gehiketa izango da aurrerapausurik handiena. Sarean lan egin behar da.
Emakumeen eskubideetan aurrerapen handiak izan ditugula aipatzen da sarri. Hori islatzen al da literaturan?
Nik datu objektibo bat ematen dut beti. Duela 12 urte hasi nintzen euskal literaturan emakume idazleen ehunekoa zein zen aztertzen, eta garai hartan %12 ziren emakumezko idazleak. Urteak aurrera %12, %10, %11, %9... gorabehera txikiak izan ditu zifra horrek, eta azkeneko bi urtetan %15 izan dira. 12 urtetan %12tik %15 izatera pasa gara. Alde handia iruditzen zaizu? Jendarteko zurrumurrua da oso lorpen handiak egin ditugula, baina begira, datu objektiboek ezetz esaten dute. Eta hau zergatik da? Literaturari buruzko datuak beti liburutan neurtzen direlako. Beste leku batzuetan lorpen handiagoak eman dira: unibertsitatean gehiago gara, euskal kulturan orokorrean ere bai... Igoerarik handiena ilustratzaileen artean eman da, eta ez liburugileen artean. Literatura ez da idatzia bakarrik, eta idatzizko literatura ez dira eleberriak bakarrik. Igoerarik baxuena, hain justu, eleberrigintzan eman da.
Zergatik ez dira datu horiek publiko egiten?
Lehen aipaturiko garbikeriaren adibide bat emango dizut. Nik beti aipatzen ditut datu hauek: hitzaldietan, elkarrizketan, ikastarotan... Hain zuzen, zenbakiak objektiboak direlako eta, feminista naizen aldetik, nire hitzak beti zalantzan jariko direlako esajeratuak, subjetiboak eta partzialak direla esanez. Datu hori oso esanguratsua da, eta ni urtetan saiatu naiz zifra hori Jon Kortazarri helarazten. Duela bi urte aurrez aurre izan nuen eta, gainera, emakumezkoen literaturari buruzko ekitaldi batean. Eta galdera egin nion: Jon, zuk badakizu gaur egun emakumeok ehuneko zenbat garen euskal literaturan? Itxaron, itxaron..., esan zidan, altxa eta joan egin zen. Fisikoki. Ez entzuteko. Joan egin zen. Hori desautorizazio hutsa da, ez entzun nahia, eta ez entzuteko alde egin behar badut, banoa. Hori da Euskal herrian ematen den deusatorizazio modurik argiena.
Virginia Wolfek 1928an idazteko gela propio bat eskatzen zuen. Zer behar dute oraingo emakume idazleek idazle izan ahal izateko?
Gela propioa, berdin-berdin, eta diru propioa, denok bai baitakigu gela propio hori mantentzeko diru propioa behar dela. Gela propioa, diru propioa, pentsamolde propioa... eta taldean lan egitea. Biak batera egiten ikastea: bakarkako lana eta taldekakoa. Lan kulturaletan oso isolaturik ibili gara Euskal Herrian eta gure taldea topatu behar dugu, ze norberak bere kabuz lan egitea oso ondo dago, baina ez ahaztu badaudela zenbait gauza taldeka baino lortu ezin daitezkeenak. Bestalde, inportantea da eredu batzuei buelta ematea ere, gaur egungo ereduak ez baitira jasangarriak. Esparru publikoan aritu direnak gizonak izan dira orain arte, eta beraien eredua eraman dute alor horretara, eta eredu horren barruan gizonek ez zeukaten etxekolanik, ez zaintzarik... Baina guk bai, badugu, eta arlo publikoan orain arte egon den eredua guretzat ez da baliagarria. Beraz, eredua bera da kuestionatu behar duguna, ostantzean, zer edo zer handia sakrifikatu behar izango dugu. Eta handia diodanean diot amatasuna, edertasuna, osasuna, zoriontasuna... Arrakastaren beraren definizioa ere kuestionatu egin behar genuke: zer da arrakasta? Lorpen publikoak? Izan liteke, baina agian ez da nik nahi dudan arrakasta mota, edo agian nahi dut baina ez ehuneko ehunean. Agian nire arrakasta erdi eta erdi izatea nahi dut arlo publikoaren eta pertsonalaren artean. Hori aldatzen ari da eta aldatuko da, ez dago atzera bueltarik.
Azken urteetan plazaratu diren idazle gazte asko emakumezkoak dira, baita bertsolari gazte asko ere. Kanona izatera iritsiko direla uste duzu?
Maialen Lujanbiok lortu du. Kanona baldin bada liburutegietako apaletan egotea, DVDetan azaltzea, eta eskoletan irakastea... bai. Esan bezala kanona autoreek, argitaratzaileek, kritikariek eta irakasleek egiten dute eta, irakasleen artean emakumezkoen zenbakiak oso altuak dira. Seguruenik gaur egun errazagoa da irakasle batek Maialen Lujanbioren lana hautatzea adibide gisa, besteak beste, irakaslea bera ere emakumezkoa delako eta autore horrekin identifikatuta sentitzen delako. Lorpenak oso eskasak dira, baina etengabeak. Nahiz eta nire diskurtsoa gogorra izan zan, oso baikorra naiz, aurrerapenak ikusten ditut.
Une honetan emakumezkoa da gure ahozko literaturaren ahots nagusia: Maialen Lujanbio. Zer balio sinboliko du txapelak Lujanbioren buruan?
Sinbolikoki erraz ikusten da: emakume bat ikusi dugu, bere hitzak entzun ditugu, bere hitzak saritu ditugu. Baina praktikoki ikusiko da. nik uste dut oso momentu historiko ona dela Maialen Lujanbioren txapelak aurrerapausu bat ekar dezan, aprobetxatu beharreko momentu da, gaur egun behar adina emakume gara lorpen horren fruitua atera nahi dugunak, ea hala den. Nik uste, jakingo dugula gaurrerapen guztiak aprobetxatzen.
Esan esan, Euskal Herrikoa gizarte matriarkala izan dela entzuten dugu maiz. Sekula existitu al da matriarkaturik hemen?
Nik behin eta berriro esaten dut Euskal Herrian ez dela sekula matriarkaturik izan eta, gainera, matriarkatua egon dela sinesteak kalte handia egin digula emakumeoi, batez ere, gure benetako boterea ez dugulako sekula ondo neurtu. Matriarkatua egon dela sinesten badugu gure boterea kristorena dela sinesten dugu eta ez da egia, gure boterea ez da sekula kristorena izan. Lehenbailehen errebisatu beharreko kontzeptua da matriarkatuarena. Hori argitu beharra dago, ez da sekula egon eta gaur egun ez dago.Dagoena matxismo itzela da.
Inoiz inon existitu al matriarkaturik?
Agian iragan mitiko batean... baina, mitoak mitoak dira. Noizkoa da garai mitiko hori? Gaur egun ez dago. Tamalez, mundu osoan dauden jendarte guztiak patriarkalak dira, baita Txinako Mo-so jerdartea ere. Iraganean egon dira matriarkalismo batzuk... Baina guk ezagutzen dugun jendartea patriarkala da oso-oso aspalditik, batez ere, gure kultura sinbolikoan. Gure kultura sinbolikoan ama aspalditik dago hilda.
Sareinak-eko kide ere bazara. Zer azpimarratuko zenuke sortu zenetik Sareinakek egindako ibilbideari eta lanari buruz?
Talde bat dela. Sareinakek erakutsi zidan ez nintzela arraroa edo obsesoa. Konturatu nintzen ez nagoela zoraturik, nik ez ditudala gauzak oker ikusten, nire erara, Iratxe Retolazak, Amaia Alvarez Uriak eta Gema Lasartek ere nik ikusten dudan misoginia ikusten dutela. Gainera, baliabide teoriko-praktiko handiak dituzte. Pertsonalki, beste literaturzale eta literaturgile feminista batzuk ezagutzea eta haiekin lanean aritzea oasia izan da niretzat, oso isolamendu handian lan egin behar izan baitut. Sareinaken eztabaida handiak sortzen dira, eta oso ondo dago hori, feminismoak, pluralean, dauden seinale. Nik, nire garaian, gehien interesatzen zitzaidana, gehien betetzen ninduena, nire lanari ondoen egokitzen zitzaiona hautatu nuen; baina Iratxek teoria feministaren beste ikuspuntu bat hautatu du, eta Amaiak beste bat. Eta niri izugarri gustatzen zait kritika feminista egiteko era horien emaitzak ikustea. Ikustea zer gertatzen den literaturan feminismoaren beste baliabide batzuk aplikatzen badira, Iratxek egiten duen bezala, adibidez. Hori, metodologien aldetik. Bloga dugunetik oihartzun handiagoa dugu eta etengabeko pentsaera lantzeko aukera ematen du, elkarrizketan oinarritua. Frogatu dugu Euskal Herrian ganorazko feminismo teorikoa eta praktikoa jasotzeko egarria dagoela, eta hutsune hori betetzen ari gara, nahiz eta hau arnas luzeko egitasmoa den.
Azken urteotan emakumeek egindako komikiak eta eleberri grafikoak aztertu dituzu. Zergatik dira lan hauek bereziki interesgarriak?
Oso berritzaileak, modernoak, apurtzaileak, freskoak eta indar handikoak direlako eta irudia dakartelako. Aipatu dut badaudela lorpen batzuk taldeka baino lortzen ez direnak, eta komikia da adibideetako bat. Komikiaren mundua oso mundu matxista eta misoginoa izan da. Emakumeok mundu honetan indartsu sartu izana talde feminista baten ondorio izan da. Wommen´n comixs taldeak lortu zuen, AEBetan. Wommen´n comixs-ekoek 70. hamarkadan gizonezkoen mundu itxian sartzea lortu zuten, eta une hartatik aurrera bata bestearen atzetik agertu dira emakumeen izenak eta irudiak. Komikiak primeran islatzen du emakumeen begirada. Emakumeen begirada irudien bitartez hitzen bidez baino askoz hobeto islatzen da. Askoz arinago iristen da irudia hitza baino. Mundua nola irudikatzen dugun ondo ikusten da komikietan, horregatik gustatzen zait, oso bitarteko hurbila eta arina delako. Eta begiradaz gain hor daude gure gaiak, gure sentimenduak, tratamenduak, koloreak, trazoak...
Gehienen izaera autobiografikoa azpimarratu ohi da. Zergatik dute emakumezko sortzaileek beren buruaz hitz egiteko beharra?
Orain arte ezin izan dugulako egin, historikoki asetu gabeko premia da. Mundua nork kontatu du? Kanonak kontatu duela esan digute, beraz, gizonezkoek. Lehen aipatu gisako gizonezkoek. Beraz, kontatzeko hainbat era egon badira ere, kontatzeko era bakar horrek unibertsaltasuna hitza beretzat hartu du. Kritika tradizionalak, kritika matxistak betidanik erabiltzen duen aurrejuzkuzko diskurtsoa dago hor: gizonezkoek mundua kontatzen dutenean mundua kontatzen dute; emakumezkoek mundua kontatzen dutenean beren mundua kontatzen dute. Hori nahita sorturiko aurrejuzkua da, guztiz intentzionala. Eta guk batzuetan sinestu egin dugu. Baina badakigu gure mundua kontatuz gure moduko emakume asko eta askoren mundua kontatzen dugula. Emakumeok askotan autobiografia eta nitasuna erabiltzen ditugu literatura egitean, baina nik ondo ikertu dut hori, eta edozein kritikariri azal diezaioket nola egiten dugun teknikoki. Nitasun handia dago emakumeen lanetan, baina lan horiek osotasunean aztertuz gero, gehienetan nitasunetik gutasunera doan bidea ikusten da. Hori literaturan ahots narratiboaren teknika bat da, anplifikatzea izena duena, zabaltzea, handitzea. Nitik gura. Hori, esaterako, Marjan Satrapik primeran egiten du Persepolis komikian. Liburuaren hasieran dio: Nire istorioa kontatuko dut. Eta bere istorioaren bidez kontatzen du bere familiaren istorioa, bere familia kokatzen den gizarte mailaren istorioa, eta horren bitartez Irango gizarte osoarena. Azkenean, Irango historia kontatzen du bere istorioaren bidez. Niaren bitartez, baina zer kontatzen du, bere mundua ala Iran osoa? Eta edozein kritikarik badaki hori topatzen materialean. Baina zergatik ez dute aurkitzen? Zergatik topatzen dut nik eta beste kritikari batzuek ez? Agian ez dutelako topatu nahi edo ez dakitelako topatzen. Nik inolako arazorik gabe demostratu dezaket “emakuemek beren intimitateari buruz idazten dute” diskurtsoaren faltsukeria. Demostragarria da baliabide literario eta teknikoen bitartez. Esan digute, eta guk sinistu, zerbait inportantea kontatzeko oso istorio handiak kontatu behar direla. Historia kontatzeko oso istorio handiak kontatu behar direla, eta ez da egia! Historia handia istorio txikietan ere badago, eta guk oso ondo dakigu istorio txikiak kontatzen. Istorio txiki horiei berez duten handitasuna eman behar zaie.
Komiki hauetariko gehienak zuri-beltzean eginak dira. Zergatik?
Batzuetan istorioak oso beltzak direlako. Komikien bitartez material bikaina topatu dut emakumeen mundua islatzeko, irudikatzeko. Komikiaren bitartez frogatu dugu emakumeok jasotzen ari garen jarrerarik misoginoenak ere kontagarriak direla. Kontatzeko zailak diren istorioak ez dira hain zailak irudikatzeko. Horren adibide demasa da “Quiéreme bien”, Rosalind B. Penfold-ena. Egileak, tratu txarrak jasaten ari zen bitartean, irudiak egiten zituen. Tratu txarra gertatu eta gero, bere buruarekin egoteko momentuan irudiak sortzen zituen, eta gorde. Tratu txarren istorio beltz hori pasa zenean, terapia bat egin zuen eta terapeutari marrazturiko irudien berri eman zion. Orduan berreskuratu zuen irudiak gordetzen zituen kutxa, eta terapeutari erakustean konturatu zen irudiek bizi izandakoa zeinen ondo islatzen zuten. Irudi haiek bat-batekotasuna zuten: jaso eta esan, irudietan ipini. Terapeutak, terapia gisa, irudi haiek ordenatzeko esan zion, eta istorio baten moldean sartzeko. Hori egindakoan komiki baten aurrean zeudela konturatu ziren, eta hala sortu zen “Quiereme bien”. Komiki hori goi mailako baliabide narratibo batekin hasten da: autoreak irakurleari esaten dio: “Hartu ezazu literna hau eta, mesedez, zuzendu hona”, eta Rosalind bera ikusiko dugu kutxen artean. Aurkitzen du kutxa, jaisten du apaletik eta esaten du: “hemen, hemen daude”. Lurrean esertzen da eta dio: “hemen dago nire istorioa”. Horrela hasten da. Lan hauen bitartez argia ematen ari zaio ilunpean egon den hainbat istoriori. Oso onak dira jendartean isilpean, ilunpean dauden gaiak argitara ateratzeko, ikusarazteko. Gauza bakarra falta da: kritikariok baliabide teorikoak garatzea gertatzen ari den fenomenoa ondo kontatu ahal izateko. Komikiak freskotasun handia ekarriko dio dinosauro samar dabilen mendebaldeko literaturari.
Espazio aldetik, kokagune desberdinetan kokatzen dira emakumezkoen komikiak?
Neurri handi batean, jakina. Gizartearen antolakuntzan non egon gara gu? Espazio pribatuetan, eta emakumeen lan guztietan, ez komikietan bakarrik, espazio hauek dira, batez ere, agertzen direnak. Hori da guk ondoen ezagutzen dugun mundua eta hori, diotenez, maxima bat da idazleen artean. Idazleek ezagutzen dutenetik abiatuta idazten dute. Halere, nik ez dut topiko gehiago eraiki nahi. Hau da gailentzen den joera baina emakumeen komikietan denetarik dago, gaiak, pertsonaiak, irudiak... eta espazioetan ere aniztasun handia dago.
Etxea, babesaren metaforatzat ikusi izan duguna, mehatxuzko espazioa da komiki hauetako askotan.
Bai, nahiko engainaturik ibili gara espazio pribatua dela eta. Sehaska kantetan espazio pribatua toki segurua zela irakatsi ziguten: kanpoan arriskua, etxean babesa. Eta maiz kontrakoa izan da. Hainbat kasutan etxean jaso dira tratu txarrak, bortxaketak, inzestuak, sexu abusuak... Eta tratu txarrak esaten dudanean ez naiz senarrek emazteei emandakoez bakarrik ari, baita aiek alabe emandakoez, anaiek arrebei emandakoez etab. ere. Hainbat arazo sozial, hainbat drama etxeetan bizi dira: alkoholismoa, drogomenpekotasuna... Hori guztia kontatu egiten da komiki hauetan, oso era gordinean, gainera. Horren adibide garbiena “La muñequita de papa” liburua da, Debbie Drechsler-ena. Primeran islatzen du etxe barruko giroa: beldurra, amesgaiztoak, asfixia, gaua... Biñetetan ez dago arnasa hartzeko lekurik, bete-beteta dago. Ez dago airerik etxe barruko irudietan, baina kanpoaldea ere berdin irudikatzen du, batek infernua barruan daramanean, edonora eramango baitu berekin. Komiki hauetan hiria ere mehatxuzko espazioa da. Egia da feministok kalea gurea ere badela aldarrikatzen dugula, baina arriskuak ikusten ditugu bazter guztietan. Komikia gure munduaren erakusleiho izan da. Roberta Gregory-ren “El puton” eta Phoebe Gloeckner-en “Vida de una niña” komikietan, adibidez, hippien garaian, underground eta kontrakultura mugimendua eman zenean, amodio askea aldarrikatzen zenean, emakumeek jasandako ekintza larriak kontatzen dira: asko eta asko drogaturik zeuden bitartean bortxatu egin zituztela kontatzen da, abortu ilegalen testigantza gogorrak jasotzen dira, aldarrikatzen zen askatasuna emakumeentzat ez zela hainbestekoa izan kontatzen dute... Orain, komikiaren bitartez oso gordeta zeuden emakumeen bizipen historikoak ari dira azaleratzen. Oraindik emakumeekiko dauden tabu batzuk komikien bidez argituko direla uste dut.