"37ko haurrei eman zitzaien laguntza eredugarria da"

  • “Bretainia Handira etorri ziren haurren kopurua ez da zehatza. Baina iturri ofizialen arabera, 3.840 haur heldu ziren, 80 irakasle, 120 laguntzaile eta 15 apaiz katolikorekin batera. SS Habana itsasontzia Santurtziko portutik irten zen 1937ko maiatzaren 22ko gauean Southampton aldera. Errege armadako bi gerraontzik lagundu zioten. Bizkaiko Golkoan bertan ekaitza lehertu zen eta itsas zorabio galanta eragin zien haurrei”… 80 irakasle haietan zen Ana Maria Gonzalez Garate, Carmen Kilnerren ama.
Carmen Kilner
Carmen KilnerZaldi Ero
Zarata mediatikoz beteriko garai nahasiotan, merkatu logiketatik urrun eta irakurleengandik gertu dagoen kazetaritza beharrezkoa dela uste baduzu, ARGIA bultzatzera animatu nahi zaitugu. Geroz eta gehiago gara, jarrai dezagun txikitik eragiten.

(Izeko zuenaren etxeko egongelan hartu gaitu, Elgoibarren. Era askotako paperak ageri dira mahaian).


Hitzaldi bat prestatzen ari naiz. Espainiako Bigarren Errepublikaren eskolari buruzko erakusketa ibiltaria antolatua dute eta Ingalaterran dago oraintxe. Lehenago, Hego Amerikan, AEBetan eta besteetan ibili da... Erakusketaren inguruan, berriz, mintzaldiak eratu dituzte. Unibertsitateko irakasleak dira hizlarietako batzuk, eta lekukoak, berriz, beste batzuk. Nik, amaren biografiaren bidez gaiari buruz zer edo zer badakidanez, hitz egitekoa naiz Londreseko Adin Nagusikoen Zentroan.


Amari buruz jardungo duzu zuk. Ana Maria Gonzalez Garate. Zer kontatu behar duzu?


Bada... oso gauza interesgarriak! Egia esan, gure amak behin ere ez zuen askorik kontatu, Espainian 1936ko gerra aurretik zer gertatu zen. Ez zigun ezer kontatzen. Ez zigun kontatzen nola moldatu ziren Ingalaterrara heldu zirenean ere, bertan geratzea erabaki zutenean… Espainian jaioak nituen aita-amak. Ama, euskalduna; aita, Murtziakoa…

Ez zizueten ezer kontatzen…


Ez ziguten ezer kontatzen, edo gutxi kontatzen ziguten. Edo ez zitzaigun interesatzen. Hori ere bazen eta: gurasoak norbera jaio aurreko kontuak kontatzen hasten direnean, ezin izan interesgarria! Horrela ei da norberari ilea urdindu arte. Orduan bai, orduan interesa pizten zaigu. Norbera munduratu baino lehen ere gurasoek bizia egin dutela? Ezin buruan sartu! Nolanahi ere, gurasoen berri handirik ez genuen etxean… Ama 2006an hil zen, 91 urte zituela. Zoritxarrez, hamasei bat urte lehenago buruko atakea izan zuen eta harrezkero ez zuen “bai” eta “ez” besterik esaten, eta imintzio mordoa egiten… Ez zen hitz egiteko gauza, eta horrek frustrazio handia ekarri zion… Hil ostean, berriz, dokumentu eta paper mordoa aurkitu nuen. Berdin aita hil zenean ere. Orduz gero, paper eta agiri haien esanahia zertan den ulertzen saiatu naiz. Amari dagokionez, agirietako asko hemendik Ingalaterrara joan zenean eraman zituenak dira, edo hemendik hara bidali zizkiotenak.

2006 arte, beraz, ezer ez?


Tira, zer edo zer bagenekien. Baziren argazkiak… Bagenekien gure ama haur euskaldunei laguntzen joana zela Ingalaterrara Habana itsasontzian, bagenekien hamar urte zituela hil zitzaiola aita… Has gaitezen: gure amama Elgoibarkoa zen: Kontxa Garate. Aitaita, Kandido Gonzalez, ez naiz oroitzen nongoa zen. Donostian bizi ziren biak, Urbieta kalean. Aitaita Kandido ile-apaintzaile eta bizargina zen, eta antzerki kritikak ere idazten zituen egunkariren batean. Hiru alaba izan zituzten. Gure ama Ana Maria, alaba zaharrena, 1914an jaioa. Bittori eta Pilar etorri ziren ondotik. Gure amak hamar urte zituela, beraren aita –tranbiara igotzen ari zela, nonbait–, hankan min hartu, zauritu, zauria gaiztotu eta gangrenatu egin zitzaion. Eta hil. Amamak ez zuen atzera Elgoibarrera etorri nahi izan. Donostian geratu zen, lanean, 1926an, oso gauza arrunta ez bazen ere. Saltzaile hasi zen, bidaiari, beraren bi anaia bezala. Amama kanpoan lanean, eta gure amari etxeko arduraren zati bat egokitu zitzaion. Hamasei urte zituela, Gipuzkoako Irakasle Eskolara hasi zen gure ama, maistra ikasten. Horkoak ditut eskura dauzkadan agiriak. Horixe dut abiapuntua. 1929an hasi zen ikasten, Primo de Riveraren diktadura garaian, eta Errepublikarekin bukatu zituen ikasketak, 1933ko azarokoa da eta irakasle titulua.

Irakasle izan zen, beraz.


Horixe da interesgarriena. Zioenez, Gernikan izan zuen lehenengo lana. Buruko atakea izan eta gero kontatu zidan hori. Galdetzen nion: “Gernika, bonbardaketa?”, eta berak baietz. “Non?”, nik, eta “Goian”, berak. Duela bi urte Gernikan izan nintzen, Bakearen Museoan, eta galdetu egin nuen: “Gure amak zioen maistra izan zela Gernikan. Hemen inguruan, mendi kaskoan edo non edo non, bada eskolarik? Gure amak ‘Goian’ esaten zigun”. Eta erantzun zidaten, “Ez da mendiko eskolarik, eskola publikoa baizik, Gernika gainean dagoena”. Nonbait, bonbek zartatu ez zuten eraikin bakanetakoa… Hotzikara eragin zidan jakiteak… Ez dut uste gure ama Gernikan zenik bonbardaketa sasoian, baina Gernikan egon zela, bai. Praktikan egiten, beharbada. Gustura jakingo nuke. Hartuko nuke norbaitek esango balit, jakiteko bidea egingo balit…

Beste nonbait ere irakatsi zuen…


Donostian zegoela, agiri penala eskatu zuen, oposizioak egin ahal izateko. Dakidanez, korrika eta presaka irten zen Donostiatik, ez zuen eta agiririk eraman aldean. Izan ere, hurrena Portugaleten ageri da gure ama, errefuxiatu estatusaren jabe, eta maistra ikasketak eginak dituen ziurtagiri bat duela, halako eta halako ikastaroak ere eginak dituela dioen beste agiriren batekin batera. 1936ko kontuak dira, gerra hasita. 1933tik 36ra zer egin zuen, maistra jardun ote zuen, ez dakit, ez daukat agiririk. Gerra heldutakoan, lehen hezkuntzako irakasle izateko hartu zuten, Galdakaon. 1937ko martxoaren 31koa da nik dudan agiria. Biharamunean hartu omen zuen postua. Aldiz, nik uste nuenez, apirilean eskolak itxita egon ziren Bizkaian. Ez dakit… Badut eskutitz bat ere, 1937ko urtarrilaren 26an gure amak idatzia: frontean analfabetismoaren kontra borrokatzeko kultur miliziak sortzeko premia zegoela-eta, gure amak bere burua aurkeztu zuen lan hartarako.


Gernika, Galdakao, Portugalete… eta Ingalaterra gero. Ez da erraza zuen amaren aztarna segitzea…


1936ko irailaren 13an erori zen Donostia eta Elgoibarrera etorri ziren lau emakumeak, hau da, gure amama, beraren hiru alabak hartuta. Bada, Elgoibarren, gure amamak hartu bere ama, Mariana, eta Portugaletera abiatu ziren: bost emakume ziren, bidean. Familiaren lagun batzuen etxean babestu ziren. Lagun horiek, ama-alabak ziren. Zazpi emakume etxe txiki batean! 1936ko azaroan Portugaleten ziren.

1937ko maiatzean Habana itsasontzian zen zuen ama…


Bai. Familian gainerako laurak Frantziara abiatu ziren, itsasontziz. Handik, Bartzelonara, ondoren Frantziara berriz… Hantxe igaro zuten gerra garaia, atzera Euskal Herrira itzuli arte. Izeko Pili, esaterako, Elgoibarren hil zen, etxe honetan bertan. Beste izeko, Bittori, Frantzian zendu zen... Hara, Bartzelonatik Frantziarako ebakuatu zituzten garaian, arma fabrika batean ari zen lanean Bittori. Ebakuazio momentua iritsi eta amama, gure ama, eta Pili, kamioian sartuta –ebakuazioa!–, eta Bittori, falta! Hantxe banatu ziren, batzuk alde batetik, Bittori bestetik, bakarrik. Nola edo hala, Bittori Parisa heldu zen, hantxe egin zuen bizia, senideekin erresuminduta, abandonatu egin zutelakoan. Gerran gertatzen diren gauzak, baina betiko mina eragiten dutenak. Tristea izan zen. Pili han ezkondu zen, hantxe hil. 50eko hamarkadan gure amak Londrestik hona ekartzen gintuenean –Londres, Paris, Irun zen gure bidea, trenez–, Parisen geratu eta izeko Pili bisitatzen genuen. Biltzen ziren bi ahizpak, eta negar egiten zuten, negar eta negar eta negar… Hala joanean nola etorrian ikusten genuen izeko Parisen. Eta gure ama eta izeko beti negar, elkarri besarkaturik. Oso gaizki pasatu zuten denek.

Gerra zen...


Ondoena gure ama libratu zela uste dut… Tira, Mundu Gerra etorri zen gero! Baina zer jan izan zuen, behintzat.

Habana itsasontzian joan zen zuen ama, haurrei laguntzen. Ingalaterrara heldu eta kanpamenduan jarri zituzten.


Kanpamendu batzuk hobeto antolatuta zeuden beste batzuk baino. Haurretako batzuk zenbait komentutan hartu zituzten. Eta, esan beharra daukat, gaizki tratatu zituzten. Oro har, komentuetara zihoazen haurrek abertzaleak zituzten guraso, haur katolikoak ziren, baina, hala ere, gaizki tratatu zituzten! Eta hemendik joan ziren apaizek ere ez zuten zori hoberik izan…

Zergatik?


Gorri zirelakoan. Falangekoa izan ezik, gorri zinen!

Alabaina, inork ez zuen inor behartu haurrak hartzera. Ingalaterrako gobernuak ez zuen kanpainarik ere egin…


Kanpainarik? Xemeikorik ere ez zuen eman. Ingalaterrako gobernuaren baldintza zen haurrak etortzekotan, haien aldeko Euskal Batzordeak haur bakoitzeko hamar txelin ziurtatu behar zituela, asteko. Eta, hori, depresio garaian! Hala eta guztiz ere, haurrek laguntza izan zuten, sindikatuek, eskautek, elizek –katoliko eta ez katolikoek–, kuakeroek eta bestek eman zutelako. Adibidez, Clock oinetakoak, kuakero dira horien jabe. Bada, kuakeroek etxea, oinetakoak eta babesa eman zioten haur kolonia bati. Ingalaterra iparraldean, oihal lantegi batek ere laguntza eskaini zuen, etxea eta arropak emanez; urtean barruko arropa sorta bi eman zieten haurrei… Beste kuakero batzuk, Catbury txokolateetakoak. Kuakeroak kontzientzia eragozle dira, ez dute borroka egiten. Haiek jendeari laguntzen diote, esker onari, aitortza publikoari edo merezimenduari uko eginda. Oso jende berezia da.

‘Basque Children’s Camp’.


Hiruzpalau hilabete iraun zuen lehenengo kanpamendu handi horrek. Tarte horretan, batzuk handik irteten hasi ziren. “Autobus bat Londresera joateko. Nor eta nor etorriko dira?”. Eta martxa. Ondoren, laurogeita hamar koloniatan banatuta egon ziren haurrak. Batzuk oso talde txikiak ziren, hamar ume baino gutxiagokoak; beste batzuk, handiagoak. Galesen eta Eskozian ere izan ziren haur koloniak, baina gehienak Ingalaterran bertan osatu zituzten… Eusko Jaurlaritzaren gogoa zen senideak elkarrekin izan zitezela, beren hezkuntza hemengo era egin zezaten eta kulturari eutsi ziezaioten. Izan ere, hiru hilabeteko zihoazela aurreikusi zuen Jaurlaritzak. Hasteko, errepublikarrek irabaziko zutela uste zuten!

400 bidaiarirentzako lekua omen zuen Habana ontziak, baina 3.800 haur joan omen ziren bertan Southamptoneraino. Diote, Bilbo jausi ondoren, edota gerra amaitu ostean, haurren itzulera bidaia hasi zela, nahiz eta ehunka batzuk han geratu ziren, dela gurasoak gerran hil zituztelako, dela kartzelan preso zeudelako, edo desagertuak…


Edo deserrian, edo inork ez zuen haien berri… Eta, ondorioz, 400 bat haur han geratu ziren, eta bertan egin zuten bizia, eta han segitzen dute… Laurogeita hamar kanpamendutik gora antolatu ziren. Lehenengo, hiru hilabete egin zituzten Eastleigh-n, Basque Children’s Camp izenekoan. Kanpin-dendak armadari alokatu zizkioten. Alokatu. Ordainarazi egin zieten. Eskautek jarri zituzten dendak, Southamptongo nekazari batek utzitako soroetan. Herriko emakumeen joan-etorria etengabea zen, haurren arropak hartu, etxean garbitu eta atzera bueltan ekartzen zituzten. Janaria ere ekartzen zuten. Baziren okinak ere, milaka haur haientzat ogia ekartzen zutenak, egunero. Jende hark, hartu haurrak asteburuan eta etxera eramaten zituen… Jendeak haurrak ikusi eta borondatetsu jokatu zuen. Izan ere, herriko jendea zen, bertan errotutako komunitatea, gizatasun handikoa. Jendearen ekimena izan zen…

Orduan baino lehen, Ingalaterran Errepublikaren alde jardun zuten hainbat jendek: errefuxiatu kanpamenduetan laguntzen batzuek, brigadista, berriz, beste batzuek. George Steer-en artikulua argitaratu zenean, “Biharamuna”, jendeak gobernua presionatu zuen, lagun zezan. Ordu arte, Ingalaterrak, Frantziarekin batera, esku ez hartzeko ituna sinatua zuen. Baina jendeak ez zuen gobernuaren jarrera onartu: laguntzera behartu zuen. Gobernuak, ituna jartzen zuen aitzakia, nahiz eta azkenean esan: “Itsasontzi bat hartuko dugu”. Ez parte hartzeko ituna! Italiarrek eta alemanek ere sinatu zuten! Hortik atera nolakoa zen itun hura!

Steer aipatu duzu, aski izen ezaguna. Haurrei laguntzen, berriz, bada beste izen bat, goraipatu beharrekoa: Leah Maning.


Emakumezkoa. Hezitzailea zen, Homerton College-n. Irakasle eskola bat. Gure alabak, esaterako, iaz amaitu zituen irakasle ikasketak eskola horretan. Horra nola ixten den zirkulua… Bada, Leah Maning diputatua zen. Batzuek diote ez zela oso emakume atsegina, agintzaile handia zelako, gar handiko andrea. Gobernua presionatu zutenen artean nabarmendu zen, Bilbon izan eta gertatzen ari zena ikusi zuenean. Bi astean antolatu zuen, Jaurlaritzarekin elkarlanean, lau mila haurren ebakuazioa. Haurrak ez ezik, 80 maistra laguntzaile, apaizak eta gainerakoak joan ziren Habanan. Sendagile bi etorri ziren Ingalaterratik, haurrak aztertzera… Hamabost egunean egin zuten dena!

Zer kontatu zizuen garai hartaz zuen amak?


Bada, Bilbo aldean ez zela atarramendu onik, xaboirik ez zegoela, jatekoa urri zela, bonbardaketak… Milizianoen umezurtzen etxean ari zen lanean, Portugaleten, eta han, edota Galdakaon –ez baitakit seguru–, zioen bonbardaketa zenean eskolako mahai azpietan babesten zirela… Nik zenbait gauza jakin nituen amarengandik zuzenean, baina hutsune asko ditu nire informazioak.
Osatzen ari naiz, edo osatu nahian.


Zeure amaren bizitza berrosatzen ariko bazina bezala da. Horixe da irudipena…


Bai. Agiriak ditut, eta ez denak, baina haren lekukotasuna falta zait. Gernika gaineko kontu hura aipatu zidanean, nik artean ez nekien gauza handirik. 2002an hasi nintzen honetaz interesatzen. 37ko Euskal Haurren elkartea ere urte horretan osatu zen. 2003an jakin nuen elkartea antolatua zutela, eta ikerketan hasi nintzen. Elkartearen idazkari izan nintzen eta izen askoren berri izan nuen. Gaur egun ez naiz idazkari, diruzaina baizik, askoz okerrago… Baina gure ama hil zenean, 2006an, paperak agertu zitzaizkidan! Orduan hasi nintzen, benetan… Nik orain, gurasoekin hitz egin nahi dut, ezin egin dudana!

Elkartean izango da zure gurasoak ezagutu zituenik, zuri laguntzeko modua izan dezaketenak…


Bai. Esaterako, gure aita, Eduardo Sanchez Minguez murtziarra, ez zen Habanan heldu Ingalaterrara. Beniajanekoa zen (Murtzia, Espainia), hamaika seme-alabetan azkenurrena, eta guztien artean lehenengoa goi ikasketak egiten. Ingeniaritza Zibila ikasten ari zen. Bigarren urtean, nonbait, gaixotu egin zen, sukar erreumatikoak jota. Hirugarren anaia Ingalaterran zen ordurako. Meloi eta laranja esportazioan egiten zuten lan eta fruta Ingalaterrara esportatzeko aukera aztertzen ari zen. Horrela heldu zen gure aita Ingalaterrara, atseden hartzera bidalita. Londres ondoan zegoen, auzoan. 1936ko uztailaren 16an abiatu zen Ingalaterrara, Francoren matxinada bezperan. Gero, hemengo haurrak hara iritsi zirenean, laguntzen hasi zen, bateko eta beteko kolonietan, errepublikarra zen eta.


Gerraren biktima zara?


Gerraren biktimaren ondorio. Gure gurasoek Ingalaterran egin zuten topo, gerra medio… Hara, gerra dela eta, zergatik geratu ziren hainbeste ume Ingalaterran esango dizut: hamasei urte bete orduko, haurrak libre ziren han bertan geratu edo etorri, erabakitzeko. 1937an joan ziren haurrak 5 eta 15 urte bitartekoak ziren. Handienak, beraz, ikasten hasi ziren, edo lanean, Ingalaterran bertan zeudela, eta horretan zeudela, Bigarren Mundu Gerrak harrapatu zituen. Eta bertan geratu ziren, betiko. Gainera, askok maitasun handia hartu zioten Ingalaterrari, ingelesarekin ezkondu ziren… eta bertan geratu ziren.

Gerraren biktima ni? Oraintxe berton hamaika izugarrikeria gertatzen ari da munduan gerren ondorioz: haurren esklabotza, emakumeena… Gaur egun, orduan bezain izugarrikeria handiak gertatzen ari dira. Nire kontu hau, historia atal bat da, niri eta nire familiari ikaragarri interesatzen zaiguna, eta Ingalaterrako herriak emandako laguntzaren adibide bat, laguntza humanitarioa, ez politikoa… “Haurrak ziren, gure artean zeuden eta laguntza behar zuten!”. Horixe besterik ez zuten pentsatu. Eta nahiz eta depresio garaia izan, oraingoa baino are handiagoa, ahalegina egin zuten, eta lagundu. Hori, handia da. Orain, berriz, errefuxiatuen kontrako jarrera ikusi munduko bazter guztietan, eta ikusi 37ko haurrei eman zitzaien laguntza eta babesa, eta eredugarria da. Ez da, soilik, gertakari historikoa, giza ontasunaren erakusgarri baizik. Ez zaizu iruditzen?
Itzulera I
“Asko itzuli ziren, baina itzuli ez balira hobe… Francok presio handia egin zuen haurrak Espainiara itzul zitezen. Ingalaterran, gobernuak esan zuenean haurrak bueltan etorri behar zirela, Euskal Batzordeak esan zuen ezetz, Ingalaterrako gobernuak ez zuela batere dirurik eman haurrak zaintzeko, eta ez zegokiola hari itzulera erabakitzea: “Haurrak atzera bidaliko ditugu, bai, baina gurasoek ondo hartuko dituztela ziur dakigunean”. Hala ere, zenbait haur, itzuli eta umezurztegira eraman zituzten”.
Itzulera II
“Gertatu zen gurasoak haurrak jasotzera joan eta beraien seme-alabak ez izatea han. Gure amak, besteak beste, haurrei bidaltzen zizkieten eskutitzak irakurtzen zituen, lerro artean irakurri ere: “Zer moduz zaude, ume? Gu gero eta hobeto. Gerrarik ez da, bukatu zen, janaria ere badugu, zatoz lehenbailehen, zu ikusteko amorratzen gaude, aitaita ere zu ikusteko gogoak dago…”, baina aitaita hila, igual! Alegia, “ez etorri!”, esan nahi zuen horrek. Hemen, berriz, apaizak eta guardia zibilak gurasoei joaten zitzaizkien, eskutitzak idatz zitzaten behartzera, haurrei etortzeko esanez”.
Itzulera III
“Ez dakit Ingalaterratik itzulitako umeekin gertatu zen, baina bai Frantziatik etorritakoekin. Batzuei izena aldatu zieten. Etorri dira haurrak eta gela batean sartu dituzte. Gurasoak, zain, beste batean. Haurrei izen-deiturak aldatu, gurasoek beren seme-alaben izenak eman, eta funtzionarioek ezetz, izen hura zutenik ez zela etorri. Eta haurrak umezurztegira bidean jartzen zituzten, edo haurrak adoptatu nahi zituztenei ematen zizkieten. Ondoren, izena aldatzen zieten berriz eta kito, betiko galtzen ziren: haiek bai, haur galduak! Haietako batzuk horrela haziko ziren, horrela bizi, eta horrela hil, egia jakin gabe…”.
Arrazoi jakin bat
“50eko hamarkadan Debara etorri ohi ginen uda igarotzera, ama, amama eta izeko Pilirekin. Betidanik ezagutzen dut Elgoibar inguru hau, “ingelesak” izan gara beti. Orain, berriz, nire eginkizun hau tarteko etorri ohi naiz, oso harro, eta oso pozik. Arrazoi jakin batengatik nator hona, eta amarengatik”.
Nortasun Agiria
Carmen Kilnerrek (Londres, 1947) Zoologia eta Genetika ikasi zuen Birminghameko unibertsitatean. Geroago, Odontologia ikasi zuen eta Haur Odontologia erakutsi du unibertsitatean. Gaur egun, amaren bizia berrosatzen ari da. 37ko Haurren Elkarteko (basquechildren.org) kide da eta dokumentuak artxibatzen, ahozko narrazioak biltzen eta jendea hezten lan egiten dute. 200 bat lagun dira elkartean. Heren bat, gerrako haurrak. Beste heren bat, haien seme-alabak. Beste bat, interesa duen jende multzoa. Buletina argitaratzen dute urtean bi aldiz eta filma ere egina dute Ingalaterra iritsi ziren gerrako haurrei buruz. Baita oroitzapen liburu bat eta erakusketa ibiltaria ere… Eta esan digu: “Haur denak ere ez dira elkarteko bazkide, ez dute gurekin bat egiten. Diote: “Zertan ari zarete orain kontu zaharrak haizatzen?”. Jarrera horixe izan zuten Carmenen gurasoek… Beste ezpal bat du alabak.

Azkenak
2024-11-26 | Ahotsa.info
Paris 365
15 urte pobreziari aurre egiten Iruñerrian, eta inoiz baino beharrezkoagoa

Paris 365 elkarteak 15 urteurrena ospatu zuen larunbatean Geltokin. 15 urte gosariak, bazkariak eta afariak egunean euro baten truke zerbitzatzen urteko 365 egunetan horren beharra duten guztiei. “Atsedenik gabe”, azpimarratu nahi izan zuten bezala. Horrez gain,... [+]


2024-11-26 | Sustatu
Kabi@ 2024 Durangoko Azokan: Eremu digitala pentsatzen eta garatzen

Durangoko Azokaren alor digitala da Kabi@ espazioa eta egitaraua. Aurtengo edizioan, abenduaren 5ean eta 6an izango dira Kabi@ko ekitaldiak, Azokaren lehen bi egunetan (gero 8ra bitartean iraungo du). Ekitaldiak banatuko dira Durangoko Bizenta Migel Liburutegiaren eta Landako... [+]


2024-11-26 | Julene Flamarique
Iruñeko auzo guztietan euskarazko haur eskolak galdegiteko manifestaldia egingo dute abenduaren 11n

“Ez da posible hiri guztia zeharkatu behar izatea seme-alabak hemengo jatorriko hizkuntzan murgiltzeko” salatu dute guraso askok. Euskarazko plazak ere “oso urriak direla” salatu dute familia askoren artean eginiko bideoan.


2024-11-25 | Leire Ibar
Euskal Herriko I. Hikadromoa antolatu dute Durangoko Azokan

Durangoko Azokako berrikuntzetako bat izango da ZirHika taldeak sortu duen hikalarien bilgunea. Hika hitz egitea eta ongi pasatzea izango da helburua, abenduaren 7an Landako ikastetxean.


2024-11-25 | Euskal Irratiak
Alokairuak mugatzeko legea indarrean jada, Lapurdiko 24 herritan

Alokairuen bidezko espekulazioa oztopatzeko neurria azaroaren 25etik goiti izanen da indarrean Ipar Euskal Herrian. Momentuko, tentsiopean diren Lapurdiko 24 herriei eraginen die: Ahetze, Angelu, Arbona, Arrangoitze, Azkaine, Basusarri, Baiona, Biarritz, Bidarte, Biriatu,... [+]


'Superbotereak' liburua
Eskola-proiektuak izango dira mintzagai asteazkenean, Larraulen

Larraulgo eskolan da hitzordua, azaroaren 27an, 17:30ean. 'Superbotereak' liburuaren egile Koldo Rabadan ez ezik, hitzaurrea idatzi duen Nora Salbotx eta hainbat kide izango dira mahaiaren bueltan: Ainhoa Azpirotz (Hik Hasi-ko koordinatzailea), Irati Manzisidor... [+]


Lan istripu hilgarrien gaineko datuak estaltzea leporatu dio LABek Nafarroako Gobernuari

Azken astean sindikatuak 5 heriotzaren berri izan du eta dagoeneko 26 dira Nafarroan lanean hil egin diren edo beste erkidegotan beharrean zendu diren nafarrak. Alarma gorria pizteko moduko datuak LAB sindikatuaren iritziz.


2024-11-25 | ARGIA
Nazio auzia “erdigunean” ipintzeko eskatu du EH Bilduk, “jauzi” bat egin eta estatusaren eztabaida abiatzeko

Jendetza elkartu da Bilboko Casillatik abiatu den manifestazioan, Nazioa gara aldarrikatzeko. Buruan, EH Bilduko Mahai Politikoko kideak joan dira, eta atzeraxeagotik jarraitu diote ERC, BNG, CUP, Compromis eta Mes Per Mallorca alderdietako kideek. Ikurrinak, Nafarroako ikurrak... [+]


Gobernuarekin kritiko den ‘Haaretz’ egunkaria itotzeko neurriak hartu ditu Israelek, hura desagerraraztea helburu

Egunkariaren editoreak egindako adierazpen batzuen harira hartu du neurria Israelgo Gobernuak. "Netanyahuren erregimena krudela da eta apartheid-a ari da egiten", esan zuen Amos Shocken editoreak Londresen emandako hitzaldi batean, duela hilabete.


2024-11-25 | Jon Torner Zabala
EHUko errektoretzarako bozketaren atarian
Bengoetxeak eskatu du Ferreiraren hautagaitzaren “jardunbide irregularrak” ikertzeko

Asteartean, hilak 26, egingo dira EHUko errektoretzarako hauteskundeak. Kanpaina nahasia izaten ari da, eta, horren erakusgarri, Joxerramon Bengoetxearen taldeak eskatu izana "ustez Eva Ferreiraren hautagaitzako pertsonek edo ingurukoek egindako ekintzak eta kanpainako... [+]


2024-11-25 | Leire Ibar
Fronte Zabala itzuliko da boterera Uruguain, bost urteren ostean

95.000 botogatik gailendu da Fronte Zabala azaroaren 24an eginiko hauteskundeetan. Yamandu Orsi izango da Uruguaiko hurrengo presidentea, Álvaro Delgado eskuineko Alderdi Nazionaleko presidentegaiari aurre hartuta.


2024-11-25 | Bertsozale.eus
Alaia Martin Etxebestek irabazi du Zarauzko finalaurrekoa
Finalerako pase zuzena eskuratu du Martinek, finalaurrekoa irabaztearekin bat. Azken finalaurrekoa datorren igandean jokatuko da, Arrasaten, eta orduan osatuko da finala.

Eguneraketa berriak daude