Poloniako ametsen fabrika

  • Ametsen fabrika da zinema. Errealitate berriak sortzen dituena, berez dagoena kolore berriz margotzeko. Lodzek (Polonia) kolore bat badu, hori grisa da. Eta arimarik badu, hori zinema da. Milaka istorio, ilusio, gertakizun, amets irten dira bertako faktoriatik. Europako zinema harrobirik emankorrena azken mendeotan burumakur dabilen herrialde handi baten zauriak goxatzen ari da.
Lodz
Hiriaren izena polonieraz "Butx" ahoskatzen da. Hortik datorkio "Hollylodz" ezizena, beste hainbat lekutan ikus daitekeena.Ion Ansa
Zarata mediatikoz beteriko garai nahasiotan, merkatu logiketatik urrun eta irakurleengandik gertu dagoen kazetaritza beharrezkoa dela uste baduzu, ARGIA bultzatzera animatu nahi zaitugu. Geroz eta gehiago gara, jarrai dezagun txikitik eragiten.
Polonia hotzaren erdi-erdian, Varsoviatik ordu eta erdi exkaxera, lautada zabal batean galduta dagoen metropolia da Lodz. Kasualitatez bertaratu ez denak, ez du haren berri izango. Inork gutxik baitaki inon izan den judutar ghettorik handiena hemengoa izan zela: II. Mundu Gerran 200.000 judutar desagerrarazi zituzten, hiriko biztanleen herena. Edo Artur Rubinstein piano-jotzailearen jaioterria dela. Edo Europako hiririk zinematografikoena dela.

Lodzera, baina, propio etorri beharra dago, erdi-erdian adina dagoelako bazterrean, zokoan; inork edo zerbaitek Europa zahar honen iragan hurbil beltza ezkutatu nahiko baligu bezala. Lodz, Poloniako bigarren hiria, hiri grisa, fabrika abandonatu, tranbia zahar, auzo proletario, eraikin komunista, zentro komertzial eta judutar jatetxe, etengabeko aldaketa den Historiaren testigantza eta erakustoki birjina da.

XIX. mendearen amaieran enpresa-gizon judutar batzuek ehungintza fabrika erraldoiak eraikitzea erabaki zutenetik gaur egungo hiri dinamiko eta modernoraino, Europako historiaren aro guztiak bete-betean bizi izan ditu Lodzek: imajina daitezkeen konkista, gerra eta sistema ekonomiko guztiak tokatu zaizkio. Horietako batek, komunismoak, hiriaren ikur bihurtuko zen artea bultzatu zuen: zinema.

“Diren arte adierazpideetan garrantzitsuena da guretzat zinema” esan zuen Leninek. Jabetuta zegoen zinemak historia ez ezik, historiak zinema ere egiten zuela: zinemaren industria nazionalizatu eta ezagutzen dugun lehen zinema-eskola sortu zuen. Estatuaren kontrolpean, eskola sobietarrak Boltxebikeen ideiak sustatu zituen, eta irudien muntaiaren bidez zinema lengoaia berri baterako bideak sortu zituzten, besteak beste, Sergei Eisenstein eta Dziga Vertov-en mailako maisu handiek. Historiako lehen ametsen fabrika izan zen.

Leninen ondorengo ilustreenak, Stalinek, Trotsky eta Leninen argazkiak manipulatuta Photoshoparen aitzindari izan zenak, ondo aski zekien irudiaren eta muntaiaren garrantziaren berri. Bera izango da, ziurrenik, zinemagintzan inoiz gehien inplikatu den agintaria. Bere interes politikoen aldeko arma gisa, edo nahiago bada, etsaien aurkako tresna modura, zinemaren aldeko apustu garbia egin zuen. Ondo atera zitzaion.

Nazismoaren aurkako gerla irabazita, Stalinismoa Europa Ekialdearen jabe egin zen. 1948an, aro horren une loriatsuenean, jaio zen Lodzeko Zinema, Antzerki eta Telebista Eskola. Estatu sozialista berriak garbi zuen zinema lagungarri zela sozialismoa eraikitzeko, eta zentzu horretan oso eragingarria izan zen politika abiarazi zuen. Ametsen fabrika berria Lodzen ezartzea, Varsovian beharrean, erabaki tekniko hutsa izan zen: hiriburuaren berreraikitze lan ikusgarriak zirela-eta, egokiagotzat jo zuten Eskola beste norabait eramatea. Behin-behineko erabakia orain arteko bihurtu zen arte.

Honela, Lodz gerraosteko Poloniako erdigune kultural egin zelarik, zineman eta zinemaz bizi nahi zuten hainbat eta hainbat gazteren Meka izan zen. Erakarpen horrek bultzatuta, Roman Polanskik (Rosemaryren haurtxoa 1968, Chinatown 1974), 21 urte baino ez zituela, 50eko hamarkada erdialdera, hemen ekin zion ibilbide artistiko oparoari. Baina ez zen bakarra izan: Andrzej Wajda (Katyn 2008) eta Krzysztof Kieslowski (Veronikaren bi bizitzak 1991, Hiru kolore: urdina 1993) moduko ikasleek nazioarteko sona lortu zuten. Gaur egun, sortu zenetik 60 pasa direla, New Yorketik Moskura mundu osoko ikasleak saiatzen dira sarbide froga gogorrak gainditzen.

Lortu dutenetako bat da Mariusz Wlodarski (Starachowice, Polonia, 1980). “Nire bizitza zinemagintzari eman nahi niola ulertu nuenean, burutik ez zitzaidan Lodzeko eskola ez zen beste aukerarik pasa. Ez nezakeen nire zinema karrera beste leku batean egitea imajina”. Ez da txantxetan ari: Zinema Eskola benetako erreferentzia da ofizioa ikasi nahi dutenentzat, eta sona hori nazioartekoa bada ere, bertakoa ondo zaintzen badakite. Lodzeko eskolan aritu nahi duenak poloniera ikasi behar baitu derrigor. Bertan ikasteak, ordainean, zinemagintzan jarduteko abiapuntu ezin hobea ematen die ikasleei. Suedian filmatutako lan bat bukatu berritan, “Eskolan ikasitakoari esker, Opus Film-en, Poloniako ekoiztetxerik garrantzitsuenean, nabil produktore lanetan” argitu digu Wlodarskik. Baina ez da erraza horra heltzea: “Eskola oso gogorra da, asko ikasi behar da, eta film txarrak egiten badituzu kaleratu egiten zaituzte”. Hiri grisak harrapatuta dauka Wlodarski: “Lodz ez da munduko hiri politena, baina arima betea eta dinamikoa du. Eta hori biziki maite dut. Pentsa, ikasketak medio etorri nintzen, baina azkenean hemen bizitzea erabaki nuen”.
Ez da hiriko fabrika huts eta kale ilunek maitemindu duten bakarra. David Lynch zinemagile estatubatuarra 2000n iritsi zen lehen aldiz Lodzera. Mulholland Drive (AEB, 2001) filmaren zuzendariak Camerimage zinema festibalean hartu zuen parte urte hartan. Hiriaren tetrikotasunak eta berezko atmosfera zinematografikoak liluratuta, ez du hutsik egin orduz geroztik. Bere Inland Empire (2006) filmak bertan du abiapuntua eta sorrera. Fabryczna deritzon tren geltoki zaharrean, Frank Gehry arkitekto entzutetsuarekin batera, udazken honetan aurkeztu du kultur zentro erraldoia egiteko proiektua: Lynchek hemen eraikiko du, museo eta ekitaldietarako aretoen artean, bere zinema estudio berria.

Lodzek komunista du itxura eta zinematografikoa arima. Horregatik, bertan sortu ez bazen ere, ez da harritzekoa Europa ekialdeko zinema festibalik handiena, Camerimage, hiri honetan antolatzea. Eta kontraste zoragarrian, komunismoaren harrotasunerako eraikitako Antzoki Handian mendebaldeko filmak txalotzen dituzte, eta arkitekto komunistek errealismoz diseinatutako Hotel Centrum-en aurten, besteak beste, Bill Murrayk, Terry Gilliamek, Carlos Saurak eta David Lynchek hartu dute ostatu.
Hiria zeharkatzen duen Piotrkowska kalea Europako kale komertzial luzeena da, ia bost kilometroekin. Art Nouveau eraikin, rock areto, markako denda eta jatetxe moderno artean, poloniar zinemagintzako izen handienen izarrak daude lurrean txertatuta. Lodz polonieraz “Butx” ahoskatzen da. Hortik datorkio “Hollylodz” ezizena. Zinema festibalak eta mendebaldeko izarren bisitaldien jarioak itxura hori eman badiezaiokete ere, ez dirudi Europa ekialde eta iparraldeko eraginez hornitzen den zinemagintza izendatzeko modu egokiena.

Azaleko distira horretatik pixka bat aldenduta, eta hori Lodzen nahiko erraza da, altxor xarmangarriekin topo egingo dugu: Kino Polonia, Piotrkowska kalearen erdian dagoen zinema areto bitxia; edo Charlie zinema, kale kantoi zaharkitu baten atzean kokatua, komertzialtasunetik urrunen egon daitekeen zinema etxea. Azken horretan, besteak beste, Euskal Herriko gatazkaren gainean egindako Tiro bat buruan (Jaime Rosales, 2008) filma eman dute aurten. Eta denetan altxorrik handiena, Zinematografia Museoa. Eraikin paregabe batean, Poloniar zinemaren historia, zinemagintzaren historia alegia, ezagutzeko aukera bikaina ematen duena. Zinema arnasten da Lodzen. Zinemak arnasten du Lodz.

Baina ez zinemak bakarrik. Wlodarskiren iritzira “Kultur mailan mugimendu ikaragarria dago, eta horrek ezagutzen dudan hiririk interesgarrienetakoa bihurtzen du”. Horren froga da, Donostiarekin lehian, 2016ko Europako Kultur Hiriburu izendatzeko hautagai izatea. Zinemaren bi hiriburu. Bi ametsgune. Amets egitea beharrezkoa baita errealitatea koloreztatzeko. Errealitatea grisa denean, batez ere.

Lodzeko biztanleen ezkortasunerako joera naturalak, dena den, izan du azkenaldian aldatzeko motiborik: Manufaktura zentro komertzial erraldoia hiriaren berpiztearen ikur bihurtu da. Zentro komertziala baino gehiago hiriaren baitako hiria da. Herritar gehienei jaten ematen zien ehun fabrika zaharberritu eta pitxi arkitektoniko bihurtu dute. Zinemak, jatetxeak, dendak… Familian jai-egunak pasatzeko moduko lekua. Udaran hondartza artifizial bat jartzen dute, eta neguan izotz gainean irrist egiteko pista. Eta tartean, neoliberalismo basatienarekin elkarbizitzan, Arte moderno museoa eta Hiriko Historiarena. Artea, historia eta kapitalismoa dena batera. Eta kale pare bat harago auzune komunista, bere denda, tranbia eta apartamentu komunistekin. Urrutira joan gabe hilerri erraldoia, liturgia katolikoenak judutar enpresa-gizonen mausoleo ikaragarrien ondoan. Alde zahar abandonatua, hiriaren erdian dagoen miniaturazko aireportua eta gune berdeak nahi adina. Kontrastetik kontrastera, garai historiko, erlijio, sistema ekonomiko eta kultur identitate batetik bestera tranbiaz bost minutuko bidea baino ez dago.

Komunismoaren aztarna bazter guztietan dago; hiritarren elkarrizketetan, esaterako. Batzuk nostalgikoak dira, eta gazteek ez dute atzera begiratu nahi. Kapitalismoa besarkatzen dute mendebalderanzko bidezidor erraz gisa. Askatasunik ez dute eskatzen, edo hobe esanda, askatasuna atzerrira joatearekin identifikatzen dute. Historiak zigortua, konkisten Guiness errekor beltzaren jabe, auto-estimua zaurituta duen herrialdea da Polonia. Errealitateak gristua. Baina izango da eta badago baikortasunerako motiborik, gertatzen dena gertatzen dela, datorrena datorrela, martxan baitago ametsen fabrika.

Azkenak
Tuterako alkateak aurrekontuak aurkeztu ditu talde neonazi baten abestiarekin

Estirpe Imperial da talde neonazia, besteak beste ezagun egin dena erabiltzen dituen letra faxista eta arrazistengatik.


2024-11-29 | Axier Lopez
EAJ, PSE eta PPk mendietako gurutze katolikoak babestu nahi dituzte “euskal kultura eta ohituren parte” direlako

Gipuzkoako Batzar Nagusietako Kultura Batzordeak, EAJ, PSE eta PPren aldeko botoekin, azaroaren 22ko bilkuran erabaki du Eusko Jaurlaritzari eskatzea azter ditzala “euskal kulturan hain esanguratsuak diren” gurutzeak eta haien inguruko “ohiturak”... [+]


Boikota Israelgo datilei (eta datil horiek saltzen dituzten supermerkatuei)

Israelek gosea erabiltzen du palestinarren aurkako gerra-arma gisa, eta nekazaritza-produktuak mundu osoan merkaturatzen ditu.<


2024-11-29 | Gedar
Etxebizitzarako eskubide unibertsala aldarrikatu dute Iruñean

Etxebizitza Sindikatu Sozialistak eta Harituk antolatuta, manifestazio bat izan zen ostegun arratsaldean Iruñeko Alde Zaharrean. "Etxebizitzaren negozioaren aurrean, eta hura sustatzen duten politikarien aurrean, etxebizitza eskubide unibertsalaren benetako defentsa... [+]


2024-11-29 | Estitxu Eizagirre
EH Bizirik sarearen manifestazioa martxoaren 22an Gasteizen
“Indarrak batuta soilik lortuko dugu makroproiektuen oldarraldi hau gelditzea”

EH Bizirik sarea makroproiektuen aurkako plataformen elkargunea da eta martxoaren 22an manifestazio nazionala deitu du Gasteizen: "Lekuko borrokez gain, esparru zabalagoan lan egitea ezinbestekoa dela jakitun, manifestazio honek sare osoari eragiten dien puntuak izango ditu... [+]


Gaindegiaren 20 urteko argazkia
Euskal Herriak biztanlerian, energian eta pobrezian gora egin du, CO2 isurketetan eta elikagaien kontsumoan behera

Hogei urte bete ditu Gaindegiak, Euskal Herriaren garapen sozial eta ekonomiko iraunkorrerako Behategiak. Horren harira, denbora horretan Euskal Herriak esparru horietan izan duen garapenaren berri ematen duen azterketa aurkeztu dute, eta datuok Europar Batasunekoekin konparatu... [+]


2024-11-29 | Irutxuloko Hitza
Donostiako musika teknikari ezagun bat salatu dute hainbat emakumek, sexu jazarpenagatik

Atzo hasi ziren zabaltzen Iñaki Castro musika teknikariaren kontrako salaketak '@denuncias_euskalherria' kontuan, eta dagoeneko dozenatik gora emakumeren testigantzak bildu dira.


Komunikazio libreago baterantz

Azaroaren 21ean Errenteriako Torrekuan eta Badalaben egon nintzen "Komunikazio libreago baterantz trantsizioan" izeneko jardunaldian.


2024-11-29 | Euskal Irratiak
Eguberriko merkatu solidario, etiko eta euskaltzale bat Baionan

Lau egunez idekia izanen den merkatu bat antolatzen du Plazara kooperatibak euskararen aldeko beste hamar bat eragilerekin –horien artean ARGIA–.


2024-11-28 | Leire Ibar
Tolosan Ertzaintzak pilotakadaz zauritu zuen gaztearen kasua artxibatu dute, biktimak deklaratu aurretik

Epaileari nahikoa izan zaio azaroaren 27an Ertzaintzak egindako deklarazioa kasua artxibatzeko. Erabakiaren aurrean helegitea aurkeztuko duela adierazi du Xuhar Plataformak. “Xuharrek ez du begia galdu, Ertzainak begia galduarazi dio”, salatu du mugimenduak.


2024-11-28 | Leire Ibar
Jasotako isun bakoitzeko helegiteak aurkeztu dizkio Ernaik Eusko Jaurlaritzari, guztira 133

Epaiketa prozesua abiatu du ostegun honetan gazte antolakundeak. 2023an egindako bi ekimenen ondorioz 290.500 euroko zigor ekonomikoa jarri dio Eusko Jaurlaritzak. Ekonomikoki "ito eta desagerrarazteko" mekanismoa dela salatu du Ernaik.


Eguneraketa berriak daude