Dani Blanco
“Eurek jada gainditu dute, orain zoriontsu dira”. Bikote irribarretsuak erakusten dituzten iragarkiz bete dira egunkari eta telebistak, isurketa goiztiarrari aurre egiteko konponbideak salduz. Priligy isurketa goiztiarraren kontrako botika uztailean komertzializatu izanarekin zerikusia izango du, noski. Hala ere, Viagrak jarraitzen du eragiten zalaparta gehien eta zakila tentetzeko pilula urdinek gainezka egiten dute edozein ordenagailuko spam karpetan.
Hain hedatua dagoen medikamentu festa ez zen, ordea, beharrezkoa izango sexu harremana beste era batera ulertuko bagenu, eta eredu nagusi eta bakarra ez balitz izango sarketarena. Hots, ugalketa, koitoa eta beraz sarketa helburu eta funts baino ez duen sexua nagusitu da; gainontzekoa bigarren mailako praktikak dira. Pertsona bakoitzaren apetak baino, badirudi garrantzitsuagoak direla irizpide neurgarri eta objektiboetan oinarrituriko orgasmoak. Eta noski, pelikuletan, iragarkietan, denda eta farmazietan, lortu beharreko sexu perfektu hori saltzen digute, botiken bidez (edo botiken menpe).
“Sexua kontsumitzen ari gara, alde ludikoa pixkana ahazten, eta konplitu beharraren sentsazioagatik botiketara jotzen dugu, presio eta konplexurik gabe disfrutatzera joan beharrean. Kontua ez da sarketa saihestea, baina mekanizatua dugu jarduna: sarketa, sarketa egin behar delako, beste eredurik ez dugulako, eta ez agian gehien gustatzen zaiguna delako. Ez dago eredu bat atseginean bizitzekoa, plazera kontuan hartzen duena, pertsona aintzat hartzen duena, neurgarria ez dena… Hala, frustrazioa sor daiteke sarketarekin disfrutatzen ez badugu, eredu horren baitan konplitzeko gai ez bagara eta zakila tente jartzen ez bazaigu edo bagina lubrikatzen ez bazaigu”, diote Sustraia sexu elkartean aritutako Amaia Makazagak eta Bixen Ezeizak. Halakoetan, pertsona bezala anulatu egiten gara, helburu bakarra dagoela dirudielako, aho-genitalezko harremanera, masturbaziora, masajeetara edo beste hamaika praktikara jo beharrean: “Zergatik izan behar dugu denok jolasteko patroi bakarra? Ez al da hobe bikoteak berak erabakitzea nola nahi duen jolastu? Gizonari zakila tente jarri ez bazaio, jokoa bukatu egiten da; emakumeak esaten dio ez duela axola eta akabo, ez dute jarraitzen. Ez zaizula tente jarri? Eta zer? Goazen jolasten jarraitzera, agian altxatuko da, agian ez, agian erdizka… baina berdin dio, disfrutatzera etorri gara!”.
Eredu nagusi horren baitan ulergarria da medikamentuak ugaritzea, bakoitzak bere rola bete dezan: sarketa errazteko, iraupen jakin batez guztiz tente mantenduko diren zakilak, eta desioz (probokatua bada ere) behar adina irekita mantenduko diren aluak. Berdin homosexualen kasuan, harreman ludikoagoak izan daitezkeen arren, rol femeninoa eta maskulinoa mantentzen dutela eta buruan sexu eskema bera jarraitzen dutela baitiote Makazagak eta Ezeizak. Azken finean, gizarte berean, eragin berdinen pean gaude denok, eta jarrerak eta portaerak errepikatzen dira, beste modu batera izanik ere. Eta adineko pertsonekin beste hainbeste: zorionekoak gu medikamentuei esker eskema berarekin “disfrutatzen” jarraitu ahal izango dugulako luzaro, aldaketa biologikoetara egokitutako aukera berriak esploratu ordez. Arazoa, Viagra bezalako botikek odol-hodiak zabaltzen dituztela eta bihotzeko gaitzen bat izanez gero, ez dela oso gomendagarria bihotzaren erritmoa hainbeste bizkortzen duen pilula. Espermaren ugalketa ahalmena gutxitzen duela ere dio ikerketa hainbatek.
Ezintasun biologikoei aurre egiteko, edo modu ludikoan noizbehinka jostatzeko, ondo etorri daitezke botikak, baina oinarrian dago akatsa: sexualitatea ez da soilik jardun fisiologikoa, ez dira erekzio handidun super-gizonak eta pasio izugarridun super-emakumeak, eta eskema horren mesedetan funtzionatzen dute medikamentuek; intimitatea, pentsamenduak, emozioak, afektuak, desioak eta beharrak arbuiatuz. “Muturrera eraman dugu pilulen kontsumoa –uste du Ezeizak– , eta kontua da gero ez garela hobeto bizi! Ondo sentitzen bazara zure buru eta gorputzarekin, jolas bezala integratuko dituzu agian medikamentuok, baina behar ez dituzu beharko. Eta alderantziz: sexua helburu neurgarri, zientifiko, objektibo bihurtzeak beti zer edo zeren bila ibiltzea dakar”. Baina zer hobe jende lehiakor eta ase gabea baino, gizarte kontsumista baten nahietarako?
Emakumeen disfuntzio sexuala?
British Medical Journal kazetak artikulua argitaratu zuen duela hilabete batzuk, industria farmazeutikoak berak sortutako gaixotasun baten adibide garbiena emakumeen disfuntzio sexuala dela adieraziz. Ikertzaile farmazeutikoek emakumeen arazo sexualak puztu eta distortsionatu dituztela kritikatu zuen idatziak, gaixotasun berria asmatuz. Noski, horri aurre egiteko sendagaia merkaturatu zuten ondoren, emakumeei libidoa eta desira suspertuz negozioa egiteko: Flibanserina (“Viagra femeninoa” ezizenez ezaguna) . Shere Hite soziologo famatuak zera azpimarratu zuen artikuluaren harira: emakumeak ez du disfuntzio sexualik, arazoa ez du emakumeak, gizartean nagusi den ereduak baizik, Hitek emakume andanarekin egindako azterketek frogatzen baitute gehienek klitoria igurtziz dutela orgasmoa, ez sarketarekin, eta beraz sarketarekin orgasmorik ez lortzea ez dela disfuntzio baten seinale. Alegia, ez direla ahaleginak bideratu behar emakumeak sarketarekin disfrutatzera, harreman motak aldatzera baizik.
Sexuan, ordea, aspaldi nagusitu zen zientziaren diskurtsoa, eta hain jardun subjektiboa orokortzeko eta objektibizatzeko nahiak ugalketara lotu zuen sexualitatearen kontzeptua. XIX. mende bukaerako Richard Von Krafft-Ebing-en Psycopathia sexualis liburuak eman zituen urrats garrantzitsuenetakoak: ugalketa biologikora bideratzen ez den jardun oro, perbertsioa da, haren arabera. Kurioski, objektibo izateko asmotan oso moralista da mezua: koitoa da sexualitatearen helburu onargarri bakarra, jarraitu beharreko patroia. Michel Foucaulten Sexualitatearen historia bezalako lanekin berretsi baino ez da egin ideia hori, izara artean egingarri dena zehaztuz, orokortuz, tipifikatuz, eta gainontzeko guztia gaixotasuntzat hartuz. Hala, ez da harritzekoa disfuntzioez hainbeste hitz egitea gaur egun, patologizatu egin baita sexua. Errezeta kimiko uniformeek dute konponbidea, genitaletan zentratzen den medikuntzak, arlo inkontziente eta subjektiboa alboratuz.
Sarketa burutzeko mugatzen gaituen guztia hartzen da disfuntziotzat, harremana beste era batera ere planteatu eta disfrutatu daitekeela kontuan hartu gabe. Baina norberak baloratu behar du bagina itxita edukitzeak, zakila ez tentetzeak edo isurketarako denbora gutxiago-gehiago behar izateak nola eragiten dion izan nahi duen harremanean. Errazena pilulara jotzea den arren, Antonio Fernandez urologoak bere pazienteen artean egindako azterketaren arabera, farmakologikoki artaturiko pazienteen %60ak baino ez ditu harreman sexualak hobetzen, gainera farmako horrekiko menpekotasuna garatzen dute eta hartzeari uzten diotenean, berriz agertzen da arazoa. Izan ere, adibidez kezkaren bat dugulako erlaxatuta ez bagaude, zakileko muskuluak ez dira erlaxatuko, ez da odolez beteko eta ez da altxatuko. Viagrari esker bai, lortuko dugu muskuluak erlaxatzea, baina kezkak, sakoneko arazoak, hor jarraituko du.
Problema biologikoa denean, botikak zilegi izan daitezke. Baina ez dago medizinarik gizarteak eta norberak sortutako espektatiben gaineko presio, beldur, lotsa eta segurtasun faltak sendatuko dituenik. Zentzuzkoena dirudi hori guztia arazo denean alde psikologiko eta emozionala lantzea, eta bakoitzaren gorputza ezagutzen laguntzea. Sexologo ugarik ordea, bat egiten dute gailendu den ereduarekin eta “disfuntzioa” baino ez dute tratatzen, modu patologikoan gainera, gaixoen gisan.
Eta sinetsita dugu; hain dugu buruan sartua eskema, saltzen diguten moduan gozatzeko gauza ez bagara gure burua gutxietsi egiten dugula. Are gehiago, sarri zakil tentetzean eta sarketan islatzen du gizonak bere nortasuna, eta emakumeak horretan jolastu nahi ez badu, gizon bezala arbuiatuta senti dezake bere burua. Amaia Makazagak kontatu digunez, elbarrituen sexualitateari buruzko azterketarako datuak biltzen aritu zen eta zerak harritu zuen gehien: elkarrizketatutako gizonezko elbarrituen kopuru handi batek nahiago luke zakila tentetu ahal izatea, ibiltzeko gaitasuna berreskuratzea baino!
DIUa, partxea eta biharamuneko pilula
Bitxia da nola diogun sexua ugalketara dagoela bideratua, baina era berean itzelezko negozioa den antisorgailuena, haurdun ez geratzeko. Eta hemen ere, medikalizazioa dago tartean. Barrera metodoa erabiltzen dutenek (diafragma, kondoia…) ez, baina gainontzeko antisorgailuek (pilulak, hormonak jariatzen dituzten DIUak eta partxeak…) badute eraginik gure gorputzean. Zehazki, emakumeengan, eurak baitira antisorgailu mota hauen hartzaileak. Makazaga eta Ezeizaren ustez, ez dira batere aholkagarriak: “Halakoak erabiltzeagatik hainbat hilabetez hilekorik gabe egon direnak ezagutzen ditugu, edota tripako minarekin, eta zailtasunak sor ditzakete haurdun geratzeko, obarioak atrofiatu eta ondo funtzionatzeari utz diezaiokete…”.
Finean, estrogenoak askatuz gorputzean zerbait artifiziala sorraraztea dute helburu: gorputzari haurdun zaudela sinetsaraztea. Zuzenean hilekoa desagerraraz dezaketen partxeekin ere egin dituzte ikerketak dagoeneko. Noraino iritsiko garen galdetzen dio larrituta Bixen Ezeizak bere buruari: “Emakumeak hilekoa gaizki bizi behar duela dirudi, fisiologikoki naturala dena estali, txarra bailitzan; usaina duela, mina ematen duela…”.
Biharamuneko pilulak errazkeriaz erabiltzearekin arduratuta ere agertu dira, hainbatek zuzenean antisorgailu bezala baliatzen baitu: “Oso pilula gogorra da gorputzarentzat; lehen hiru egunetan zehar hartzen zena, pilula bakarrean kontzentratu dute orain eta astindu handia da emakume baten barruarentzat. Haurdunaldi batzuk saihestuko ditugu honekin, bai, baina eztabaida ez da hori, horretara iritsiarazten gaituzten eskemak baizik, eta jarraitzen dugu hitz egin gabe jarrerez, eredu aldaketez, pentsamoldeez”.
Ikasleak, aho bete hortz
“Sexua ez da ugalketa” esaldiarekin hitzaldia hasi, eta ikasle guztiak aho bete hortz geratzen dira. Nola ez da sarketarik egongo sexu harreman batean? Gazteek estralurtarrak bailiran begiratzen zietela diote Makazagak eta Ezeizak, duela lauzpabost urte ikastetxeetan eskaintzen zituzten hitzaldiak gogoratzean. Gaur egun, kontua ez da gehiegi aldatu: heziketa sexuala ematen da, baina antisorgailu motei buruz hitz egitera mugatzen dira batik bat, eta testu-liburuetan inpotentzia, baginismoa, isurketa goiztiarra… besterik ez dagoela kexu dira Makazaga eta Ezeiza, disfuntzioak baino ez. Gehienez, sarketaz gozatzen erakutsiko diete gazteei, baina ez sexuaz oro har gozatzen. Ezeizak gogora ekartzen duenez, “ahozko sexuaz hitz egin eta ikasleek esan izan digute: ‘Baina hori nire amak aitari egiten al dio?!’. Uste dute sarketa ez den gainontzeko guztia prostituten gauza dela. Pentsatzen dugu gainontzekoa gauza zikina dela!”.
Eta ondoren datoz frustrazioak, jakina. Hastapeneko harremanak sarri ez baitira izaten pelikuletan bezain ederrak, eta beldurrak, segurtasun-faltak, antsietateak azaleratzen dira. Gazte horietako batzuek agian Vaginesilera joko dute alua lubrikatzeko, edo Viagrara, behar denean zakila tente egongo dela ziurtatzeko. Izan ere, ezintasun biologikorik ez duten gazte geroz eta gehiagok erabiltzen dituzte halako botikak –ikus koadroa–, eta horixe da gizarte medikalizatu baten gailurra eta hondoa: behar ez dituenak ere medikamentuak hartzea. Kasu honetan gainera, gaztetatik, etorkizuneko harremanen eskemak baldintzatuz, menpekotasun arriskutsuak sortuz.
Gozatzeko, ferekatzeko, barre egiteko, zoratzeko da sexua, eta hori lortzeko, presio eta aurreiritziak zokoratu eta burua askatzea da pilula onena.
Viagra gazteentzat da
1998ko martxoan, sexualitate farmakologizatuaren historian izandako jauzi arrakastatsuena komertzializatu zen lehenengoz: ziurrenik Interneteko iragarkirik errepikatuenetakoa den pilula urdina. Saldutako kopuruaren inguruan datu oso desberdinak aurki badaitezke ere –batez ere errezeta gabe eta modu klandestinoan saltzen delako Viagra asko eta asko–, gaur arte 100 herrialdetako 30 milioi pertsonak baino gehiagok kontsumitu omen dute. Esan gabe doa mugitzen duen dirutza izugarria dela.
Inpotenteei edo hirugarren adineko pertsonei zuzendutako produktutzat saltzea hipokresia da egun, hainbat ikerketek dagoeneko frogatu baitute 45 urtetik beherakoak direla kontsumitzaile handienetakoak. AEBetako bost milioi pertsona baino gehiagorekin egindako azterketa ofizialaren arabera, kontsumoa %312 igo zen 18 eta 54 urtekoen artean, 1998tik 2002ra. Azterketaren arabera, gainera, kontrolik gabe haziz doa kontsumoa adinotan, sarri, harreman berriek sortzen duten antsietate eta espektatibei aurre egiteko, ez berez “arazorik” dagoelako. Italian egindako ikerketa batek, hain zuzen, dio Viagra kontsumitzaileen %80ak erabiltzen duela sexu praktikaren ostean azkarrago errekuperatu eta bigarren bati ekin ahal izateko. Eta emakumeen artean Viagraren erabilerak nabarmen gora egin duela ohartarazi du International Journal of Impotence argitalpenak, sildenafilak (Viagrak daraman farmakoa) orgasmoa errazten baitie hainbat emakumeri. Alegia, argi dagoela arrazoi medikoek ez beste ugarik ere eragiten dutela botika honen kontsumoan. Viagrarekiko Menpekotasun Sindromea duten pazienteak badira jada; utzi nahi eta ezin dutenen etsipena.
Oraintsu, negozio bide berria zabaldu dute Janssen-Cilag laborategiek, isurketa goiztiarraren aurkako Priligy pilula delakoarekin. Isurketa denbora laukoizteko gai den farmako hau, Viagrarekin bezala ezintasunik ez dagoenean ere erabiltzen bada, negozio itzela izan daiteke. Hiru piluladun kaxak 35 eta 50 euro artean saldu ohi dira herrialde gehienetan (dosi txikiago edo handiagoetan).